Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Supuesta ilegalidad de una explotación ganadera situada en un núcleo urbano y molestias que la misma causa.
Ingurumena
Noaingo alkatea (Elortz harana)
Alkate jauna:
Jaso dut 2015eko urtarrilaren 29ko zure txostena, 2015eko urtarrilaren 16an […] andreak egin zuen idazkiari buruzkoa. Horren bidez, kexa bat planteatzen zuen Noaingo Udalaren (Elortz Harana) gainean, Otanoko hirigunean dagoen abeltzaintza ustiategi baten legezkotasunik ezagatik eta horrek sortzen zituen eragozpenengatik.
“Noaingo Udalari (Elortz Harana) gomendatzea, kexan aipatu den abeltzaintza ustiategiari dagokionez, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren ondoriozko tramitazioa zaindu dezala eta jarduerak bertan eskatzen diren betekizunak betetzen dituela egiazta dezala, eta, hala ez bada, legezkotasuna berrezartzeko ahalmena balia dezala.
Noaingo Udalari (Elortz harana) gomendatzea, sortutako eragozpenak ikusita, bidezko zuzenketa neurriak ezar ditzala, jarduera hori auzokideen eskubideekiko errespetu osoz gara dadin, eta, zehazki, titularrari eska dakiola ez dezala ireki edo erabili San Salvador kalera sartzeko atea eta ardiak beste toki batean mutildu ditzala, beste arau hausterik badago hartuko diren neurriak jakinarazita".
Azaldutako gaiak kontuan hartuta, aipatzekoa da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko abeltzaintza instalazioen ingurumen baldintzak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko bigarren xedapen iragankorrak dioena:
“Bigarren xedapen iragankorra
Jarduera sailkaturako baimena duten edo lehen xedapen iragankorrean aipatutako jardueren erregistroan inskribatuta dauden abeltzaintzako instalazioek tramite hauek egin beharko dituzte:
2007ko urriaren 1a baino lehen, ahalmen handiko abeltegi guztietako titularrek hondakinak ekoiztu eta kudeatzeko baldintza teknikoetara egokituko dituzte instalazioak, foru dekretu honen 7. artikuluko 2.a) eta 5. ataletan aurreikusi bezala.
Nekazaritzaren ondoriozko nitratoen aurrean kutsaerrazak diren eremuetako instalazioei, bi urteko epea emanen zaie, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik.
Orobat, 2007ko urriaren 1a baino lehen, 20 ALUtik gorako edukiera duten abeltzaintza instalazioetako titularrek simaurra ekoiztu eta kudeatzeko plana aurkeztuko dute Ingurumen Departamentuan, foru dekretu honen 8. artikuluan, 1-4 ataletan, hondakinak ezabatzeko adierazitakoari jarraituz.
oru dekretu honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, 7. eta 8. artikuluetan ezarritako gainerako neurri eta aginduak instalazio guztiei aplikatuko zaizkie”.
Xedapen iragankor horrek Foru Dekretuko 7 eta 8. artikuluak aipatzen ditu, honakoa baitiote:
“7. artikulua. Hondakinak ekoiztu eta kudeatzeko baldintza teknikoak
Abeltzaintzako instalazioen lurzorua iragazkaitza izanen da, non ez den azpi beroa erabiltzen, hau da, behar adina material xurgagarri, ez dadin inola ere lixibiaturik isuri edo lur azpira sartu.
Abeltzaintzako instalazioek, zein ustiategi motatakoak diren, simaurtegiak edo biltegi iragazkaitzak izanen dituzte, lau hilabetez sortutako hondakinak metatzeko adinakoak gutxienez, eta simaurra ekoiztu eta kudeatzeko planak eskatzen duen edukiera, betiere.
Foru dekretu hau garatzen denean zehaztuko da simaurtegien eta simaur likidoko hobien tamaina, kokalekuaren inguruabarrak zein diren ikusita.
Hondakinei beste erabilera batzuk ematen zaizkiela frogatuz gero, haiek metatzeko gaitasuna, aurreko zenbakian aipatua, 2 hilabetetara murrizten ahal da. Azpi beroko sistemak erabiltzen dituzten lurrari lotutako abeltegien kasuan, azpiarena berarena hartzen ahal da metatzeko gaitasun bezala.
Barreneko hobiak dituzten instalazioen kasuan, hobi horien edukiera metatze sistemaren parte dela hartzen ahal da kontuan.
Esnetegietan, siloetan eta antzekoetan sortzen den hondakin ura simaur-hobietara eramanen da, eta haien edukiera handitu beharko da, aurreko atalean adierazitakoaren arabera.
Estabulazio libreko abeltegietan, euri urak estali gabeko patioetan hondakin ura sortuz gero, hura bideratu eta bilduko duen sistema bat beharko da aurreikusi, gero simaurra metatzen duten biltegietara eramateko. Ustiategi berrietan haren edukiera, aurreko atalen arabera kalkulatua, metodo arrazionala erabiliz uren hustubidean sortzen ahal den gehieneko emaritik abiaturik kalkulatzen ahal den bolumenean handituko dira, 25 urteko birgertatzealdian eskualdean intentsitate handieneko euriaren datuak harturik eta gutxienez 10 minutuko denbora tarteko iraupena izanik.
Estali gabeko eremu horrek lurzoru iragazkaitza izanen du, akuifero oso iragazkorrak diren lurretan.
Betiere, simaurra metatzeko biltegien edukiera % 10 gehiago izanen da, segurtasun gisa, abeltegi berrietan.
Edozein abeltegitan, biltegien guztirako edukieraren azkeneko % 10a bete gabe utzi beharko da hondakinak kudeatu ondoren.
Simaur likidoa metatzen duten kanpoko biltegiak egiteko, foru dekretu hau garatzean ezarriko diren baldintza teknikoak beharko dira bete.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 2B eta 4B eranskinetan biltzen diren abeltegiek, simaur likidoa sortzen badute, solidoak bereizteko ekipo egokia izan beharko dute, eskura dauden teknika onenak (ETO) erabiltzearen ondorioz beharrezkoa ez dela justifikatu ezik.
Debekatuta daude putzu iragazleak, simaur likidoa lurruntzeko baltsak, gainezkabideak eta kolektore eta ubideetara zuzenean doazen irtenbide guztiak.
Kutsatu gabeko euri ura behar bezala bideratuko da hondakin ura eta simaurra ukitu gabe.
Simaur likidoa sortu eta hura gordeko duen biltegia egiteko aukerarik ez duten instalazioetan behar diren aldaketak egin beharko dira abeltegiaren forman, sortutako hondakin gehiena solidoa izan dadin, likidoak lastoan xurgatuz edo antzeko metodoak baliatuz.
Debekatua dago aziendak aire zabalean edukitzea azaleraren unitateko abere zamak bertako landaretzan edo ezarritako laborean eragin kaltegarri nabaria duenean, edo hondakin hondarrak kanpora isurtzeko arriskua dagoenean.
Isuria norberak araztu behar duenean, arazteko erabili gogo den sistemaren proiektua aurkeztuko da, eta haren mantentze-lanerako programa eta araztutako ura eta araztean sortutako hondakinak nora doazen zehaztuko.
Txerritegietan isuritako hondakin uraren bolumena mugatzearren, ur kontsumoa mugatzeko behar diren neurriak hartuko dira haietan.
8. artikulua. Hondakinak ezabatzea.
Ez da inoiz nitrogeno baino gehiago metatuko hektarea bakoitzean urte osoan, eta kopuru hori 210- nitrogenokoa izanen da hektarea bakoitzeko urte osoan, kaltebera deklaratuta dauden eremuetan, nekazaritzaren ondoriozko nitratoek sortutako kutsaduratik ura babesteko egungo legeriaren arabera.
Ongarritako simaurrarekiko nitrogeno ekarpena zehazteko, VI. eranskinean jasotako balioak hartuko dira.
Simaurra ekoiztu eta kudeatzeko onetsitako plana betetzeko adina nekazaritza lur badela frogatu beharko du instalazioak, lur hori berea izan edo kontratatua.
20 A.L.U.tik gorako abeltzaintzako instalazioetan simaurra kudeatzeko erregistro liburua izanen da, ondoko informazioaz hornitua, gutxienez: sortutako simaur kopurua; abeltegiko titularrak zuzenean balorizatutako simaur kopurua; zein lurzatitan zabalduko den simaurra, data, kopurua eta lurzatiaren zein portzentaiatan egin den eragiketa adierazita; nekazaritzako beste ustiategi batzuetan ongarri gisa aplikatzeko entregatu den simaur kopurua, titularra abeltegi ekoizlekoa ez beste bat denean, baita, banaketa zentrorik bada, haietan utzitako simaur kopurua ere, eta norentzat den; konposta egiteko, digestio anaerobikorako eta lehortze termikorako utzitako simaur kopurua, tratamentu horien zentro arduradunak zein diren adierazita.
Erregistro liburuak beti eguneratuta izanen dira, agintari eskudunen eskura, eta, jarduerari utziz gero, azken idatzoharra egin eta hiru urte arte gordeko dira.
V. eranskinean zehaztutako gutxieneko distantzietan zabalduko da simaur likidoa, eta lurzatiaren azalera osoan, denean berdin, hedatuko da. Ez da klima baldintza desegokietan eginen eta, inoiz ere ez, lurra izoztua edo elurrez estalia dagoenean, uraz blai edo putzuak daudenean, alfer-lurretan edo larre utzietan.
%20ko malda baino handiagoko lurzatietan ezin hedatu da simaur likidoa zuzenean lur azalean. Hala ere, ustiategiak, eskualdeko orografiagatik, malda apalagoko lurzatietan azalera nahikoan antolatzerik ez badago, %20tik gorako malda duten lurzatietan simaur likidoa lur azalean hedatzeko baimena ematen ahalko da, baldin eta azaleko isurketek urak kutsatzeko sortzen duten arriskua gutxitzeko neurri egokiak hartzen badira.
Bereziki, laborerik gabeko lurretan simaurra zabaltzeko, edo laborearen egoera egokia denean, hura lurperatu eta 24 orduko epean eginen da, non eta klima baldintza desegokiek ez duten lan hori galarazten.
Lursailetan, ur-korronteak isurketaz kutsatzeko arrisku handia dagoenean, ez da simaur likidorik erabiliko.
Akuiferoak oso iragazkorrak diren lurretan, hala nola kareharri pitzatuetan edo karst bihurtutakoetan, ez da simaur likidorik zabalduko, kutsatzeko arrisku handia dagoelako.
Akuiferoen kutsadurak ezaugarri aldakorrak dituen lurretan (hareharria, kareharria eta tuparria, flysch faziesa eta formazio detritikoak), kutsadura ezinezkoa dela frogatu beharko da kasu bakoitzean.
Erakunde honen ustez, Noaingo Udalak (Elortz Harana) adierazitakoa ez da aski jarduera arauaren arabera garatzen dela ondorioztatzeko, eta, zehazki, aipatu 7 eta 8. artikuluetan adierazitako baldintzak betetzen direla ezartzeko, aipatu arauko bigarren xedapen iragankorraren arabera.
Erantsi zen txosten teknikoan hondakinak ezabatzeko plana egiteari buruzkoa soilik aipatu da, baina bertan ez da ziurtatu arauan aurreikusitako neurri eta baldintzak bete direnik, oso-osorik.
Hori dela eta, beharrezkoa iruditu zaigu gomendio osagarri bat egitea, instalazioa ikuskatu ondoren, beharrezkoa balitz egiaztapen egokia egin dadin.
Bestalde, […] andreak San Salvador kalera sartzeko atea abeltzaintza jarduerarako ez erabiltzeko baldintzaren gainean adierazi duena ikusita, gai honen gaineko gomendioa errepikatzea beharrezkoa iruditu zaigu.
Noaingo Udalari (Elortz harana) gomendatzea, kexan aipatu den abeltzaintza jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko eremuko abeltzaintza instalazioen ingurumen baldintzak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 7 eta 8. artikuluan eskatzen diren baldintza eta neurriak betetzen ote dituen egiazta dezala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Noaingo Udalak (Elortz Harana) gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hauek onartzen ote dituen eta, hala badagokio, horiek betetzeko zein neurri hartu dituen.
Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio horiek onartzen ez badira, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.
Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia