Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: Disconformidad con liquidación del Impuesto de Plusvalía.
Ogasuna
Fontellasko Udaleko alkatea
Alkate jauna:
Ondoren, Fontellasko Udalera jo nuen eta kexaren berri eman nion. Hala, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatu nion.
2014eko abenduaren 5ean, udal txostena jaso nuen eta kexa espedientean sartuta ageri da.
2014ko abenduaren 22ko idazkiaren bidez, erakunde honek kexan azaldutako gainbalioaren zergaren likidazioari buruzko administrazio espedientearen kopia eskatu zion Fontellasko Udalari, zerga hau sortzen duen negozio juridikoari buruzko dokumentazioaz gain.
Eskatutako dokumentazioa 2015eko urtarrilaren 20an jaso zen.
Kexan ageri den gaia honakoa da: […] etxebizitzen sozietate kooperatibo mugatuak […] andreari eta […] jaunari emandako etxebizitza esleipenak gainbalioaren zerga bete behar ote duen, Nafarroako Toki Ogasunen Foru Legeko 172. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera.
Foru Lege horretako 172. artikuluaren arabera, hirilurren balio igoeraren gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, lur horiek izaten duten balio igoera kargatzen duena, igoera hori agerian geratzen denean lur horien jabetza edozein tituluren bidez eskualdatzearen edo lur horiek erabiltzeko edozein eskubide erreal (jabaria mugatzen duena) sortu edo eskualdatzearen ondorioz.
Azaldutako gaiari dagokionez, hots, esleipen egintza zergapean dagoen ala ez zehazteari dagokionez, Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenaren 1993ko uztailaren 1eko epaiak honakoa dio:
Auzigaia zera da, ea etxebizitzak eta garaje plazak kooperatiba bateko kideei esleitzea hirilurren balio igoeraren gaineko zergaren menpe dagoen ala ez. Eztabaida horretan, bada, Jurisdikzio Auzitegi honek zergapean ez egotearen aldeko irtenbide bat hartu du hainbat aldiz. Postura horren jatorria, funtsean, Madrilgo Lurralde Audientzi iraungiko lehen areto zaharraren 1988ko apirilaren 12ko epaia da eta edukitik azpimarratzekoa da autoen negozio juridikoa ez dela salmenta eragiketa bat, baizik eta kooperatibistari egindako esleipen bat, kooperatibari egindako bere ekarpenen kontraprestazio gisa. Ondorioz, ezin da parekatu kontratu horrekin, zergaren ondoreetarako, zentzu hertsian ez baitago prezio bat, gainbalioaren saltzaile onuraduna falta delako, hemen ez baitago halakorik, etxebizitza ahalgin komun baten eta ondasun ekarpen baten ondorioz egin baita, eskuratuko den emaitza zehatza lortzeko. Eta horrek, irabazi asmoko zioa gizarte kooperazioko xede batez ordezkatzen denez, zerga tratamendu desberdina merezi du, ukitzailearen aldean. Hala ere, argitu beharra dago aztertutako kasuak ez duela hobaririk eta salbuespenik hartzen, zergapekoa ez den kasu bati buruz ari baikara, eta, nahiz eta berez ez den berariaz jasotzen 1959-5-9ko Kooperatiben Zerga Estatutuko 11. artikuluan, ez eta tokiko legediko arauketan ere ez, ez dela zergapekoa udal zerga hori osatzen duten funtsezko elementuak falta direlako; besteak beste, kargatu daitekeen balioaren eskualdaketa eta igoera. Izan ere, esleipenari zerga aplikatuko balitzaio, karga eskuratzaileak berak ordainduko luke, kooperatibaren zati alikuotaren titular gisa, eta horrek agerian uzten du ustez gainbalio hipotetiko baten onura jaso duen beste hirugarren baten irabazi asmoa falta dela. Arrazoiketa horiek guztiak berariaz eta behin eta berriz baietsi ditu Auzitegi Gorenak, besteak beste 1990eko urtarrilaren 29ko, ekainaren 11ko eta uztailaren 2, 3 eta 9ko epaietan ( RJ 1990\385, RJ 1990\4835, RJ 1990\6498, RJ 1990\1397 eta RJ 1990\5982), berrikusteko aparteko errekurtsoen ondorioz emandakoetan, eta, horietan, aztertutako udal zerga aplikatu ahal izateko baldintza edo elementuen beharrezko izaera saihestezina azpimarratzen da, bai 1955-6-24ko Toki Araubideko Legeko araudiaren arabera ( RCL 1955\957; RCL 1956\74, 101), bai abenduaren 30eko 3250/1976 Errege Dekretuaren arabera ( RCL 1977\224 eta ApNDL 6999) .
Erakunde hau ados dago aipatu epaian egindako arrazoiketarekin eta kexan azaldutako kasua zergapean ez dagoela uste du.
Jasotako informazioaren arabera, Fontellasko Udalak kide ez jatorrizkoak izategatik kargatu zien zerga interesdunei. Hala, kexaren harira igorritako udal txostenean honakoa azaldu da: kasu zehatz honetan, jatorrizko bazkide kooperatibista izaera jabetza eskualdatu duen sozietate kooperatibo bateko hirugarren bati eskualdatzeak jabetza eskualdatzea eragin du eta gertaera hori, bere horretan, zergapean dago, 172. artikuluaren arabera.
Erakunde honen ustez, bazkide kooperatibistaren izaera eskualdatzeak ez du lursailen jabetza eskualdatzea eragiten, eta, ondorioz, egoera hori ez da erabakigarria gainbalioen udal zergaren ondoreetarako. Bazkide izaera eskualdatzean, titulu horren eskuratzailea aurreko bazkidearen posizio juridikoan subrogatzen da, sozietate kooperatibo bateko partaideen berezko eskubide eta betebeharrei dagokienez, baina, berez, ez du translaziorik eragiten lursailen titulartasunari dagokionez.
Etxebizitza esleitzeko egintza da titulartasuna aldatzea eragiten duena, baina, egiaztatu denez, ez du gainbalioa zergapean jartzen, zerga egitate hori osatzen duten funtsezko elementuak falta direlako. Eta esleipen egintza hori, sozietate kooperatiboaren eta bazkidearen artean ematen dena, izaera berekoa da jatorrizko bazkideen kasuan eta jatorrizkoak ez diren bazkideen kasuan, bigarrenak lehenengoen ordez jarduten baitute eskubide eta betebeharretan.
Hau da, azken finean, gauza bat da kooperatibaren barruan bazkide batek beste bat ordezkatzea subjektiboki, eta, beste bat, oso desberdina, kooperatibaren etxebizitza bat bazkide bati esleitzearen ondoriozko eskualdaketa objektiboa, bazkidea, une horretatik aurrera, ondasunaren jabe bihurtzen delarik.
Horrenbestez, zerga likidazioaren egintza indargabetu eta ondorerik gabe uzteko eta interesdunei horren harira jasotako zenbatekoa itzultzeko gomendatzen da.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:
Fontellasko Udalari gomendatzea kexan aipatu den hirilurren balio igoeraren gaineko zergaren likidazioa indargabetu eta balio gabe utz dezala, eta, ondorioz, kontzeptu horren zioz bildutako zenbatekoa itzul dezala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Fontellasko Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.
Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.
Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia