Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Queja al Ayuntamiento de Azagra por ruidos en vivienda.
Ingurumena
Azagrako alkatea
Alkate jauna:
2015eko urtarrilaren 2an, […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, Azagrako Udalaren inguruko kexa bat planteatzen zen, bere etxebizitzan pairatzen dituzten zaraten ondorioz.
Idazkian, honakoa azaldu zidan:
Hamabost urtetik gorako pertsonek egiten dituzten jolasak ez dira jolas xaloak; beren agresibitatearen ondorioz, zarata jasangaitzak eragiten dituzte eta ez dute uzten etxebizitzaren barruan bizimodu normala egin eta atseden hartzen.
Adibide bat jartzearren, jolasten duten pertsonek plazan ematen dituzten ordu askotan baloiak metalezko atearen kontra botatzen dituzte. Ate horrek bertan dagoen orubea ixten du eta ateari kolpe bat ematen zaion bakoitzean izugarrizko zaratak entzuten dira.
Bere ama, nagusia bera, etxebizitzan bizi da eta min ugari dauzka, horien artean dementzia, bertigoa, buruzko iskemia atakea edo agitazioa.
Etengabeko zarata horiek urduritasun handia eragiten diote eta ondorio negatiboa daukate bere osasun egoeran, are gehiago kaltetzen baitute.
Jolasak 24:00ak arte luzatzen dira eta baloiak jaurtitzen dira fatxadara, atseden hartzeko betarik utzi gabe. Fatxaden gainean ematen den kolpe bakoitza, leihoetatik hurbil, etxearen barruan etengabe mailu bat kolpeka izatea bezalakoa da, eta horrek estresa eta ondoeza eragiten ditu ukituentzat (medikuaren txostena erantsi da).
Hainbat aldiz salatu du egoera Azagrako Udalean eta eskari egokiak bete ditu, bere amaren osasun egoeraren berri emanez. Halaber, beren eskubideak urratzen dituzten zaraten iturri diren jolasak debekatzeko eta jolas ordutegiak mugatzeko eskatu du.
Udalak ukatu egin du horren gaineko edozein jarduera, Udaltzaingoaren ustez ezinezkoa delako plazan baloiaren erabilera debekatzea, ez baitu zirkulaziorako arriskurik eragiten.
Jolasten duten pertsonek sortzen dituzten eragozpenei dagokienez, Udaltzaingoa prest agertu da kasuan esku hartzeko, eragozpen horiek errepikatzen badira eta ohartarazi egiten bazaie. Horrek ez du arazoa konpontzen. Izan ere, zaratak egunero entzuten dira, eta agenteak agertu arren, pertsonak plazara itzultzen dira eta jarduera zaratatsu eta eragozgarri berdinak egiten dituzte, are indar handiagoz.
Ondoren, Azagrako Udalera jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.
Aipatu txostenean honakoa adierazi zen:
“Udal honek ezin die aurka egin eta are gehiago isunik ezarri kale honetan baloiarekin jolasten duten umeei, toki irekia delako eta, gainera, ez delako gure eskumena aukera hori galaraztea, are gutxiago adingabeei, betiere eragozpen larriak sortzen ez badira eta ezorduetan aritzen ez badira.
Azagrako Udaltzaingoa, […] jaunaren deiren bat jaso duenean, ahalik eta lasterren hurbildu da tokira eta bertan zeuden neska-mutikoei azaldu die auzokideei eragotzi gabe jolastu behar dutela.
[…] jaunak askotan deitu izan die telefonoz Udaltzaingoko agenteei eta azken horiek, bertaratzean, ez dute plazan zeuden neska-mutikoen artean asmo txarrik ikusi.
Behin, 2014ko azaroaren 1ean, […] jaunaren anaiak, […] jaunak, Azagrako Udaltzaingoa mehatxatu zuen, honakoa esanez: ezer egiten ez bazuten, berak egingo zuela zerbait bere kontura, baina berari ez ziotela barrerik egingo, bera ez zelako bere anaia bezalakoa. Azagrako 006 udal agentea zegoen orduan lanean eta mehatxurik onartuko ez zuela adierazi zion. Errespetuz hitz egiteko esan zion, agentea ere halaxe ari baitzen, eta besterik gehitu nahi ez bazuen elkarrizketa amaitutzat emango zuela erantsi zuen.
Azagrako Udaltzaingoa egunero pasatzen da gune horretatik, hain zuzen ere halako jarrerak zaintzeko, baina ez du ezer arrarorik antzematen. Edonola ere, bertatik egunero pasatzen jarraituko dute, auzokide guztien bizikidetza hobetzen saiatzeko.
Azagrako Udaltzaingoa hiru agentek osatzen dute. Plantilla murritza izanik, goizeko eta arratsaldeko txandak soilik estaltzen dira eta […] jaunari azaldu zaio gauen eragozpenik badago, SOS Navarrara deitzeko, Foru Polizia etor dadin auzokideekin arazoa konpontzera edo, hala badagokio, sonometria bat egin dadin. Bestela, COSi abisatu ahal zaio, gunean eskuragarri dagoen patruila bidal dezaten”.
Honakoa bezalako kasuetan, bide publikoaren erabilera eta bertan garatutako jarduera direla kausa, hainbat auzokideren eskubideak kontraesanean egon daitezke. Udalek, beren eskumenei jarraiki, tartean dauden eskubideak eta interesak aztertu behar dituzte eta ahalik eta irtenbiderik egokienak aurkitzen saiatu.
Erabilera publikoko plazaren ondoan etxebizitza bat egoteak hainbat eragozpen saihestezin ekar ditzake eta, horiek jasatea betebehar juridikoa den arren, eragozpenak onarpen mailen barruan egon behar dira, gizartean oro har onartutako balio jarraibideen arabera. Horren harira, plazan edozein jolas edozein ordutan debekatzea bezain neurrigabea izan daiteke edozein jolas edozein unetan baimendu eta onartzea.
Alderdi guztiak aztertzean, kontuan hartu behar da ukitutako auzokideen eskubideek (etxeko intimitaterako eskubidea, osasuna babesteko eskubidea, atseden hartzeko eskubidea, zarata okerrik ez jasateko eskubidea), bere etxean, hots, familia eta etxe giroan egonik, konstituzioan zehaztutako babesa dutela.
Hausnarketa horiek abiapuntu hartuta, kexak pizten duen gaia bertan kokatzen baita, eta kontuan hartuta deskribatzen diren gertaerak eta adierazten diren posizioak, erakunde honi egokia irudi zaio plaza horretako jolasaren gainean zenbait muga jartzeko gomendatzea. Horrek ez du esan nahi nahitaez jolasa debekatu behar denik, bere horretan, gehiegizko eta okerreko eragozpenik gabe garatzeko aukera emango baita. Muga neurri horiek antzeko plaza publiko askotan ikus daitezke era batera edo bestera.
Zehazki, egokitzat jotzen diren beste batzuei kalterik eragin gabe, honako neurri hauek proposatu nahi genituzke: a) Udalak bertara joaten diren nerabe edo gazteekin hitz egin dezala, baloiekin egiten dituzten jolasak horretarako toki egokiagoan gara ditzaten, beren adinaren arabera; b) plazan kartel bat jartzea, ondoko fatxadetan edo ateetan baloirik jaurti ezin dela adierazita; c) gauez eragozpenak sor ditzaketen jolasak debekatzea, auzokideen atsedenerako eskubidea errespetatze aldera.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:
Azagrako Udalari gomendatzea, auzokideen eskubideak eraginkortasunez babesteko asmoz, Azagrako martxoaren 11ko plazan garatutako jolas jarduerak mugatzeko neurriak har ditzala, jarduera horiek sortzen dituzten eragozpenak eta erabilera orduak kontuan hartuta (ondoko fatxada edo ateak ez jotzeko adieraztea, gaueko ordutegia mugatzea, eta abar).
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Azagrako Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.
Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.
Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia