Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/562). Horren bidez, Baztango Udalari gomendatzea, kexan aipatu bezala, interesdunaren baserria eta Erratzu herria lotzen dituen bidearen egoera hobetzeko beste neurri batzuk har ditzala, horren erabilgarritasuna behar bezala bermatzeko.

2016 martxoa 17

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Inadecuación del camino de acceso a su caserío.

Herri lanak

Baztango alkatea

Alkate jauna,

  1. 2015eko urriaren 20an, […] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso zen erakunde honetan. Horren bidez, kexa adierazi zuen Baztango Udalaren aurka, udalak kexagilearen baserrira iristeko bidea egokitzeko beharrezko neurriak hartu ez zituelako.

    Idazkian, […] jaunak hauxe azaldu zuen:

    1. Erratzun, alokatutako etxebizitza batean bizi da bere familiarekin, eta badira hamar urte herri berean dagoen baserri baten jabea dela.

    2. Urte hauetan, baserrian lanak egiten aritu da, ohiko etxebizitza bilakatzeko asmoz.
    3. Baserria duela hamar urte erosi zutenetik, bertara iristeko bide publikoa, 1,5 kilometrokoa, ibilgaitza da.

      Garai hartan, jakinarazi zioten bidea egokituko zela eta hiru urteko planean sartuko zela.

    4. Hamar urte igaro dira baina bidea ez da egokitu.

    5. Bidea prestatzea beharrezkoa da, kexagilearen familia baserrian behin betiko kokatu ahal izateko, bertara iristeko arazorik gabe.
  2. Jarraian, erakunde honek Baztango Udalera jo zuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    Hasierako txostenari buruzko eskaerari erantzunez, 2015eko abenduaren 15ean, honako informazio hau jaso genuen Baztango Udaletik:

    Udalean urriaren 23an jaso den eta […] jaunak aurkeztutako kexarekin zerikusia duen Q15/562 espedientea dela eta, jakinarazten dizugu Baztango Udaleko Herrizaingo zinegotzia lanean ari dela, egoera hori zuzentzeko. Ildo horretan, Baztango Udalak udalerriko bide guztiekin egiten duen bezalaxe, interesdunak Erratzun duen baserrira doan bidea ere zagorrarekin egokituko da, laster.

    Txostena ikusirik, erakunde honek arazoa konpontzeko bidean zegoela ulertu zuen eta halaxe jakinarazi zien Baztango Udalari eta interesdunari.

  3. 2015eko abenduaren 22an, […] jaunak berriz ere jo zuen erakunde honetara eta honakoa azaldu zigun:
    1. Azken urteotan, Baztango Udalak auzoko zenbait bide egokitu ditu, hormigoia zein asfaltoa erabiliz.

    2. Kexagilearen baserria, […], duela 150 urte baino gehiago eraiki da; eraberrituta dago eta bizigarritasun-zedula dauka. Bertara iristeko bidea publikoa da.

    3. Baserria 2004an erosi zuten, eraberritzeko eta bertara bizitzera joateko asmoz. Une hartan, baserrira doan bidea konponduko zela jakinarazi zieten. Urte horietan guztietan, baserria eraberritzeko lanak egiten ari izan dira, eta aurtengo maiatzean, kexagileak eta bere familiak bertara bizitzera joateko asmoa dute.

    4. Hala ere, bidearen egoera dela eta, arazo larriak sortzen ari zaizkio, langileek zailtasunak baitituzte etxera iristeko, eta altzariz janzteko behar den materiala barrura eramateko.

    5. Gainera, pistaren oraingo egoera ez da egokia larrialdi-zerbitzuek baserrira heldu ahal izateko. Izan ere, 2007an, kexagileak istripu bat izan zuen eta anbulantzia erdibidean geratu zen, baserrira heldu ezinik.

    6. Hori guztia dela eta, bidea egokitu gabe dagoenez, interesdunak eta bere familiak ezin dute burutu maiatzean baserrira bizitzera joateko plana.
    7. Bidearen ezaugarriak kontuan hartuz gero, pista zagorrarekin egokitzea ez da irtenbide iraunkorra, zagorra asentatzea zaila izango baita, tarte batzuetako aldapak eta zona horretan izaten diren euriteak direla eta.

      Hortaz, konponbide horrekin ez da lortuko etxera iristeko bidea egokitzerik.

    8. Zagorra bidean bota nahi izanez gero, horrekin batera, ubideak egin beharko lirateke, edota aldapa handieneko tarteak asfaltoz edo hormigoiz zolatu.

      Kexagileak berriz ere eskatu zion Baztango Udalari […] baserrirako bidea iraunkorrak izango ziren material edo obren bidez egokitu zezan.

  4. Jasotako azken idazkia erakunde honek Baztango Udalari helarazi zion eta gaiari buruzko informazioa eskatu zion.

    2016ko otsailaren 8an jasotako txostenean, Baztango Udalak honako hau adierazi zuen: Erratzuko […] baserrira doan bidean 5 kamioikada zagor bota dira eta beste kamioikada bat bota behar da oraindik. Falta den kamioikada bota eta gero, bidea autoak ibiltzeko moduan egongo da, eta Udalak egokitutzat emango du.

  5. Otsailaren 22, 23 eta 24an, kexagileak bere baserrira doan bidearen argazki batzuk bidali zituen erakunde honetara. Espedientean jaso dira argazki horiek.
  6. Aurrean azaldu dugun bezala, kexa […] jaunak duela hamar urte erositako baserrira doan bidearen egoera dela eta aurkeztu da, egoera horrek hortik igarotzen uzten ez duelako.

    Baztango Udalak bidea zagorrarekin egokitzeko lanaren berri eman du, baina interesdunak neurri horrek arazoak konponduko ez dituela uste du.

  7. Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearekin bat, Baztango Udalak badu eskumena herri barruko bide publikoen zoladura eta errepideak eta baserri-bideak zaintzeko [(25.1 artikuluko d) idatz-zatia].

    Kasu honetan, emandako eskumenaz baliatuta, egokitu behar den bidearen ezaugarri eta erabileraren araberako zerbitzua ematen saiatu behar du udalak.

    Udalaren zerbitzuak herritarrei ematen zaien tratuaren berdintasunaren printzipioa bete behar du, horregatik, errepideak eta baserri-bideak, antzeko kasuetan lortu diren baldintza berdinetan ez bada, gutxienez, oso antzekoetan egon daitezela eskatu behar da.

  8. Kexan azaldutako kasuan antzemandako elementu batzuk direla eta, erakunde honek gomendatu behar du aipatutako bidea hobetzeko neurri berriak har daitezela:
    1. Bide horrek herriaren erdigunea eta interesdunak etxebizitza gisa erabiltzeko orain dela hamar urte erosi zuen baserria lotzen ditu.

      Baserriaren kokapena –herrigunetik urrun egotea– ohikoa da Baztangoa bezalako udalerrietan, eta toki-erakundeak badaki hori; hortaz, bidea zaindu behar denez, egokitu beharra dago, ibiltzeko moduan egoteko.

    2. Ondorioztatu denez, bidea egokitzeko asmoa interesdunak baserria erosi zuenetik azaltzen ari izan da, hortaz, bidezkoa da bidea egokituko dela pentsatzea.

    3. Azaldutakoaren arabera, badaude herrian antzeko egoeran –sakabanaturik– dauden beste baserri batzuk, eta horietara doazen bideak […]rakoa baino egoera hobean daude (adierazi denez, asfaltoz edo hormigoiz zolatuta daude).

    4. Interesdunak bidalitako argazkietan argi ikusten da bidearen tarte batzuk ibilgaitzak izan daitezkeela.

    5. Bidearen ezaugarriak direla eta, baliteke bertan zagorra botatzea nahikoa ez izatea, erabilgarritasuna bermatzeko (kexan azaldu den bezala, aldapa dela-eta eta eskualdean izaten diren euriteak direla-eta).
  9. Ondorioz, eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz, jarraian azaldutakoa beharrezkoa dela ebatzi dut:

    Baztango Udalari gomendatzea, kexan aipatu bezala, interesdunaren baserria eta Erratzu herria lotzen dituen bidearen egoera hobetzeko beste neurri batzuk har ditzala, horren erabilgarritasuna behar bezala bermatzeko.

Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bi hilabeteko epean, halabeharrez, Baztango Udalak jakinarazi behar dio erakunde honi gomendioa onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azaldu behar du gomendioa betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekar dezake kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2016. urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela ondorioztatu ostean, aldeko jarrerarik hartu ez duen administrazioa.

Zure erantzunen zain, adeitasunez

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia