Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q15/107). Haren bidez, gomendatzen zaio Hezkuntza Departamentuari emateko kexa aurkeztu duen andreari bere alabak eskolan behar duen arretari buruz CREENA zentroak egindako txostenak. Halaber, iradokitzen zaio, eskumena duten organoen bidez (ikastetxea, CREENA…), kexa aurkeztu duen andrearen alabak (hiru urteko alaba) behar duen berariazko arreta berriro balioztatzeko, balorazio eguneratua eginda, ikasturtean igaro diren hilabeteetan izandako garapenaren eta bilakaeraren arabera, eta, bere kasuan, egun ematen den laguntza handitzeko.

2015 martxoa 24

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Denegación de solicitud de horas de apoyo de cuidador y logopeda.

Hezkuntza eta irakaskuntza

Hezkuntza kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. […] andreak aurkeztutako idatzia jaso nuen 2015eko otsailaren 19an, eta hartan Hezkuntza Departamentuaren kontrako kexa azaldu zuen, alabari berariazko laguntza (zaintzailea eta logopeda) handitzeari ezezkoa eman ziolako eta CREENA Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak egindako balorazioaren emaitzari buruzko informazioa ez ziolako eman.

    […] andreak hau azaldu zuen:

    1. Hiru urteko alabak heltze atzerapena du eta 2014az geroztik Uharteko […] ikastetxean dago eskolatuta. Lehenago, urrian, Salamancako ikastetxe batera joaten zen ([…] HLHIP), eta han gizarteratzeko laguntza jasotzen zuen, baina egun ez zaizkio ari laguntza hori ematen.
    2. Neskatoak logopedaren, irakasle terapeutikoaren eta zaintzailearen laguntza behar du. Salamancan profesional horien laguntza zuen.

      Uharteko ikastetxera aldaketa egindakoan, laguntza gutxitu egin da, batez ere gela barneko zaintzailearena, nahiz eta oso garrantzitsua den neskatoaren bilakaerarako eta ikaskideekin moldatu ahal izateko.

    3. Egun, irakasle terapeutikoarekin bi saio egiten ditu, ikasgelatik kanpo, eta logopedarekin hiru. Hiru horietatik bakarra izaten da bakarkakoa.
    4. Ikastetxeak ahal ziren laguntza guztiak eskatu dizkio Hezkuntza Departamentuari, baina hark ezezkoa eman die.

      Gainera, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko kideak alaba ebaluatzen izan dira, baina ez diote inolako txostenik eman, ez ikastetxeari, ez familiari.

    5. Uste du Hezkuntza Departamentua ez dela alabaren bilakaera egokirako beharrezkoak diren baliabideez hornitzen ari eta, gainera, ez duela inolako motako informaziorik ematen.

      Zaintzailearen laguntza ordu gehiago beharko lirateke eta logopedia saioak bakarkakoagoak izatea.

  2. Jarraian, Hezkuntza Departamentura jo nuen, aipatu den kontuari buruzko informazioa emateko eskatzeko.

    Jasotako txostenean hau ageri da:

    “Nafarroako Arartekoak 2015eko otsailaren 25ean idatzia igorri zuen, Q15-107 espedienteari dagokiona, […] andreak bultzatutakoa. Hartan kexa agertzen zuen alabak Uharteko […] ikastetxean jasotzen duen zaintzailearen eta logopedaren laguntza zerbitzua handitzeari ezezkoa eman zaiolako eta ez zaiolako informaziorik eman Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak alabari egin dion balorazioaren emaitzaren gainean. Hartara, Arartekoaren idatziari erantzunez:

    HAU ADIERAZI BEHAR DUT:

    • Gaztela eta Leongo Eskolatze Irizpenean, 2014ko apirilaren 11koan, kexaren egileak aurkeztu duenean, 2014-2015 ikasturterako pedagogia terapeutikoko, logopediako eta zaintzailearen heziketa baliabideak balioztatu ziren, eta lotuta zeuden, ikasturte hasieran, 2014ko maiatzaren 7ko Infoautismoko Unitatearen azken balorazioari.

    • Telefono bidez jarri ginen harremanetan otsailaren 26an Salamancako […] HLHIPko zuzendariarekin, eta hark esan zigun kexaren egilearen alaba ikastetxe horretan egon zela eskolatuta, ikasturte horretan, aste batean eta denbora horretan ez zuela pedagogia terapeutikoko, logopediako eta zaintzailearen heziketa arretarik izan.

    • 2014ko irailaren 19an, Uharteko […] ikastetxeko orientatzaileak CREENA zentroko Psikikoen Taldeari informazioa eskatu zion gerta zitekeelako Haur Hezkuntzako lehen mailara neska bat iristea, Gaztela eta Leondik joango zena. Espektro Autistaren Nahastearen behin-behineko diagnostikoa zuen, eta heltze atzerapen arina.

    • 2014ko urriaren 1eko datarekin, benetan eskolatu zen neskatoa Uharten eta orduan ikastetxeko orientatzaileak aholkularitza eskatu zion CREENA zentroko Psikikoen Taldeari, zaintzailearen baliabidea balioztatu eta ikasleari eman beharreko heziketa erantzuna doitzeko.

    • Egun horretatik eta 2014ko urriaren 13a arte, CREENA zentroko Psikikoen Taldeak eta ikastetxeko orientatzaileak heziketa komunitatearen informazioa bildu zuten, neskatoaren premiak balioztatu zituzten eta heziketa erantzun egokia emateko aholkuak eman zituzten.

    • Balioztatutako informazioak adierazten du bilakaera ona duela eta ikastetxean ohartarazten dute une hori arte neska ondo ari dela egokitzen. Halaber, ikaslearen egoera aztertuta, egungo premiak eta ezaugarriak, uste da ez dituela betetzen une horretan zaintzailearen laguntza edo baliabideak eskatzeko irizpideak.

    • Egindako balorazioaren ondotik, CREENA zentroak ikastetxeko Hezkuntza Laguntzako Unitateari aholkularitza emango zaio, dauden baliabideak antolatzea komenigarri jotzen duelako, kexaren egilearen alabari eta maila bereko heziketa premiak dituzten gainerako ikasleei heziketa erantzun ona ematea bermatzeko. Ikastetxean, pedagogia terapeutikoko bi saio jasotzen ditu neskak taldean eta beste bat bakarka, eta beste bi saio egiten ditu logopediakoak taldean. Uste da egun nahikoak direla.

    • Beste alde batetik, kexaren egileak bilera izan zuen 2014ko urriaren 2an, Hezkuntza Departamentuan, Orientazioaren Bulegoko buruarekin eta Hezkuntza Premien Bulegoko buruarekin, eta bilera horretan jakinarazi zitzaion ikastetxea baliabidez hornitu zela bere alabarentzat, eta eskola jantokiaren funtzionamendua eta zaintzailearen arreta zein zen azaldu zitzaion.

    • 2014ko abenduaren 11n, kexaren egileak bilera egin zuen Aniztasunari Arreta Emateko eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko buruarekin, alabak zaintzailearen beharra izateari buruz eta neskatoak duen autonomia urriak eraginda. Azaldu zitzaion andreari haurraren autonomia urria, adin horretan, ikastetxean mailaka landu behar dela, neskarekin lan egiten ari diren langile guztien aldetik. Heziketa premia bereziko ikasleentzat lortu nahi den inklusioak eta hain gazteak diren ikasleekin eduki beharreko zuhurtziak haien prestakuntzan eta garapenean inplikatuta dauden profesionalak eramaten ditu etengabe eta zuzenean behatzera, ahalik eta gehiena erraztera autonomia lortzea eta testuinguru normalizatu batean bizimodu autonomoa errazteko beharrezkoak diren erantzun mekanismoak ematera. Ildo horretatik, Uharteko ikastetxeari gomendatu diote CREENA zentroko teknikariek eta ikastetxeko ikuskariak ikastetxean eskolatuta dauden Haur Hezkuntzako ikasleei arreta emateko dituzten baliabideak berrantolatzeko, behar duten arreta inklusiboa eta pertsonalizatua emanda.

    • Amaitzeko, adierazi CREENA zentroko txostenak Hezkuntza Departamentuko barne dokumentuak direla, lanerako dokumentuak. Ez, ordea, ikastetxeko orientatzaileak egindako txosten psikopedagogikoa (familiak badu haren berri eta onartzen du informazio hori baduela). Profesional hori da, hain zuzen –eta, hala eskatzen badu, CREENA zentroaren laguntzarekin–, ikasleek behar dituzten heziketa laguntzak zein diren erabakitzeko ardura duena”.
  3. Agerian gelditu den moduan, Uharteko […] ikastetxean […] andrearen alabari ematen dioten berariazko laguntzarekin lotuta aurkeztu da kexa. Alaba hiru urtekoa da eta heltze atzerapena du.

    Amaren ustez, haurraren berariazko premiak kontuan hartuta, beharrezkoa litzateke laguntza handitzea (bereziki, zaintzailearen laguntza gelan eta logopedia, azken hori ikasle horri modu bana-banakoagoan emanda, eta ez taldean egiten den moduan).

    Era berean, zalantzan jartzen da CREENA zentroak egindako balorazioari buruzko informazio eza eta, zehazki, zentro horrek txostenik eman ez izana balorazio horren gainean.

  4. Azken kontu horri helduta, hasteko, erakunde hau ez dago ados CREENA zentroaren txostenak Hezkuntza Departamentuaren barne dokumentuak, lanerako dokumentuak, direla esatearekin.

    Kexaren egilearen alabak behar duen arreta bereziari buruz administrazio organo horrek egin dituen txostenak, haien xedearengatik eta dagozkion pertsonarengatik (adingabearen garapenaren balorazioa eta eskola esparruan berariazko arreta behar izateari buruzkoa), eskuragarri izan behar ditu […] andreak.

    Hori ondorioztatzen da 30/1992 Legetik, azaroaren 26kotik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenetik, 35. artikuluan, a) letran, interesdunei eskubidea aitortzen baitzaie, une oro, espedienteen izapideen egoeraren berri izatekoa eta bai haietan dauden dokumentuen kopiak eskuratzekoa ere. Horrez gain, 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babestekoak, 15. artikuluan onartzen du interesdunek eskubidea dutela tratamendupean jarri diren euren datuei buruzko informazioa edukitzeko.

    Azken batean, ikaslea CREENA zentroko txostenen interesduna den neurrian (balorazioak eragiten dio), aitortu behar zaio amak txosten horiek eskuratzeko eskubidea duela, adingabearen legezko ordezkaria baita.

    Ez da eragozpena horretarako, ikastetxeko orientatzailearen txosten psikopedagogikoa eskura izatearekin lotuta, Hezkuntza Departamentuak adierazitakoa. Interesdunak informazioa eskura izateko eskubidea berari buruzko balorazioak dituen edozein txosteni dagokio, txosten horiek egiten dituen organoa gorabehera eta, are gehiago, izaera erabakitzailea edo prestatzekoa gorabehera.

    Horrenbestez, alderdi honi buruzko gomendio bat egin behar da.

  5. Kexaren egilearen alabak behar duen laguntza bereziaren intentsitatea zehazteari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak adierazi du bere txostenean laguntza hori (pedagogia terapeutikoko bi saio taldean eta beste bat bakarka, eta logopediako bi saio taldean) nahikoa dela. Bere aldetik, interesduna ez dago ados irizpide horrekin, eta uste du neskatoak behar duela logopedia modu bana-banakoagoan ematea eta ikasgelan zaintzailearen laguntza behar duela.

    Erakunde honek ezin du zehaztu zein den berariazko laguntzaren maila egokia, baina egoki jotzen du iradokitzea kontu honen ebaluazio berria egitea, eguneratua, dagokien profesionalen bidez (ikastetxekoak edo, behar bada, CREENAkoak).

    Iradokizun hau ekarri du, bai kontu honetan adierazi diren jarrerengatik, elkarrengandik urrunduz doazen jarrerak baitira, bai eta, bereziki, ondorioztatzen denez, arreta zehatza erabakitzeko egin zen aurreko baloraziotik hilabete batzuk igaro direlako.

    Balorazio mota honen izaera eta helburua kontuan hartuta –ikaslearen garapen maila haztatzea, adin bereko gainerako haur arrunten arabera, eta, hortaz, berariazko laguntzaren premia zehaztea–, bereziki, haurrak hain txikiak direla aintzat hartuta, komenigarria da egoera berriro ebaluatzea nolabaiteko maiztasunarekin, une bakoitzean komenigarrienak diren erabakiak hartze aldera.

  6. Ondorioz, eta 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoak, 34.1 artikuluan, ematen dizkidan ahalmenen arabera, beharrezko jo dut:
    1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexaren egileari emateko haren alabak behar duen eskola arretaren gainean CREENA zentroak egindako txostenak.

    2. Iradokitzea Hezkuntza Departamentuari, eskumena duten organoen bidez (ikastetxea, CREENA…), berriro baliozta dezala kexaren egilearen alabak behar duen berariazko arretaren premia (hiru urteko alaba), balorazio eguneratu baten bidez, haren garapenaren eta ikasturtean igaro diren hilabeteetan izandako bilakaeraren arabera, eta, beharrezkoa bada, handitu dezala egun ematen duen laguntza.

4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluaren arabera, egokia da Hezkuntza Departamentuak jakinaraztea, egokia edo bidezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendioa eta iradokizuna onartzen dituen edo ez, eta, hala bada, betetzeko hartutako neurriak zein diren.

Legezko agindu horretan jasota dagoenarekin bat eginez, gomendioa ez onartzeak ekarri ahal izango du 2015eko urteko txostenean sartzea kasua. Nafarroako Parlamentuan azalduko da, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrera azaldu ez duen administrazioa, jarrera hori izatea posible zela uste bada.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia