Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: Alta en IAE sin haberlo solicitado.
Ogasuna
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu sailburua
Sailburu anderea:
Jarraian, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Sailera jo nuen, sortutako arazoari buruzko argibideak eskatuz.
Sail horrek eskatutako txostena bidali du eta kexa espedientean sartu da hura.
Islatuta geratu denez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Sailak, interesdunaren eskaerarik gabe, erabakitako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako altagatik aurkeztu da kexa.
[...] andereak dioenez, egintza administratibo horren berri izan zuen, 2015eko urtarrilaren 20an Nafarroako Zerga Ogasunaren bulegoetara banku-helbideratzearen aldaketa bat jakinarazteko joan ondoren, haren eta hari lotutako ondorioen berri eman zitzaionean (bere zerga-betebeharretan egunean ez egotea).
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Sailak burututako jarduketak azaldu ditu txostenean eta, kexa jaso duen egintzaren oinarri gisa, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kudeatzeko arauak eman dituen azaroaren 11ko 614/1996 Foru Dekretuaren 11. artikuluan -ofizioz zerga horren erroldetan sartu, aldatu edo kentzeari buruzkoa- xedatutakoa aipatu du.
“Udal eskudunak, edozein bitartekoren bidez, subjektu pasiboak aitortu ez dituen eta zergak zergapetzen dituen jarduerak egiten hasi, aldatu edo amaitu dela dakienean, interesdunari jakinarazi ahalko dio, eta hamabost eguneko epea emango dio bere eskubidearentzat komenigarritzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
Epe hori igarota, eta egindako alegazioak ikusita, Udalak, kasuan kasu, dagokionaren arabera, ofizioz sartu, aldatu edo aterako du zergaren erroldetan, subjektu pasiboari hura jakinaraziz.
Foru Dekretuaren 16. artikuluan aitortu zaizkion ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe, Ekonomia eta Ogasun Saialak ere, ofizioz, zergaren erregistroan sartu, aldatu edo atera ahalko du, 1. zenbakian aurreikusitako prozedura berari jarraiki”.
Hortaz, manuak jaso duen bezala zergaren erregistroan sartu ahal izateko, ofizioz irekita, kontraesan-printzipioa beteko duen prozedura izapidetu beharko da, eta honako izapideak beharko dira:
Organo eskudunak, kasu honetan Nafarroako Zerga Ogasunak, sartzeko prozedura ofizioz irekitzea.
Irekitzeko egintza jakinaraztea, espedientea sorrarazi duen kausa jasoz, eta interesdunari alegazioetarako epea emanez.
Interesdunari hartutako ebazpena jakinaraztea.
Ebazpenaren jakinarazpen hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 57. artikuluaren arabera, ebazpenaren efikaziarako baldintza da.
Halaber, ofizioz irekitako prozedurari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44 artikulua aplikatu behar da. Hortaz, ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea igarota, interesdunarentzat espedientetik ondorio kaltegarriak etor litezkeelarik, iraungipenak jokatuko du.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Sailak egindako txostena eta txosten horretan aipatzen den jakinarazpen-ediktua (2014ko maiatzaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) aztertuta, erakunde honen ustez prozedura iraungi egin zen, ez baita jaso interesdunari jakinarazi zitzaionik, legezko epea baino lehenago, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Sailak zergaren erregistroan sartzeko hartutako erabakia.
Sailak, egindako txostenean, adierazi du, egin zen jakinarazpenean (prozeduraren hasiera), ohartarazi zela, alegazio epea igarota, proposamena ebazpen bihurtuko zela. Eta, horri lotuta, ediktuan emandako alegazio epearen ondoren, zegokion erregistroan edo erroldan sartu zela.
Horri dagokionez, ordea, hau esan behar da:
Aukera hori badela onartuta ere, eta ez da hori kasua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ediktuan, ez da hura ohartarazi (interesdunari ohartarazpen hori egitea bihurtzeko sine qua non baldintza litzateke). Ediktuan pertsonalki bertaratzeko eskatu zen eta ohartarazi zen agertzeko epea amaitu eta ondorengo egunetik aurrera jakinarazpena egintzat joko dela ondorio legal guztietarako. Jakinarazpen hori prozeduraren hasierako komunikazioari buruz ulertu behar da, hura baita ordura arte emandako egintza.
Ondorioz, erakunde honen iritziz, alegazio izapidearen ondorengo ebazpena, hots, kexak aipatzen duen sartzeko erabakia, jakinarazi ez denez gero, ofizioz hasitako prozeduraren iraungipena ebatzi behar da, interesdunarentzat berekin dakartzan ondorio kaltegarriengatik, ondorengo egintzei dagokienez handik datozen ondorioekin.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan ahalmenak betez, honakoa jo dut egokitzat:
Nafarroako Zerga Ogasunari gomendatzea ondoriorik gabe utz dezala kexak aipatu duen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren erregistroko alta, interesdunari ez zaiolako ebazpenaren berri eman eta prozedura iraungi egin delako.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Sailak, derrigorrezkoa denez, gehienez bi hileko epean jakinarazi beharko du gomendio hau onartzen duen eta, hala balitz, hura betetzeko hartu dituen neurriak.
Legezko manu horretan xedatutakoaren arabera, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari 2015. urteari buruz azalduko zaion urteko txostenean sartzea ekar dezake, posible zela uste denean aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa berariaz aipatuz.
Erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia