Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Falta de contestación a solicitud de sesiones de logopedia.
Hezkuntza eta irakaskuntza
Hezkuntzako kontseilaria
Kontseilari jauna:
Jarraian, Hezkuntza Departamentura jo nuen, kexaren berri eman nion, eta auzi horri buruzko informazioa emateko eskatu nion.
Jasotako txostenak zera dio:
“Nafarroako Arartekoak 2015eko otsailaren 27an idazkia bidali zuen, […] jaunak sustatutako Q15-119 espedienteari buruz. […] jaunak kexa bat egin zuen, Mendillorriko ikastetxe publikoko ikasle den bere semeak jasotako banako logopedia saioak gehitzeko eskatuz aurkeztutako bi idazkiei ez zitzaielako erantzun. Arartekoaren idazkiari erantzuteko, eta dagokion zerbitzuak egindako txostena aztertutakoan:
HONEN BERRI EMATEN DUT:
Idatzizko erantzunik ez emateari buruz, zera esan behar da: […] jaunak zer eskatu zuen ikusita, Departamentuko Aniztasunari Arreta Emateko Atalak, ikastetxeko ikuskatzailearen bitartez, ikastetxeko zuzendaritzari eskatu zion aniztasunari arreta emateko baliabideak berrantola zitzan, uste baitzuen hala eskatzaileari erantzungo zitzaiola eta haren asmoak beteko zirela.
Kexaren egilearen semeak Mendillorri HLHIPn jasotzen dituen logopedia saioei dagokienez, Departamentuko Aniztasunari Arreta Emateko Ataleko arduradunen ustez kopuru egokia da, ikasleari buruz duten informazio guztia kontuan hartuta.
Lengoaiaren atzerapenei ikastetxeetan arreta orokorra ematen zaie. Salbuespenezko kasuetan soilik, lengoaiaren nahasmendu bat (adierazpenezkoa, ulermenezkoa edo mistoa) detektatzen denean, kasu horiek espezialista batek ikasgelatik kanpo banaka artatzen ditu. Jarduera eta beharrizan horiek ikastetxeetako hezkuntza orientazioko profesionalek baloratzen dituzte, eta haiek diseinatzen dute arreta egiteko plana, hezkuntzako laguntza-unitatearekin lankidetzan.
Hezkuntza Departamentuak duen informazioa, ikasle honi dagokionez, beti lengoaiaren atzerapen bati buruzkoa izan da (ez nahasmendu bati buruzkoa), eta hala azaltzen da ikastetxeko orientatzailearen txostenaren ebaluazio psikopedagogikoko sintesian (data: 2014ko abenduaren 2a). Beraz, ez da bidezkoa aparteko baliabideak esleitzea. Hala ere, ikastetxean halako baliabideak eskura daudenez, eta zuzendaritza taldeak baliabide horiek nola antolatzen dituen kontuan hartuta, haurrari gaur egun ematen ari zaion logopediako banako arreta egin ahal da […]”.
Kexa aurkezteko arrazoia da ez zaiela erantzun […] jaunak Hezkuntza Departamentuaren aurka aurkeztu dituen eskabide batzuei (2014/633333 dok., 2015/37928 dok. eta 2015/37913 dok.).
Eskabide horietan, interesdunak zera azaltzen du: bere hiru urteko semeak lengoaiaren garapenaren atzerapena jasaten du, eta astean bi logopedia-saio jasotzen aritu da, lehenengoz Arreta Goiztiarreko Zentroan, 2014ko martxotik, eta gero, eskolatze aroa hastean, Beriaingo HLHIPn.
Bizilekua eta ikastetxea aldatzean (2014ko azaroan haurra Mendillorri HLHIPn sartu zen), prestazioa murriztu zen eta astean ordu bakarra jasotzen zuen. Ikastetxean azaldu ziotenez, horretarako arrazoiak antolaketa arlokoak ziren (ikastetxe horretan arreta ematen duen logopedaren irakaskuntza-karga).
Hori kontuan hartuta, prestazioa ikasturtea hasi zenean bezalaxe mantentzeko eskatzen du.
Aurkeztutako eskabideei erantzunik ez ematearen inguruan, Hezkuntza Departamentuari gogorarazi behar zaio zein diren bere legezko betebeharrak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 7. artikuluak (Administrazio egokia izateko eskubidea) ezartzen dute administrazioak ebazpena espresuki eman behar duela herritarrek aurkezten dituzten eskabideei buruz.
Laburbilduz, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziora idatziz jotzen duen eta eskabide bat aurkezten duen herritar orok eskubidea du eskabide horri buruz ebazpen espresua jasotzeko, gaiaren funtsari buruzko jarrera edozein dela ere.
Kasu honetan eskubide hori ez da artatu, eta Hezkuntza Departamentuaren txostenaren lehenengo atalean azaltzen dena ez da eragozpena ondorio hori ateratzeko.
Kexa aurkezteko funtsezko arrazoi izan den auziari dagokionez, zera azpimarratu behar da: 2014an, Arreta Goiztiarreko Zentroak nahiz Beriaingo HLHIPk, hurrenez hurren Gizarte Politiken Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren mendean egonik, azaldu denez, haurraren logopedia-arreta baloratu zuten, eta astean banako arretarako bi orduko prestazioa behar zuela erabaki zuten.
Aurrekari horiek kontuan hartuta, eta segurtasun juridikoaren eta konfiantza legitimoaren printzipioen arabera, erakunde honen irizpideari jarraiki, prestazioa aldatzen edo murrizten bada arrazoi irmoak eman beharko dira, adingabearen bilakaera onarekin lotutako arrazoietan oinarrituta, hala adin bereko haurren lengoaia normal edo arruntaren garapen-mailarekin parekatzea (hala justifikatuko litzateke arreta berezia kentzea) edo atzerapena murriztea lortuko delakoan (hala justifikatuko litzateke arreta murriztea). Beste modu batean eginez gero, prestazioaren intentsitatea ofizioz berrikusiko da, adingabearen lengoaiaren bilakaerarekin zerikusirik ez duten arrazoietan oinarrituta, eta hori arbitrarioa da.
Hizpide dugun kasuan, erakunde honek Hezkuntza Departamentuaren txostena aztertu ondoren, ez da ikusi arrazoirik eman denik. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak (kasu horretan Beriaingo HLHIPren bitartez) ikasturte hasieran Arreta Goiztiarreko Zentroak ordu arte ematen zituen logopediaren arretako bi orduekin jarraitzea baloratu bazuen –hala gertatu zen–, ez dago arrazoirik handik denbora laburrera eta ikastetxea aldatu ondoren halako arretarik behar ez dela azaltzeko.
Laburbilduz, erakunde honen iritziz, kasu honetan logopedia murrizteko elementu erabakigarria ez da izan adingabearen bilakaera, baizik eta ikastetxe aldaketa (litekeena da aldaketarik egon ezean ikasleak hasieran Beriainen esleitutako zerbitzua jasotzen jarraitzea); horrenbestez, antolaketarekin lotutako elementua kontuan hartu beharko dugu.
Hezkuntza Departamentuari gogora ekartzea legezko betebeharra duela herritarrek aurkezten dizkioten eskariak espresuki ebaztea, kexa honen egileak aurkeztutakoak ere bai.
Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Hezkuntza Departamentuak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du gogorarazpena eta gomendioa onartzen dituen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.
Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gogorarazpena edo gomendioa onartzen ez bada, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.
Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia