Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: Disconformidad con propuesta de liquidación del IRPF.
Ogasuna
Lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilaria,
Kontseilari andrea:
Iragan 2015eko otsailaren 19an […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Haren bidez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren aurkako kexa bat egin zuen, Nafarroako Zerga Ogasunak bidalitako likidazio-proposamena. Likidazio-proposamen hartan, itzulketa gisa jaso zituen kopuruen % 15 itzultzeko eskatu zitzaion, gehi bere etxebizitza-kontuan erabilitako zenbatekoen interesen % 5.
Idazki hartan zera azaldu zidan:
2005eko abenduaren 14tik etxebizitza-kontua dauka. Kontu horretan urtean kopuru jakin batzuk sartu ditu, eta PFEZaren aitorpenetan hainbat kenkari aplikatu zaizkio.
2013ko uztailaren 15ean kontu horretan 6.665 euro sartu zituen.
Geroago jakin zuenez, 2013ko ekitaldiko ekarpenetan ezin zen kenkaririk aplikatu. Horregatik, 2013ko urriaren 30ean, egindako ekarpena atera zuen, gehi urteko interesak (7.203,26 euro), eta kontua urtearen hasierako kopuruetan utzi zuen.
2015eko urtarrilaren 28an Nafarroako Zerga Ogasunaren likidazio-proposamena jaso zuen. Horren bidez 1.594,26 euro eskatu zizkioten.
Horregatik, aplikatu beharreko araudiarekin ados ez zegoela azaldu zuen, eta aplikatu beharreko artikuluen idazkera bidezkoagoa izan zedila eskatu zuen, baldin eta ateratako kopuruak ekitaldi beraren barrukoak badira eta PFEZaren lehenago ekitaldietan kenkariak aplikatzeko erabili diren kopuruak sartzen ez badira.
Jarraian, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentura jo nuen, eta sortutako auzi horren berri emateko eskatu nion.
Jasotako txostenak zera dio:
“Arartekoak bidalitako idazkian zera azaltzen da: herritar batek azaldu du ez dagoela ados (espedientea: 15/108) PFEZaren likidazio-proposamenarekin. Likidazio-proposamen horretan, bere etxebizitza-kontuan erabilitako zenbatekoaren % 15 itzultzeko eskatu zitzaion.
Zergadunak bere eskabidean honako egitate eta iritzi hauek azaldu zituen:
2005ean irekitako etxebizitza-kontu horretan aldian-aldian diru-sarrerak egiten ditu, eta urtero kenkariak aplikatzen zaizkio.
2013an diru-kopuru bat sartu zuen, baina ez zen konturatu urte hartako urtarrilaren 1etik indarrean zegoen araudi berriaren arabera ekarpen horregatik ezingo zuela kenkaririk aplikatu.
2014ko ekainean 2013ko PFEZaren aitorpenaren aitorpen osagarria egoteko eskatu zuen, zera argudiatuta: diru-sarrera/ateratzea ekitaldi berean egin zuen, lehenago kendutako diru-kopuruei eragin gabe.
2015eko urtarrilaren 28an likidazio-proposamena jaso zen. Proposamen hartan zera azaldu zitzaion: PFEZaren erregelamenduaren 53. eta 55. artikuluen arabera, ateratako kopuruen % 15 itzuli behar zuen, gehi % 5eko interesa. Proposamen horretan, diru-ateratze hori 2005ean kendutako kopuruei dagokiela ulertzen da.
Iradokitzen du Arartekoak proposatu dezala aipatutako erregelamenduko manuak bidezkoagoa den modu batean idazteko.
Zergadunak azaldutako egitate eta iritziak azaldutakoan, berretsi egin behar da hain zuzen ere aldaketa egon dela etxebizitza-kontuetan egindako diruzko ekarpenen araubidean. Aldaketa horren ondorioz, kontzeptu horregatik ezin izango zen kenkaririk egin 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta subjektu pasiboak zergaldian izandako oinarrien batura 20.000 eurokoa edo hortik goitikoa bada, eta 2012ko abenduaren 31 baino lehen etxebizitzarako kontura ekarpenik egin badu. Legearen aldaketa bat da; beraz, zerga-araudi hori ez du Ogasunak aldatu –zergadunak hori dio, oker– baizik eta Nafarroako Parlamentuak.
Aurresuposamendu horretatik abiatuta, egin diren izapideak eta zerga-prozeduraren egoera –Arartekoak hori jakin nahi baitu– honako hauek izan dira:
Interesdunak 2014ko ekainaren 27an eskabidea aurkeztu zuen 2013ko errenta berrikusteko. Azaldu zuenez, bere kontu korrontean diru-kopuru bat sartu zuen; gerora, urte hartako errenta aitorpenean kenkaririk aplikatu ezin zuela konturatu zenean, kopuru hori bera atera zuen, kontuan sortutako interesekin batera.
Kendutako kopuruen itzulketaren zenbatekoa PFEZaren Erregelamenduaren 53.2. a) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera zehaztu zen, erabilitako kopuruak sartu ziren lehenengoak zirela ulertuta. Eta itzulketa horri berandutza-interesak aplikatu zitzaizkion, Erregelamenduaren 55. artikuluaren arabera.
2015eko urtarrilaren 28an jakinarazitako likidazio-proposamena behin-behineko likidazio bihurtu zen, alegazioak legean ezarritako 15 eguneko epetik kanpo aurkeztu zirelako. Horrenbestez, alegazio horiek behin-behineko likidazioaren egintzaren aurkako berraztertzeko errekurtso baten antzera izapidetuko dira.
Kontuan hartuta prozeduraren gaur egungo egoera, Zuzendaritza Kudeatzailetza honen iritziz ez da balorazio zehatzik egin behar zergadunak aurkeztutako alegazioen funtsari buruz. Izan ere, eginkizun hori administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari dagokio, eta bideratzen ari den zerga-prozeduraren barruan egin behar da balorazio hori. Hala ere, ohar hau egin nahi dugu: Arartekoari bidalitako idazkiaren xedea ez da prozeduraren izapideetan akatsak agerian jartzea, ezta zerga-arauak behar ez den bezala aplikatzea ere; aitzitik, idazkia zergadunaren gogoeta pertsonala da; iradokizun gisa proposatzen du etxebizitza-kontuena ez den beste araupetze bat, bere ustez bidegabea delako gaur egungo araudia, berea bezalako kasuetan aplikatuta”.
Agerian geratu denez, Nafarroako Zerga Ogasunak […] jaunaren aitorpen osagarriaren ostean bidalitako likidazio-proposamen bati buruz aurkeztu da kexa. Likidazio-proposamen horrek 2013ko PFEZaren kuotaren gehikuntza ekarri zuen, etxebizitza-kontutik ateratako kopuruengatik.
[…] jaunak onartu egin zuen 2015eko uztailaren 15ean bere etxebizitza-kontuan 6.650 euro sartu zituela, eta 2013ko urriaren 30ean, jakin zuenean zerga-araudia aldatu zela eta 2013an egindako ekarpenetan ezin zela kenkaririk aplikatu, ekarpen hori –gehi berandutza-interesak– atera zuela.
Nafarroako Zerga Ogasunak, bere aldetik, behin-behineko likidazio-proposamenean zera ulertzen du: kreditu-entitateetan sartutako kopuruengatik kenkariak egiteko eskubidea galtzen da subjektu pasiboak kopuru horiek ohiko etxebizitza lehenengo aldiz eskuratzea ez den beste xede batzuetarako erabiltzen dituenean, ulertzen baita erabilitako kopuruak kontuan sartutako lehenengoak direla. Kasu horretan, subjektu pasiboak zergaren kuotari gehitu behar dizkio kendutako kopuruak, gehi berandutza-interesak. Ondorio gisa dioenez, […] jaunaren kasuan, txarto erabilitako zenbatekoa 7.203,26 euro da (% 15eko kenkaria, 1.080,49) eta ulertzen da 2005ean sartutako kopuruak direla.
[…] jaunak 2005az geroztik bere etxebizitza-kontuan ekarpenak egin ditu.
Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren hamabosgarren xedapen iragankorrak xedatzen duenez, subjektu pasiboa, baldin eta zergaldiko oinarrien batura 20.000 eurokoa edo handiagoa bada urtean, eta etxebizitza-kontuetan ekarpenak egin baditu 2013ko urtarrilaren 1aren aurretik, ezingo du kenkaririk egin 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera.
2013ko uztailaren 15ean, aurreko urteetan egin zuen bezala, kexaren sustatzaileak 6.650 euro sartu zituen bere etxebizitza-kontuan, eta urte bereko urriaren 30ean, sartutako diru hori atera zuen, kenkaririk ezin zuela egin jakin zuenean.
Bere etxebizitza-kontuaren saldoa, diru-sarreraren eta geroagoko ateratzearen ostean, 2013. urtearen hasierako berbera da.
2014ko uztailaren 27an, borondatez, egitate horien berri eman zion Nafarroako Zerga Ogasunari.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 8. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak betiere babestuko du herritarrek hartan jarritako fede ona eta bidezko konfiantza, bai eta ordura arte erakutsitako ohiko jokabide zintzoa ere.
Auzitegi Gorenak fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipio horiek aipatu zituen 1990eko ekainaren 8ko epaian –RJ 1990/5180-, eta berrikiago 1997ko otsailaren 17ko epaian ere, honakoa adierazi zuen horri buruz: jarduera administratiboaren legezkotasun zorrotzaren eta hartatik ondorioztatzen den segurtasun juridikoaren artean sortzen den gatazkan, azken horrek izanen du lehentasuna, herritarrak administrazioaren jardunean duen konfiantza legitimoa babestearen printzipioa aplikatzearen ondorioz. Horixe bereganatu du Europako Erkidegoko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak, eta printzipio hori aplikatzekoa da, ez soilik partikularrarengan konbikzio psikologiko subjektiboaren edozein mota gertatzen denean, baizik eta, baita ere, konfiantza hori Administrazioak sorturiko zeinu edo egitate muturrekoetan oinarritzen denean ere, horiek behar bezain erabakigarriak direnean herritarrak arrazoiz konfiantza izan dezan administrazio jarduera zehatz baten legezkotasunaren itxuran; hartara, herritarrak bere borondatea makurtu ahal du zenbait ekintza eta baliabide pertsonal eta ekonomikoen inbertsioak egitera, baina horiek, finean ez datoz bat Administrazioak geroan eginen dituen ekintzen benetako ondorioekin, are gehiago legezkotasunaren itxura horrek, interesduna nahasarazi zuenak, praktikan interesdun horri juridikoki jasan beharko ez lituzkeen kalte edo galera batzuk eragin zizkionean.
Zerga-araudiak, etxebizitza-kontuetarako ekarpenengatiko kenkariei buruz, bermatu nahi du kenkariarekin lortzen diren zerga-abantailak etxebizitza bat eskuratzeko erabiltzen direla.
Kasu honetan zehazki, eta zerga-araudiaren aldaketa dela-eta, kontua da […] jaunak 2013an, aurreko urteetan ez bezala, ezin zuela inolako kenkaririk aplikatu urte hartan bere etxebizitza-kontuan egindako ekarpenengatik. Eta inolako kenkaririk aplikatu ezin bazuen, urte hartan bertan ekarpen bat egin eta geroago diru hori atera arren, ez zuen inolako zerga-abantailarik lortuko, eta horregatik ez luke penalizaziorik jasan behar.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren 53. artikuluak xedatzen duenez, kenkarirako eskubidea galduko da subjektu pasiboak ohiko etxebizitza lehen aldiz erosi edo zaharberritzea ez den helburu baterako erabiltzen baditu etxebizitza kontuetan gordetako zenbatekoak, eta zati bat baino ez badu erabiltzen, erabilitako zenbatekoak kontuan gordetako lehenbizikoak direla ulertuko da.
Erakunde honen ustez, eta planteatu den kasurako, artikulu horren osagarria ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren hamabosgarren xedapen iragankorra da. Kasu honetan zehazki, eta […] jaunaren jarduketak kontuan hartuta, erakunde honen iritziz interesdunak egin duen erabilera partziala etxebizitza-kontuan sartutako azken kopuruena da, eta horien gainean ez da kenkaririk aplikatu.
Horregatik, a) Administrazioak babestu behar dituen fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioen arabera, kontuan hartuta b) […] jaunaren asmoa etxebizitza-kontuan ekarpenak egitea zela aurreko urteetan bezala ekarpen horregatik kenkaria aplikatu ahalko zuelakoan, c) konturako ekarpena eta erabilera zerga-ekitaldi berean egin direla, eta d) […] jaunak onurarik atera ez duela, erakunde honen iritziz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari eskatu behar zaio interesdunari bidalitako likidazio-proposamena baliorik gabe utz dezala.
Karga ezartzeko egintza denez, interesdunari bidalitako likidazio-proposamena ofizioz baliogabetu ahal da, interesdunak berrezartzeko errekurtsorik aurkeztu duen ala ez kontuan izan gabe.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan eskumenei jarraituz, ondoko hau beharrezkotzat jo dut:
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari iradokitzea ondoriorik gabe utz dezala […] jaunaren 2013ko PFEZaren likidazioa, ikusita jaun horren asmoa zela aurreko urteetan bezala 2013ko etxebizitza-kontu baterako ekarpenengatik kenkariak aplikatzea, eta ez zekiela araudiak ekarpen horiengatiko kenkaria eten zuela.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du iradokizun hori onartzen duen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.
Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gomendioa onartzen ez bada, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.
Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia