Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q15/67); horren bidez, Albaitarien Elkargoari gomendatzen zaio […] jaunaren eskaria onar dezala, egonaldiaren ziozko konpentsazioa kobratzeko eskubideari dagokionez, egonaldiaren konpentsazio sistemaren araudiko 7. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen ote dituen azter dezala eta ebazpen egokia eman dezala.

2015 martxoa 04

Justizia

Gaia: Falta de notificación de reglamento.

Justizia

Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialeko lehendakaria

Lehendakari jauna:

  1. Gogoratuko duzunez, 2015eko otsailaren 3an […] jaunaren idazkia jaso nuen. Bertan, Nafarroako Albaitarien Elkargoaren gaineko kexa bat planteatu zidan, erretiroaren ziozko konpentsazio funtsaren ordainketa eskariari erantzunik eman ez zitzaiolako.

    Idazkian, […] jaunak honakoa azaldu zidan:

    1. Erretiratuta dago 2011ko urtarrilaren 24az geroztik.

    2. Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialak 2005eko martxoaren 18an egin zuen batzar nagusian Nafarroako Albaitarien Elkargoko egonaldiaren ziozko konpentsazio sistemaren araudia onartu zen. Araudi horretako 8. artikuluaren arabera, konpentsazioaren ordainketa, erretiroa gertatzen den unetik sei hilabeteko epean eskatu behar da.

    3. Araudi hori ez zitzaion inoiz jakinarazi zirkular bidez, beste aldi batzuetan halaxe egiten baitzitzaizkion jakinarazpenak, eta erretiroaren paperak aurkezteko unean ere ez zioten horren berri eman.

    4. 2014ko irailean, lankide batek esan zion Araudi hori egon bazegoela, eta, beraz, urriaren 19an idazki bat bidali zion Albaitarien Elkargoko lehendakariari, konpentsazio funtsaren ordainketa egiteko eskatuz.

    5. Kexa aurkeztu duen datan ez du erantzunik jaso.
  2. Ondoren, Nafarroako Albaitarien Elkargora jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    Elkargoaren txostenean honakoa adierazi zen:

    […] jaunak egindako kexaren harira egin zaigun galderari dagokionez, hona hemen eskatu diguzun txostena:

    1. Arartekoak gai honetan duen eskumenari buruz. Egia da elkargo profesional hau zuzenbide publikoaren menpe dagoela bere jarduera eta funtzio batzuetan, baina kasu honetan hizpide ditugunak ez dira sartzen Arartekoaren Legeko 1.3 artikuluan zerrendatzen diren horien artean.

      Salatzaileak, gainera, antolaketaren barruko eta kanpoko lege elementuak ditu, bidezkotzat jotzen badu bere interesak defendatzeko.

    2. Egin zaigun eskari zehatzari dagokionez. Aipatzekoa da Elkargoak zenbateko hori ordaintzeari uko egin diola, ezarritako epea igaro ondoren eskatu delako. […] jaunaren esanetan, ez zuen jaso araudi horren onarpenaren berri ematen zuen zirkularrik. Bada, gure zalantzak dauzkagu hutsune hain nabarmen eta esanguratsu horri buruz. Edonola ere, Araudi hori onartu zuen 2005eko martxoaren 18eko Batzar Nagusiaren deialdia jaso zuela behintzat onartuko du. […] jauna, noski, ez zen batzar horretara eta besteetara agertu. Hala ere, urteko batzar bakoitzean lehendakariak, bere txostenean eta aurrekontuetan, funts ordainketetatik erretiratutako albaitarien berri ematen du edo horien zenbatekoa arautzen du. Gainera, Albaitarien Elkargo Ofizialak urtero-urtero egiten du nahitaezko Batzar Orokorra, zirkular bidez deitzen dena. Beraz,[…] jaunak elkargoari egotzi dio arauaren berri ez izatearen erantzukizuna, baina erantzukizun hori berea baino ez da.

    3. Edonola ere, prestazio horren arrazoiaren berri emango dugu. 2003. urtera arte, hainbat egoeraren ondorioz (elkargo honi egotzi ezin zaizkion egoerak), Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialeko kuotak eta Elkargo Antolaketaren menpeko kuotak era independentean igortzen ziren. Garai hartan, elkargokide ugarik ez zituzten Albaitarien Kontseilu Nagusiko kuotak ordaintzen. Egoera hori errotik zuzendu zen 2003an, Kontseilu Orokorrak irizpidea aldatu zuenean. Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialaren eta Albaitarien Elkargoen Kontseilu Orokorraren artean hartutako erabakiaren bidez, hain zuzen ere, Albaitarien Elkargoen Kontseilu Orokorrak Elkargoari itzuli zizkion Elkargo Nafarrek ordaindu zizkioten kuoten ondoriozko zenbatekoak.

      Une horretan, Elkargoak funts bat eratu zuen zenbateko horiekin eta horien zati bat itzuli zien aldian-aldian Kontseilu Orokorreko kuotak ordaindu zituzten elkargokideei, zenbateko horiek itzultzeko ezarri zen aldian. Hala, zenbateko horiek inoiz ordaindu ez zituztenak edo uneren baten ordaintzeari utzi zituztenak itzulketa prozesu horretatik kanpo geratu ziren, ez baitzuten parte hartu funts hori sortzeko orduan.

      […] jaunaren eskaera atzerapenez egin denez, ezin izan da bere eskaria izapidetu, epez kanpo egin delako. Hala ere, […] jaunak, eskatzen zuen zenbatekoa jasotzeko, araudian ezartzen diren gainerako baldintzak bete ote zituen aztertu beharko litzateke”.

  3. Ikusi ahal izan denez, Nafarroako Albaitarien Elkargoak egonaldiaren ordainketa eskari bati erantzunik eman ez diolako aurkeztu da kexa. […] jaunak igorri zuen, zehazki, idazki hori, 2014ko urriaren 16an, lankide batek jakinarazi zionean Nafarroako Albaitarien Elkargoko egonaldiaren ziozko konpentsazio sistemaren gaineko Araudi bat zegoela.

    […] jaunaren idazkiari erantzunik ez emateari dagokionez, erakunde honen ustez, kexaren izapidea dela eta, hutsune hori zuzendu egin da, urtarrilaren 29an Nafarroako Albaitarien Elkargoak idazki bat bidali baitzion kexaren egileari eskari horren gainean. Bertan jakinarazi zitzaionez, bere eskaria ezin zen onartu, horretarako ezarritako epetik kanpo eskatu zelako.

    Hala, […] jaunaren eskubidea bete zen, Elkargo Ofizialak berari zuzentzen zaizkion idazki, eskari eta baliabideak erantzuteko betebeharra baitu. Otsailaren 22ko 126/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako Espainiako Albaitaritza Elkargoen Antolakuntzako Estatutu Orokorren 71. artikuluak aitortzen du, hain zuzen ere, eskubide hori.

  4. Nafarroako Arartekoak gai horren gainean duen eskumenari dagokionez, gure eskumena da Nafarroako Albaitarien Elkargoaren jarduera ikuskatzea, antolamendu juridikoan hiritarrei aitortzen zaizkien eskubideak urratu ahal izan direla uste bada.

    Nafarroako Arartekoaren 4/2000 Foru Arauko 1.3.d) artikuluak honakoa dio, hain zuzen ere: Halaber, administrazio kontzesio bidez pertsona fisiko edo juridikoak kudeatutako zerbitzuak ere begiratu ahalko ditu eta, oro har, edozein erakunde edo entitate, pertsona juridiko edo pribatu, baldin eta zerbitzu publiko batean diharduela, nolabaiteko administrazio kontrol edo tutoretza egiten badiote, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak Nafarroako Foru Komunitateari eskumenak ematen dizkion gai orotan.

    Era berean, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 1.3 artikuluak Nafarroako Arartekoari eskumena ematen dio Nafarroako Parlamentuak sortutako erakundeen administrazio jarduera ikuskatzeko. Hala, Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofiziala foru legediaren pean dagoen erakunde bat da, zehazki, apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen menpekoa, eta, horren arabera, Nafarroan dauden elkargo profesional guztiak sortu, deuseztatu eta arautzen dira, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esklusiboan.

    Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruz abuztuaren 10eko 137/1987 Lege Organikoko 44. artikuluaren arabera, Nafarroak eskumen esklusiboa dauka elkargo profesionalen gaian eta lanbide titulatuen betearazpenean.

    Nafarroako Albaitarien Elkargoa Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenaren menpe dagoen elkargo profesional gisa ulertu behar da, eta, ondorioz, Zuzenbide publikoak sortutako administrazio publiko edo organismo publiko korporatiboa da, eta, beraz, bere jarduera ikuskatu ahalko du Nafarroako Arartekoak, baldin eta jarduera horrek kalteren bat eragin badezake -gehiegikeriagatik edo arduragabekeriagatik- Konstituzioan edo Lege Organiko horretan babesten diren eskubideetan, horien artean dagoelarik Konstituzioko 36. artikulua, are gehiago harremana elkargo profesionalaren eta elkarkideen artekoa bada, horien eskubide subjektiboak ukatu egin direlako.

    Ondorioz, zalantzarik gabe, Nafarroako Arartekoaren eskumena da egiaztatzea ea zergatik ez dion erantzun Nafarroako Albaitarien Elkargoak bere elkargokide batek egin duen eskari bati, azken horrek eskariak eta errekurtsoak aurkezteko eskubidea baitauka, Estatutu Orokorren 71.1.k) artikuluan xedatutakoaren arabera. Eskubide hori bat dator Elkargoak elkargokideen eskariak, kexak edo erreklamazioak erantzuteko duen legezko betebeharrekin, Estatutu Orokorren 130.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Eta, halaber, Nafarroako Arartekoaren eskumena da egiaztatzea ea elkargokideren baten eskubidea urratzen den, bere tutoretzapean dauden eta Elkargoak ematen dituen laguntza prestazioak jasotzeko orduan, Estatutu Orokorren 71.1. g) artikuluan xedatutakoaren arabera, harreman horren izaera edozein izanda ere.

  5. Nafarroako Albaitarien Elkargoko egonaldiaren ziozko konpentsazio sistemaren araudiko publizitate faltarekin lotutako konpentsazio bidea den edo ez aztertuz gero, berriz ere erreparatu behar zaio otsailaren 22ko 126/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako Espainiako Albaitaritza Elkargoen Antolakuntzako Estatutu Orokorretan xedatutakoari.

    Adierazi denez, Estatutu Orokorren 71. artikuluak besteak beste bere tutoretzapean dauden eta Espainiako Albaitarien Kontseilu Orokorrak edo dagokion Elkargoak ematen dituen gizarte prestazio eta laguntza guztiak jasotzeko eskubidea aitortzen die elkargokideei. Eskubide horrek ez du baldintzarik bete behar, Elkargoak bere aplikazio araudian halakorik ezartzen ez badu.

    Bestalde, Errege Dekretuko 120. artikuluaren arabera, Espainiako Albaitaritza Elkargoen Antolakuntzak, antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez, honakoak bete behar ditu: a) Elkargo Profesionalen gaineko indarreko estatuko eta Komunitateko oinarrizko legedia; b) egungo Estatutu Orokorrak; c) estatutuak garatu eta aplikatzeko ezarritako irismen orokorreko arauak eta estatutu partikularrak; d) gainerako antolamendu juridikoa, aplikagarria bada.

    120. artikuluko bigarren paragrafoa argia da honakoa dioenean: Estatutu Orokorretan jaso ez den horretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko indarreko legedia aplikatuko da. Elkargo profesionaletako organo elkargokideen araubide juridikoak bete egin behar ditu Estatutu Orokorrean eta Estatutu partikularretan jasotako arauak, horietan ezarriko direlarik deialdirako araubidea, bilerak eta erabakiak.

    Espainiako Albaitaritza Elkargoen Antolakuntzako Estatutu Orokorrak ez duenez ezer ezartzen xedapen orokorren publizitateari buruz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa bete behar da nahitaez. Ondorioz, Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialak onartuko dituen arauei dagokienez, arau gisa funts hau eta erretiroaren ziozko konpentsazio sistema arautzen dituen araudia da aplikagarria, eta, ordezko gisa, azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

    Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 52. artikuluaren arabera, administrazio xedapenek ondore juridikoak izan ditzaten, kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu behar dira. Zuzenbide publikoko korporazioek onartutako arauak badira, elkargokideen gainean ondorioak dituztenak, publizitatea Nafarroako Aldizkari Ofizialean islatu beharko da, bestela, behar bezala ezarri badira ere, ez baitira eraginkorrak izango.

    Lege eta arau xedapenen publizitate printzipio hori ez da soilik antolamendu juridiko osoaren oinarrizko printzipio bat, baizik eta baita konstituzio printzipio bat ere. Ondorioz, haren hutsunetik ezin da hiritarrentzako kalterik eragin.

    Planteatutako kasuan, erakunde honek ez du aurkitu Nafarroako Albaitarien Elkargoko egonaldiaren ziozko konpentsazio sistemaren araudiaren gaineko argitalpenik Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ez eta publizitatea eta elkargokideen ezagutza orokorra egiaztatzen dituen beste edozein bitartekotan ere. Araudia batzar orokorrean onartu izana baliagarritasuna emateko baldintza da, baina ez eraginkortasuna ematekoa, hirugarrenek behar bezala ezagutu dezaten. Era berean, zirkularrak bidaltzeak ere ez die arauei behar bezala publizitatea ematen, hartzaileek eta onuradun posibleek informazio egokia jaso dezaten.

    Horrenbestez, kontuan hartuta ez dela arauaren (araudiaren) nahitaezko publizitatea egin, Konstituzioak hala behartu arren, Araudiak ez du eraginkortasun juridikorik elkargokideari kalte egiten dion gai orotan, adibidez, konpentsazioaren eskariaren epea erretiroaren osteko sei hilabeteko epetik kanpo aurkezte horretan, baldin eta epe hori ezezaguna bazen, elkargokideari egotz dakiokeen arrazoiren batez ondorioz.

  6. Bestalde, […] jaunaren esanetan, ez zuen Araudi horren berri izan bere erretiroari buruzko informazioa Albaitarien Elkargo Ofizialean aurkeztu zuenean, eta, beraz, konpentsazioa aitortzeko orduan korporazioaren isiltasuna gailendu zela esan genezake.

    Hori guztia dela eta, erakunde honi beharrezkoa iruditu zaio Nafarroako Albaitarien Elkargoari gomendatzea, […] jaunaren eskaria onar dezala eta jarraian egiazta dezala ea Nafarroako Albaitarien Elkargoko egonaldiaren ziozko konpentsazio sistemaren Araudiko 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ote dituen, konpentsazio funtsa ordaintzeko.

  7. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:

    Albaitarien Elkargoari gomendatzea, […] jaunaren eskaria onar dezala, egonaldiaren ziozko konpentsazioa kobratzeko eskubideari dagokionez, egonaldiaren konpentsazio sistemaren araudiko 7. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen ote dituen azter dezala eta ebazpen egokia eman dezala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Nafarroako Albaitarien Elkargoak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2015. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia