Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Incoación de expediente sancionador por corral doméstico.
Hirigintza
Sustapen kontseilaria
Kontseilari jauna:
Gogoan izango duzunez, […] jaunak bidalitako idatzi bat jaso zuen erakunde honek 2015eko otsailaren 5ean. Idatzi horretan, kexa adierazi zuen Sustapen Departamentuaren aurka, hirigintzaren arloko zehapena ezarri ziolako, etxeko tegi bat eraikitzeagatik Mendigorrian, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapen handiko finka batean.
Idatzi horretan, […] jaunak hau azaldu zuen:
2012ko abenduan obra lizentzia eskatu zion Mendigorriko Udalari, etxeko tegi bat eraikitzeko urbanizaezina den lurzoruan. Udalak erantzun zion Tafallako Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegora joan behar zuela eta han esango ziotela obra hori baimentzeko modukoa zen edo ez.
Behin proiektua aurkeztu zuenean, Tafallako bulego horretatik jakinarazi zioten eraikuntza egin nahi zuen lursaila lurzoru urbanizaezin
eta nekazaritzarako edo abeltzaintzarako oparoa den lurzoru
gisa zegoela sailkatuta eta etxeko tegi bat eraikitzea baimentzeko modukoa zela.
Hiru hilabete igaro eta gero –haietan Administrazioak ez zion erantzunik eman–, berak ulertu zuen lizentzia emana zegoela eta, hortaz, tegia eraiki zuen.
2013ko urrian, Nekazaritza eta Abeltzaintza Departamentuari abeltzaintzako ustiategirako lizentzia eskatu zion, eta hark eman egin zion.
Urte eta hiru hilabete geroago, 2014ko apirilean, Sustapen Departamentuak ezezkoa eman zion lurzoru urbanizaezinean eraikitzea baimentzeko eskaerari, zehapen espedientea abiarazi zuen eta eraikita zegoena eraisteko agindu zuen.
Legeari jarraitu dio eta egokiak ziren epeak bete ditu, eta, legea urratu badu, ez da horretaz ohartu, une bakar batean ere.
Bere iritziz, eta Mendigorriko Udalaren txosten baten arabera, etxeko tegiak baimenduta daude nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapen handiko lursailetan.
Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamenduko Planaren (POT4) lehen eguneratzeak, 2014ko azaroaren 21ean kaleratutakoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, jasotzen du baimentzeko modukoak izan ahal izango direla lurzoru horiei lotutako nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategira bideratutako eraikuntza jarduerak.
Hori dela-eta, […] jaunak ulertzen du lurzoru urbanizaezinerako administrazio baimena administrazio isiltasunarengatik emanda egongo litzatekeela, hirigintzaren arloko Administrazioak hamabost hilabete baino gehiago behar izan baitzituen ebazteko, eta egin duen tegiaren eraikuntza eraikin horiek arautzen dituzten legeek eta hirigintza planek babestuta egongo litzatekeela.
Ondoren, Sustapen Departamentura jo nuen, aipatu den arazo honi buruzko informazioa emateko eskatzeko.
Jasotako txostenean, ondokoa ageri da:
“2015eko otsailaren 10eko idatzia dela-eta, Q15/69 Espedienteari dagokiona, […] jaunak aurkeztutako kexaren ondorioz hasitakoa –Mendigorriko 2. poligonoko 514. lursailean etxeko tegi bat eraikitzeagatik abiarazitako hirigintzako diziplinako espedienteekin ados ez zegoelako aurkeztutakoa–, Sustapen Departamentuak informazio hau azaldu behar du:
Urbanizaezina den lurzoruan jarduera baimentzea.
2013ko urtarrilaren 24an, […] jaunak bultzatutako espediente bat aurkeztu zen Sustapen Departamentuan. Helburua zuen zaldi batentzako ukuilu bat eta biltegi bat eraikitzeko baimena eskuratzea, bloke kareberritu eta xaflazko estalki batekin, Mendigorriko Bajo Campo inguruan, 2. poligonoan, 514. lursailean egiteko.
Apirilaren 11ko 101E/2014 Ebazpenaren bidez –Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza zuzendari nagusiak emana–, baimen horri ezezkoa eman zitzaion, hau hartu baitzen kontuan:
“POT4 Lurraldearen Antolamenduko Planean jasota dagoenaren arabera, jarduketa hartuko duen lursaila Babes Bereziko Eremuetan sartuta dago (3.1 mapa eta PN3 eranskina), eta hartan kalifikatuta dago lurzoru urbanizaezin moduan, ustiapen naturalerako balioa duena, nekazaritzarako oparoa den lurzoruaren azpikategoriarekin (SNUPrtEN:SECA).
Azpikategoria horri dagokion araudian, jasotzen dira soil-soilik izango direla baimentzeko modukoak nekazaritza eta abeltzaintza estentsiborako (tegiak) ustiapenei lotutako eraikuntzak eta instalazioak dauden kokalekuak baliatzen badira.
Zaldi batentzako ukuilua egiteko proposamena ez da baimentzeko modukoa ez dituelako baliatzen dauden tegien kokalekuak, berria eraiki beharrekoa baita.
Eraikina jarri nahi den lurzorua, Mendigorriko Arau Subsidiarioen sailkapenaren arabera (1994ko urriaren 28ko NAO), urbanizaezina eta ekoizpen handikoa da. Hirigintzako Araudiaren arabera, eta Udal Planaren azken Aldaketan (2008ko urriaren 10eko NAO) oinarrituta, Udalak sustatutako aldaketan, jasotzen da lurzoru horretan baratzezaintza eta aisiako baratzezaintza laguntzeko eraikinen azalera handiena 10 metro koadrokoa izango dela.
Azken batean, Tafallako Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoaren 2013ko martxoaren 18ko txostenaren arabera, zaldientzako ukuilua etxeko tegitzat jotzen bada edo lanabesak edukitzeko etxolatzat jotzen bada, ez dute baimentzeko modukotzat hartzen ez Lurraldearen Antolamenduko Planak ez eta udal plangintzak ere, hurrenez hurren.
Beste alde batetik, eta SITNA bisorearen datuen arabera (2013ko ortoargazkia), eskatutako eraikina dagokie lursail zedulan zoladura eta eraikuntza moduan ageri direnei, 29,60koa eta 46,49koa hurrenez hurren, eta 76,29 metro koadroko azalera daukate”.
Aipatu den ebazpen horri ez zitzaion helegiterik aurkeztu, eta, horrenbestez, onetsitako eta irmo bilakatu zen.
Hirigintza diziplinako espedienteak.
Baimentzeko espedientea ebatzi aurretik eginda zeuden lanak, SITNA bisorean ikusi zen moduan, eta, lehen adierazi den moduan, zegokion lursail zedulan 76,29 m2 okupatu zirela agertu zen. Arrazoi horrengatik, ezezkoa emateko ebazpena Zerbitzu Juridikora igorri zen, hirigintza diziplinako zegozkion espedienteak bideratzeko.
Hartara, azaroaren 24ko 302E/2014 Ebazpenaren bidez –Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza zuzendari nagusiak emana–, legezkotasuna berrezartzeko eta zigortzeko espedienteak hasi ziren, Mendigorriko Bajo Campo inguruan, […] lursailean, egindako lanen aurka.
2014ko abenduaren 18an, Francisco […] jaunak alegazioen idatzia aurkeztu zuen, Arartekoari helarazitako kexan orain azaldu dituen antzeko baldintzetan. Alegazio horiek behar bezala ebatzi dira otsailaren 13ko 28E/2015 Ebazpenaren bidez, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza zuzendariak emandakoaren bidez. Ebazpen horrek hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko eta zigortzeko abiarazitako espedienteak ebazten ditu, eta orain horretara jo dugu. Departamentu hau agindutako eraiste aginduari eta hasieran ezarritako zehapenari eustera eraman duten arrazoien zergatikoak adierazten dira ebazpen horretan.
Helburu horretarako, idatzi honekin batera, dokumentu hauen kopiak igortzen dira:
Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena, 2014ko apirilaren 1ekoa.
101E/2014 Ebazpena, apirilaren 11koa, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza zuzendari nagusiarena.
SEPRONAren Ikuskapen Agiria.
302E/2014 Ebazpena, azaroaren 24koa, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza zuzendari nagusiarena.
Alegazioen idatziak.
Agerian gelditu den moduan, Sustapen Departamentuak […] jaunari zehapena ezartzeagatik aurkeztu da kexa, Mendigorriko lurzoru urbanizaezinean etxeko tegi bat eraiki zuelako (zehapenaren zenbatekoa 6.001 eurokoa da), eta bai eraikin hori eraisteko agindua emateagatik ere.
Espedientea kontuan harturik, ikusten da zehapen hori ezarri zela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 212.4 artikuluak aurreikusitako arau-haustea egin zelako. Hain duzen:
Tokian tokiko lurzoruari dagokion erabileraren kontrako ekintzak egitea, eraikuntzari lotuak izan ala ez, betiere arau-hauste hori larriagoen sailean ez badago. Lurzoru urbanizaezinetan, indarra duen legediak baimentzen ez dituen obra edo erabilera guztiak kasuan kasuko erabileraren kontrakoak direla ulertuko da, baimengarriak baldin badira ere.
Erabaki beharreko kontua da egokia den edo ez Mendigorriko Bajo Campo inguruko 2. poligonoko 514. lursailean etxeko tegi bat eraikitzea baimentzea, aintzat hartuta Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamenduko Planak (POT4), maiatzaren 16ko 46/2011 Foru Dekretu moduan onartutakoak, nekazaritzarako oparoa den lurzoru kalifikazioa ematen diola.
Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamenduko Planaren hasierako bertsioan soil-soilik onartzen ziren nekazaritzarako oparoa den lurzoruan baimentzeko modukotzat nekazaritzako ustiategira bideratutako eta hari lotutako eraikinak eta instalazioak, ustiategiaren premien arabera justifikatu beharreko tamainarekin, eta tegiak, lehendik zeuden kokalekuak baliatzen baziren. Bestela esanda, ezin ziren tegi berriak eraiki, ez eta abeltzaintzako ustiategiari lotutako instalazioak, lehendik zeuden eraikinetan edo kokalekuetan egiten baziren izan ezik.
Hala ere, Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamendu Plana aldatu egin da berriki, hain zuzen, nekazaritzarako oparoa den lurzoruari dagokionean eta hirigintzako araudia hain zorrotza eta murriztailea izatea ekiditeko. 69/2014 Foru Aginduak, azaroaren 10ekoak, Sustapen kontseilariak emanak, aldarazi du, Lurraldearen Antolamendu Planen lehen eguneratzea onetsita.
Egun indarrean dagoen araudi berriak, erabilerako irizpide nagusi moduan, hau jasotzen du: bereziki, lurzoru hauei berezkoa zaien eta haiekin lotuta dagoen lehen sektorea garatzeko, eta garapen hori ez mugatzeko helburuarekin, baimengarriak izan ahalko direla lurzoru horiei lotutako nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiapenerako eraikuntza jarduerak. Horretarako, ezinbestekoa izango da ustiategiak lurzoru horiekin duen lotura frogatzea, elikadurarako lehengaiak hornitzeari dagokionez edo hurbileko eremua abeltzaintzako hondakinak kudeatzeko planean sartzeagatik.
Erdialdeko Eremuetako Lurraldearen Antolamenduko Planaren aldaketaren, eguneratzearen, ondotik indarrean dagoen araudi juridikoaren arabera, […] jaunaren tegia abeltzaintzarako eraikuntza jarduera da (Nekazaritza eta Abeltzaintza Departamentuaren lizentzia du), Mendigorriko lurzoru urbanizaezinean baimengarria, nekazaritzarako oparoa den lurzoru kategorian.
Horren ondorioz, lehenago aplikatutakoa baino askoz ere onuragarriagoa den araudia onartu denez eta indarrean dagoenez, lehenago ezin zen tokian lurzoru urbanizaezinean abeltzaintzako ustiategia eraikitzeko baimena ematen duena, […] jaunari abiarazitako zehapen prozeduraren eraginetarako, ezarritako zehapena arindu egin beharko litzateke, zehatuarentzat askoz ere onuragarriagoa den ondorengo arau bat baitugu, Konstituzioaren 9.3 artikulua aplikatzeko.
Erabileren erregimen berriaren arabera ustiategia baimentzeari dagokionez, ez dio ezerk eragozten Sustapen Departamentuari interesdunei eskatzeko baimena eskatzea bideratzeko, ezarritako epean, eraikitzea legeztatzeko (35/2002 Foru Legearen, abenduaren 20koaren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoaren, 200. eta 201. artikuluak): lanak edo erabilerak bateragarriak badira indarrean dagoen antolamenduarekin, interesdunari eskatuko zaio aginduzko edo arauzko baimena eskatzeko.
[…] jaunak 2013ko urtarrilaren 24an, Sustapen Departamentuan, zaldientzako ukuilua eta biltegia eraikitzeko baimen eskaera aurkeztu zuen, bloke kareberrituarekin eta xaflazko estalkiarekin, Mendigorriko Bajo Campo inguruko 2. poligonoko 514. lursailean egiteko.
Sustapen Departamentuak epe luzeegia –desegokia eta bidegabea iraupenari dagokionez– hartu zuen, hamabost hilabetekoa, eskaerari erantzuteko, eta, azkenean, apirilaren 11ko 101E/2014 Ebazpenaren bidez erantzun zion, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza zuzendari nagusiak emana.
35/2002 Foru Legeak, abenduaren 20koak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoak, 117. artikuluan, administrazio organo horri agintzen dio, gehienez ere, bi hilabeteko epea izango duela lurzoru urbanizaezinean jarduera eta erabilera baimengarriak baimentzeko.
Bi hilabeteko epe hori igarota, 35/2002 Foru Legeak, azaroaren 20koak, xedatzen du baimena emandakotzat jo ahal izango dela, administrazioaren isiltasun positiboaren ondorioz.
Ez da egokia Estatuko beste arau batzuk argudiatzea, Administraziorako oinarrizkoak direla adierazita, 35/2002 Foru Legearen, abenduaren 20koaren, 117. artikulua kasu honi aplikatu beharreko arau berezi moduan ageri bada, Nafarroako Foru Komunitateak onartutakoa izanik, lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan dituen berariazko eskumenak beteaz. Administrazioak uste badu kasu honi Estatuko oinarrizko legeria aplikatu behar zaiola, bere betebeharra da legegintzako ekimen egokia sustatu eta Foru Legea aldatzea, hartara, herritarrei segurtasun juridikoa emateko. Erakunde honek uste du, gainera, Estatuak arau bat oinarrizkotzat kalifikatze hutsa ez dela nahikoa foru legeria berezia eta kasu jakin bati aplikagarria baztertzeko, gerta baitaiteke Estatuak bere eskumenak gainditu izana. Azken batean, kasu honi aplika dakiokeen araua 35/2002 Foru Legearen, abenduaren 20koaren, 117. artikulua da, justizia auzitegiek kontrakoa ezartzen ez duten bitartean, eta, horrenbestez, hari jarraitu behar zaio.
Isiltasun positiboaren bidez lortutako baimena baliozkoa izango da edo babesten duen jarduketa legeztatzeko modukoa, indarrean dagoen antolamendu juridikoaren kontrakoa ez den neurrian. Eta, hain zuzen, Mendigorriko 2. poligonoko 514. lursailerako egun indarrean dagoen antolamendu juridikoak –69/2014 Foru Aginduaren, azaroaren 10ekoaren, arabera, Sustapen Kontseilariak emana, Lurraldearen Antolamenduko Planak lehenbiziko aldiz eguneratzea onesteko– baimentzen du, adierazi den moduan, nekazaritzarako oparoa den lurzoruan abeltzaintzako ustiategi bat eraikitzea, eraiki dena bezalakoa, baldin eta zenbait baldintza betetzen badira.
Ondorioz, eta 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoak, 34.1 artikuluan, ematen dizkidan ahalmenen arabera, beharrezko jo dut:
Sustapen Departamentuari gomendatzea kexaren egileari eskatzeko abeltzaintzako ustiategia, nekazaritzarako oparoa den lurzoruan eraikitakoa, legeztatzeko egun indarrean dagoen hirigintza araudiaren arabera, artxibatzeko zehapen espedientea, kasuaren aldekoagoa den arau bat onartu delako zehapenaren ondoren, eta eraginik gabe uzteko eraikitakoa eraisteko agindua.
4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluaren arabera, egokia da Sustapen Departamentuak jakinaraztea, egokia edo bidezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendio hau onartzen duen edo ez, eta, hala bada, betetzeko hartutako neurriak zein diren.
Legezko agindu horretan jasota dagoenarekin bat eginez, gomendioa ez onartzeak ekarri ahal izango du 2015eko urteko txostenean sartzea kasua. Nafarroako Parlamentuan azalduko da, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrera azaldu ez duen administrazioa, jarrera hori izatea posible zela uste bada.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia