Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q15/54); horren bidez, Lekunberriko Udalari gogorarazten zaio hiritarrek aurkezten dizkioten eskariak berariaz ebazteko legezko betebeharra duela, hartutako erabakien berri emanda, eta, zehazki, kexaren egileak 2014ko urriaren 15ean aurkeztutakoari erantzuteko erantzukizuna duela. Era berean gomendatzen zaio kexaren aukera eman diezaiola egileari 2014ko urriaren 15eko eskari horretan aipatutako espedienteak ikusteko (2010eko iraileko aldaketa zehatza eta katastro balorazioaren ponentziaren aldaketa), eta, hala badagokio, bere interesekoak izan daitezkeen kopiak eskuratzeko.

2015 martxoa 03

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Falta de notificación de modificación de planeamiento local.

Hirigintza

Lekunberriko alkatea

Alkate jauna:

  1. 2015eko urtarrilaren 29an […] jaunaren idazkia jaso nuen. Bertan, Lekunberriko Udalaren gaineko kexa bat planteatu zidan, aurkeztu zuen eskari bati ez zitzaiolako erantzunik eman.

    Idazkian, honakoa azaldu zidan:

    1. 2010eko irailean, Lekunberriko Udalak tokiko plangintzaren aldaketa zehatz bat gauzatu zuen eta aldaketa horrek, hain zuzen ere, 13. poligonoko 417 eta 418. partzelei eragin zien. Bi partzelak bere jabetzakoak izanik, prozedura horretan interesduna zen eta, beraz, jardueren berri izateko eskubidea zuen.

    2. Duela gutxi jakinik jarduera horien berri, 2014ko urriaren 15ean espedientea ikusteko aukera eskatu zuen, bere interesen aldeko lege ekintzarik egin zezakeen baloratzeko asmoz. Era berean, katastro balorazioaren ponentziaren aldaketari buruzko informazioa eskatu zuen.

    3. Eskaria aurkeztu zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro ziren eta ez zuen Lekunberriko Udalaren erantzunik jaso.
  2. Ondoren, Lekunberriko Udalera jo nuen eta kexaren berri eman nion. Hala, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatu nion.

    2015eko otsailaren 27an, udal txostena jaso nuen eta kexa espedientean sartuta ageri da.

  3. Ikusi ahal izan denez, 2014ko urriaren 15ean […] jaunak Lekunberriko Udalera egin zuen informazio eskariari erantzunik eman ez zitzaiolako aurkeztu da kexa.

    Eskari horretan, 2010eko irailean gauzatu zen eta bere jabetzako 13. poligonoko 417 eta 418. partzelei eragin zien plangintzaren aldaketa zehatzaren gaineko espedientea ikusteko eskatu zuen. Era berean, katastro balorazioaren ponentziaren aldaketa ikusteko aukera ere eskatu zuen.

  4. Nafarroako Toki Administrazioaren Foru Legeko 318. artikuluaren arabera, Nafarroako toki erakundeek ebatzi eta jakinarazi egin behar dituzte beren eskumeneko gaietan egin zaizkien eskari guztiak. Betebehar horri buruz mintzatzen da, herri administrazio guztien kasuan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikulua.

    Bestalde, Lurralde eta Hirigintza Antolamendurako Foru Legeko 8.1 artikuluari jarraiki, pertsona guztiek daukate eskubidea herri administrazio eskudunen esku dagoen lurralde eta hirigintza informazioa eskuratzeko, interes jakin bat egiaztatu behar izanik gabe, eta lehentasuna emango zaie hirigintza jarduera bakoitzaren eragina jasan duten jabeei eta gainerakoei, lurralde eta hirigintza informazioa eskuratzeko orduan. Foru Lege horretako 8.3 artikuluari jarraiki, lurralde eta hirigintza informazioen eskariak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatzi behar dira, hirigintza zedula arautzen duen ordenantzak epe laburragorik ezartzen ez badu.

  5. Aurreko lege testuen arabera, Lekunberriko Udalak kexagilearen 2014ko urriaren 15eko eskaria ebatzi behar du, hirigintza informazioa eskuratzeko eskubidea betez.

    Era berean, kontsultatu nahi dituen espedienteak ikusteko, eta, hala badagokio, horien kopiak eskuratzeko aukera eman behar zaio, horretarako eskubidea duelako, bai hiritar gisa (informazio publikoari buruz ari gara), bai interesdun gisa (azaldu duenez, bere jabetzako partzelak lirateke ukituak).

    Lekunberriko Udalak igorritako txostenaren arabera ez da halakorik egin.

  6. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:
    1. Lekunberriko Udalari gogoraztea hiritarrek aurkezten dizkion eskariak berariaz ebazteko legezko betebeharra duela, hartutako erabakien berri emanda, eta, zehazki, kexaren egileak 2014ko urriaren 15ean aurkeztutakoari erantzuteko erantzukizuna duela.

    2. Lekunberriko Udalari gomendatzea kexaren egileari 2014ko urriaren 15eko eskari horretan aipatutako espedienteak ikusteko (2010eko iraileko aldaketa zehatza eta katastro balorazioaren ponentziaren aldaketa), eta, hala badagokio, bere interesekoak izan daitezkeen kopiak eskuratzeko aukera eman diezaiola.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Lekunberriko Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio edo gogorapen hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia