Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/11). Haren bidez, gogorarazten zaio Tuterako Udalari salatutako lokal batetik ateratzen den zaratak kalte egindako bizilagunen eskubide konstituzionalak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela, beharrezkoak diren eta helburu horretarako heinekoak diren neurriak hartuta. Era berean, gomendatzen zaio, kexaren helburu den tabernari dagokionez, zaraten gaian legezkotasuna betetzen dela kontrolatzeko neurriak muturrera eraman eta areagotu ditzala, zehatzeko neurriak hartuta, bere kasuan, edo beharrezkoa bada, zirt edo zartekoagoak diren neurriak, ongi baloratuta gaueko ordutegian jarduera etetea agintzeko aukera edo, are gehiago, aldi baterako ixteko aukera.

2015 martxoa 24

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias de ruido por bar.

Ingurumena

Tuterako alkatea

Alkate jauna:

  1. […] andreak aurkeztutako idatzi bat jaso nuen 2015eko urtarrilaren 12an, eta hartan Tuterako Udalaren aurkako kexa bat adierazi zuen, […] taberna-jatetxearen jardueraren ondorioz, etxean dituzten eragozpen eta zaratei buruzkoa.

    Idatzi horretan, hau azaldu zuen:

    1. Senarrarekin eta bi urteko semearekin bizi da lehen solairu batean. Orain dela hamar urte taberna bat zabaldu zuten, etxebizitzaren azpian, eta egun […] taberna-jatetxea du izena.

    2. 2014an, familiak arazo larriak izan ditu taberna horretan sortutako zaraten ondorioz. Udalari idatzi ugari bidali eta etxebizitzan 23 sonometria egin eta gero (emaitza positiboak izan dituzte sonometria horiek), Udalak bi zehapen espediente abiarazi zituen.

    3. Bi espediente horiek 2014ko uztailaren 15ean ebatzi ziren: lokalaren maizterrari zehapen ekonomikoa ezarri eta hilabete bateko epean zenbait neurri hartzeko errekerimendua egin zitzaion.
    4. Neurri horiek, ordea, ez ziren eraginkorrak izan eta ez zuten saihestu lokalaren jabeak jarrera asaldatzailea izaten jarraitzea, zaratak berdina izaten jarraitzen baitzuen.

      Hori guztia aintzat hartuta, eskatu zuen jarraipen lana egiteko, zarataren gaian aplikagarria den legeria betetzen ari ote zen egiaztatzeko eta eskatutako neurriak gauzatu ote zituen ikusteko, eta bai neurketa berriak egiteko ere etxebizitzan, estazio finko baten bidez.

  2. Ondoren, Tuterako Udarengana jo nuen, aipatutako kontu honi buruzko informazioa emateko eskatzeko.

    Jasotako txostenean, hau ageri da:

    “Francisco Javier Enériz Olaechea Nafarroako Arartekoaren idatzia jaso zen 2015eko urtarrilaren 21ean, eta 2015eko matxoaren 2ko gogoragarria, eta 2015eko martxoaren 2ko gogoragarria. […] andreak aurkeztutako kexa azaltzen zuen, […] taberna-jatetxearen jarduerak eraginda, etxebizitzan dituzten eragozpen eta zaratei buruzkoa.


    Arartekoari zuzendutako idatzian, 2014ko apirilaren 2ko data zuenean, alderdi hauek azaldu zituen:

    1. Senarrarekin eta semearekin bizi da lehen solairuko etxebizitzan. Duela hamar urte, behealdean […] izeneko taberna-jatetxea zabaldu zuten.

    2. 2014an arazo larriak izan dituzte, taberna horrek sortutako zaraten ondorioz, eta bi zehapen espediente abiaraztea eragin dute.

    3. Zehapen espediente horiek 2014ko uztailaren 15ean ebatzi ziren, eta, ondorioz, zehapen ekonomikoa jarri eta zehatuak hainbat neurri hartzeko errekerimendua egin zitzaion.
    4. Neurriak ez dira eraginkorrak izan eta ez diote lokalaren jabeari jarrera hori izaten jarraitzeko asmoa kendu, zaratak berdina izaten jarraitzen baitu.

      Lehenik eta behin, […] taberna-jatetxeari dagozkion zarata espedienteak direla-eta Tuterako Udalak izan duen jokaera zuzena justifikatu aurretik, arren eskatu behar dut barkatzeko idatzi hau bidaltzen atzeratu edo luzatu izana.

      Era berean, argitu behar da, aipatu den D puntua dela-eta, akats bat dagoela, zehapen espedienteen erantzulea ez baita izan lokalaren jabea, jardueraren titularra baizik.

      Aurrekoa zehaztu eta gero, esan behar da Lurraldearen Antolamendurako Arloak 2014ko urtarrilaren 27an zehapen espedientea abiarazi zuela […] tabernako jardueraren titularraren kontra eta hari beste bat gehitu zitzaiola, 2014ko apirilaren 16ko Ebazpenaren ondorioz.
      Espediente horiek amaitzeko zehapen bat jarri zen, eta zenbait neurri egiteko eta justifikatzeko exijitu zen.

      Udala jakitun izan da eta interesdunen egoerarengatiko kezka izan du; izan ere, enpresa espezialista bati neurketa teknikoak egiteko eskatu zion, etxebizitzan neurtzeko estazio finko bat kokatzeko eskatu zuen, arau-hausteak zehatu zituen eta interesdunari eskatu zion hainbat neurri hartzeko (altzarietan babesteko gailuak jartzea) eta zenbait kontu tekniko justifikatzeko.

      Horretarako ezarritako epetik kanpo izan bazen ere, eskumena zuen teknikariak jaulkitako zertifikatu baten bidez, justifikatu zen uztailaren 15ko Ebazpenaren bidez exijitutako kontuak bete zirela. Eta, era berean, abenduaren 9an udal teknikariek jaulkitako txostena ere badago, eta hartan justifikatutzat ematen dira adierazitako alderdiak.

      Halaber, adierazi behar da, otsailaren 3an, eta kontuan hartuta kexak eta sonometria positiboak daudela, beste zehapen espediente bat abiarazi zela, ebazteko dagoena.

      Hitz batean, interesdunaren eskubideen alde egin du une oro Udalak, eta hala egiten jarraituko du eragindako eragozpenak amaitutzat jo arte, dauzkan eskumenak eta eskura dituen neurriak baliatuta.

      Hori izan da esateko genuen guztia. Zuen agindura gaude, egoki jotzen duzuen edozein jarduketa egin edo informazio emateko”.

  3. Argi gelditu den moduan, […] andreak bere etxebizitzan jasan behar dituen zaraten ondorioz aurkeztu da kexa, eta zarata horiek […] taberna-jatetxeak eragindakoak dira.
  4. Auzitegi Konstituzionaleko jurisprudentziak zehaztu du zeintzuk diren pertsonen bizitza garatzea asaldatzen duen faktorearen aurrean kalte egindako eskubide konstituzionalak, espediente honetan salatzen den faktorea: zarata edo kutsadura akustikoa. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (EEko 45. art.) edo osasuna babesteko eskubidea (EEko 43. art.) inplikatuta egoteaz gain, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideei eragiten die, hala nola osotasun fisiko eta moralerako eskubideari (EEko 15. art.), intimitaterako eskubideari (EEko 18.1 art.) eta egoitzaren bortxaezintasunerako eskubideari (EEko 18.2 art.).

    Besteak beste, Auzitegi Konstituzionaleko 16/2004 Epaiak eskubide horiei eragitea aitortzen du. Hain zuzen, hau dago jasota bertan: Auzitegi Konstituzionaleko 119/2001 Epaiak, maiatzaren 24koak, azaldutako doktrina abiapuntu hartuta, aipatu behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, pertsonaren eta familiaren intimitaterakoak eta egoitzaren bortxaezintasunerakoak alderdi positiboa ere hartu dutela nortasunaren garapen askearekin lotuta. Kontuan izanik gure testu konstituzionalak ez dituela ezartzen soil-soilik teorikoak edo irudipenezkoak diren eskubideak, baizik eta benetakoak eta egiazkoak (Auzitegi Konstituzionaleko 12/1994 Epaia, urtarrilaren 17koa), ezinbestekoa da haien babesa bermatu eta ziurtatzea, ez soilik tradiziozko esku-sartzeen aurrean, baita teknologikoki aurreratua den gizarte batean sor litezkeen arriskuen aurrean ere. Zaratari buruzko 37/2003 Lege berrian, azaroaren 17koan, errealitate berri hori kontuan hartu da.

    Jarraian hau adierazten du: Zarata, gure egungo gizarte honetan, faktore psikopatogenoa izatera hel daiteke eta herritarren bizi kalitatea etengabe asaldatzen duen iturria. Hori egiaztatzen dute Osasunaren Mundu Erakundeak ingurumen zaratari buruz markatutako ildo nagusiek (ez da beharrezkoa haien erreferentzia zientifikoa nabarmentzea). Haietan agerian gelditzen dira zaraten maila handi batean luzaroan egoteak pertsonen osasunean dituen ondorioak (adibidez, entzumen gabeziak, entzunezkoaren ulermenerako zailtasunak agertzea, loa nahastea, neurosia izatea, hipertentsioa eta iskemia) eta bai jarrera sozialean dituen ondorioak ere (bereziki, elkartasun jokaerak murriztea edo eraso joerak handitzea).

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideak interpretatu eta babestean Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrina argudiatuta, Auzitegi Konstituzionalak hau adierazten du: Onartu beharko dugu, zarata maila bizi batzuetan etengabe egoteak pertsonen osasunari arrisku larria eragiten badio, egoera horrek ekarri ahal izango duela osotasun fisiko eta moralerako eskubidea urratzea (EEko 15. art.). Izan ere, egia bada ere osasunerako arrisku edo kalte hipotesi orok ez dakarrela EEko 15. artikulua urratzea, pertsona batek jasan behar dituen saturazio akustikoko mailek, botere publikoen ekintzaren edo egin ezaren ondorioz, osasuna arrisku larrian edo berehalakoan jartzea dakarren atalasea gainditzen dutenean, EEko 15. artikuluan bermatutako eskubidea kalte eginda gelditu ahal izango da.

    Auzitegiak ondokoa aipatzen du jarraian: EEko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, adierazi behar dugu Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8.1 artikuluak aitortzen duen neurrian pertsona orok duela bere eta bere familiaren bizitza, etxebizitza eta korrespondentzia errespetatzeko eskubidea, EEko 18. artikuluak izaera propioa eta bereizia ematen diela pertsonaren eta familiaren intimitaterako eskubideari eta etxebizitzaren bortxaezintasunerako eskubideari. Oinarrizko eskubide horietako lehenari dagokionez, berriro esan nahi dugu auzitegi honek zehaztu duela helburuak erreferentzia egiten diola bai kanpoko ezagutzatik bai beste batzuen tartean sartzetik kanpo dagoen pertsonen bizitzako esparru bati, eta esparru horren mugarriztatzea nortasunaren garapen askearen arabera egin behar dela. Irizpide horrekin bat eginez, onartu behar dugu esparru horietako batek etxebizitzakoa izan behar duela, hartan norbanakoek, gizartearen erabilerekiko eta egiuneekiko lotura orotatik aske, euren askatasunik intimoena gauzatzen baitute (Auzitegi Konstituzionalaren 22/1984 Epaia, otsailaren 17koa, 137/1985 Epaia, urriaren 17koa, eta 94/1999 Epaia, maiatzaren 31koa). Hori gogoan izanda, ohartarazi behar dugu, Auzitegi Konstituzionalaren 119/2001 Epaian, maiatzaren 24koan, esan zen moduan, zarata maila batzuetan luzaroan egoteak –saihets daitezkeenak eta ezin eramanezkoak kalifika daitezkeenak objektiboki– pertsonaren eta familiaren intimitaterako oinarrizko eskubideari emandako babesa merezi behar duela, etxebizitzaren esparruan, nortasuna aske garatzea eragozten edo larriki zailtzen duten neurrian, baldin eta kaltea edo galera eragindako kaltea egotz dakiokeen erakunde publikoen egintzetatik edo egin ezetatik badator.

    Orain arte azaldutakoak balio du kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideei eragin edo kalte egin diezaiekeela baieztatzeko, eta kalte hori gertatuko dela administrazio publikoek –babes egokia emateko eskumena dagokien administrazio publikoak– jarrera pasiboa, ez egitekoa edo are eragingabea duten kasuetan halako gertakarien aurrean.

  5. Administrazio publiko guztiak, euren eskumenen esparruan, behartuta daude herritarren eskubide konstituzionalak babestera (EEko 53.1 art.).

    Guri dagokigun esparruan, udalek funtsezko zeregina dute herritarren oinarrizko eskubideak babestean. Izan ere, hala da Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko Foru Legeak eta Tokiko Erregimenaren Oinarriak Arautzeko Legeak emandako eskudantzien ondorioz.

    Hori dela-eta, dagokigun kasu honetan bezalakoetan, udalek zaindu behar dute jardueren funtzionamendu baldintzak zorrotz eta estu betetzen direla. Eta, ikusirik ez direla betetzen, erantzun egin behar dute eta legezkotasuna berrezartzeko egokiak diren neurriak ezarri behar dituzte, proportzionaltasun eta eraginkortasun printzipioen arabera hartuta, eta, edozein kasutan, arau-hausteak egiteak arau-hausleari mesede egitea saihestuta.

    Proportzionaltasun printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunari egokitutako neurriak hartzea, aintzat hartuta hainbat inguruabar, hala nola intentsitatea eta jarrera errepikatzea. Eraginkortasun printzipioak exijitzen du erantzun zehatza eta zirt edo zartekoa ematea arau-hauslearen aurrean, interes orokorra eta kalte hartutako herritarren eskubideak babesteko. Alde horretatik, Auzitegi Konstituzionalak adierazi du berrezartzeko eskumena gauzatzean luzatzeak edo pasibotasunez jokatzeak berekin dakarrela printzipio hori argi eta garbi haustea, eta herritarren eskubideei eta legezko interesei eragiten diela (Auzitegi Konstituzionalaren 136/1995 Epaia, irailaren 25ekoa).

  6. Kasu honetan, nahiz eta erakunde honek ez duen egiaztatu salatutako arazoaren aurrean Tuterako Udalak ez egiteko jarrera izan duenik guztiz –espedientean arazo honen gaineko zenbait jarduketa daude jasota, legezkotasuna berrezartzera eta zehapenak jartzera bideratutakoak– adierazi behar da salatutako zarataren arazoa etengabe jasan behar dutela bizilagunek, 2014ko zenbait sonometria positibo daudela eta are Ingeniería Acústica enpresak egindako txostenean ondorioztatzen dela, beste gai batzuen artean, […] andrearen etxebizitzaren barnean ingurumen monitorizazioa egiteko estazioan lortutako emaitzek zabal gainditzen dituztela eguneko aldirako 35 dBAk eta gaueko aldirako 30 dBAk. Beste alde batetik, ikusten dugu berriki, otsailaren 3an, beste zehapen espediente bat abiarazi dela, sonometria positibo berriak eta gehiago baitaude.

    Horri dagokionez, aipatu behar da, bai 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzkoak, eta hura garatzen duen araudiak, bai zaraten maila mugatzea arautzeko erregelamendu arauak ere, zenbait zehapen aurreikusten dituztela. Zehazki, 4/2005 Foru Legearen, martxoaren 22koaren, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzkoaren, 77.2 artikuluak jasotzen du arau-hauste larriak egiteagatik jar daitezkeen zehapenak (arau-hauste larriak dira baimendutako soinu mugak 6 dB baino gehiago gainditzen dituztenak) hauek direla: a) 200.000 eurorainoko isuna; b) instalazioak aldi batez, erabat edo partzialki ixtea, gehienez bi urtez; c) instalazioak behin betiko, erabat edo partzialki ixtea; d) jarduera garatzeko gaitasuna kentzea, gehienez urte batez.

    Bere aldetik, zaratak edo bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 26. artikuluak jasotzen du bertan dauden xedapenak ez betetzeak jarduketa hauek ekarriko dituela:

    1. Gehiegizko zarata edo bibrazio maila frogatuak, kasu bakoitzean, arintzeko edo deuseztatzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartu behar izatea.

    2. Jarduera gaueko ordutegian egiteko debekua, arau-hausteak larriak badira, eta jarduera erabat utzi behar izatea, arau-hausteak oso larriak badira, frogatutako gabeziak zuzentzen ez diren bitartean.

    3. Egokiak diren zehapenak ezartzea.
  7. Aurreko gogoetak aintzat hartuta, erakunde honek gogorarazi behar dio Tuterako Udalari salatutako lokalean sortutako zaratek kalte egiten dieten herritarren eskubide konstituzionalak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela eta helburu horretarako jakinak eta zehatzak diren neurri guztiak hartu behar dituela.

    Bereziki, alde batera utzirik egoki jotzen dituen beste neurri batzuk, gomendatzen diogu berriro egiaztatzeko lokalaren isolamendu akustikoaren maila eta, edozein kasutan, arau-hauste gertakariak errepikatzen badira, zirt edo zartekoagoak diren neurriak har ditzala, ongi balioztatuta gaueko ordutegian jarduera bertan behera uztea agintzea edo are aldi baterako ixtea.

  8. Ondorioz, eta 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoak, 34.1 artikuluan, ematen dizkidan ahalmenen arabera, egoki jo dut:
    1. Tuterako Udalari gogora ekartzea salatutako lokalean sortutako zaratek kalte egiten dieten herritarren eskubide konstituzionalak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela eta helburu horretarako jakinak eta zehatzak diren neurri guztiak hartu behar dituela.

    2. Gomendatzea Tuterako Udalari muturrera eramateko eta areagotzeko, kexaren helburu den tabernari dagokionez, zaraten gaian legezkotasuna betetzen den kontrolatzeko neurriak, zehapen neurriak hartuta, bere kasuan, edo beharrezkoa bada, zirt edo zartekoagoak diren neurriak, eta ongi balioztatuta gaueko ordutegian jarduera bertan behera uztea agintzea edo are aldi baterako ixtea.

4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluaren arabera, egokia da Tuterako Udalak jakinaraztea, egokia edo bidezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean, legezko betebeharren gogoragarri hau eta gomendio hau onartzen dituen edo ez, eta, hala bada, betetzeko hartutako neurriak zein diren.

Legezko agindu horretan jasota dagoenarekin bat eginez, gomendioa ez onartzeak ekarri ahal izango du 2015eko urteko txostenean sartzea kasua. Nafarroako Parlamentuan azalduko da, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrera azaldu ez duen administrazioa, jarrera hori izatea posible zela uste bada.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia