Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/111). Horren bidez, Gizarte Politiken Departamentuari gomendatzen zaio ondoriorik gabe utz dezala kexagilearen amak jasotzen duen laguntza ekonomikoaren kopuruaren murrizketa. Laguntza hori egoitza-arretako zerbitzuari lotuta dago, eta murrizketa Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziaren zuzendari-gerentearen abuztuaren 7ko 3344/2014 Ebazpenaren bidez egin zen. Halaber gomendatzen zaio nolanahi ere, murrizketa bidezkoa dela iritziz gero, atzeraeraginez ez dadila aplikatu eta, beraz, ebazpen horretan ageri denez behar ez den bezala jasotako kopuruen erreklamazioa ondoriorik gabe utz dadila. Gainera, departamentu horri gogora ekartzen zaio bere legezko betebeharra dela herritarrei entzutea haien aurkako erabakiak hartu aurretik (adibidez laguntzak itzultzeko erreklamazioak).

2015 apirila 14

Gizarte ongizatea

Gaia: Disconformidad con la reducción de cuantia de la ayuda vinculada al servicio.

Gizarte ongizatea

Gizarte Politiketako kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2015eko otsailaren 20an […] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Idazki horren bidez Gizarte Politiken Departamentuaren aurkako kexa egin zuen, ez zegoelako ados Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziaren zuzendari-gerentearen abuztuaren 7ko 3344/2014 Ebazpenarekin. Ebazpen horren bidez bere amari, […] andreari, murriztu egin zioten ordu arte jasotzen zuen egoitza-arretako zerbitzuko prestazioaren kopurua. Ondorioak 2014ko martxoaren 1etik aurrera sortu behar ziren, eta 1.291 euro erreklamatu zitzaizkion.
  2. Jarraian, Gizarte Politiken Departamentura jo nuen, eta sortutako auzi horren berri emateko eskatu nion.

    Jasotako txostenak zera dio:

    “Zure erakundeak informazio-eskaria egin zuen, […] andreak aurkeztutako kexaren espedientean (Espedientea: Q15/111). Kexa horretan azaldu zuenez, ez zegoen ados bere amak, […] andreak jasotzen duen egoitza-arretako zerbitzuko laguntza ekonomikoaren kopurua murriztearekin. Bada, zure informazio-eskariari erantzuteko, honen berri eman behar da:

    Mendekotasunerako Kudeaketa eta Baliabideen Zuzendariordearen azaroaren 22ko 4524/2012 Ebazpenaren bidez […] andreari mendekotasun-egoera onartu zitzaion, mendetasun handiaren graduarekin. Ondorioak 2012ko ekainaren 27tik sortu behar zien.

    Balorazioaren unean, interesduna modu pribatuan zegoen San Fermin Klinikan; egoitza-zentro horrek ez du plazarik hitzartuta Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziarekin.

    Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziako zuzendari-gerentearen martxoaren 6ko 807/2013 Ebazpenaren bidez, […] andreari egoitza-arretako zerbitzuarekin lotutako prestazioa eman zitzaion. Prestazio horren zenbatekoa hilean 830,58 € zen.

    Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziako zuzendari-gerentearen abuztuaren 7ko 3344/2014 Ebazpenaren bidez, interesdunak jasotzen zuen zerbitzuko prestazioaren kopurua aldatu zen.

    Kopuruaren aldaketa hori, zerbitzuari lotutako prestazioen zenbatekoa 2014rako ezartzen duen Gizarte Politiketako kontseilariaren urtarrilaren 31ko 78/2013 Foru Agindua aplikatzearen ondorioa da.

    Foru Agindu horrek prestazioen gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak ezartzen ditu, zerbitzu motaren eta mendetasun graduaren arabera; horrez gain, aldaketa garrantzitsuak egin zituen zerbitzuari lotutako prestazioaren kalkuluan. Hala, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko ez zen kontuan hartuko erabiltzaileak ordaindutako prezio pribatua, baizik eta antzeko plaza baterako egoitza-zentro horretan (zerbitzu mota eta mendetasun gradua) hitzartutako moduluaren prezioa.

    Prestazioa kalkulatzeko irizpide berriek ekonomia aldetik duten garrantzia kontuan hartuta, prestazio hori jasotzen duten guztiei Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzaren eginbidea bidali zitzaien. […] andreari ere bidali zitzaion, eta zehazki bere kasua azaldu zitzaion.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren uztailaren 1eko 210/2009 Foru Aginduak zerbitzuari lotutako prestazioak arautzen ditu, eta prestazio horien arau orokorra da.

    Uztailaren 1eko 210/2009 Foru Aginduaren 8. artikuluak, laguntzen berrikuspena eta aldaketa arautzean, zera azaltzen du: prestazioa emateko baldintzak eta haren zenbatekoa hasiera batean kontuan hartutako egoeraren aldaketaren mendekoak izango dira. Halaber, zera dio: berrikuspen prozedura ireki ahalko da, bai interesdunek eskaturik bai ofizioz. Horretarako, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak baloratu ahal izateko behar dituen agiriak eskatu ahalko ditu. Prestazioa eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero, emandako prestazioa ere aldatu ahalko da. Gehitu, mantendu, gutxitu edo iraungi ahalko da laguntza, kasuan kasukoa.

    Emandako prestazioaren kopuruaren aldaketa, zerbitzuari lotutako prestazioen zenbatekoa 2014rako ezartzen duen urtarrilaren 31ko 78/2013 Foru Aginduaren ondorioz arauan egindako aldaketak eragin du.

    Prestazioa onartzeko oinarri den araudia aldatzea nahikoa da zenbatekoa berrikusteko.

    Berrikuspenerako gaitasuna ematen duen arrazoi juridikoa, hain zuzen ere, araua aldatu izana da. Hala, onartutako prestazioa eta haren zenbatekoa ezin dira ulertu oinarri den arau esparrutik independentea den eskubide subjektibo mugiezin gisa. Adibidez, pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen prestazioa arautzen duen araudia indargabetuko balitz.

    Horregatik guztiagatik, prestazioak kalkulatzeko ezarritako erregelak aldatu zirenez, prestazioen zenbatekoa ere berrikusi zen.

    Prestazioaren zenbateko berriaren kuantifikazioari dagokionez, zera esan behar da: zerbitzuari lotutako prestazioen zenbatekoa ezartzen duen Gizarte Politiketako kontseilariaren urtarrilaren 31ko 78/2013 Foru Aginduak 2. artikuluan zerbitzuari lotutako prestazioaren zenbatekoa zehazteko modua azaltzen du; horrez gain, kalkulu-irizpide batzuk ezartzen ditu, kontuan hartuta zein den zerbitzuaren mota, hitzartutako plazarik dagoen ala ez, eta zentroak Concerdep edo ResideN programaren barruan dauden ala ez.

    Orokorrean, zerbitzuari lotutako prestazioaren zenbatekoa zehazteko, kontuan izango da erabiltzailearen ekarpenaren (haren ahalmen ekonomikoaren arabera kalkulatuta) eta jaso beharreko zerbitzuaren zenbatekoaren arteko aldea.

    2. artikuluaren d) idatz-zatiak azaltzen duenez, Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziarekin plazarik itunduta ez duten adinekoentzako egoitzetan, hau hartuko da zerbitzuaren gehieneko preziotzat: resideN itun ereduaren ebazpenean eskatzaileak frogatutako mendekotasun mailarako ezarritako gehieneko prezioa, edo zerbitzuaren zenbatekoa, baldin eta zenbateko txikiagoa bada aipatutako ebazpeneko prezioak baino.

    San Fermin Klinika izeneko egoitza-zentroak ez du plazarik itunduta Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziarekin. Hortaz, prestazioaren kopurua zehazteko kontuan hartu beharreko zerbitzuaren zenbatekoa mendetasun handia jasaten dutenen egoitza-arretarako ResideN itunaren moduluaren gehieneko prezioa da, 2.087,77 euro.

    Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziako zuzendari-gerentearen abuztuaren 7ko 3694/2014 Ebazpenaren bidez, interesdunak jasotzen zuen zerbitzuko prestazioaren kopurua aldatu zen, prestazioa kalkulatzeko irizpide berrien arabera.

    Ebazpenaren ondorio-datan (2014ko martxoaren 1a), erabiltzailearen ahalmen ekonomikoak 23.105,46 €-ko per capita errenta ematen zuen, hainbat pentsioren ondorioz (alarguntasuna, erretiroa, ezintasun absolutua, klase pasiboen pentsioa).

    Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak zuzenean edo zeharka ematen dituen zerbitzuen araubidea eta prezio publikoak ezartzen dituen Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko erabakiak 5. artikuluan murrizketak eta norberak libre erabiltzekoa arautzen ditu. Artikulu horren barruan adinekoen egoitza-arretari buruzko atalak zera xedatzen du: alde batera utzirik zerbitzu honen erabiltzaileek sor dezaketen zorra segurtatzeko eraturiko bermeak, tarifa publiko osoa ordaintzeko behar adina baliabiderik ez dutela frogatzen dutenean, hileko per capita errentaren % 90 aplikatu ondoren ateratzen den zenbatekoa ordainduko dute norberaren ekarpen gisa, tarifa muga izanik.

    Portzentaje hori aplikatu ondoren ez da inolaz ere egoiliarrak libreki erabiltzeko geldituko 1.757,06 eurotik beherako kopururik urtean, mendekotasunik ez duten pertsonen kasuan, eta 1.728,74 eurotik beherakorik mendekotasuna duten pertsonen kasuan.

    Erabiltzailearen per capita errenta eta norberak libre erabiltzeko kopurua kontuan hartuta, ekarpena ordaintzeari dagokionez erabilgarri dauden baliabideen kopurua 21.376,72 € da; baliabide horiek kontuan hartuta, hileko ekarpena 1.781,39 € izango litzateke.

    Azaldu dena gorabehera, hirugarren adineko pertsona baten egoitza-plaza bati dagokion prezio publikoa, mendekotasun handia duen pertsona batentzat, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Gobernu Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko erabakiaren bidez ezarri zen: 1.529,22 euro. Hortaz, erabiltzailearen gehieneko ekarpenaren muga kopuru hori da.

    Zerbitzuari lotutako prestazioak arautzen dituen Foru Aginduaren 2 d) artikuluak xedatzen duenaren arabera, zerbitzuari lotutako prestazioaren zenbatekoa zehazteko, kontuan izango da erabiltzailearen ekarpenaren (1.529,22 €, haren ahalmen ekonomikoaren arabera kalkulatuta) eta mendetasun handia jasaten dutenen egoitza-arretarako ResideN itunaren moduluaren gehieneko prezioaren (2.087,77 €) arteko aldea. Hortaz, prestazioaren kopuru berria 558,55€ da”.

  3. Azaldu denez, […] andreak kexa egin du Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziaren zuzendari-gerentearen abuztuaren 7ko 3344/2014 Ebazpenaren aurka.

    Interesdunak dioenez, ebazpen horretan bi erabaki hartzen dira:

    1. Lehenengoz bere amak, […] andreak ordura arte jasotzen zuen egoitza-arretako zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren kopurua aldatzea. Aldaketa horren bidez, prestazioa murrizten da: hileko 830,58 eurotik hileko 558,55 eurora, ondorioak 2014ko martxoaren 1etik aurrera sortzen direla.

    2. Gainera, behar ez bezala jasotako kopurua erreklamatzea, murrizketa horren eta murrizketaren ondorio-dataren ondorioz.

  4. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 57. artikuluak hau xedatzen du:
    1. Herri-administrazioen administrazio-zuzenbidepeko egintzak baliozkotzat joko dira eta ondorioak izango dituzte, ematen diren egunetik egintza horietan besterik esaten ez bada.

    2. Egintzaren eraginkortasuna berandutu egingo da, egintzaren edukiak hala eskatzen badu, egintza jakinarazi edo argitaratu behar bada, edota goragokoak onartu behar badu.
    3. Salbuespen gisa, atzeraeragina eman dakieke egintzei, deuseztatutako egintzen ordezkoak direnean, eta interesdunari ondorio mesedegarriak dakarzkiotenean ere bai; beti ere, batetik, egintzak eraginkortasuna izateko jarri den data berrian egitatezko baldintzak jadanik existitzen baziren, eta, bestetik, eraginkortasunak kalterik ekartzen ez badie beste inoren eskubideei edo bidezko interesei”.

      Lege-agindu horren arabera, ezin zaio atzeraeraginik eman kexaren xede den ebazpenari, egin den moduan (2014ko abuztuaren 7an eman zen eta ondorioei atzeraeragina ematen zaie 2014ko martxoaren 1era arte), ez delako gertatu manu horren hirugarren idatz-zatian aipatzen diren salbuespenezko kasu bat ere. Lehenagoko egintza bat ere ez da deuseztatu eta ordeztu –ebazpenak ez du indargabetzen prestazioaren emakida, horren balioa ez da eztabaidatzen; aitzitik, emandako kopurua aldatzen da, horretarako arrazoia dagoela uste delako-, eta jakina, ebazpenak ez du interesdunaren aldeko ondoriorik sortzen.

      Zerbitzuari lotutako prestazioen zenbatekoa ezartzen duen Gizarte Politiketako kontseilariaren urtarrilaren 31ko 78/2013 Foru Aginduaren (2014ko otsailaren 19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ondorioak 2014ko martxoaren 1etik aurrera sortzeak ez dio kalterik egiten ondorio horri.

      Aipatu den foru aginduaren azken xedapena –foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta ondorioak 2014ko martxoaren 1etik aurrera sortu ziren– interpretatzean, xedapen arauemailea dela hartu behar da kontuan. Foru aginduak sortzen duen eragina arau-izaerako xedapen orokor batena izan behar da. Horrenbestez, ezartzen diren gehieneko eta gutxieneko kopuruek (1. idatz-zatia), kopurua zehazteko ezartzen dituen erregelek (2. idatz-zatia), eta aurreikusten diren salbuespenezko kopuruen aurreikuspenak araubidea osatzen dute aipatzen den datatik aurrera (2014ko martxoaren 1a), eta beraz, ordutik aurrera agintzen diren egintzek aurreko araubidea (xedapen indargabetzailean aipatzen dena) ordezten duen araubide hori bete beharko dute.

      Baina horrek ez du esan nahi laguntza publikoen esparruan 2014ko martxoaren 1etik aurrera ematen diren administrazio-egintzek baimena dutenik atzeraeragina emateko data horretara arte; izan ere, araua hala interpretatu ahalko balitz (eta Gizarte Politiken Departamentuak hala ulertzen du, txostenak eta egintzak kontuan hartuta), ezinbestean zuzenbidearen aldetik deuseza dela bultzatu beharko litzateke, urratu egiten duelako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 57. artikuluak xedatzen duena, lege horren beraren 62.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera.

      Emandako ebazpenak sortu du indibidualizatutako eragin juridikoa, emakidaren onuradun den herritarraren aurrean (eta ez aurreko xedapen orokorrak, abstraktua izanik ez baititu aldatzen herritarrei emandako prestazioak), eta eman diren arrazoiengatik ezin zaio eman atzeraeraginik.

  5. Ebazpenaren bidez ezartzen den prestazioaren murrizketari dagokionez, lehenengoz zera esan behar da: antolamendu juridikoaren arabera, bermatutako prestazio batean datzan interesdunaren eskubide subjektibo bat dugu hizpide, eta ez grazia bidezko prestazio bat, ezta ere administrazioaren diru-laguntza arrunt bat, administrazioak egokitzat jotzen duenean ofizioz berrikusi ahal duena.

    Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 20. artikuluak ezartzen duenez, prestazio bermatuak dira d) menpekotasunaren arloko Estatuko legeetan gutxienekotzat jotzen diren prestazioak.

    Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren 2. artikuluak xedatzen duenez, prestazio bermatua gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazioa da, eskubide subjektibo gisa eskatu ahal dena, hau da, aurrekontuan dirua egotearen mendean ez dagoena.

    69/2008 Foru Dekretuaren 2. artikulu horren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera, prestazio bermatua da egoitzako arreta zerbitzua. Zerbitzu hori zentroetan edo, kasua bada, familietan ematen den zerbitzua da (pertsonaren benetako egoitza bihurtzen dira), bai aldi baterako bai epe luzera, ostatua, mantenua eta habilitazio edo errehabilitazioko jarduera espezializatuak emateko, pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.

    Mendeko pertsonentzako egoitzako arretako prestazioen kasuan (kasu honetan mendekotasun handia duen pertsona), gizarte zerbitzuen sistema publikoan behar adina baliabiderik ez badago, zerbitzuaren ordez prestazio ekonomiko bat emango da, betiere zerbitzu hori eskuratzeari lotutakoa. Prestazio hau ez da hamabi hilabetetik gora emango, eta epe hori iraganik kasuan kasuko zerbitzua ezarriko da haren ordez, non ez den akordio espresik egiten gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuaren eta onuradunaren artean, idatzizkoa eta hogeita lau hilabeterako balio izango duena, iraupen berdineko epeetarako luzatzeko aukerarekin (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria).

    Beraz, prestazio ekonomikoak prestazio teknikoa ordezten du, hau da, Administrazioaren betebeharra da egoitza zerbitzua ematea, eta, horrenbestez, herritarraren eskubide subjektiboa da bermatutako zerbitzua jasotzea.

    Zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoa zerbitzua emateko aurreikusitako gehieneko epearen barruan eman beharko da, eta zerbitzuaz baliatzeko ezarritako irizpideen arabera finkatuko da zenbatekoa ere (Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria) .

    Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 2.3 artikuluak ezartzen duenez, honako hauek ez dira diru-laguntzak: (…) e) Gizarte Zerbitzuen Foru Legean aipatu eta gizarte zerbitzu orokorren zorroan bermatutzat jotzen diren prestazio ekonomikoak, pertsona fisikoen edo familien bizi premiak asetzeko xedea dutenak.

    Ikusi ahal denez, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa ez da diru-laguntza, baizik eta herritarren eskubide subjektiboa, eta kasu honetan mendekotasuna duten pertsonena, eta botere publikoek herritar horiek babestu behar dituzte.

    Estatuko legeria kontuan hartuta emaitza berbera ateratzen da. Abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15.1 e) artikuluak mendeko pertsonei egoitza-arretako zerbitzua bermatzen die. Lege horren 14.2 artikuluak xedatzen duenez, 15. artikuluan jasotzen den katalogoko zerbitzuak lehentasunezkoak izango dira eta autonomia-erkidegoen eskaintza publikoaren bidez emango dira, Zerbitzu Sozialen Sarea baliatuta. Sare horretan zentro eta zerbitzu publikoak eta hitzartutako pribatuak daude, azken horiek behar bezala egiaztatuta. 14.3 artikuluak ezartzen duenez, ez bada posible horietako zerbitzuren batzuen bidez arreta eskaintzea, 10. artikuluan aipatzen diren hitzarmenen bidez, zerbitzu horri dagokion prestazio ekonomikoa zehaztuko da, 17. artikuluan jasotako moduan. Prestazio horren helburua Arreta Eskaintzeko Banan banako Programan aurreikusitako zerbitzuko gastuei aurre egitea izango da, hain zuzen ere 29. artikuluan aipatzen diren gastuak, eta mendetasunari aurre egiteko behar bezala egiaztatutako erakunde edo zentro batek eskaini beharko du. 17. artikuluak xedatzen duenez, prestazio ekonomikoa aldian-aldikoa izango da, eta ezarriko diren baldintzetan, arreta edo zaintza zerbitzu publiko edo hitzartu baten bidez eskaintzerik ez dagoen kasuetan bakarrik emango da, betiere onuradunaren mendetasuna eta gaitasun ekonomikoa zenbatekoak diren kontuan izanda, eta Estatuko Administrazio Orokorraren eta kasuan kasuko autonomia erkidegoaren hitzarmenean aurreikusitakoaz bat. 25. artikuluak mendekotasuna duten pertsonen egoitza-arretako zerbitzuaren izaera eta edukia zehazten ditu.

    Beraz, interesdunak egoitza-arretako prestazio bermatua jasotzeko eskubidea du adinekoa izateagatik eta, gainera, mendekotasun handia izateagatik. Administrazioak zerbitzu hori eman behar du, eta salbuespenetan soilik zerbitzu horren ordez zerbitzua eskuratzeari lotutako prestazio ekonomikoa eman ahal du. Eta prestazio horren zenbatekoa, dagokion zerbitzua eskuratzeko ezarritako irizpide berberei jarraituz ezarri behar da, hau da, egoitza-arretako zerbitzua eskuratzeko ezarritako irizpide berberekin ezarri behar da (bigarren xedapen gehigarria).

    Antolamendu juridikoak onartzen eta bermatzen duen herritarren eskubide subjektiboa denez, interesdunaren kasu partikularra zehaztu ondoren, Administrazioak alde bakarretik eta ofizioz berrikusi nahi badu onartutako eskubide bat (prestazio teknikoa ordezten duen prestazio ekonomikoa), Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideei jarraitu beharko lieke.

  6. Zerbitzuari lotutako prestazioak arautzen dituen ekainaren 1eko 210/2009 Foru Aginduaren 8. artikuluak –78/2014 Foru Aginduak aldatu ez duena- zera xedatzen du:

    “8. artikulua. Laguntzen berrikuspena eta aldaketa.

    1. Prestazioa emateko baldintzak eta haren zenbatekoa hasiera batean kontuan hartutako egoeraren aldaketaren mendekoak izango dira. Onuradunak edo haren legezko ordezkariak gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko dio gertatzen den edozein gorabehera. Jakinarazpen hori zuzenean edo oinarrizko gizarte zerbitzuaren bidez egin ahalko da.

    2. Berrikuspen prozedura ireki ahalko da, bai interesdunek eskaturik bai ofizioz. Horretarako, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak baloratu ahal izateko behar dituen agiriak eskatu ahalko ditu.
    3. Prestazioa eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako edozein baldintza aldatuz gero, emandako prestazioa ere aldatu ahalko da. Gehitu, mantendu, gutxitu edo iraungi ahalko da laguntza, kasuan kasukoa”.

      Manu horren arabera, prestazioa emateko baldintzak eta haren zenbatekoa hasiera batean kontuan hartutako egoeraren aldaketaren mendekoak izango dira; edo, beste modu batean esanda, alde batek eskatuta ofizioz aldaketa bat egitea (norbaiten aldekoa, aurkakoa edo neutroa) bidezkoa izango litzateke baldin eta prestazioa emateko unean kontuan hartutako baldintzak aldatuko balira.

      Hasierako egoera edo kontuan hartutako baldintzak, hauek dira: prestazioaren onuradunak dituen inguruabarren multzoa (mendetasuna, osasuna, egoera ekonomikoa, familia-egoera, etab.), prestazioa ematean eta haren zenbatekoan eragina dutenak. Horrenbestez, egoera aldatzen bada, onuradunak gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko du. Prestazioa emateak esan nahi du eskubidea onartzen dela, eta hain zuzen ere, erakunde honen ustez, interpretazio hori bat dator horrekin (are gehiago legeak bermatzen duen prestazio baten kasuan).

      Hala ere, erakunde honen ustez hasierako egoeraren edo kontuan hartutako baldintzen aldaketarik ez da egon –horrek arrazoia emango luke prestazioa berrikusteko– nahiz eta 70/2014 Foru Aginduaren bidez prestazioa kuantifikatzeko erregelak aldatu, ordutik aurrera emakidak edo berrikuspenak diziplinatzen dituen arau juridiko baten ondorioekin.

      Argi dago foru aginduaren 8. artikulua xedatzean mendetasuna duen pertsonaren hasierako egoera aldatzen den kasuak hartu direla gogoan. Kasu horietan, hasierako egoeraren inguruabarrak (egoera fisikoa, psikikoa edo medikoa) aldatzearen ondorioz baliteke prestazioa handitu (egoerak okerrera egin badu), mantendu (egoerak berdin jarraitzen badu), murriztu (egoerak hobera egin badu) edo deuseztatu (kausa desagertu bada) behar izatea, baina betiere, kontuan hartzen dena prestazioa jaso behar duen adineko eta mendeko pertsonaren egoera pertsonala da.

  7. Aurkako interpretazio batek, erakunde honen iritziz, segurtasun juridikoaren printzipio konstituzionalaren aurka egingo luke. Izan ere, hala interpretatuz gero, Herri Administrazioak gaitasuna izango luke emakida-egintzak ofizioz berrikusteko, egintza horiek baliozkoak izan arren, eta egintza horiek deuseztatzeko baldintzetako bat ere gertatu ez arren (laguntza emateko kausa izan zen arrazoia mantentzearen baldintzapean daude). Gainera, hori ezin da uztartu zerbitzuaren izaera bermatuarekin, eta ondorioz, zerbitzuarekin lotutako laguntzen izaera bermatuarekin, laguntza horiek uneoro eskuragarriak izango bailirateke Herri Administrazioarentzat.

    Aldi berean, urratu egiten dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko Legearen 8. artikuluak aldarrikatzen dituen fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioak. Eta printzipio horiek are indar handiagoaz exijitu behar dira prestazio bermatuez ari garenean; izan ere, Administrazio horrek gaitasuna izango luke mendeko pertsonei aspalditik eman dizkien prestazioak bere kabuz murrizteko edo are gehiago, suntsiarazteko, soil-soilik hark bere buruari ezarritako mugekin.

  8. Gainera, Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziak adineko eta mendeko pertsona horrentzako zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa aldatzean ez dio jarraitu administrazio-prozedurari, eta beraz, interesdunari ez dio entzunaldirik eskaini.

    Bada, laguntza berrikustean (eta ondorioz, mendetasunerako prestazioaren zenbatekoa murriztean) interesdunari ez zaio entzunaldirik eskaini, eta besterik gabe zuzenean aplikatutako eta alde bakar batek kalkulatutako administrazio ebazpen bat emanez egin da. Eragindako pertsonak, aurka egiteko, ezin izan du kontraesan prozedura batean parte hartu.

    Jokabide horrek urratu egiten du herritar orok bere kontrako banakako neurri bat hartu baino lehen iritzia emateko duen eskubidea. Entzunaldirako eskubide hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 7.2 a) artikuluak ezartzen du.

  9. Interesdunak dioenez, aurkaratutako ebazpenaren bidez, gainera, behar ez bezala jasotako diru-sarreren itzulketa erreklamatzen da.

    Ebazpenaren atzeraeraginari buruz arestian esan dena gogoan hartuta ondorio hau atera ahal dugu: erreklamazio hori ez da bidezkoa, behar ez bezala kobratutako kopuru hori (erakunde honen iritziz ez da ezer ere behar ez bezala kobratu) atzeraeragin horretan oinarrituta dagoelako.

    Gehiago esatearren, eta aldatzeko erabakiaren inguruko prozedura egokia bete ez izanari buruz esandakoaren ildotik, diru kopuruak itzultzea nahi izanez gero, itzulketarako espedientea izapidetu beharko da, eta interesdunari entzun beharko zaio, behar ez bezala kobratu omen den diru kopuru horri buruz. Hori ondorioztatzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legetik, lege horrek onartu egiten baitu herritar orok iritzia emateko eskubidea duela, bere kontrako banakako neurri bat hartu baino lehen [(7.2 artikulua, a) letra].

    Erakunde honen iritziz, ebazpen berean, hau da, aldi berean, bi erabaki hartzea –laguntza murriztea, atzeraeraginarekin (itzulketaren arrazoia), eta kopuruak itzultzeko eskatzea (ondorioa), ez dator bat aipatu diren manuetatik ondorioztatzen den eskakizunarekin (auzi honi buruz interesdunari entzutea). Hala, legean berrezarpen izaera duen aurkako egintza bat emateko ezarritako prozedura ez da betetzen, eta horrek egintzaren deuseztasuna dakar [Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 62.1. artikulua, e) letra].

  10. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan eskumenei jarraituz, ondoko hau beharrezkotzat jo dut:
    1. Gizarte Politiken Departamentuari gomendatzea ondoriorik gabe utz dezala kexagilearen amak jasotzen duen laguntza ekonomikoaren kopuruaren murrizketa. Laguntza hori egoitza-arretako zerbitzuari lotuta dago, eta murrizketa Nafarroako Pertsonen Autonomiarako Agentziaren zuzendari-gerentearen abuztuaren 7ko 3344/2014 Ebazpenaren bidez egin zen.

    2. Gizarte Politiken Departamentuari gomendatzea nolanahi ere, murrizketa bidezkoa dela iritziz gero, atzeraeraginez ez dadila aplikatu eta, beraz, ebazpen horretan ageri denez behar ez den bezala jasotako kopuruen erreklamazioa ondoriorik gabe utz dadila.

    3. Gizarte Politiken Departamentuari gogora ekartzea bere legezko betebeharra dela herritarrei entzutea haien aurkako erabakiak hartu aurretik (adibidez laguntzak itzultzeko erreklamazioak).

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Gizarte Politiken Departamentuak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du gomendioak eta gogorarazpena onartzen dituen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.

Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gomendioak edo gogorarazpena onartzen ez badira, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.

Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia