Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Disconformidad con requisitos de convocatoria para contratación temporal.
Funtzio publikoa
Noaingo Udaleko alkatea
Alkate jauna:
2015eko martxoaren 4an […] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Haren bidez, Noaingo Udalaren aurkako kexa egin zuen, ez zegoelako ados gidabaimena edukitzea eta gidabaimeneko puntuak edukitzea egiaztatu behar izatearen betebeharrarekin, liburutegiko laguntzailearen eta kulturako laguntzaile teknikoaren lanpostuen kontratazio-zerrendetan lehiatu ahal izateko.
Idazki hartan zera azaldu zuen:
2015eko otsailaren 23an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren kultura zerbitzuko laguntzaile teknikoaren lanpostua adi baterako kontratazio bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez eratzeko deialdia arautzen zuten oinarriak, Noaingo Alkateak onetsitakoak.
2015ko martxoaren 3an antzeko beste deialdi baten oinarriak argitaratu ziren, kasu hartan liburutegiko laguntzailearen lanposturako.
Bi deialdietan, parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintzetako bat gidabaimena egiaztatzea eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egindako puntuen erabilgaitasun ziurtagiria aurkeztea da. Ziurtagiri horren kostua 8,30 euro da.
Gainera, 14,97 euro eskatzen zaizkie azterketa-eskubideetarako.
Bere ustez, Udalaren jokaera hori bidegabea eta gehiegizkoa da.
Jarraian, Noaingo Udalera jo nuen, eta sortutako auzi horren berri emateko eskatu nion.
Udal horrek txostena egin du, eta txosten hori kexa-espedientean sartu da.
Azaldu denez, […] andrea ez zegoen ados Noaingo Udalaren aldi baterako kontrataziorako bi deialdirekin, liburutegiko laguntzailearen eta kulturako laguntzaile teknikoaren lanpostuetarako.
Kexaren ardatza hau da; bi deialdietan parte hartzeko baldintzetako bat gidabaimena edukitzea da, baita gidabaimenean dauden puntuak egiaztatzea ere, horretarako Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren ziurtagiria aurkeztu behar dela. Baldintza hori egokia ez dela uste izateaz gain, interesdunak dio izangaientzat kostu gehigarria sortzen duela, azterketa-eskubideen tasari batuta.
Noaingo Udalaren txostenak dioenez, baldintza hori egokia da lanpostuaren ezaugarri eta beharrizanak kontuan hartuta. Txosten horretan onartzen da deialdia egin zen unean Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren ziurtagiria lortzea izapide erraza izango zela eta interesdunek ez zutela ezer ere ordaindu beharko; horregatik, azaldu denez, deialdi honetan sortutakoen antzeko egoerak saihesten saiatuko dira hurrengo deialdietan. Hala ere, baldintza hori eskatzea bidezkoa dela dio.
Kexaren mamian dagoen auzia hau da: deialdiaren xede diren lanpostuei dagokienez, ea bidezkoa den ala ez eztabaidagai den baldintza hori eskatzea (gidabaimena eta puntuen erabilgaitasun ziurtagiria). Eskakizun horretatik ondorioztatzen da, gainera, kexan auzitan jartzen den karga ekonomikoa; azaldu den bezala, karga hori azterketa-eskubideen tasari gehitzen zaie eta eragozpen ekonomikoak dituzten pertsonen parte-hartzea oztopatzen du.
Eskakizun horrek, parte-hartzeko baldintza izanik, herritarrek funtzio eta kargu publikoetara heltzeko duten eskubidea ukitzen du (Konstituzioaren 23.2 artikulua). Heltzeko eskubide hori, konstituzioko manu horrek ezartzen duenez, legeek ezartzen dituzten betekizunekin baliatu behar da, eta aurreikuspen hori lanpostu finkoetara nahiz aldi baterakoetara heltzeko aplikatuko dela ulertu behar da.
Beraz, arlo honetan legezko erreserbaren printzipioa erabili da. Hala, eskubide hori baliatzeko ezarri ahal diren mugek bidezkoak eta neurrizkoak izan behar dute, baina gainera, muga horiek legeak ezarri behar ditu, edo behintzat, legearen arabera edo legea garatzearren, lege hori osatzen duten xedapen orokorren arabera ezarri behar dira.
A contrario sensu, printzipio horren beraren eraginez, ondorioztatu behar da Administrazio Publikoek, administrazio-egintzak (deialdiak) agintzean, ezin dutela beren kabuz edo modu independentean –beharrezkoa den legezko babesik gabe– muga, eskakizun edo baldintzarik ezarri funtzio publikoetara heltzeko. Deialdia egin duten administrazio-organoek ez dute gaikuntza generiko inplizitu edo diskrezionalik, funtzio publikora heltzean legezko aurreikuspen zehatzekin loturarik ez duten mugak ex novo ezartzeko, nahiz eta haien irizpideen arabera uste izan muga horiek neurrizkoak, arrazoizkoak, egokiak edo komenigarriak direla.
Laburbilduz, funtzio publikoetara heltzeko murriztapen batez ari garenez, eskatu behar da lotura egon dadila ezarritako baldintzaren eta legezko aurreikuspenen artean; gainera, deialdia egin duen organoak ezin edukiko du botere independenterik, eta beraz ezin gehituko du inolako murriztapenik.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluak hautaprobetan onartua izateko beharkizunak ezartzen ditu (nazionalitatea, adina, titulazio akademikoa, gaitasun fisiko eta psikikoa, eta eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo zerbitzutik bereizia ez egotea). Beharkizun orokor horiek kexaren xede diren deialdiek eskatzen dituzte, deialdi horiek irakurrita egiaztatu ahal denez.
Gainera, lege-mailako arau horren beraren 19. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoek haien plantilla organikoak onetsi behar dituzte. Plantilla horietan behar bezala sailkatuta agertuko dira lanpostuak, zein mailari atxiki zaizkion adierazita, eta bidezkoa izanez gero, lanpostu horiek betetzeko frogatu behar diren berariazko betebeharrak.
Hau da, arestian azaldu denarekin bat etorriz, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak lortzeko betebeharrak eskatzea ezin da bereizi Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 7. artikuluan (sartzeko baldintza orokorrak) edo sektore bereko beste lege batzuetan aurreikusita dagoenetik, bidezkoa izanez gero plantilla organikoak xedapen orokorretan lanpostu jakin batzuk lortzeko berariazko betebehar egiaztatzeari buruz xedatzen duena osagarri dela (ohikoa den euskararen jakintzaz ari gara).
Erakunde honen ustez, eztabaidagai den eskakizuna deialdi batzuetan eta besteetan zuzenean txertatzen da, baina legeek edo plantilla organikoak ez dute hori egiteko gaitasunik ematen. Hortaz, bidezkoa da kexa onestea eta legezko betebeharren gogorarazpena egitea.
Halaber, betiere erakunde honen iritziz, legezko arrazoirik ez dagoenez, kaltetutako pertsona gastu bat egitera –parte hartzeko karga- behartu da, horretarako betebehar juridikorik egon ez arren. Hortaz, zenbatekoa itzultzea gomendatzen da.
Noaingo Udalari gogoraraztea legearen arabera bere betebeharra dela funtzio publikora sartzeko prozeduretan legeak aurreikusitako baldintzak bete daitezela eskatzea, baita, bidezkoa izanez gero, plantilla organikoan deialdietako lanpostuei buruz aurreikusitako baldintza espezifikoak ere bete daitezela eskatzea, eskakizun gehiagorik gabe.
Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Noaingo Udalak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du gogorarazpena eta gomendioa onartzen dituen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.
Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gogorarazpena edo gomendioa onartzen ez bada, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.
Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia