Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/49); haren bidez Iruñeko Udalari gomendatzen zaio, ahalik eta lasterren, [...] jaunari gizarteratzeko errenta-prestaziotik bahitutako kopuruetatik lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez dutenak gehi berandutze-interesak itzul diezazkiola.

2015 martxoa 17

Gizarte ongizatea

Gaia: Embargo de la Renta de Inserción Social por sanción.

Ogasuna

Iruñeko Udaleko alkatea

Alkate jaun txit agurgarria:

  1. Joan den 2015eko urtarrilaren 28an [...] jaunaren idazki bat jaso nuen. Haren bidez, kexa bat egin zuen jasotzen duen gizarteratzeko errentaren gainean Iruñeko Udalak ezarri zion bahituragatik, administrazio-zehapen baten ondorioz.

    Idazki horretan honakoa azaldu zuen:

    1. 2013ko apiriletik 493,66 euro jasotzen du gizarteratzeko errentaren kontzeptuan.

    2. 2014ko irailaren 1ean, bide publikoan txiza egitean datzan administrazio-zehapen baten ondorioz, gizarteratzeko errentatik datorren 197,48 euro bahitu zioten.

    3. Hilabete geroago, 2014ko urriaren 1ean, 123,66 euro bahitu zioten eta, azkenean, 2014ko azaroaren 6an, 70,86 euro bahitu zioten. Guztira, 329 euro bahitu diote.

    4. Gizarteratzeko errenta arautzen duen urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Legearen 1.2 bis artikuluko d letraren arabera, prestazio hori ezingo da atxiki edo bahitu, aplikatu behar den Estatuko legedia orokorrean xedatutako kasuetan eta mugen barruan izan ezik.

    5. Prozedura Zibilaren Legearen arabera, soldatak, lansaria, pentsioa, ordainsaria edo antzekoak bahiezinak dira lanbide arte gutxieneko soldataraino, zeina hileko 645,03 eurokoa baita.
    6. Tributuen Lege Orokorra betez, 2014ko urriaren 22an idazki bat aurkeztu zuen Iruñeko Udalean bahitutako zenbatekoak eta berandutze-interesak itzultzeko eskatuz. Egun arte, eta igaro den denbora igarota ere, ez du erantzunik jaso.

      Horregatik guztiagatik, Udalari bere idazkiari erantzuteko eta bahitutako zenbatekoak gehi berandutze-interesak itzultzeko eskatu zion.

  2. Jarraian, Iruñeko Udalera jo nuen, sortutako arazoari buruzko argibideak eskatuz.

    Jasotako txostenean honakoa adierazi du:

    “Arartekoaren urtarrilaren 27ko idazkia jasota, [...] jaunak, bide publikoan txiza egiteagatiko zehapen baten kontzeptuan premiamendu bideko zor bategatik gizarteratzeko errenta-prestazioaren gainean egindako bahiturei buruz aurkeztutako kexa baten inguruan:

    Udal base informatikoetan premiamendu bideko zor bat ageri da, [...] jaunari 2012ko ekainaren 10ean bide publikoan txiza egiteagatik ezarritako zehapenaren kontzeptuan. Zorraren zenbatekoa 329 eurokoa da: 300 nagusiaren kontzeptuan, 60 premiamendu-errekarguagatik, 17,62 interesengatik eta 14,32 jakinarazpen-kostuengatik. Halaber, egiaztatu da abuztu eta urri artean zordunak Caja Navarran irekitako kontuaren saldoen hiru bahitura egin zaizkiola, eta hiruren artean zor zuen zenbatekoa egin dutela (zehazki, saldoen atxikipenak honako egun hauetan egin ziren: abuztuaren 8an, irailaren 9an eta urriaren 16an).

    Urriaren 27an [...] jaunak idazki bat aurkeztu zuen Udal Erregistroan azaltzeko 2013ko apirilaz geroztik gizarteratzeko errenta bat jasotzen duela eta, beraz, bahitutako kopuruak eta haiei dagozkien berandutze-interesak itzultzeko eskatzeko. Erreklamazioarekin batera Gizarte Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko urriaren 15eko ebazpen baten lehen orriaren kopia eman zuen. Ebazpen horren bidez gizarteratzeko errenta bat eman zitzaion.

    Diru-bilketa eta Diruzaintza Sailak egindako protokoloen arabera, zeinak Arartekoak ezagutu egiten baititu, Udala aurkeztutako erreklamazioa aztertzen ari da, eta uneotan banku-kontuaren laburpena ematearen zain dago, espedientean bahitutako saldoak, dioen bezala, gizarteratzeko errentatik datozela frogatuta gera dadin”.

  3. 2015eko martxoaren 16an, erakunde honetako langileekin telefonoz izandako elkarrizketaren bidez, [...] jaunak jakinarazi zuen bere banku-kontuaren laburpena aurkeztu ziola Iruñeko Udalari.

  4. Kexa [...] jaunak jasotzen duen gizarteratzeko errenta baten gainean Iruñeko Udalak, administrazio-zehapen baten ondorioz, egindako bahituragatik aurkeztu da.

Bidalitako txostena ikusita, Iruñeko Udalak banku-kontuaren laburpena emateko eskatu dio [...] jaunari, bahitutako saldoak gizarteratzeko errentatik datozela frogatzeko. [...] jaunak laburpenok aurkeztu ditu eta, beraz, ondoriozta liteke kexa eragin duen desadostasuna konpontzeko bidean dagoela.

Hori hala izanik ere, bahiturak egin ziren daten artean (2014ko irailaren 1a, urriaren 1a eta azaroaren 6a) igarotako denbora, [...] jaunak 2014ko urriaren 27an bahitutako zenbatekoak gizarteratzeko errentatik zetozelako itzultzeko eskatzeko idazkia aurkeztu ziola ikusita, eta prestazio hori lanbide arteko gutxieneko soldataren erreferentzia gainditzen ez duen zenbatekoan bahiezina dela kontuan izanda, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan ahalmenak betez, honakoa jo dut egokitzat:

Iruñeko Udalari gomendatzea, ahalik eta lasterren, [...] jaunari gizarteratzeko errenta-prestaziotik bahitutako kopuruetatik lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez dutenak gehi berandutze-interesak itzul diezazkiola.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, Iruñeko Udalak, derrigorrezkoa denez, gehienez bi hileko epean jakinarazi beharko du gomendio hau onartzen duen eta, hala balitz, hura betetzeko hartu dituen neurriak.

Legezko manu horretan xedatutakoaren arabera, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari 2015. urteari buruz azalduko zaion urteko txostenean sartzea ekar dezake, posible zela uste denean aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa berariaz aipatuz.

Erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia