Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Despido improcedente como contratada de auxiliar de policía.
Funtzio publikoa
Faltzesko alkatea
Alkate jauna:
Jarraian, Faltzesko Udalera jo nuen, sortutako arazoari buruzko argibideak eskatuz.
2015eko otsailaren 2an, udal txostena jaso zen, eta espedientean sartuta dago.
Aipatu txostena eta kexan adierazitako arazoa ikusita, 2015eko otsailaren 19ko idazkiaren bidez, erakunde honek agiri osagarri jakin batzuk eskatu zituen, eta alderdi biei jakinarazi zien hori.
2015eko martxoaren 12an, Faltzesko Udalak azken eskaera horri emandako erantzuna jaso zen. Bidalitako udal agiriak kexa-espedientean sartuta daude.
Islatuta geratu denez, kexa [...] jauna eta Faltzesko Udala, interesdunak polizia laguntzaile zerbitzua eman zezan, lotzen zituen administrazio-kontratua -ordezte-kontratuaren modalitatean- azkentzeagatik aurkeztu da.
Kontratu horren izaera administratiboa da eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzurako Langileen Estatutuari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren administrazio araubidean kontratatutako langileei buruzko 88. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren eta lege arau hori osatzeko administrazio legediaren babesean egiten da.
Zehazki, kontratuan aipatzen den irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzea arautzen duena, aplikatu behar da.
Faltzesko Udalak jakinarazi duenez, kontratua azkentzeko arrazoia aipatu foru dekretuaren 8.1 artikuluko d) letran aurreikusitakoan oinarrituko litzateke, zeinak azkentzeko honako zioa aurreikusi baitu:
Kontratatutako langileek lanpostua betetzeko gaitasun edo egokitze faltak -postuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez egitea galarazten duen errendimendu urriegian agertuta-, zein haren edukia aldatzeak eragindako zioengatik, interesdunari entzun eta Langile Batzordearen edo langileen ordezkarien txostena jaso ondoren.
Kontratua azkentzeko zio hori aplikatzeko honakoak behar dira:
Prozedurazko baldintza edo berme bat, hots, espediente kontraesankor bat izapidetzea; espediente horretan, azkentzeko erabakia hartu aurretik, interesdunari entzungo zaio, eta Langile Batzordearen edo langileen ordezkarien txostena eskatuko da.
Aipatu prozedura izapidetzea eta, bereziki, lehenago interesdunari entzutea (prozedura zuzentzen duen kontraesanaren printzipioaren eta babesgabetasunaren galarazpenaren bermea), aplikatutako azkentzeko zioaren funtsari dagokio, haren izaera subjektiboa baita, langilearen ezgaitasunari edo egokitu ezinari lotutako arrazoietan oinarritzen delako.
Faltzesko Udalak igorritako agiriak aztertuta, erakunde honek ondorioztatu du ez ziela bete legez ezarritako prozedura.
Alde batetik, eta alkatearen 2015eko martxoaren 9ko idazkian onartu denez (ez dago lehenagoko entzunaldirik berez), ez zitzaion entzun interesdunari, eta hori azkentzeko prozeduraren funtsezko izapidea da, duen kontraesaneko izaeragatik. Interesdunari lehenagoko entzunaldirik eman ez zitzaionez, babesgabetasuna sortu zitzaion.
Bestalde, espedientean langileen ordezkari bati ([...] jauna) txostena eskatu zitzaiola, eta hark horri buruzko iritzirik ez zeukala erantzun zuela jaso bada ere, izapide horrek ere ez du bete Langile Batzordearen edo langileen ordezkarien txostenaren bermea, udal idazkariak (martxoaren bosteko idazkia) ordezkari horiek hiru direla ziurtatu baitu.
Aipatu akatsek -lehenagoko entzunaldirik ezak berez ekarriko luke, langileak defendatzeko duen funtsezko bermea baita- azkentzeko egintzaren, kaleratzearen, erabateko deuseztasuna dakarte, legez xedatutako [Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62 e) artikulua] prozedura erabat eta guztiz ez betetzeagatik.
Faltzesko Udalak, kontratuaren azkentzea legezkoa dela defendatzearekin batera, kaleratzea bidegabea dela onartu da, eta lan legedian oinarrituta legokeen kalte-ordaina eman du.
Horri dagokionez, esan behar da, alde batetik, azkentzeko egintzaren legezkotasuna eta kaleratzearen bidegabekeria kontzeptu bateraezinak direla. Kaleratzeko legezko kausarik egonez gero, kaleratzea bidezkoa litzateke.
Kaleratze bidegabearen kategoria, lan legediak eratuta, ez da pentsatu enplegatzailearentzako aukera libre edo hautazko gisa (are gutxiago administrazio publiko batentzat), azkentzeko egintzaren irregulartasunaren edo legez kontrakotasunaren ondorio gisa baizik (kaleratzearen deuseztasunaren aurka). Bestela esanda, ordenamendu juridikoak ez du Faltzesko Udala baimentzen kaleratze bidegabeak erabakitzeko.
Bestalde, adierazi denez, kontratu administratiboa izanik, haren betearazpena eta azkentzea administrazio legediak arautzen ditu eta, beraz, Faltzesko Udalak ezin du laneko legedia deitu, langile publikoaren irizpidearen aurka, bere erabakia legearen arabera zuritzeko.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan ahalmenak betez, honakoa jo dut egokitzat:
Kexaren egileak sinatutako administrazio-kontratuaren azkentzearen deuseztasuna onartuz, Faltzesko Udalari gomendatzea hari lanpostuan berronartzea eskain diezaiola eta jaso gabe geratutako ordainsariak ordaindu diezazkiola, ordaindutako kalte-ordaina erregularizatu ondoren.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, Faltzesko Udalak, derrigorrezkoa denez, gehienez bi hileko epean jakinarazi beharko du gomendio hau onartzen duen eta, hala balitz, hura betetzeko hartu dituen neurriak.
Legezko manu horretan xedatutakoaren arabera, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari 2014. urteari buruz azalduko zaion urteko txostenean sartzea ekar dezake, posible zela uste denean aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa berariaz aipatuz.
Erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia