Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/75). Horren bidez, Gizarte Politiken Departamentuari iradokitzen zaio kexaren egilearentzat gizarteratze-errenta onar dezala, Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legearen 2.2 aplikatzearen ondoriozko zenbatekoan (410,87 euro), gutxipen gehiagorik gabe, ondorioak 2015eko urtarrilaren 1etik sortu behar direla. Halaber, iradokitzen zaio emandako prestazioa handitzea balora dezala, bizikidetza-egoeran gertatutako aldaketaren arabera, bidezkoa den ondorio-datarekin.

2015 apirila 01

Gizarte ongizatea

Gaia: Disconformidad con su reducción de la Renta de Inclusión Social.

Gizarte ongizatea

Gizarte Politiketako kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2015eko otsailaren 6an […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Idazki horren bidez Gizarte Politiken Departamentuaren aurkako kexa egin zuen, gizarteratze-errenta gisa jasotako zenbatekoarengatik.

    Azaldu zidanez, gizarteratze-errenta eman zioten. Hileko zenbatekoa 369,78 euro zen, hori 2014ko abendura arte jasotzen zuena (493,66 euro) baino txikiagoa da, eta bizirauteko dauzkan gastuei aurre egiteko ez da nahikoa.

    Esan zidanez, baliabide urriak ditu, horregatik beste pertsona batzuekin bizi da pisu batean, baina pertsona horiek ez dira bere familia-unitatekoak.

    Lehenago jasotzen zuen kopurua mantentzeko eskatu zuen.

  2. Jarraian, Gizarte Politiken Departamentura jo nuen, eta sortutako auzi horren berri emateko eskatu nion.

    Departamentu horrek txostena egin du, eta txosten hori kexa-espedientean sartu da.

  3. […] jaunak kexa egin zuen, gizarte-errenta gisa 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera onartu zaion kopuru eskasarengatik (369,78 euro, 2014ko abendura arte jasotzen zuena baino 124 euro txikiagoa delako. Esan duenez, kopuru hori ez da nahikoa funtsezko gastuei aurre egiteko. Pisu bat konpartitzen du beste pertsona batzuekin (andre bat eta haren bi semeak; haiekin beste pertsona bat bizi zen, baina orain ez), baina pertsona horiek ez dira bere familia-unitatekoak.

    Gizarte Politiken Departamentuaren txostenean zer irizpideri jarraitu zaion azaltzen da; hortik ondorioztatzen da emandako zenbatekoa ateratzeko bi erregela berezi edo bi gutxipen aplikatu direla ondoz ondoren: bizileku berean errenta jasotzen duten bi familia-unitate edo gehiago bizi izateari buruzkoa eta errenta jasotzen hasi eta hamahirugarren hilabetetik aurrera prestazioa gutxitzeari buruzkoa.

  4. Errenta emateko unean indarrean zegoen Gizarteratze-errenta arautzen duen Foru Legearen 4. artikuluak zera aurreikusten du prestazioaren zenbatekoari buruz:

    “4. artikulua. Zenbatekoak.

    1. Gizarteratze-errentaren prestazioaren zenbatekoa zehazteko, erlazioan jarri beharko dira errentak ezarriak dituen zenbatekoak, familia-unitatearen diru-sarrerak eta familia-unitateko kideen kopurua; horretarako, eskala honi jarraituko zaio:
      1. 1 pertsona: gehienez Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 85.

      2. 2 pertsona: 769,68 euro gehienez.

      3. 3 pertsona: 833,82 euro gehienez.

      4. 4 pertsona: 897,96 euro gehienez.
      5. 5 pertsona edo gehiago: 962,10 euro gehienez.

        Gizarteratze-errentaren zenbatekoa, hortaz, familia-unitatearen hileko baliabide ekonomikoak aurreko kopuru horiek aplikatuta ateratzen den emaitzara iritsi arte osatzeko behar den kopurua izanen da.

    2. Gizarteratze-errentaren gehieneko zenbatekoak urtero finkatuko dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legean, eta gutxieneko zenbatekoak erregelamenduz ezarriko dira.
    3. Gizarteratze-errenta jasotzen hasi eta hamahirugarren hilabetetik aurrera, eta gehienez ere hogeita lau hilabetetan, prestazioaren zenbatekoak hileko baliabide ekonomikoak osatuko ditu, familia-unitaterako artikulu honen 1. idatz-zatian aurreikusitako zenbatekoaren 100eko 90eraino”.

      Horren arabera, eta bereziki 4.3 artikuluaren arabera, egindako txostenetik ondorioztatzen denez, 2014ko abendura arte, interesdunak hilean 493,66 euro jasotzen zituen.

  5. Beste alde batetik, foru legearen 2.2 artikuluak zera xedatzen du:

    2. Oro har, familia-unitate bakoitzak gizarteratze-errenta bakarra jaso ahal izanen du.

    Bizileku berean bi familia-unitate edo gehiago bizi badira, aldi berean emandako prestazioen batura ez da izanen kide kopuru bereko familia-unitate bakar bati legokiokeenaren halako bat eta erdi baino handiagoa. Zenbateko hori batera bizi diren familia-unitateen artean hainbanatuko da, unitate bakoitzeko kide kopuruaren arabera”.

    Kasu honetan, dagokigun emakida-epeari dagokionez, txostenean azaltzen denez, balorazioa egin zen unean, interesdunak pisua konpartitzen zuen beste bi familia-unitaterekin (unitate bat kide bakarrekoa eta bestea hiru kidekoa); horregatik, erregela hau aplikatuz, 410,87 euroko gizarteratze-errenta egokituko litzaioke.

    Aipatu den erregela bereziaren arabera prestazio hori egokitzen zaionez, erakunde honen ustez ez da bidezkoa izango Gizarte Politiken Departamentuak interesdunari egindako % 10eko murrizketa. Hileko 410,67 euroko kopurua 4.1 artikuluan familia-unitaterako aurreikusitako zenbatekoaren % 90 baino txikiagoa izango litzateke. Hortaz, ez litzateke bidezkoa izango gehiago murriztea.

    Erakunde honen iritziz, 4.4 artikuluak (prestazioaren zenbatekoak hileko baliabide ekonomikoak osatuko ditu, familia-unitaterako artikulu honen 1. idatz-zatian aurreikusitako zenbatekoaren 100eko 90eraino) gizarteratze-errentaren zenbatekoa gutxitzen du, baina zenbateko hori eskatzaileari eman beharreko prestazioa kalkulatzeko kontuan hartu beharreko erreferentzia edo atalase gisa ulertzen da. Arauaren arabera objektiboki zehaztutako muga bat izango litzateke, 2.2 artikuluak “kide kopuru bereko familia-unitate bakar bati legokiokeenaren halako bat eta erdi baino handiagoa” dionean ezartze duen muga bezalakoxea.

    Beraz, 4.4 artikulutik ez da ondorioztatzen hamahirugarren hiletik aurrera onuradunari eman beharreko prestazioa kasu guztietan % 90 txikiagoa izan behar denik, jasotzen den lehenengo urtean jaso beharko litzatekeenarekin alderatuta; aitzitik, hau ondorioztatu behar da: kalkulatzeko kontuan hartu behar den gizarteratze-errenta, interesdunaren diru-sarrerak osatzeko atalasea, neurri horretan murrizten da.

    Laburbilduz, erakunde honen ustez, 2.2 eta 4.4 artikuluak gogoan hartuta, interesdunarentzat gizarte-errenta emateko bi gehieneko muga edo atalase ezartzen dira (jaso den denboraren araberakoa, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 85en % 90, eta errenta hori jasotzen duten beste unitate batzuekiko bizikidetzaren araberakoa, bizikidetza-unitatean bizi direnen kopuruak osatutako familia-unitate teoriko bati legokiokeen kopuruaren % 150 hainbanatuz ateratzen dena), eta muga horietako bat edo bestea aplikatu beharko litzateke, baina ez biak elkarrekin metatuta.

    Azken batean, lehenago esan denez, bizikidetza-egoeraren ondorioz interesdunarentzat ateratzen den muga jaso den denboraren ondorioz ateratzen dena baino murriztaileagoa da; beraz, lehenengo muga hartu beharko litzateke kontuan, murrizketa gehiago egin gabe.

  6. Beste alde batetik, kontuan hartuta interesdunak azaldu duena eta Gizarte Politiken Departamentuak jakinarazi duena, erakunde honek zera uste du: balorazioa egin zen unearekin alderatuta, etxebizitza horretan bizikidetzan baliteke aldaketaren bat gertatu izana (kexan azaltzen denez, beste pisukideak alde egin zuen, eta gaur egun etxebizitzan berarekin batera gizarte-errenta jasotzen duen beste emakume bat eta emakume horren bi semeak bizi dira).

    Bizikidetza-egoeraren aldaketa horrek eragina dauka egindako hainbanaketan. Hortaz, iradokitzen da Gizarte Politiken Departamentuak balora dezala arrazoi horregatik prestazioa handitzea, egokia den ondorio-datarekin.

  7. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan eskumenei jarraituz, ondoko hau bidezkotzat jo dut:
    1. Gizarte Politiken Departamentuari iradokitzea kexaren egilearentzat gizarteratze-errenta onar dezala, Gizarteratze-errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legearen 2.2 aplikatzearen ondoriozko zenbatekoan (410,87 euro), gutxipen gehiagorik gabe, ondorioak 2015eko urtarrilaren 1etik sortu behar direla.

    2. Gizarte Politiken Departamentuari iradokitzea emandako prestazioa handitzea balora dezala, bizikidetza-egoeran gertatutako aldaketaren arabera, bidezkoa den ondorio-datarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Gizarte Politiken Departamentuak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du iradokizun horiek onartzen dituen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.

Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, iradokizunak onartzen ez badira, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.

Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia