Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/997/M). Haren bidez, Tafallako Udalari gogorarazten zaio bizilagunek beren etxe-esparruan gehiegizko zaratak ez jasateko daukaten eskubidea eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela. Halaber, iradokitzen zaio azter dezala aukerarik ba ote dagoen aisialdiko lokalen, etxabeen edo koadrila-gelen funtzionamendua dela-eta muga batzuk jartzeko, haiek intsonorizatzeko, isolatzeko eta egurasteko baldintzei dagokienez eta haien erabilera-ordutegiari dagokionez, ezertan kendu gabe bizilagunen konstituzio-eskubideak bermatzeko egokitzat jotzen diren gainerako neurri zehatz eta efektiboak. Halaber, iradokitzen zaio ezen, maila orokorreko aipatutako neurriez aparte, Udaltzaingoak, bizilagunek zarata salatzen dituzten kasuetan eta salaketa horiek oinarritutzat edo arrazoizkotzat jotzen direnean, sonometria probak egin beharrik gabe ere, lokal edo etxabeetako pertsonekin bitartekari lana egin dadila, eragozpenak amai daitezen edo, gutxienez ere, intentsitatea beheratu dadin.

2015 otsaila 24

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias sufridas por excesivo ruido.

Ingurumena

Tafallako alkatea

Alkate andrea:

  1. 2014ko abenduaren 2an, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; horren bidez, kexa bat aurkezten zuen Tafallako Udalaren aurka, Tafallako Arataxoako errepideko [...] zenbakian dagoen lokal batek gehiegizko zarata sortzen zuelako.

    Bere idazkian, honakoa azaltzen zuen [...] jaunak:

    1. Orain dela urtebete inguru, gazte talde batek Tafallako Artaxoako errepideko [...] zenbakian dagoen lokal bat alokatu zuen. Ordutik, lokal horretatik, goizaldeko ordu txikietan, zaratak ateratzen dira behin eta berriz.

    2. Etxe-multzo horretako bizilaguna zenez eta egoera pairatzen zuenez, lokala errentan hartu zuten pertsonekin hitz egin zuen, konponbide bat bilatze aldera. Konponbiderik ez zen izan, ordea, eta eragozpenek beren horretan diraute.

    3. 2014ko otsailaren 4an, idazki bat igorri zion Tafallako alkateari, egoeraren berri emateko. Erantzun zioten esanez pixka bat itxaron behar zuela, zeren eta aisialdiko lokal pribatuak arautzeko ordenantza taxutzen ari baitzen.

    4. 2014ko maiatzean, egoerak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, hitzordua eskatu zuten alkatearekin, eta hark aurreko informazio eta eskaera berak berretsi zizkien.

    5. Kexa-egileak behin baino gehiagotan deitu du bai Udaltzaingora, bai Foruzaingora ere, egitateak salatzeko. Etxera joaten zitzaizkionean, aipatzen zioten dezibelioak neurtu besterik ezin zutela egin.

    6. 2014ko urrian, aisialdiko lokal pribatuak arautzeko testua onetsi ondoren, egoerak bere horretan jarraitu du. Segurtasun kidegoei deitzen jarraitu dute, egitateak salatzeko, baina adierazi diete ezertxo ere ezin dutela egin, zeren eta testuak agindu kontraesankorrak baitauzka. Horri dagokionez, zioen azalpenean, lokalen itxierari buruzko ordutegi bat gomendatzen da soilik, eta 19. artikuluan arau-hauste larritzat jotzen da irekitzeko eta ixteko ordutegia ez-betetzea.
    7. Poliziari deitu eta agenteak etxebizitzara joaten diren bakoitzean, ohartzen dira zarata oso handia dela, baina esaten diete ezin dietela atentzioa deitu lokalean daudenei, eta dezibelioak neurtu besterik ezin dutela egin.

      Herritarrak eskatzen zuen neurri efektiboak hartzeko arazoari konponbidea emate aldera, eta poliziak maizterrei atentzioa dei diezaiela, baldin eta gehiegizko zarata badago.

  2. Horren ondotik, Tafallako Udalera jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

  3. 2014ko abenduaren 22an, interesduna erakunde honetan agertu zen, eta beste idazki bat aurkeztu zuen, non honakoa esaten baitzuen:
    1. Artaxoako errepideko [...] zenbakiko etxebizitzatik alde egin behar izan du, eta Iruñera bizitzera joan da, zarata gehiegi jasaten duelako eta atseden egokia hartzea beharrezko egiten duen gaixotasun bat duelako. Etxebizitza errentan eman du.
    2. Iruñeko etxebizitza alokatzeaz gainera, Artaxoako errepideko [...] zenbakiko etxebizitzako komunetan erauzgailu gehigarri batzuk jarri behar izan ditu, eta bere gain hartu behar izan du lan horren kostua.

      Erauzgailuak jartzearen helburua da arintzea kexan aipatzen den lokaletik iristen diren marihuana usain jasanezinak, zeinak pairatu beharreko zaratei gehitu behar baitzaizkie. Etxe atarian eta etxebizitzan, leihoak zabaltzen direnean, usain horiek nabaritzen dira oraindik ere.

  4. 2015eko otsailaren 10ean, Tafallako Udalaren txostena jaso zen. Bertan, honakoa azaltzen da:

    "2014ko abenduaren 23an (5200 zenbakiko sarrera-erregistroa) Nafarroako Arartekoaren idazki bat jaso zen (Q14/99/M), non azaltzen baitzuen [...] jaunak, 2014-12-02an kexa bat aurkeztua zuela Tafallako Udalaren aurka, Artaxoako errepideko [...] zenbakian dagoen lokal batean sortzen zen gehiegizko zaratak eragindako eragozpenak zirela eta.

    Idazkia Udaltzaingoaren bulegoan jasota, honako txostena eman zen 2015eko urtarrilaren 8an:

    "Udaltzaingoak protokolo bat ezarria du; haren bidez, edozein bizilagunek kexa egiten baldin badu zaratek eragindako eragozpenak direla eta, aukera ematen da neurketa sonometriko bat egiteko, kasuko etxebizitzan jasotzen den soinu-maila graduatze aldera. Eskaintza hori zerbitzuaren inguruabarrek berek baldintzatuta dago.

    Behin neurketa eginda, sonometro homologatuarekin, eta dauden balioak jasota, egiaztatzen da balio hori baimendutakoaren barruan dagoen ala, aitzitik, kasu honetan aplikatzekoa den araudia urratzen duen –Zaratak eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretua–. Hain zuzen ere, foru dekretu horren 15. artikuluak ezartzen du ukitutako etxebizitzetan ezin izanen dela egon 35 dezibeliotik gorako zarata eguneko ordutegian (8:00etatik 22:00etara) eta 30 dezibeliotik gorakoa, berriz, gaueko ordutegian.

    Adierazle horiek 5 dezibeliora igotzen dira neurketa sukalde, korridore, pasabide, komun eta zerbitzu esparruetan egiten denean.

    Protokolo hori da Artaxoako errepideko 8. zenbakiko etxebizitzan erabili dena, bera baita txosten hau eragin duena. Ukitutako etxebizitzan egin diren neurketa guztietan (2014-10-24, 2014-11-25 eta 2014-12-24), neurtutako zarata-mailek ez dituzte gainditu baimendutako adierazleak; horrenbestez, ez da bidezkoa inongo jarduketarik egitea zarata sortzen duen lokalari dagokionez.

    2014ko urriaren 28an, Tafallako Udaleko Osoko Bilkurak erabaki zuen hasierako onespena ematea aisialdi pribatuko lokalak arautzen dituen testuari. 2014ko azaroaren 14ko 204. NAOn argitaratu zen. Onespen hori ez da oraindik ere behin betikoa; hori dela eta, une hauetan ezin da araua aplikatu. Hasierako onespena baino lehen, lan bilera batzuk egin ziren, eta haietan gazte, bizilagun, lokalen jabe eta Udala osatzen duten talde politiko guztietako ordezkariek parte hartu zuten; helburua zen iritzi guztiak entzutea eta adostutako testu bat lortzea. Bilera horietan, eta burutza honi helarazitako informazioaren arabera, [...] jaunaren emazteak parte hartu zuen."

    2015eko urtarrilaren 7an (40. zenbakiko sarrera-erregistroa) Nafarroako Arartekoaren beste idazki bat jaso zen, non [...] jaunak adierazitako kontuari buruzko informazio gehigarria ematen baitzen.

    Idazkia Udaltzaingoaren bulegoan jasota, honako txostena eman zen 2015eko urtarrilaren 9an:

    "Etxebizitzatik alde egiteko erabakiari dagokionez, Udaltzaingotik gutxi esan dezakegu, zeren eta arrazoi pertsonalengatik hartutako erabaki bat baita; alabaina, komenigarria litzateke Udaltzaingoaren burutzak urtarrilaren 8ko txostenean adierazitakoa nabarmentzea; bertan, izan ere, jasota ageri da [...] jaunaren etxebizitzako zarata-maila neurtzera joan den hiru aldietako bakarrean ere neurketaren emaitzak ez zituela gainditzen baimendutako mugak.

    [...] jaunak, halaber, aipatzen du marihuana usainek harengan eragina izan dutela. Horri dagokionez, esan beharra dago Udaltzaingoak ez zuela kexa horren berri eta agenteak etxebizitza horretara joan diren aldietan ez zaiela horri buruz ezer ere esan. Hala eta guztiz ere, adierazi beharra dago usainak ustez ateratzen direneko lokala pribatua dela, eta halakotzat hartu beharra dagoela droga toxiko, estupefaziente edo substantzia psikotropikoak eduki eta kontsumitzeari buruzko jarduketak egiteko unean.

    2015eko otsailaren 2an, Foruzaingoarengandik Zaratari eta salaketa administratiboari buruzko akta jaso da, [...] jaunaren bizitokian sonometria bat egin ondoren, zeren eta salaketa aurkeztua baitzuen bere bizitokiko etxabean dagoen txabisketik heldutako zaratengatik, baimendutako mailak gainditzen baitzituzten. Dokumentu horrekin, kasuko zehapen espedientea izapidetuko dugu.

  5. Jasota geratu den bezala, kexa aurkeztu da interesdunak eta bere familiak pairatutako zaraten eta gainerako eragozpenengatik. Gazte talde batek Tafallako Artaxoako errepideko [...] zenbakian alokatuta duen lokal batetik heldutakoak dira haiek.

    Gazteek aisiarako etxabeetan, bereziki gaueko orduetan, sortutako zaratek bizilagunei beren etxebizitzetan eragiten dizkieten eragozpenen fenomenoa ez da soilik Tafallan gertatzen, eta Nafarroako gero eta udalerri gehiagotan gertatzen ari da. Udalerri horiek zenbait neurrirekin erantzuten diote arazo horri: zaraten neurketak, egitatea udal ordenantzen bitartez araupetzea, isolamendu eta intsonorizazio neurriak agintzea, udaltzaingoaren presentzia eta ikuskatzea, jarduera aldi baterako ixteko neurria, lokal horien zuzeneko eta zeharkako titularrei ohartarazpenak egitea, jarduera horretarako gaueko ordutegiak mugatzea, udal ordezkariak gazteekin eta gurasoekin bilerak egitea, zehapen espedienteak, eta abar.

  6. Ukitutakoen eskubideak babestearen ikuspuntutik, Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zer konstituzio-eskubide ukitzen dituen pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen eta nagusiki kexa eragiten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa). Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 43. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ere ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak eskubide horiek erasan direla aitortzen du. Bertan honakoa ezartzen da: Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean.

    Ondoren, epaiak honakoa gogorarazten du: Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorrak areagotzea).

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.

    Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.

  7. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).

    Aztergai dugun gaian, udalerriek funtsezko eginkizun bat hartzen dute beren gain dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik. Udalerriek zenbait ahalmen dituzte herritarren eskubideak babesteko, nola baitira araudiak, ordenantza eta bandoen bitartez, ikuskapena, zehapena eta abar. Hori, halere, ez da eragozpena bitartekaritza-lana ere egiteko bizilagunen interes desberdinak batera biltzen direnean, halako moduz non bizikidetasun sozialerako haiek uztartzea beharrezkoa den.

  8. Jasotako aurrekarietatik, ondorioztatzen da Tafallako Udalak ezagutu egiten duela kexan planteatzen den arazoa, eta hori dela eta udal ordenantza bat izapidetzen hasi da, aisialdiko lokalen jarduera arautzen duena.

    Erakunde honek guztiz ezagutzen du arazoaren konplexutasuna eta interes kontrajarriak beren osotasunean uztartzeko zailtasuna, eta kasuaren aurrekariak ikusita, beharrezkotzat jotzen du kasuari buruzko legezko betebeharren gogorarazpen bat egitea, Udalak eraginkortasunez babes dezan beren etxebizitzan zaratak ez pairatzeko herritarrek daukaten eskubidea; izan ere, legez ez daude beharturik arrazoizko puntu batetik gorako zaratak pairatzera.

    Horri dagokionez, bidezkoa da aitortzea dibertitzeko eta hiriguneko lokal edo etxabeetan elkartzeko gazteek daukaten eskubideak ez duela nahastu behar, arrazoizkoa eta onargarria denaz haratago, ez eta eragotzi behar ere, herritarrek beren etxebizitzan atsedena hartzeko eta intimitatea edukitzeko daukaten eskubidea. Eskubide horrek, izan ere, konstituzio-maila kualifikatua dauka.

  9. Zehazki, espedientean ageri den informazioa baloratuta, erakunde honek egokitzat ikusten du iradokitzea honako neurriak azter daitezela:

    Berariazko eskakizun bat sartzea halako lokalen intsonorizatze, isolamendu edo eguraste baldintzei dagokienez, halako moduz non lokal horiek koadrila-gela, txabiske edo antzekoen gisara erabiltzeko higiezinak izaera hori egiaztatu beharko duen. Neurri hau datza, beraz, lokalaren barruan sortzen diren zaratei konponbide tekniko bat ematean, saihestuz barne aldera edo inguruko etxebizitzetara pasa daitezela; eta gauza bera sor daitezkeen usainen kasuan, direla sukaldeena, direla tabako nahiz bestelako substantzien keak metatzearen ondoriozkoak.

    1. Ordutegi muga bat ere finkatzea, gaueko tarterako erreferentzia izanen dena, eta finkatzen den norainokoarekin, bizilagunen atsedenaldia ahal den gradurik altuenean babeste aldera. Neurri hori udal ordenantza batzuetan planteatu izan da, eta segurtatzen du ezen, zarata-bolumena alde batera utzita, zarata horrek ordu jakin batean amaitu beharko lukeela.

    2. Neurri orokor horiek edo, kasua bada araudi indarduna aplikatzetik heldu direnak aplikatzetik heldu diren zehapen prozedurak alde batera utzita, tokiko poliziak lokal horien jabeekin bitartekari lanak egitea, bizilagunek zarata gogaikarriak salatzen dituzten kasuetan eta salaketa horiek arrazoizkotzat jotzen direnean edo hala ematen dutenean, baita sonometria-probak egiteko beharrik gabe ere, eragozpen horiek amaitu daitezen edo, gutxienez ere, haien intentsitatea jaitsi dadin. Neurri horrek erantzuten dio halako konstatazio bati, zeinaren arabera horrelako egoeretan, zarata-maila nabarmen aldatu ohi baita, intentsitateari begira etenduna edo, are berariaz egindako probetan onargarriak diren atalaseak gainditu gabe ere, gogaikarri gerta daitekeenean, bereziki ordu jakin batzuetan.
  10. Jo beharra dago horrelako etxabe edo lokalek, erabilera dela-eta gerta daitekeen intentsitateagatik, konkurrentzia publikora irekita dauden lokalek sortzen dituztenen antzeko eragozpen edo eraginak sor ditzaketela; hori dela eta, arrazoizkotzat izan daiteke antzeko exijentziak sartzea, betiere egokitzat diren modulazioekin.

    Ikuspuntu materialetik, erabilera hori izanen duten lokaletan halako mugak ezartzea –ordutegi aldetik nahiz lokalak egokitzearen aldetik– neurri egokien modura aurkezten dira, eta behar den proportzioa gordetzen dute ukitutako eskubide eta interesen aniztasuna dela eta: etxabeen erabiltzaileek biltzeko eta aisiaz gozatzeko eskubidea eta bizilagunek atsedenerako, ingurumen egokiaz gozatzeko eta bizitokian intimitatea edukitzeko eskubidea.

    Eta adierazitakoen moduko mugen ainguratze juridiko formalaren ikuspuntutik, nire iritziz udal ordenantzak, udalei esleitutako eskumenak direla-eta eta eskumen horiek baliatuz konstituzio-eskubideak babesteko administrazio guztiek daukaten aipatutako betebeharra dela-eta, egokiak izan daitezke haiek sartzeko. Horri dagokionez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak, martxoaren 8ko 186/2012 epaian, non Tuterako Udalaren ordenantza aztertzen baitzuen (zehazki, ordu-murrizketa bat auzitan jartzen zen), lokal horiek parekatu zituen, hemen interesatzen zaizkigun eragin mugatzaileei dagokienez, publikoari irekita dauden beste batzuekin. Hartara, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jo zuen ezen, konkurrentzia publikoko lokalak –esate baterako, tabernak, kafetegiak, dantzalekuak eta abar– ez diren arren, biltzeko, jostetarako, aisiarako eta gastronomiarako zentroak direla, antzeko izaera duten establezimendu publikoekin pareka daitezkeenak. Horretatik ondorioztatu zuen, bidezkoa dela ordu-murriztapen batzuk ezartzea.

    Horrelako lokalen –nahi bada, lokal atipiko horien– balizko eragozpen-eragina publikorako zabalik dauden establezimendu batzuen parekotzat jo daiteke. Eta erakunde honi dagokion konstituzio-eskubideen kontziliazioaren ikuspuntutik, administrazioak horrelako lokaletan daukan esku-hartze administratiboak, zeinaren agerkari bat baita lizentziaren exijentzia bera, aipatutako alderdien erregulazioa ere har dezake, gehiegizko zaratak saihesteko helburuarekin.

  11. Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:

    Tafallako Udalari gogoraraztea bizilagunek beren etxe-esparruan gehiegizko zaratak ez jasateko daukaten eskubidea eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela.

    1. Halaber, Tafallako Udalari iradokitzea azter dezala aukerarik ba ote dagoen aisialdiko lokalen, etxabeen edo koadrila-gelen funtzionamendua dela-eta muga batzuk jartzeko, haiek intsonorizatzeko, isolatzeko eta egurasteko baldintzei dagokienez eta haien erabilera-ordutegiari dagokionez, ezertan kendu gabe bizilagunen konstituzio-eskubideak bermatzeko egokitzat jotzen diren gainerako neurri zehatz eta efektiboak.

    2. Tafallako Udalari iradokitzea ezen, maila orokorreko aipatutako neurriez aparte, Udaltzaingoak, bizilagunek zarata salatzen dituzten kasuetan eta salaketa horiek oinarritutzat edo arrazoizkotzat jotzen direnean, sonometria probak egin beharrik gabe ere, lokal edo etxabeetako pertsonekin bitartekari lana egin dadila, eragozpenak amai daitezen edo, gutxienez ere, intentsitatea beheratu dadin.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Tafallako Udalak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gogorarazpena eta iradokizunak onartzen dituen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala haiek betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gogorarazpena edo iradokizunak ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia