Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/993/F); haren bidez Hezkuntza Sailari gomendatzen zaio kexaren egilea [...] BHIko kalitate arduradun postuan ez berritzeko erabaki arbitrarioa zuzendu dezan, haren ondorioz sortutako kalte-galerengatik dagokion ordaina emanez. Halaber, gomendatzen zaio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak berak salatutako gertakariei lotuta izapidetutako diziplina-prozedurari buruz emandako otsailaren 5eko 276/2015 Ebazpena jakinaraz diezaiola kexaren egileari.

2015 martxoa 17

Función Pública

Gaia: Falta de renovación de Comisión de Servicio.

Funtzio publikoa

Hezkuntza sailburua

Sailburu jauna:

 

  1. 2014ko azaroaren 27an [...] andereak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; haren bidez, kexa bat jarri zuen Hezkuntza Sailaren aurka, [...] BHIn, ikastetxean kalitate arduradun esleituta zeuzkan zerbitzu-eginkizunak ez berritzeko erabakiagatik, eta salatu zituen eta erabaki horretan eragin zuten zenbait jarduketari dagozkion erantzukizunak ez argitzeagatik.
  2. Jarraian, Hezkuntza Sailera jo nuen, sortutako arazoari buruzko argibideak eskatuz. Hezkuntza Sailak, eskaera horri erantzunez, 2014ko abenduaren 30eko data duen txosten hau egin zen:

    1. Zerbitzu-eginkizunak ez berritzeari dagokionez honakoa adierazi behar da:

      1. [...] andereak Iruñeko [...] BHIko kalitate arduradun zerbitzu-eginkizunak kentzeari buruz dioenari dagokionez, esan behar da, Hezkuntza Sailburuaren uztailaren 5eko 63/2013 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako kalitatea kudeatzeko sistemak garatu, ezarri eta aitortzeko baldintzak arautzen dituen SGCC 2013 Araua onartu zuenak, 10. artikuluan ezarri duenez, kalitate sareetan sartzen diren ikastetxeek kalitate arduradun klaustroko pertsona bat izendatzeko konpromisoa hartuko dute.

         

      2. Hortaz, ikastetxeetako zuzendaritzek egiten diote Prestakuntza eta Kalitate Atalari arduradun horiek izendatzeko proposamena eta, kargua har dezakeen destino finkoko pertsona bat eduki ezean, eurek egingo dute proposamena eurek izendatutako pertsonarentzako zerbitzu-eginkizunak emateko, pertsona hura behin-behineko destinoa edo beste ikastetxe batekoa izanda. Prestakuntza eta Kalitate Atalak Giza Baliabideen Zerbitzuari igortzen dizkio proposamen horiek, egokia bada, zerbitzu-eginkizun horiek onar ditzan.

         

      3. Kasu honetan, [...] andereak bere zioen azalpenean dioenean martxoan Kalitate Bulegoko buruaren deia jaso zuela, zerbitzu-eginkizunen berritzea sinatzeko, akats bat egiten du; izan ere, hark egun haietan sinatu zuen ados zegoela Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak [...] BHIko kalitate arduradun lanak burutzeko zerbitzu-eginkizunetan proposatzearekin, Prestakuntza eta Kalitate Atalaren esku dagoen eta erantsi den agirian islatu denez.

         

      4. Puntu horretan, garrantzitsua da esatea Giza Baliabideen Zerbitzuak ez zituela onartu ikastetxeetan kalitate arduradun lanak egiteko zerbitzu-eginkizunetarako proposamen guztiak eta eginkizun horien onarpena ez publiko egin ekaina arte.

         

      5. Garrantzitsua da, halaber, adieraztea egun horietan ohikoa dela zuzendari batek ikastetxe batean kalitate arduradun jarduteko zerbitzu-eginkizunetarako proposamenak atzera botatzea, ikastetxeak bete-betean ari direlako hurrengo ikasturterako irakasle taldeak diseinatzeko eta doitzeko, eta euren proiektuetarako arduradunak izendatzeko lan egiten. Adibidez, [...] BHIko zuzendariak 2014ko maiatzaren 23an atzera bota zuen bere proposamena, hiru egun lehenago, 2014ko maiatzaren 20an, beste ikastetxe bateko zuzendariak egin zuen.

         

      6. Bestalde, [...] anderearen adierazpena, maiatzaren 22an [...] BHIko zuzendariak Prestakuntza eta Kalitate Ataleko buruari berritzeko proposamena arrazoirik eman gabe atzera botatzeko eskatu ziola dioenean, gutxienez, okerra da; izan ere, zuzendariak arrazoiak eman zituen bere telefono deian, esanez ez zeudela pozik [...] andereak 2013/2014 ikasturtean kalitate arduradun egindako lanarekin.

         

      7. [...] andereak Hezkuntza Saileko kalitate arduradunei prestakuntzarik eta esperientziarik gabeko kalitate arduradun bat izendatzea onartzea leporatzen dienean, gogorarazi behar litzaioke 2012-13 ikasturtean BHI [...] BHIko kalitate arduradun izendatu zutenean, zerbitzu-eginkizuneko araubidean, ez zitzaiola bate berak aipatutako baldintza bakar bat ere.

         

      8. Hortaz, erabakia jakinarazita zegoenean zerbitzu-eginkizunak ez berritzea zuzenbidearen kontrakotzat jotzeko egin duen eskaeraren aurrean zehaztu behar da hori ez dela posible eginkizun horiek ez zirelako inoiz berritu.

         

    2. Erantzukizunak argitzeari dagokionez hau esan behar da:
      1. 2014ko ekainaren 2ko idazkiaren bidez [...] andereak Iruñeko [...] BHIn gertatutako zenbait gertakari azaldu ditu; haren ustez, gertakari horiek eragin dute bere zerbitzu-eginkizunak ez berritzea ikastetxeko kalitate arduradun eta haren ustez Iruñeko [...] BHIko zuzendariak, [...]k, egin dituen administrazio-jarduerek botere-abusuen eta ordenamendu juridikoaren kontrako zantzu nabarmenak dauzkate eta, besteak beste, egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko eskatu du.

         

      2. Ikastetxeko ikuskariak, salatutakoa ikusita eta behar ziren informazio izapideak egin ondoren, txostena egin zuen. Han, organo eskudunari, [...] jaunari ustezko falta astun batengatik diziplina-espedientea irekitzea proposatu zion, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen Diziplina Araubidearen Araudia onartu zuen ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretuaren 6 l) artikuluan araututakoaren arabera.

         

      3. Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendariak, bere oniritzia emanda, aipatu txostena bidali zion Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, eta hark diziplina-espedientea ireki zion [...] jaunari diziplina falta astun bat ustez egiteagatik, uztailaren 31ko 1791/2014 Ebazpenaren bidez.

         

      4. Egun aipatu espedientea izapidetzeko fasean dago eta, beraz, ez dugu ezagutzen haren emaitza.

         

      5. Argi dago, beraz, Hezkuntza Sailak, Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuaren eta Giza Baliabideen Zerbitzuaren bidez, kasu honetan administrazio-erantzukizunak argitzeko xedez jokatu duela, halakorik balego, […] andereak salatutakoari dagokionez. Hortaz, ezin da bat etorri [...] andereak kexa idazkian egindako adierazpenekin eta ukatu egin behar dira”.

         

    3. Txosten hori jaso eta kexa-espedientean sortutako arazoak ikusita, erakunde honek honako agiri osagarriak bidaltzeko eskatu zion Hezkuntza Sailari:
      1. Hezkuntza Saileko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 31ko 1791/2014 Ebazpenaren bidez irekitako diziplina-espedientearen kopia.

         

      2. [...] BHIko kalitate arduradunaren 2014/2015 ikasturterako izendapenaren espedientearen kopia (espedientean jasotako proposamena edo proposamenak, haien atzera botatzeak, halakorik balego, txostenak, izendapeneko ebazpena, eta abar).

         

    4. Eskaera horri erantzunez, 2015eko otsailaren 24an, honako txostena jaso zen:
      1. Hezkuntza Saileko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 31ko 1791/2014 Ebazpenaren bidez irekitako diziplina-espedientearen kopia erantsi da. Ebazpen horrek, 2015eko otsailaren 5ean, hura largetsi eta artxibatzea erabaki zuen.

         

      2. BHIko kalitate arduradunaren 2014/2015 ikasturterako izendapenaren espedientearen kopiari dagokionez (espedientean jasotako proposamena edo proposamenak, haien atzera botatzeak, halakorik balego, txostenak, izendapeneko ebazpena, eta abar), esan behar da Hezkuntza Sailak erabilitako prozeduraren barruan ez dagoela ikastetxeetako kalitate arduradunen berariazko izendapenik.

        Dagokion administrazio unitateak, kasu honetan Kalitate eta Prestakuntza atalak, kalitate arduradunerako ordutegi esleipena dagokien ikastetxeen zerrenda igortzen dio Hezkuntza Ikuskaritzari, ordu horiek hurrengo ikasturtean ikastetxearentzat behar den irakasle taldea ezartzeko unean zenbatuak izan daitezen. Ikastetxeak berak ezartzen du bere irakasleen artean zeinek beteko du ardura hori eta ordu horiek erabiliko ditu ikastetxean KKSaren ezarpena koordinatzeko. Hori dena Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe ez-unibertsitario publikoetan kalitatea kudeatzeko sistemak garatu, ezarri eta onartzeko baldintzak arautzen dituen Hezkuntza Sailburuaren uztailaren 5eko 63/2013 Foru Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera.

        Ikastetxeak zeregina burutzeko langile egokirik edo prest dagoenik ez badauka, orduan eskatu ahalko dira antolakuntza zioengatiko zerbitzu-eginkizunak ikastetxean kalitatearen koordinazioaz arduratzeko. Kasu honetan, zerbitzu-eginkizunen emakida da, ez kalitate arduradunaren izendapena (Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren 497/2014 Ebazpena, otsailaren 27koa, 2014-15 ikasturterako irakaskuntzako langile funtzionario ez-unibertsitarioen behin-behineko, praktiketako eta zerbitzu-eginkizunetako destinoak esleitzeko jarraibideak onartzekoa, I.-seigarren.- Oinarria). Hala, 2013-14 ikasturterako, [...] andereari zerbitzu-eginkizunak eman zitzaizkion Iruñeko [...] BHIko kalitate arduraduna izateko, baina 2014-15 ikasturterako orduak eta ardura ikastetxean destinoa duen irakasle bati ([...] jauna) esleitu zitzaizkion eta, beraz, ez zen beharrezkoa izan zerbitzu-eginkizunak eskatzea eta, ondorioz, ez dago izendapen formalik ez horri buruzko espedienterik.

        Bigarren hezkuntzako ikastetxeetako kalitate arduradunentzako 2014-15 ikasturterako orduen esleipena dakarren zerrenda erantsi da. Zerrenda hori 2014ko apirilaren 1ean igorri zion Kalitate eta Prestakuntza Ataleko Kalitate Bulegoak Hezkuntza Ikuskaritza Zerbitzuari. Han Iruñeko [...] BHIrentzat 6 ordu esleitu zirela ikus daiteke”.

    5. Islatuta geratu denez, [...] andereak kexatu egin da Hezkuntza Sailak 2013/2014 ikasturtera arte [...] BHIn ikastetxeko kalitate arduradun betetzen zituen zerbitzu-eginkizunak ez berritzeko hartutako erabakiagatik.

      [...] andereak argudiatu duenez, ikastetxeko orduko zuzendariak ez berritzea erabakitzeko egin zuen proposamena arbitrarioki eta boterea desbideratuz egin zen, 2014ko maiatzaren 21ean egin zen ebaluazio saio batean berak esan zuenaren aurreko erantzun gisa. Saio hartan zuzendari jaunaren alabak arlo batean izandako kalifikazioaz hitz egin zen.

      Kexaren egileak salatutako egitateei dagokienez, Ikuskaritza Zerbitzuaren proposamenaren ondorioz, Hezkuntza Sailak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 31ko 1791/2014 Ebazpenaren bidez, diziplina-prozedura bat ireki zuen, orduko zuzendariari egotz zekiokeen falta astun bat ustez egin izanagatik.

      Prozedura hori Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 5eko 276/2015 Ebazpena emanda amaitu da. Ebazpen horrek espedientea largesteko eta artxibatzeko agindu du.

    6. Aurretik, kexa-espedientean eskatu diren informazioa eta agiriak kontuan izanda, adierazi behar da, erakunde honen ebazpena, dagokion ikuskatze eginkizuna betez, [...] anderea [...] BHIko kalitate arduradun postuan ez berritzeko erabakiari buruz emango dela, haren legezko eskubideei eta interesei zuzenean erasan zien ekintza gisa.

      Halaber, erakunde honek bere iritzia emango du Hezkuntza Sailak ikastetxeko zuzendari ohiaren aurka izapidetutako diziplina-espedientean [...] andereak duen posizio juridikoari buruz, kexan, berak egin zuen salaketari Sail horrek erantzun ez ziola eta gertatu ziren erantzukizunak argitzeko neurririk hartu ez zela dioen heinean.

      Zehaztapen hori egin da, diziplina-espedientea eragin zuten egitateak ikusita, kexari interesatzen zaizkion ondorioetarako hura aztertu behar bada ere, erakunde honek ez duelako iritzirik emango aipatu espedientean hartutako erabakiaren zentzuari buruz.

      Halaber, esan behar da, administrazio prozedura bat eta bestea -diziplinakoa eta ikastetxeko kalitate arduraduna izendatzekoa- zuzentzen dituzten printzipio desberdinengatik, lehenengoan erabakitakoak (espedientea largestea) ez duela baldintzatzen bigarrenaren (interesduna ez berritzea) legezkotasuna. Bestela esanda: diziplina-prozeduraren esparruan, zeinean errugabetasun printzipioak agintzen baitu eta zeinean zalantza-benefizioa inputatuaren alde ebatzi behar baita, ikastetxeko zuzendariari diziplina-zehapenik ezarri behar ez zaiola ondorioztatzeak, ez dakar hark interesdunari zerbitzu-eginkizunak ez berritzeko hartutako erabakia legezkoa izatea edo abusuzkoa ez izatea.

    7. Eta, erakunde honen aburuz, azalduko diren zioengatik, zerbitzu-eginkizunak ez berritzeko erabaki hori arbitrarioa izan zen. Izendapena proposatzea ikastetxeko zuzendaritzari dagokiola eta hark hautatzeko edo hura egiteko iritzi askerako bidezko tarte bat daukala abiapuntu hartuta, kasu horretan hartutako erabakiaren justifikazio kualifikatua edo zergatiko sendoa eskatu behar da, bidezko hautagarritasunaren eremuaren beraren eta arbitrariotasunaren eremu galaraziaren arteko banalerroa egin ahal izateko.

      Elementu horiek, laburbilduta, hauek dira:

      1. Ikuskaritza Zerbitzuak adierazi duenez, 2014/2015 ikasturterako zerbitzu-eginkizunak eskatzeko ohiko epean, [...] andereak kargua betetzen jarraitzea proposatu zela. Hasierako proposamen horrek esan nahi du, egin zen egunean behintzat, ikastetxeko zuzendaritza, berariaz edo isilbidez, kalitate arduradunak jarraitzearen alde zegoela.

         

      2. Aurrekoari buruzko hasierako proposamena atzera botatzean edo irizpidea aldatzean, bai gertatu zen datengatik, zein gertatu ziren inguruabarrengatik, agintea desbideratzearen zantzuak egon zirela. Une honetan ez da beharrezkoa horretan sakontzea, azken batean, zantzu horiek egoteak eragin baitzuen diziplina-prozeduraren aurretik Ikuskaritza Zerbitzuak proposamen-txostena egitea eta hura zenbait hilez izapidetzea.
    8. Hezkuntza Sailak bidalitako informazioa eta agiriak aztertuta, erakunde honek ez du ikusi [...] anderea baztertzeko (zerbitzu-eginkizunak ez berritzeko) erabakiak beharrezkoak diren zergatiko eta justifikazioko baldintzak betetzen dituenik, kasuak behar duen sendotasunez eta, esan denez, arbitrariotasuna egin da.

      Hasteko, esan behar da, zinez deigarria dela, interesdunak egindako lanari jarritako eragozpenak, diziplina-espedienteak aipatzen dituenez, ikastetxeko kalitate arduradunaren aldaketa ekartzeko bezain garrantzitsuak baziren -erabaki horren ezaugarriengatik, konturen batean pozik edo ados ez egote hutsa ez da nahikoa edo erabakigarria hura ordezteko, kontua ez bailitzateke egindakoaren balorazio hutsa, aukera hobea bilatzea baizik-, zerbitzu-eginkizunak eskatzeko ohiko aldian hark jarraitzeko proposatzea eta 2014ko maiatzaren 21eko ebaluazio saioa igaro arte kontrako zentzuan ezer ez adieraztea (ikuskariak jakinarazi duenez, 21 horretan bertan goizean, bisita egin zuen ikastetxera, hurrengo ikasturteko plantillaren diseinua aztertzeko eta, ordutegien banaketan, kexaren egileak jarraitzen zuen kalitate arduradun). Arrazoizkoa dirudi ondorioztatzeak, ikasturte batetik gorako ibilbidea izanik, lehenago ohartarazpen, jakinarazpen edo antzekoren bat egon behar zela interesdunaren lanarekin pozik ez egoteari buruz, hala balitz.

      Deigarria da, halaber, hain zuzen ere, aipatu ebaluazioaren ondoren -kontuan izanda saio horretan nahigabetu zela zuzendaria interesdunarekin, trukatu zituzten mezuek agerian utzi dutenez- eskatzea eginkizunak atzera botatzeko, ikastetxeko zuzendariaren eta Kalitate eta Prestakuntza Ataleko buruaren arteko telefonozko elkarrizketan.

      Baina, arbitrariotasun hori egon zela ebatzi ahal izateko, ebaluazio saioan [...] andereak esandakoaren kausa-ondorio erlazioa frogatutzat jo ez arren eta, zuzendariak hura ezagututa, zerbitzu-eginkizunak berritzeko proposamena atzera botatzea (azken batean, agintea desbideratu izana frogatuta geratu ez arren), oso esanguratsua da ondoren gertatutakoa; izan ere, espedientean frogatuta geratu denez, zuzendariak, telefonoz, berriz eskatu zuen hari zerbitzu-eginkizunak emateko (maiatzaren 30ean) baina, orduan, Kalitate eta Prestakuntza Ataleko buruak adierazi duenez, orduan, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari galdetu ondoren, hura ez ematea erabaki zen, unitate teknikoek Giza Baliabideei zerbitzu-eginkizunak eskatzeko epea oso gaindituta zegoelako.

      Azken batean, agerian geratu da, lehenik, zerbitzu-eginkizunak berritzea proposatzeko eskumena duen organoak, ohiko datetan, jarraitzea proposatu zuela (lana normaltasunez edo nahi bezala betetzen ari zelako, suposatzen da); geroago, haren proposamena atzera bota zen (lehengo erabakitik aldentzeko inguruabar objektibo eta kualifikaturik sumatu gabe); eta egun batzuk geroago, berriz proposatu zen jarraitzeko aukera (suposatzen denez, une hartan ikastetxearentzat har zitekeen erabakirik onena uste zelako), baina, kanpoko arrazoi burokratiko bategatik, orduan ez zen bideragarria.

      Inguruabar horien arabera, egintza arbitrarioa izan zela ondorioztatu behar da; izan ere, proposatzeko, proposamena atzera botatzeko, eta atzera botatzea zuzentzeko eskatzeko jarduketek hala erakusten dute, eta ez dira arrazoi sendoz azalduta geratu hasierako proposamena atzera botatzeko arrazoiak.

      Diziplina-espedientearen ebazpenean adierazi denez, ikuskariaren arabera zuzendariaren jokabideak zenbait hutsune dauzka, baina aldi berean uste du ez duela zehatu ahal izateko legez kontrako ezer egin. Ondoren adierazi denez, pertsona jakin bat kalitate arduradun izendatzeko edo ez izendatzeko arbitrariotasuna egiaztatuko balitz, zehapen bat eztabaida liteke; izan ere, arauen arabera, ikastetxeak, zuzendariaren bidez, dauka kalitate arduraduna hautatzeko eginkizuna.

      Bada, erakunde honen ustez, kasu horretan, gertatu diren inguruabarretan, aipatu hutsune horiek, zuzendariaren diziplina-erantzukizuna ekarri ez arren (horretan ez gara sartu), arbitrariotasuna ekarri zuten hartutako administrazio erabakian, ez baita sumatu kongruentziarik ez arrazoizkotasunik hura eragin duen jokabidean.

      Horren ondorioz, Hezkuntza Sailari gomendatu behar zaio hartutako erabakiaren baliogabetasuna onar dezala eta interesdunari ordaina eman diezaiola [...] BHIko kalitate arduradun zeukan eginkizuna betetzetik arbitrarioki baztertua izanagatik (atzeko postu baterako berriz izendatuz, hala erabakiko balitz, kalte-ordain ekonomikoaren bidez, eta abar).

    9. Kexaren egileak diziplina-espedientean duen posizio juridikoari dagokionez, erakunde honen aburuz [...] andereak salatzaile kualifikatuaren posizioa du han, eta horrek eskubidea ematen dio espedientean parte hartzeko eta hartutako erabakien berri jasotzeko.

      Izaera hori dagokie, egitate batzuk salatuta eta zehapen eta diziplina ahalmena erabiltzeko eskatuta, zeinen aurka ofizioz baino ezin baita jo, kasuan kasu, prozeduraren helburuak eta bertan hartutako erabakiak bere eremu juridikoan eraginda gerta litezkeenei.

      Otsailaren 5eko 276/2015 Ebazpenean adierazi denez, diziplina-espedientean ebatzi beharreko kontua da Iruñeko [...] BHIko kalitate arduradunaren zerbitzu-eginkizunak ez berritzea orduan ikastetxeko zuzendaria zenak egindako mendekuko edo beste beste edozein bidegabekeria motatako egintza den.

      Diziplina-espedienteko gaia hori izanik, hemen ondoriozta daitekeen bakarra da [...] anderea bidezko interesduna dela bertan, salatzaile kualifikatua izanik, esan bezala.

      Esan denez, diziplina-erantzukizunik ez egoteak, berez, eginkizunak ez berritzearen baliozkotasuna ez badakar ere, kontrakoa ez da gertatzen: erabaki beharreko gaiari buruz baiezko ebazpena eman balitz eta, beraz, diziplina-erantzukizuna ebatzi balitz, derrigorrez eta automatikoki ebatzi behar litzateke ez berritzeko erabakiaren baliogabetasuna, agintearen desbiderapenagatik.

      Hortaz, [...] andereari interesduna dela onartu, eta hartutako erabakiaren berri eman behar zaio.

    10. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan ahalmenak betez, honakoa jo dut egokitzat:
      1. Hezkuntza Sailari gomendatzea kexaren egilea [...] BHIko kalitate arduradun postuan ez berritzeko erabaki arbitrarioa zuzendu dezala, haren ondorioz sortutako kalte-galerengatik dagokion ordaina emanez.

         

      2. Hezkuntza Sailari gomendatzea Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak berak salatutako gertakariei lotuta izapidetutako diziplina-prozedurari buruz emandako otsailaren 5eko 276/2015 Ebazpena jakinaraz diezaiola kexaren egileari.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, Hezkuntza Sailak, derrigorrezkoa denez, gehienez bi hileko epean jakinarazi beharko du gomendioak onartzen dituen eta, hala balitz, haiek betetzeko hartu dituen neurriak. Legezko manu horretan xedatutakoaren arabera, gomendioak ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari 2015. urteari buruz azalduko zaion urteko txostenean sartzea ekar dezake, posible zela uste denean aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa berariaz aipatuz.

Erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia