Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/31). Horren bidez, Iruñeko Udalari gogorarazten zaio bere legezko betebeharra dela bizilagunek haien etxeetan zarata handiegiak ez jasateko duten eskubidea modu eraginkorrean babestea. Halaber, sortutako auzi honi dagokionez, iradoki zaio lokala intsonorizatzea edo isolamendu akustikoa jartzea eska dezala, beste neurri zuzentzaile batzuk baztertu gabe.

2015 apirila 14

Energia eta ingurumena

Gaia: Ruidos por bajeras de jóvenes.

Ingurumena

Iruñeko Alkatea

Jaun agurgarria:

  1. 2015eko urtarrilaren 19an […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Haren bidez, Iruñeko Udalaren aurkako kexa bat egin zuen, gazteek aisialdirako erabiltzen duten etxabe batengatik jasaten dituzten eragozpen eta zaraten aurrean udalak ez duelako ezer ere egiten.

    Idazki horretan, […] jaunak hau azaldu zuen:

    “Zuengana jotzen dut nire familia eta ni neu babesik gabe gaudela azaltzeko, orain arte nire hiria zela uste nuen Iruñea honen udalaren erabateko pasibotasunarengatik. Pisu bat daukat jabetzan Arrosadia auzoko […] kalean. Nire familiak egundoko zorigaiztoa jasaten du, pisuaren azpian gazteen aisialdirako/gehiegikeriarako lokal gisa alokatutako etxabea dagoelako.

    Nire egoera azalduko dut: 3 hilabeteko alaba bat daukat, edoskitzeko eta lo egiteko erritmoa behin eta berriz etenda duena, beheko astakiloak zertan edo hartan dabiltzala; 3 urteko seme bat daukat, eta sekulako fobia eta beldurra sortzen hasi zaizkio gaueko edozein ordutan eta asteko edozein egunetan beheko etxabetik datozen zaratengatik, berak zarata horien arrazoia zein den ez dakiela; azkenik, nire 8 urteko alabak etxeko lanak egiteko eta ikasteko oihuz eta txunda-txundaz betetako giroa jasan behar du, eta hori, nire ustez, ez da egokiena hezkuntzaren ikuspuntutik; nire andreak belarrietarako tapoiekin lo egin ohi du (hala eta guztiz ere gure etxe azpian gertatzen den guztiaz enteratzen da), eta neuk ohiturak aldatu behar izan ditut, etxabeko neska-mutilak etxera joaten direnean oheratzen naiz, eta egoera horregatik ondorio psikologiko batzuk jasaten ari naiz, ziurrenik betirakoak izango diren ondorioak; hain ondorio larriak dira non nire enpresak legezko babesa ematen didan auzi honi aurre egiteko, lan-arloan ere kalte larria jasaten ari naizelako.

    Laburbilduz, ni eta nire familia (gogora ekarri nahi dut oso adin txikiko hiru haur dauzkadala) lerro hauetan nekez deskribatu ahal dudan tortura bat pairatzen ari gara (halakorik jasan duenak soilik ulertuko du azaltzen ari naizena). Udala beti dezibelioen argudioaz baliatzen da, eta tartean isun mordo bat ez badago ez du deus ere egin nahi; udaltzaingoa kokoteraino dago etxabeez eta udalaz, baina onartu egin du oso zaila dela astakilo hauek harrapatzea zarataren punturik gorenean; dena dela, neurketak egiten dituzten agenteek esan digutenez, konturatu dira ezinezkoa dela etengabeko soinu-estres honen mendean bizitzea. Horrez, gain, Udaltzaingoari egindako dei bakoitzaren ostean etxabekoen mehatxu, iraun eta mendekuak jasan behar dituzu.

    Auzoko zinegotziari ([…] jauna) ohartarazi diot nire seme-alabak nola sufritzen ari diren ikusten ari naizela eta ezin dudala gehiago jasan, eta zinez ikaratuta nagoela, ez ote naizen urduri jarriko eta bizitza hondatuko didan zerbait egingo. Egoera hau Udalak sorrarazi du; berak ematen ditu lizentziak nahierara, eta horrela arazoak sortzen ditu halakorik ez zegoen toki batean. Etxera ez zait inor ere etorri zaraten neurketarik egitera, etxabeari lizentzia emateko; horren sinplea eta horren amorragarria.

    Zuregana jo dut legezko prozesu bati ekin baino lehen: prozesu horretan aurrez aurre jarriko ditugu beheko astakiloen aisialdirako eskubidea eta nire seme-alaben eskubideak (ikusiko dugu zein eskubide iruditzen zaion funtsezkoago epaile bati; noraino heldu behar naizen, haraino helduko naiz). Iruñeko Udalak bere hautua egin du bere pasibotasunarekin; astakilo horien alde egin du, eta beraz, NIRE SEME-ALABEN AURKA. Horrenbestez, baldin eta egoera hau konpontzen ez bada, baldin eta Iruñeko Udalak, tortura hau sufritzera kondenatu gaituen horrek, ez badio egoera honi amaiera ematen, Udalak erantzun egin beharko du, ez soilik epaile baten aurrean, baizik eta gizartearen aurrean; izan ere, nire asmoa hedabideen aurrean hainbat ekintza egitea da, IRUÑEKO UDALAK NIRE SEME-ALABEI (hiru adingaberi) EGITEN DIENA salatzeko.

    Etxe honetan lur jota gaude, eta ez dugu baliabiderik beste leku batera bizitzera joateko. Ez dakit noiz arte ahalko dugun egoera hau jasaten jarraitu. Benetan, […] jaunaren laguntza morala aurkitu du; horregatik betiere eskerrak emango dizkiot, baina ez dut uste ezer ere egin ahalko duenik. Zure sentiberatasunera jo nahi dut; kexa hau irakurtzen ari dena aita edo ama bada, eskatu nahi diot ez dezala ez ikusiarena egin; eta ezin bada kexa gisa onartu, eskertuko nioke esango balit nora bidali ahal dudan, edo nori bidali ahal diodan; izan ere, aita naizen aldetik pairatzen ari naizen etsipenean, laguntza guztia estimatuko dut”.

  2. Jarraian, Iruñeko Udalera jo nuen, eta sortutako auzi horren berri emateko eskatu nion.
  3. 2015eko otsailaren 3an interesdunak erakunde honi beste idazki bat bidali zion, lokalaren isolamendu akustikoaren egiaztapenari buruz. […] jaunak azaldu duenez, lokalaren eta eraginik handiena jasaten zuen etxebizitzaren (bere etxebizitza) arteko isolamendu-maila aipatu zen, baina inor ere ez zen etxebizitzara sartu ezer ere egiaztatzera.

    Iruñeko Udalari idazki horren berri ere eman zitzaion.

  4. 2015eko martxoaren 30ean, erakunde honetan Iruñeko Udalak bidalitako informazioa jaso zen (Ingurumen, Herritarren Partaidetza, Herritarren Segurtasun eta Hirigintza eta Etxebizitza arloetako txostenak). Txosten horiek kexa-espedientean txertatu dira.
  5. Agerian geratu den bezala, kexa aurkeztu da interesdunak eta bere familiak (oso adin txikiko hiru haur dauzkate) etxebizitzan etengabe jasaten duten zaratarengatik. Zarata horiek gazte-talde batek etxebizitzaren azpi-azpian aisialdirako erabiltzen duten etxabetik datoz.

    Gazteek etxabeetan eta bereziki gaueko orduetan aisialdirako erabiltzen dituzten lokalek auzokoen etxebizitzetan eragiten dituzten zarata eta eragozpenen fenomenoa ez da Iruñean soilik gertatzen, eta Nafarroan gero eta udalerri gehiagotan gertatzen ari da. Udalerri horiek hainbat motatako neurriak ezartzen dituzte erantzun gisa: zaratak neurtzea, gertakari horiek udal ordenantzen bidez arautzea, isolatzeko eta intsonorizatzeko neurriak betetzeko aginduak, udaltzaingoaren presentzia eta ikuskapenak, jarduera aldi baterako ixteko neurriak, lokalen zuzeneko eta zeharkako titularrentzako ohartarazpenak, jarduera egiteko gaueko orduen mugapena, udal arduradunek gazteekin eta haien gurasoekin egindako bilerak, zehapen-espedienteak, etab.

  6. Kaltetuen eskubideak babesteari dagokionez, Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zer konstituzio-eskubide ukitzen dituen pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (hain zuzen ere espedientean salatzen dena: zarata edo kutsadura akustikoa). Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 43. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak onartzen du eskubide horiek urratzen direla. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2001 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean.

    Ondoren, epaiak honakoa gogorarazten du: Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela berekin ekartzen Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.

    Auzitegiak jarraian honakoa esaten du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatuak izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoek, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984 epaia; urriaren 17ko 137/1985 epaia, eta maiatzaren 31ko 94/1999 epaia). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.

  7. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruan dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).

    Aztergai dugun gaian, udalerriek funtsezko eginkizuna betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik. Udalerriek zenbait ahalmen dituzte herritarren eskubideak babesteko, adibidez arautzeko ahalmena –ordenantza eta bandoen bidez–, ikuskatzeko ahalmena, zehatzekoa, etab.; hala ere, bitartekotza-lana ere egin ahal dute bizilagunen interesak gatazkan daudenean, eta horregatik adiskidetzea beharrezkoa denean bizikidetza sozialaren onerako.

  8. Azaldu diren aurrekarietatik eta erakunde honetan aurkeztutako antzeko beste kexa batzuetatik ondorioztatzen denez, Iruñeko Udalak badaki arazoa zein den; hain zuzen ere, horregatik izapidetu du halako lokalak arautzen dituen ordenantza, eta horregatik ezarri ditu espediente honetan egindako txostenetan aipatzen diren neurriak.

    Erakunde honek ondo daki arazoa konplexua dela eta elkarren aurkako interesak erabat bateragarri bihurtzea oso zaila dela. Horrenbestez, kasuaren aurrekariak ikusita, uste du beharrezkoa dela gai honi buruzko legezko betebeharrak gogora ekartzea, Udalak modu eraginkorrean babes dezan familia horrek bere etxebizitzan zaratarik ez jasateko duen eskubidea, legearen arabera ez daudelako behartuta zarata horiek arrazoizko puntu batetik gora jasateko.

    Horren haritik, esan behar da gazteek hiriguneko lokal edo etxabeetan dibertitzeko eta biltzeko duten eskubideak ez duela eten edo eragotzi behar bizilagunek haien etxebizitzan atsedenerako eta intimitaterako duten eskubidea, arrazoizko eta onargarri denaz harago; eskubide horiek, hain zuzen ere, konstituzio maila kualifikatua dute.

  9. Zehazki, espedientean ageri den informazioa baloratu da, eta zantzuen arabera eragozpen handiegiak gertatzen ari direla eta gainera etxebizitza horretan bizi diren adigabeei kalte egiten zaiela ikusi da; horrenbestez, erakunde honek zera iradoki nahi du: udalaren txostenetan aipatzen diren neurriez gain (adiskidetzeko neurriak eta 2015eko martxoaren 11ko ikuskapenean detektatutako gabeziengatik ezarritako neurri zuzentzaile jakin batzuk), beren-beregi baloratzea lokalaren intsonorizazio edo isolamendu akustiko handiagoaren beharra, dagoenak ez omen baitu bermatzen bere funtsezko xedea, hau da, bizilagunak babestea erabilera-baldintza bereziak dituen lokal batek sortutako zaratatik.
  10. Kontuan hartu behar da mota horretako etxabe edo lokalek, erabilerari dagokionez izan ahal duten intentsitatearengatik, jendea biltzen deneko lokalek sortutakoen antzeko ukipenak sortu ahal dituztela, eta horregatik arrazoizkoa izan ahal dela antzeko baldintzak txertatzea, baina egokitzat jotzen diren modulazioekin.

    Ikuspuntu materialetik, erabilera hori duten lokalak orduen aldetik egokitzeko muga horiek ezartzea neurri egokia da, eta proportziozkoa da, mota askotariko eskubide ete interesak ukitzen direlako: etxabeetako erabiltzaileen eskubidea, biltzeko eta aisialdiaz gozatzeko, eta auzokoen eskubidea, ingurumen egokiaz gozatzeko eta etxebizitzan intimitatea izateko; azken eskubide horiek, azaldu denez, konstituzioan garrantzi berezia dute.

    Lokal horien ahalezko eragin gogaikarria, atipikoa nahi bada, jendeari irekitako establezimendu batzuen oso antzekoa izan daiteke (edo handiagoa ere, baldin eta nahikoak diren neurriak ezartzen ez badira). Horregatik, bidezkoa izan daiteke esku-hartze eta kontrolerako antzeko neurriak aplikatzea.

  11. Aurreko guztiarengatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan eskumenei jarraituz, ondoko hau beharrezkotzat jo dut:
    1. Iruñeko Udalari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela bizilagunek haien etxeetan zarata handiegiak ez jasateko duten eskubidea modu eraginkorrean babestea.

    2. Sortutako auzi honi dagokionez, Iruñeko Udalari iradokitzea intsonorizatzeko edo isolamendu akustikoa jartzeko eska dezala, beste neurri zuzentzaile batzuk baztertu gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Iruñeko Udalak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du gogorarazpena eta iradokizuna onartzen dituen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.

Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gogorarazpena edo iradokizunak onartzen ez badira, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.

Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia