Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/6). Haren bidez, Iruñeko Udalari gomendatzen zaio indarrik gabe utz ditzala kexaren xedea den ibilgailua erretiratzeagatiko zehapena eta egintza, eta interesdunari itzul diezazkiola kontzeptu horiengatik ordaindutako kopuruak.

2015 otsaila 12

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Desproporción en la calificación de una infracción de tráfico.

Trafikoa

Iruñeko alkatea

Jaun hori:

  1. 2015eko urtarrilaren 7an, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; horren bidez, kexa egiten zuen Iruñeko Udalaren aurka, trafikoko arau-hauste baten kalifikazioa proportziorik gabekoa izateagatik.

    Idazki horretan, honakoa azaldu zidan:

    1. 2015eko urtarrilaren 1ean, 09:40an, salaketa bat jarri zitzaion trafikoko arau-hauste larri batengatik, bere ibilgailua aparkatu baitzuen Iruñeko Antso Azkarra etorbideko debekatutako toki batean; zehazki, 53. zenbakiko atzeko aldean. Zehapena 200 eurokoa izan zen.

    2. Aurrekoa zela eta, ibilgailua erretiratu zuten eta udal gordailura eraman zuten. Ibilgailua gordailutik erretiratzeko, berriz, beste 100 euro ordaindu behar izan zituen. Bi kopuru horiek ordaindu egin zituen.
    3. Kexa-egileak jotzen du arau-haustearen kalifikazioa proportziorik gabekoa dela, eta aipatzen du ibilgailuak ez zuela oztopatzen ez inongo sarbiderik, ez eta errepideko trafikoa ere.

      Hori guztia dela eta, kasua berraztertzeko eskatzen du eta egindako arau-haustearen kalifikazioa aldatzeko, zeren eta jotzen baitu arau-hauste arina izan zela, ez larria.

      Halaber, ibilgailuak inolako trabarik egiten ez zuenez, eskatzen du ibilgailua erretiratzeagatik udal gordailuan ordainarazi zioten 100 euroko kopurua itzul diezaioten.

  2. Horren ondotik, Iruñeko Udalera jo nuen, kexaren berri emateko, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

    Jasotako udal txostenean, honakoa aipatzen da:

    "2015eko urtarrilaren 1ean, Udaltzaingoak salaketa bat jarri zuen [...] matrikula duen ibilgailuaren aurka, Antso Azkarra etorbideko 53. zenbakiko atzeko aldean, aparkatuta zegoelako gelditzea debekatuta dagoen toki batean; hori, izan ere, arau-hauste larria da, eta 200,00 euroko isuna dagokio.

    Trafikoari buruzko Udal Ordenantzaren 70. a) artikuluan xedatua aplikatuta, garabi zerbitzuak ibilgailua erretiratu egin zuen.

  3. Azaldu den bezala, kexa aurkeztu zen interesdunari ezarritako zehapena zela eta, hain zuzen ere Antso Azkarra etorbidean bidegabeki aparkatzeagatik, zehazki 53. zenbakiko atzeko aldean, 2015eko urtarrilaren 1ean. Garabi zerbitzuak ibilgailua erretiratu egin zuen.

    Kexa aurkeztu zen egitateak proportziorik gabekotzat jota, egitateei erreparatuta; izan ere, ibilgailuak ez zuen inolako trabarik egin trafikorako.

  4. Erakunde honen ustez, zehapena eta haren geroko ordainketa egun horretan, 09:40an, egindako salaketatik datoz ([...] erref.). Salaketan azaltzen da salatutako egitatea izan zela ibilgailua debekatutako toki batean aparkatzea, trafikoa oztopatuz. Ez da inongo aipamenik egiten egindako arau-hausteari buruz; soilik jasotzen da arau-hauste larria zela.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, zehapen ahalmenaz baliatzea mugatzen duen funtsezko printzipio gisa, tipizitate printzipioa aipatzen du (129. artikulua), eta egitateen subsuntzioa exijitzen du, legean aurreikusitako tipo baten arabera. Printzipio horrek berarekin dakar erantzuleak eskubidea duela egozten zaizkion egitateak eta egitate horiek beraiekin ekar ditzaketen arau-hausteak jakinaraz diezazkioten (135. artikulua).

    Eskubide horren agerkari moduan, Trafikoari, Bide Segurtasunari eta Zirkulazioari buruzko Legeko testu artikuluduneko 74. artikuluak, zentzu berean, dio agintaritzaren agenteek salatuari egintza jakinarazteko salaketetan ustez egin duten arau-haustea jaso beharra dagoela.

    Ez dagoenez jasota zein den [...] jaunak ustez egin duen arau-haustea, ondorioztatu beharra dago zehapen-espedientea deuseza dela.

    Eta, are gehiago, kasu honetan gertatzen den bezala, arau-hauste larri bat egozten baldi bazaio, zeren eta, proportzionaltasunaren printzipioa dela-eta –eta aipatutako tipizitate printzipioarekin lotuta dago hori– betebehar horiek are zorroztasun handiagoarekin bete beharko baitira.

    Horrek berarekin dakar gomendatzea indarrik gabe utz dadila zehapen-espedientea; hori, halere, ez da eragozpena esateko ezen, interesdunarentzat interpretazio okerrenera jota ere, arau-haustea tipifikatu gabe badago, arau-hauste arintzat hartu beharko litzatekeela.

  5. Zehapen espedientea deuseztatzeak berarekin dakar ibilgailua bide publikotik erretiratzea, zeren eta legez jotzen baita hori prozedura nagusiaren neurri osagarria dela.

    Hala eta guztiz ere, zehapen horren bidezkotasuna defendatuko balitz ere, erakunde honen ustez, ez litzateke ikusiko, aztertutako kasuan, arrazoi juridikorik dagoenik ibilgailua bide publikotik erretiratzeko, zeren eta ez baitira ikusten, ez eta azaltzen ere, horrelako neurri bat gomendatuko luketen interes publikoko inguruabar zehatzik edo arrazoirik, zehapenaren beraren osagarri.

    Ibilgailua erretiratzeko ahalmena, Trafikoari ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legeko 85. artikuluari jarraituz, kautelazko neurria da eta izaera subsidiariokoa. Horri dagokionez, arauak (zeina behin-behineko neurriak arautzen dituen lege-atalean jasota baitago) xedatzen du trafikoa kudeatzeko ardura duten agintariek ibilgailua kaletik kendu eta horretarako egokitutako biltegian gorde ahal izango dutela, behartuta dagoenak egiten ez badu, honako kasu hauetan:

    Izaera horrek eskatzen du ondorioztatzea ezen, ibilgailua erretiratzeko kasua gertatzen den kasuetan ere, ahalmen hori ez dagoela pentsatuta agintariarentzako betebehar bezala, zirkulazio-arauen ez-betetzearen ondorio sasi automatiko bezala, baizik eta aukerako zerbaiten gisara, berariazko justifikazioaren pekoa, betiere beharra duenak egiten ez duen kasuetan.

    Gai hori aipatu izan du erakunde honek beste bi kexa espedientetan honakoa esanez:

    "Ibilgailua erretiratzeko neurria, zehapen prozedura baten esparruan har daiteken behin-behineko neurri gisa, honakoek mugatzen dute: kautelazko izaera duten erabakiak hartzea gidatzen duten printzipio informatzaileak –erabaki horien xedea da prozeduraren amaiera egokia bermatzea, legezkotasuna halabeharrez babestea edo hirugarrenen interes orokorra edo eskubideak– eta, oro har, mugatze jarduera administratiboa edo polizia-jarduera informatzen duten printzipioak –horien artean daude proportzionaltasunarena eta norbanakoen askatasuna edo favor libertatis ahal den gutxiena murriztearena.

    Aurrekoa esan dugu zeren eta, nahiz eta Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legeak ibilgailua erretiratzeko aukera jasotzen duen kautelazko neurri gisa, mugatuko eremuetan ticketik jarri gabe aparkatze kasuetarako, aurreikuspen horretatik, berez, ez baita eratortzen erretiratzea legezkoa izan dadila. Ibilgailua erretiratzeko legezko kasu bat egotea bete beharreko baldintza da ibilgailua erretiratzeko, baina ez da behar adinako baldintza, zeren eta kautelazko neurri bat denez, ibilgailua erretiratzeko gertatzen diren inguruabarrak baloratu behar baitira, horrela ezaugarri horiek dituen neurri bat gomendagarri egiteko, berehalako eragin juridiko eta materialekin.

    Herri-administrazioaren araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeak, 54. artikuluan, behin-behineko neurriak motibatzea exijitzen du, haien izaerarako eta xederako berezkoa denez, eta horrek kasuan gertatzen diren inguruabarren balorazio bat dakar berarekin: bateraezina da hori esparru horretan aplikazio tasatu edo arautua egitearekin.

    Horri dagokionez, jurisprudentziak behin eta berrik gogorarazten du proportzionaltasunaren printzipioa behin-behineko neurriak hartzeko muga materiala dela, eta, bide horretan, Konstituzio Auzitegiak deklaratu du behin-behineko neurri desproportzionatu eta arrazoigabe batek, gehiegizkoa izateagatik, zehapen izaera duela (esate baterako, STC 104/1995)".

  6. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:

    Iruñeko Udalari gomendatzea zaio indarrik gabe utz ditzala kexaren xedea den ibilgailua erretiratzeagatiko zehapena eta egintza, eta interesdunari itzul diezazkiola kontzeptu horiengatik ordaindutako kopuruak.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Iruñeko Udalak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendioa onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia