Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/51). Horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatzen zaio kexaren egilearen kontratuaren sinadura geroratzeko epea emandako zerbitzu gisa aintzat har dadila, epe hartan (2010. urtea) amatasun-bajan egon zelako.

2015 apirila 14

Función Pública

Gaia: Falta de reconocimiento de antigüedad por licencia por maternidad.

Funtzio publikoa

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2015eko urtarrilaren 28an […] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren aurkako kexa bat egin zuen, duela lau urte izandako amatasun-lizentzia bati dagokion antzinatasuna onartu ez zitzaiolako.
  2. Jarraian, Hezkuntza Departamentura jo nuen, kexaren berri eman nion, eta auzi horri buruzko informazioa emateko eskatu nion.

    Jasotako txostenak zera dio:

    “Nafarroako Arartekoak 2015eko martxoaren 04an idazkia bidali zuen, […] andreak sustatutako Q15-51 espedienteari buruz. […] andreak kexa bat egin zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, arrazoi hau zela-eta: duela lau urte amatasun-lizentzia hartu zuen, lanpostuaren erreserbarekin, eta baja horri dagokion denbora bere administrazio-espedientean antzinatasunerako onar zedila eskatu zuen, eta eskari horren erantzunik jaso ez duenez, kexa aurkeztu zuen. Arartekoaren idazkiari erantzuteko, eta dagokion zerbitzuak egindako txostena aztertutakoan,

    HONEN BERRI EMATEN DUT:

    […] andrea administrazio araubidean kontratatutako langilea da, eta Iruñeko […] Bigarren Hezkuntzako Institutuan Bigarren Hezkuntzako Irakaslea da, Hezkuntza Departamentuari atxikita.

    2015eko martxoaren 4an, […] andreak kexa-idazkia aurkeztu zion Arartekoari (Espedientea: Q15/51). Espediente horretan zera azaldu zune:

    • Egiaztatu ahal izan duenez, bere administrazio-espedientean ez da inon ageri duela lau urte lanpostu-erreserba eta guztiko amatasun-lizentziari dagokion antzinatasuna onartu zaionik.

       

    • Hori 2014ko ekainean jakin du. Horregatik, uste du garaiz dabilela Arartekoari kexa bat aurkezteko.
    • Azaldutako guztia kontuan hartuta, akatsak zuzentzeko eta amatasun-lizentzia izan zuen aldiari dagokion antzinatasuna onartzeko eskatzen du.

      Interesdunak Arartekoari aurkeztutako kexa-idazkiari dagokionez, zenbait gauza argitu behar ditugu:

    1. Lehenengoa. 2014ko uztailaren 3an, […] andreak idazkia aurkeztu zion Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari. Eskatzaileak egintza publikoan lanpostu hutsa lortu zuen, baina garai hartan ezin izan zuen kontratua sinatu, 2008an eta 2010ean amatasun-bajaren edo erditzeagatiko lizentzia ordainduaren egoeran egon zelako. Bada, epealdi hori emandako zerbitzu gisa onartzeko eskatzen du.

      Eskari horri erantzuteko, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariak azaroaren 26ko 2917/2014 Ebazpena eman zuen; ebazpen hori geroago aztertuko dugu.

      Beste alde batetik, esan behar da […] andreak Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izan zuela Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatutako hilabeteko epean. Interesdunak ez zuen errekurtsorik aurkeztu. Beraz, azaroaren 26ko 2917/2014 ebazpena irmoa da ondorio guztietarako.

      Azaldutakoa kontuan hartuta, ezin da esan Hezkuntza Departamentuak […] andreari erantzun ez dionik inoiz ere.

    2. Bigarrena. […] andreak, Arartekoari aurkeztutako kexa-idazkiarekin batera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bidalitako 2014ko ekainaren 3ko idazkia aurkeztu zuen.

      Idazki hori Departamentu honetako Erregistroan aurkeztu denik ez da inon ere ageri. Hala, txostenak hau dio: […] andreak Hezkuntza Departamentuan aurkeztutako eskabide bakarra, aurreko idatz-zatian aipatzen dena da (hori bai), 2014ko uztailaren 3koa. Horri behar bezalako erantzuna eman zitzaion azaroaren 26ko 2917/2014 Ebazpenaren bidez.

    3. Hirugarrena. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariaren azaroaren 26ko 2917/2014 Ebazpenaren bidez, gaitzetsi egin zen amatasun-bajaren eta 2008ko eta 2010eko kontratuak sinatu zireneko dataren arteko gerorapen-aldiak emandako zerbitzu gisa onartzeko eskaria, […] andreak aurkeztu zuena. Honakoa ezarri zuen ebazpen horrek:

      “[…] andrea administrazio araubidean kontratatutako langilea da, eta Iruñeko […] Bigarren Hezkuntzako Institutuan Bigarren Hezkuntzako Irakaslea da, Hezkuntza Departamentuari atxikita. 2014ko uztailaren 3an idazkia aurkeztu zuen. Eskatzaileak egintza publikoan lanpostu hutsa lortu zuen, baina garai hartan ezin izan zuen kontratua sinatu, 2008an eta 2010ean erditzeagatiko amatasun-bajaren edo lizentzia ordainduaren egoeran egon zelako. Bada, epealdi hori emandako zerbitzu gisa onartzeko eskatzen du.

      […] andrearen espediente pertsonalean ageri denez, 2008an erditzeagatiko lizentzia ordaindua izan zuen 2008ko ekainaren 17tik 2008ko ekainaren 19ra. Epealdi hori jada onartuta ageri da, interesdunak administrazio-araubideko ordezkapen-kontratua sinatu zuelako. Kontratu hori 2008ko apirilaren 28an hasi zen eta 2008ko ekainaren 19an amaitu.

      Halaber, 2010ari dagokionez, […] andreari erditzeagatiko lizentzia ordaindua eman zitzaion Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 2176/2010 Ebazpenaren bidez, 2010eko uztailaren 31tik 2010eko irailaren 9ra. Epealdi hori ere onartuta ageri da, interesdunak lanpostu hutsaren administrazio-araubideko kontratua sinatu zuelako. Kontratu hori 2009ko irailaren 10ean hasi zen eta 2010eko irailaren 9an amaitu.

      Horrenbestez, […] andreak bere idazkian orain zera eskatzen du: Hezkuntza Departamentuak amatasun-bajaren eta 2008ko eta 2010eko kontratuak sinatu zireneko dataren arteko gerorapen-aldiak emandako zerbitzu gisa ofizioz onartzea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duen abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuaren Bederatzigarren Xedapen Gehigarrian ezarrita dagoenaren babespean.

      Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duen abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuaren Hemeretzigarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duenez, funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea edo langile finko gisa kontratua sinatzea geroratuko da izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

      Lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

      Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko gerorapen epe hori. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzeak edo langile finko gisa kontratua sinatzeak baldintzatuko dute aitorpen hori, eta horiek gertatzen direnetik hasita izanen ditu ondorioak.

      Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aintzat hartuko da aldi baterako kontratazioak egiteko deialdietan, kontratazio horren berariazko ezaugarriek eragindako egokitzapenekin.

      Hemeretzigarren Xedapen Gehigarri hori 2011rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2010 Foru Legeak gehitu zuen (Lehenengo Xedapen Gehigarria), eta 2011ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, azken xedapen bakarrean ezarrita dagoenaren arabera.

      Hemeretzigarren Xedapen Gehigarri horrek ez du atzeraeraginezko aplikaziorik ezartzen 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko aldietarako (hain zuzen ere data hartan jarri zen indarrean). Hortaz, gaitzetsi egin behar da amatasun-bajaren eta 2008ko eta 2010eko kontratuak sinatu zireneko dataren arteko gerorapen-aldiak emandako zerbitzu gisa onartzeko eskaria, […] andreak aurkeztutakoa.

      Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariaren azaroaren 26ko 2917/2014 Ebazpenean azaltzen denaren arabera, esan behar dugu […] andrearen administrazio-espedientean agertzen diren datuak zuzenak direla eta, beraz, ezin dela onetsi duela lau urte lanpostu-erreserba eta guztiko amatasun-lizentziak iraun bitartean emandako zerbitzuak onartzeko eskaria, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duen abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuaren Hemeretzigarren Xedapen Gehigarriak ez duelako ezartzen atzeraeraginezko aplikaziorik.”

  3. Kexaren egilea ez zen ados agertu 2010ean hartutako amatasun-lizentziari dagokion antzinatasuna ez onartzearekin.

    Auzi honi buruz, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariak azaroaren 26ko 2917/2014 Ebazpena eman zuen, interesdunak 2014ko uztailaren 3an aurkeztutako eskaria gaitzesteko.

    Ikusita kexan esaten dena (duela lau urteko amatasun-lizentzia aipatzen da, baina administrazio-eskabidea 2014koa da) eta Hezkuntza Departamentuak esan duena, eztabaidaren ardatza 2010eko epealdia izango litzateke. Hain zuzen ere, garai hartan, interesduna amatasun-bajan zegoela, adjudikatu zitzaion kontratuaren sinadura atzeratu behar izan zen (Hezkuntza Departamentuak emandako informaziotik ondorioztatzen denez, 2010eko irailaren 9aren osteko egunak izango lirateke; orduantxe, 2009/2010 ikasturteko kontratua suntsiarazi zen, eta hurrengo ikasturteko kontratuaren sinadura geroratu zen). Gerorapen-epe horretan Hezkuntza Departamentuak ez du uste zerbitzurik eman denik.

  4. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duen abuztuaren 30eko Legegintzako Foru Dekretuaren Hemeretzigarren Xedapen Gehigarriak, Hezkuntza Departamentuaren txostenean aipatzen den horrek, zera xedatzen du:
    1. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea edo langile finko gisa kontratua sinatzea geroratuko da izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

       

    2. Lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

       

    3. Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko gerorapen epe hori. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzeak edo langile finko gisa kontratua sinatzeak baldintzatuko dute aitorpen hori, eta horiek gertatzen direnetik hasita izanen ditu ondorioak.
    4. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aintzat hartuko da aldi baterako kontratazioak egiteko deialdietan, kontratazio horren berariazko ezaugarriek eragindako egokitzapenekin”.

      Beraz, legezko aurreikuspen horretan, lanpostuaz jabetzeko edo –kasu honetan gertatu denez– kontratua sinatzeko gerorapen epea emandako zerbitzu gisa zenbatzea aurreikusten da, gerorapen horren arrazoia amatasun-baja den kasuetarako.

      Aipatutako legezko xedapena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean txertatu zen 2011rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2010 Foru Legearen bidez.

      Hezkuntza Departamentuaren ustez, xedapena indarrean jarri zen data kontuan hartuta (2011ko urtarrilaren 1a), kasu honetan gaitzespen-ebazpena eman zen, Administrazioaren ustez arauak ezartzen duen irizpidea ezin delako lehenagoko epealdietan aplikatu.

  5. Erakunde honen ustez, transkribatutako legezko xedapena indarrean jarri zen data ez da erabakigarria interesdunaren asmoa gaitzesteko; izan ere, xedapen horrek ezartzen duen funtsezko irizpidea (amatasun-egoeraren ondoriozko gerorapen-epea zenbatzea) lehenago indarrean zegoen antolamendu juridikoan zegoen ezarrita, bereziki lana eskuratu, prestatu eta lanbide sustapena izateari eta lan-baldintzei dagokienez gizonen eta emakumeen tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzko otsailaren 9ko 1976/207/CEE Zuzentarauan eta Gizonen eta Emakumeen Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan.

    Izan ere, epealdi horiek (lanpostuaz jabetzea geroratzea edo, kasu honetan gertatu den bezala, kontratuaren sinadura geroratzea, hori egiteko eskubidea baitago amatasun-atsedenaldiaren ondoriozko ezintasunarengatik) zenbatzen ez badira, diskriminaziozko tratua emango zaie eraginpean dauden emakume langileei, amatasunaren inguruabarraren zioz, emakumeak beste hautagai edo enplegatu batzuekin alderatuta egoera juridiko okerragoan geratuko liratekeelako denboraren zenbaketarekin lotutako lanbide-eskubideak baliatzeari dagokionez (ordainsariak, langile finko gisa sartzeko merezimendu gisa emandako zerbitzuen zenbaketa, sustapenak, etab.).

    Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak, 2006ko otsailaren 16ko epaian ( Osasunaren Madrilgo Institutuaren aurkako […] kasua) deklaratu zuenez, araudi nazionalean amatasun-egoeran dagoen langile bati hautaketa-prozedura berean onartutako beste izangaiei aintzatetsi zaizkien eskubide berberak onartzen ez bazaizkio funtzio publikora sartzeko baldintzei dagokienez, eta langile horri lanpostuaz jabetzea eragozten bazaio amatasun-baimena amaitu arte, antzinatasuna zenbatzeari dagokionez baimen horren iraupena kontuan hartu gabe, orduan Erkidegoaren Zuzentarauak araudi nazional horren aurka egingo du.

    Epaian aipatzen den kasua, inguruabar zehatzak alde batera utzita, (kasu hartan emakumezko funtzionario bat zuela gutxi izendatu zuten, eta amatasunaren zioz, lanpostuaz jabetzea geroratu behar izan zuen; orduan, Administrazioak antzinatasuna lanpostuaz jabetu zeneko datatik aurrera zenbatu zuen, legeria nazionalak hala xedatzen zuelako, baina hori gizonen eta emakumeen benetako berdintasunaren printzipioaren aurkakoa zela deklaratu zen), dagokigunaren antzekoa da, baina garrantzitsuena adierazpenaren mamian dagoen ideia edo printzipioa da: langile den amaren egoera prozeduran parte hartu duten gainerako hautagai edo enplegatuena baina okerragoa izan ez dadila bermatzea, eta era berean, amatasunarengatik lanpostuaz geroago jabetzea dela-eta inolako kalte edo eragozpenik jasan behar ez izatea.

  6. Laburbilduz, erakunde honen ustez, Hezkuntza Departamentuak aipatutako legezko xedapen horrek funtzio publikoari buruzko foru legerian beren-beregi txertatu zuen arau-irizpidea, lehenago ere ondorioztatu ahal zen, 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko antolamendu juridikoa aztertuta, bat datorrelako gizonen eta emakumeen berdintasun printzipioarekin eta printzipio horrek lanbide-arloan ezartzen dituen eskakizunekin. Gizonen arteko diskriminaziorik ezaren edo benetako berdintasunaren printzipioa berariaz aipatzean datza, baina lanbide arloan aplikatuta.

    Horregatik, legezko xedapen hori indarrean jarri zeneko data ez da erabakigarria langilearen eskaria gaitzesteko; izan ere, hizpide dugun legezko aurreikuspenak ez du sorrarazten erreklamatzen ari den eskubidea; aitzitik, zehazkiago esatearren, eskubide hori deklaratzen edo, hala esan nahi bada, argitzen du.

    Beraz, gomendio hau egingo da.

  7. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan eskumenei jarraituz, ondoko hau bidezkotzat jo dut:

    Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexaren egilearen kontratuaren sinadura geroratzeko epea emandako zerbitzu gisa aintzat har dezala, epe hartan (2010. urtea) amatasun-bajan egon zelako.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Hezkuntza Departamentuak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du gomendio hori onartzen duen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.

Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gomendioa onartzen ez bada, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.

Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia