Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/68). Haren bidez, gomendatzen zaio Erromantzatuko Udalari, sareta bat gaizki zegoelako interesdunak izan zuen istripu baten ondorioz, Administrazio Publikoak duen ondare erantzukizuna onar dezala eta eman diezaiola dagokion kalte-ordaina.

2015 martxoa 18

Ondare-erantzukizuna

Gaia: Reclamación por daños sufridos por mal estado de la calzada.

Eskubideak bultzatzea

Erromantzatuko alkatea

Alkate andrea:

 

  1. […] jaunak aurkeztutako idatzia jaso nuen 2015eko otsailaren 3an. Haren bidez, kexa agertu zuen Erromantzatuko Udalaren kontra, Domeñu herrirako sarbideetako galtzadan dagoen sareta bat gaizki zegoelako, emazteak izan zuen istripuarengatik.
  2. Ondoren, Erromantzatuko Udalera jo nuen, aipatutako kontu horri buruzko informazioa emateko eskatzeko.

    2015eko otsailaren 27an jaso genuen udal txostenean hau ageri da:

    1. Erromantzatuko Udalak erantzukizun zibileko aseguruari berri eman zion, kexaren egilearen andreak sareta gaizki zegoelako izan zuen istripuarengatik.

       

    2. Errepidearen ertzean, arroila edo areka bat estaltzen du saretak, eta Herri Lanen Departamentuak kokatu zuen.

       

    3. Aseguruak esan zuen Udalak ez daukala ondare erantzukizunik eta eskatu zuen erreklamazioari ezezkoa emateko.

       

    4. Ez kexaren egileak ez eta haren emazteak ere ez dute aurkeztu Erromantzatuko Udalari ondare erantzukizuna eskatzeko erreklamazio idazkirik.

       

  3. 2015eko martxoaren 16an, interesdunak udal txostenaren edukia eskuratu eta gero, adierazi zion erakunde horri, hasieran, arazo honen gaineko kontsulta egin ziola Sustapen Departamentuari eta han esan ziotela Udalari dagokiola andrea erortzea eragin zuen sareta, gaizki zegoen sareta, zaindu eta mantentzea.
  4. Kexa aurkeztu zen […] jaunaren andreak, bizikletan zebiltzala, izan zuen istripu batengatik. Domeñu herrirako sarbideetako batean galtzadan dagoen sareta bat gaizki zegoelako gertatu zen, hain zuzen.

    2014ko abuztuaren 13an gertatu zen istripua eta medikuaren arreta behar izan zuten zenbait min eragin zizkion. Istripu horren ondorioz, kexaren egileak adierazi zuenez, Erromantzatuko Udalera jo zuen, gertatutakoa erreklamatzeko. Udalak erantzukizuna onartu eta 07028437 zenbakiko espedientea abiarazi zuen.

    Zenbait hilabeteren ondoren, berririk ez zuenez, kontu honi buruz galdetu zuen eta orduan jakinarazi zioten Udalaren aseguruak uko egin ziola istripuaren gastuak estaltzeari.

    Kexarekin batera, emazteari emandako arretari buruz egindako mediku txostenak, eta Erromantzatuko Udalak eta haren aseguru etxeak 2014ko urriaren 31n eta azaroaren 6an elkarri bidalitako mezu elektronikoak aurkeztu zituen interesdunak. Azken mezu elektroniko horretan, Udalak azaldu zion aseguruari, aseguru horrek erreklamazioari ezezkoa emateko eskatu ondoren, sareta gaizki zegoela, Udalak bere gain hartu behar zuela erantzukizuna eta ez zuela aurrera jarraituko ezezkoa emateko eskaera horretan, guztiz aurkakoa baizik. Hortaz, aseguruari eskatu zion betetzeko zegokion betebeharra.

  5. Konstituzioaren 106.2 artikuluak aitortzen du herritarrek eskubidea dutela kalte-ordaina jasotzeko, euren ondasun eta eskubideetan izandako min ororengatik, ezinbesteak bultzaturiko kasuetan izan ezik, baldin eta min hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioa bada.

    Arau konstituzional hori garatzeko, 30/1992 Legearen, azaroaren 26koaren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenaren, 139. artikuluak eta hurrengoek erantzukizun objektiboko erregimen bat antolatzen dute. Haren arabera, kalte-ordaina emateko modukoa izango da benetako kalte oro, bana-banakoa eta ekonomikoki ebalua daitekeena, zerbitzu publikoen funtzionamenduari egotz dakiokeena, baldin eta ez badago horri eusteko betebehar juridikoa.

  6. Aztertzen ari garen kasu honetan, interesdunak adierazitakoa eta aurkeztu dituen dokumentuak ikusita ikusirik, ulertu behar da istripua egiaztatuta dagoela eta sareta gaizki zegoelako gertatu zela.

    Halaber, ondorioztatzen da kexaren egileak erreklamazioa egin ziola Erromatzatuko Udalari, alde batera utzirik modu informalean egin zezakeela –erreklamazioaren entitateari eta aurreratu zitzaion Udalaren irizpideari erreparatuta, jokaera arrunta dena–, adierazi zitzaion zentzuan jokatuko zelako konfiantza izanda. Ez balitz erreklamazio hori egin izan, ez lirateke ulertuko Udalaren eta haren aseguruaren arteko ondorengo komunikazioak (interesdunak aurkeztu dituenak), gertakariei buruzkoak.

    Aseguru etxearen irizpideari dagokionez, adierazi behar da, entzuna izateko eskubidea badu ere, hartzen den erabakiak eragingo diolako, erabakia Udalari dagokiola, gai honetan eskumena duen organoa baita.

    Eta, kasu honetan bezala, Udalak, interesdunarekin izandako harremanetan eta aseguru etxearekin izandako komunikazioetan, uste badu sareta ez zegoela behar bezala eta bere gain hartu behar duela erantzukizuna, guri dagokiguna da gomendatzea zentzu horretan joka dezala. Erantzukizuna aitortze hori alde batera utzirik, hori da dagokiona, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta.

    Gomendio hori ulertu behar da alde batera utzirik Erromantzatuko Udalaren eta aseguru etxearen arteko kontratu harremanaren arabera egokia dena, horrek ez baitio eragin behar kalte hartutako herritarraren jarrera juridikoari ez eta ondare erantzukizuna edo kontratuz kanpoko erantzukizuna aitortzeko erreklamazioari.

    Erreklamazio edo idatzi formal bat aurkeztu ez izanak ez du salbuesten Administrazioa bere erantzukizuna aitortzetik (ofizioz egitea ere balegoke, legearen arabera), eta argi geratu da ezaugarri hauetako espediente bati berezkoak zaizkion jarduketak abiarazi zirela.

  7. Ondorioz, eta 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoak, 34.1 artikuluan, ematen dizkidan ahalmenen arabera, beharrezko jo dut:

    Gomendatzea Erromantzatuko Udalari, sareta bat gaizki zegoelako interesdunak izan zuen istripu baten ondorioz, Administrazio Publikoak duen ondare erantzukizuna onar dezala eta eman diezaiola dagokion kalte-ordaina.

 

4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluaren arabera, egokia da Erromantzatuko Udalak jakinaraztea, egokia edo bidezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendio hau onartzen duen edo ez, eta, hala bada, betetzeko hartutako neurriak zein diren.

Legezko agindu horretan jasota dagoenarekin bat eginez, gomendioa ez onartzeak ekarri ahal izango du 2015eko urteko txostenean sartzea kasua. Nafarroako Parlamentuan azalduko da, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrera azaldu ez duen administrazioa, jarrera hori izatea posible zela uste bada.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia