Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con la penalización por resolución de contrato.
Etxebizitza
Sustapen sailburua
Sailburu jauna:
Joan den 2015ko otsailaren 5ean [...] anderearen idazkia jaso nuen. Haren bidez, Sustapen Sailaren aurkako kexa jarri zuen, etxebizitza babestuaren salerosketa kontratu bat suntsiarazteari buruz.
Idazki horretan honakoa azaldu zuen:
2012ko apirilaren 4an etxebizitza babestuko kontratu bat sinatu zuen orain [...]k kudeatzen duen [...] enpresarekin.
Etxebizitzak ez zuen betetzen kontratuan sinatzeko unean erakutsi zioten planoan sinatutako banaketarekin eta, gainera, haren emateak 30 hileko muga gainditu zuen.
Horregatik, kontratua suntsiarazteko eskaera aurkeztu zuen. [...]k justifikatu gabetzat jo zuen uko hori eta, beraz, kontura emandako zenbatekoen %10 ez itzultzearekin zigortu zuen, eman zitzaion diru-laguntza halakotzat joz.
Zioenez, diru-laguntza Nafarroako Gobernuari itzuli zitzaion eta etxebizitza berriz saldu zen eta, beraz, haren iritziz, ez zion kalterik eragin ez sustatzaileari ez Nafarroako Gobernuari.
Bestalde, sustatzaileak, konturako kopuruen kontzeptuan, etxebizitzaren arloan babes daitezkeen jarduketak eta bizitegirako eraikuntzaren sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 63. artikuluak xedatu duen zenbatekoa baino handiagoa eskatu zion.
Jarraian, Sustapen Sailera jo nuen, sortutako arazoari buruzko argibideak eskatuz.
Jasotako txostenean honakoa adierazi du:
“[…]andereak [...]k etxebizitza babestuaren salerosketa kontratua deuseztatu ondorengo zigor kontzeptuan atxikitako gehiegizko kopuruagatik aurkeztutako kexaren ondorioz irekitako Q15/73 Espedienteari buruzko 201eko otsailaren 10eko zure idazkiari dagokionez, Sustapen Sailak honakoa jakinarazten dizu:
2012ko apirilaren 4an, [...] andereak 31/1-0059/11 espedienteari heldu zion babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko kontratu bat sinatu zuen [...] enpresa sustatzailearekin.
Kontratua 2012ko apirilaren 13an ikus-onetsi zen eta 21.015,12 euroko diru-laguntza onartu zen, orduan indarrean zegoen etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta bizitegiko eraikuntzaren sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 58. artikuluan xedatutakoaren arabera. Diru-laguntza urte horretako maiatzean ordaindu zen.
2014ko urriaren 17an, enpresa sustatzaileak Etxebizitza Zerbitzuari jakinarazi zion [...] andereak BOEri uko egin ziola. Enpresari diru-laguntza itzultzeko ordainketa-eskutitza eginda, 2014ko urriaren 23an frogatu zen hura ordaindu izana.
2015eko urtarrilaren 27an, kexaren egileak eskabide bat aurkeztu zuen honakoa eskatuz: [...]ri kontura emandako kopuruen txeke bat egiteko eska dakiola, txekean nik emandako kopuruen -12.609,07 € guztira- %10 bakarrik kenduz.
Urtarrilaren 27an bertan, Etxebizitza Zerbitzuak gutuna bidali zion interesdunari jakinarazteko enpresa sustatzaileari etxebizitza babestua eskuratzeagatiko diru-laguntzaren kontzeptuan ordaindutako kopuruak zuk etxebizitzaren sustapena bitartean ordaindutako kontura emandako kopuruak.
Arestian aurreratu denez, urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 58. artikuluak xedatzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Sailak diru-laguntzak emango dizkie lehen eskualdaketako eskuratzaile eta adjudikaziodunei, baita sustatzaileei ere behin-behinean kalifikatutako etxebizitza babestuen euren erabilerarako, Foru Dekretu horretan horretarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Alegia, etxebizitza babestua erosteagatiko diru-laguntzak etxebizitzen eskuratzaile eta adjudikaziodunei onartzen zaizkie eta, beraz, ordaintzen diren unean, erosketaren kontzeptuan egindako ordainketatzat hartzen dira, diru-laguntzaren xedea herritarrei etxebizitza babestua erosten laguntzea baita.
Diru-laguntza, ordea, bi modutan eska daiteke (urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 63. artikulua):
Etxebizitzen sustapena bitartean, baina kasu horretan diru-laguntza sustatzaileak jaso eta izapidetzen du, eta zenbateko hori erosleak ordaindu behar duen etxebizitzaren prezioaren zenbatekoari kendu beharko dio. Kasu horretan, sustatzailea erakunde laguntzailea da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera. Hala, diru-laguntza etxebizitzaren salmenta prezioa murrizteko kargura ordaintzen da, hura baita jarduketa babesgarria, eta beraz, kontura emandako kopurutzat jotzen da.
Modu horretan eskatu zen kexaren egileari onartutako diru-laguntza, eta berak ezagutu egiten zuen diru-laguntza hori, halaxe jakinarazi zitzaiolako sinatu zuen eta kopia erantsi den salerosketa kontratuaren bigarren hizpaketan. Are gehiago, kontuan hartu behar da aipatu kontratuan seigarren hizpaketan diru-laguntza hasierako ekarpena edo eskuratzaileak zuzenean ordaindu beharreko kopuruak murrizteko erabiliko dela jakinarazi dela.
Halaber, hirugarren hizpaketan ezarri denez, diru-laguntzaren kargura aurreratutako kopuruek kontratuaren datan zegoen BEZ murriztuaren onura (%4, egungo %10en aurrean) jaso zuten. Hots, azkenean etxebizitza eskuratu balu, diru-laguntza [...] andereak kontura emandako kopurua izango zen, eta horrek kexaren egileak esandakoa ukatzen du.
Erosleek zuzenean, etxebizitzaren eskuraketa eskritura publikoan jaso (erosketa notario aurrean sinatzen da) eta etxebizitzaren eskuraketa Jabetzaren Erregistroan inskribatuta egondakoan. Kasu horretan, erosleak diru-laguntza eskatzeko gehieneko epea sei hilekoa da, eskritura publikoan jasotzen den egunetik zenbatuta. Bestalde, halako kasuetan erosleak laguntza publikorik gabe egin behar dio aurre kopuru baten ordainketari. Kopuru hori etxebizitza eraiki bitartean zeukan amaierako salmenta prezioaren %20 ingurukoa izan ohi da.
Alegia, bi kasuetan, kontura emandako kopuruak berberak dira, aldea da kasu batzuetan ordainketaren zati bat Nafarroako Gobernuak onartu duen diru-laguntzaren kargura egiten dela, eta beste kasuetan, aldiz, ordainketa eskuratzaileak egiten duela osorik.
Azkenik, kontu zibila bada eta Sustapen Sailak horretan esku hartzerik ez badu ere, adierazi behar da adjudikaziodunak etxebizitzari uko egitearen ondorioak salerosketa kontratuaren hamaikagarren hizpaketan daudela ezarrita; han, berariaz adierazi da arestian aipatu deuseztatzeko kasuetan, alderdi erosleak emandako kopuruetatik, berak ordaindu behar zituen kopuruen %10 kendu eta bere egin ondoren geratzen den zatia itzuliko diola alderdi saltzaileak, ez-betetzeagatiko zigor-klausula gisa.
Kexaren egileak eztabaidatu duen gauza bakarra emandako diru-laguntza erosleak ordaindutako kopurutzat jo behar denetz da. Gure ustez, ordea, kontu hori azaldutakoarekin geratu da argituta."
Islatuta geratu denez, kexa etxebizitza babestuaren enpresa sustatzaile baten jarduketari buruz aurkeztu da, [...] andereari etxebizitza eman aurreko konturako ordainketen kontzeptuan eskatu dizkion kopuruengatik zein, kontratua deuseztatu ondoren, zigorraren kontzeptuan atxikitako kopuruengatik.
Etxebizitza babestuen sustatzaileak ezingo dizkiete eskuratzaileei eskatu, konturako kopuruen kontzeptuan, etxebizitzaren eta haren erantsien salmenta prezioaren eta sustatzaileak jaso dituen diru-laguntzekin areagotutako mailegu kualifikatuaren zenbatekoaren arteko aldea baino zenbateko handiagorik. Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatuko da sustatzaileak Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kontzeptuan sortutako kopuruen kobrantzan bitartekari jardun badezake ere".
Arestikoaren arabera, sustatzaileek ezin zuten eskatu etxebizitzaren eta haren erantsien salmenta prezioaren eta maileguaren eta diru-laguntzaren zenbatekoaren arteko aldea baino zenbateko handiagorik. [...] anderearen kasuan, gehienezko kopurua 11.315,95 eurokoa zen, hori baita etxebizitzaren salmenta prezioa (161.654,77 euro) ken mailegu kualifikatuaren zenbatekoa (129.323,82 euro), gehi diru-laguntza (21.015,48 euro) egitearen emaitza.
Salerosketa kontratua aztertuta, ordea, erakunde honek ikusi duenez, prezioa eta ordaintzeko modua arautzen dituen bigarren klausulak xedatu du 33.624,19 euro ordaindu beharko dela, giltzak eman arteko kopuruen kontzeptuan, salerosketako eskritura publikoa sinatu aurretik.
Beraz, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta bizitegiko eraikuntzaren sustapena arautzen dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren 63. artikuluko lehenengo idatz-zatiaren arabera, [...] erregelamenduz ezarrita dagoen baino zenbateko handiagoa eskatu dio [...] andereari.
Bigarrenik, [...] andereak adierazi zuenez, ez zegoen ados [...[k salerosketa kontratua deuseztatu ondoren [...] atxiki dizkion kopuruekin.
Kontratua ez betetzeari eta deuseztatzeari dagokionez, hamaikagarren klausulak honakoa dio: arestian aipatutako deuseztapen kasuetan , alderdi erosleak emandako kopuruetatik, berak ordaindu behar zituen kopuruen %10 kendu eta bere egin ondoren geratzen den zatia itzuliko dio alderdi saltzaileak, ez-betetzeagatiko zigor-klausula gisa.
Ondorioz, %10eko atxikipena sustatzaileak konturako kopuruen kontzeptuan eska ditzakeen gehieneko kopuruetatik egin behar da. Kasu honetan, arestiko puntuan adierazi denez, sustatzaileak [...] andereari gehienez 11.315,94 euro eska ziezaiokeen eta, beraz, kontratua deuseztatutakoan, gehienez 11.315,94 euro horien %10 atxiki dezake gehienez, hots, 1.131,59 euro.
Kopuru handiagoak eskatuz gero, Nafarroako etxebizitzaren babes publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legearen 29. artikulua eta indarrean dagoen etxebizitzarako eskubidearen 10/2010 Foru Legearen 48. artikuluak urratuko lirateke; izan ere, Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera, babes publikoko edozein araubideri lotutako etxebizitzaren erosle edo errentariari ordaintzea dagokionaz beste gainprezio, prima edo kopuru oro jasotzeko galarazpena ezarri dute artikuluok.
Arestiko gogoeten ondorioz, erakunde honek Sustapen Sailari gomendatu behar dio [...] andereak azaldu dituen egitateak iker eta, kasuan kasu, legezkotasuna leheneratzeko egokiak diren neurriak har ditzala.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan ahalmenak betez, honakoa jo dut egokitzat:
Sailari gomendatzea [...] andereak, kontratuari uko egitearen ondorioz, aipatu duen enpresa sustatzailearen jokabidea ikuskatu eta, egokia balitz, dagozkion neurriak har ditzala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, Sustapen Sailak, derrigorrezkoa denez, gehienez bi hileko epean jakinarazi beharko du gomendio hau onartzen duen eta, hala balitz, hura betetzeko hartu dituen neurriak.
Legezko manu horretan xedatutakoaren arabera, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari 2014. urteari buruz azalduko zaion urteko txostenean sartzea ekar dezake, posible zela uste denean aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa berariaz aipatuz.
Erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia