Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/985/I); horren bidez, Iruñeko Udalari gomendatzen zaio indarrik gabe utz dezala kexaren xedea den ibilgailua erretiratzeko egintza eta, horrenbestez, interesdunari itzul diezaiola kontzeptu hori dela-eta ordaindutakoa.

2015 urtarrila 02

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Disconformidad con retirada de su vehículo y multa

Trafikoa

Iruñeko alkatea

Jaun hori:

  1. 2014ko azaroaren 21ean, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; horren bidez, kexa egiten zuen Iruñeko Udalaren aurka, udal garabiak ibilgailua erretiratu ziolako.

    Idazki horretan, honakoa azaldu zidan:

    1. 2014ko azaroaren 20an, 8:30ean, ibilgailua Pio XII.a etorbidean aparkatu zuen, 1. zenbakiaren parean.

    2. Egun hartan lanean hari zen eta bezero bati bisita egitera zihoan. Presak zirela eta, ahaztu zitzaion ibilgailuan eremu urdinaren ticketa jartzea; hori dela eta, huts-egite horretaz konturatu zenean, 11:00ak aldera, ibilgailua aparkatuta zeukan tokira joan zen. Ibilgailua jada ez zegoen bertan, zeren eta udal garabiak gordailura eramana baitzuen.

    3. Proportzio gabekotzat hotzen zuen garabiak erretiratzea zuzen aparkatuta zegoen ibilgailua eta erretiratze horrengatik ehun euro ordaindu behar izatea.

    4. Arrazoizkotzat jotzen zuen isun bat jartzea ticketa ez jartzeagatik, baina ez ibilgailua gordailura eramatea eta kontzeptu horrengatik ehun euro gehiago ordaindu behar izatea.
  2. Horren ondotik, Iruñeko Udalera jo nuen, kexaren berri emateko, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

    Jasotako udal txostenean, honakoa aipatzen da:

    "Azaroaren 20an, salaketa bat jarri zitzaion 8249GLR matrikula duen ibilgailuari, Pio XII.a etorbidean, 1. zenbakiaren parean, ticketik gabe aparkatzeagatik.

    Garabiak ibilgailua udal gordailura erretiratu zuen.

    Ez da bidezkoa [...] jaunak, bide publikotik ibilgailua erretiratzeagatik, ordaindutako 100,00 euroak itzultzea, zeren eta ibilgailuaren erretiratze hori egin baitzen Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legeko 85.1.g) artikuluan xedatuaren babesean".

  3. Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legeko 85.1 artikuluko g) letra, Iruñeko Udalak aipatutakoa, honakoa dio ibilgailuak erretiratzeari eta gordetzeari buruz:

    1. Trafikoa kudeatzeko ardura duten agintariek ibilgailua kaletik kendu eta horretarako egokitutako biltegian gorde ahal izango dute, behartuta dagoenak egiten ez badu, honako kasu hauetan:

    (...)

    g) Udal-agintariek aparkaldi mugaturako prestatutako tokietan ibilgailua aparkatuta dagoenean, baldin eta baimena ematen dion ezaugarria jarri gabe badauka, edo udal-ordenantzetan ezarritakoarekin bat etorriz ordaindutako denboraren bikoitza gainditzen badu".

    Erakunde honek, kexan adierazitakoa eta udal txostenean aipatutakoa ikusita, jotzen du ez direla gertatzen legeak, ibilgailuak erretiratu eta gordetzeari dagokionez, exijitzen dituen elementuak. Ez du ematen ibilgailua eremu mugatu batean aparkatzeak, hori baimentzen duen ticketik eduki gabe, arau-hauste administratibo bat izanda ere, justifikatzen duenik, gutxienez ere baldintza arruntetan –inguruabar berezirik gabe: trafikoa eragoztea, denbora desproportzionatua izatea edo besterik, udal txostenean aipatzen denez– garabi zerbitzuak, besterik gabe, ibilgailua udal gordailura eraman dezan, herritar ukituari ibilgailua erretiratzeko aukerarik eman gabe.

  4. Aipatu beharra dago ezen, erretiratzearen kasua gertatzen den kasuetan ere [esate baterako, aipatutako arauko g) letran aipatutakoan], ibilgailuak bide publikotik erretiratzea ez dagoela pentsatuta agintariarentzako betebehar bezala, zirkulazio-arauen ez-betetzearen ondorio sasi automatiko bezala, baizik eta aukerako zerbaiten gisara, berariazko justifikazioaren pekoa, betiere beharra duenak egiten ez duen kasuetan.

    Arestian aipatutako araua kokatuta dago legean behin-behineko neurriak arautzen dituen zatian, eta hori garrantzitsua da haren esanahia eta xedea zehazteko garaian. Gai hori aipatu izan du erakunde honek beste bi kexa espedientetan honakoa esanez:

    "Ibilgailua erretiratzeko neurria, zehapen prozedura baten esparruan har daiteken behin-behineko neurri gisa, honakoek mugatzen dute: kautelazko izaera duten erabakiak hartzea gidatzen duten printzipio informatzaileak erabaki horien xedea da prozeduraren amaiera egokia bermatzea, legezkotasuna halabeharrez babestea edo hirugarrenen interes orokorra edo eskubideaketa, oro har, mugatze jarduera administratiboa edo polizia-jarduera informatzen duten printzipioak horien artean daude proportzionaltasunarena eta norbanakoen askatasuna edo favor libertatis ahal den gutxiena murriztearena.

    Aurrekoa esan dugu zeren eta, nahiz eta Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legeak ibilgailua erretiratzeko aukera jasotzen duen kautelazko neurri gisa, mugatuko eremuetan ticketik jarri gabe aparkatze kasuetarako, aurreikuspen horretatik, berez, ez baita eratortzen erretiratzea legezkoa izan dadila.

    Ibilgailua erretiratzeko legezko kasu bat egotea bete beharreko baldintza da ibilgailua erretiratzeko, baina ez da behar adinako baldintza, zeren eta kautelazko neurri bat denez, ibilgailua erretiratzeko gertatzen diren inguruabarrak baloratu behar baitira, horrela ezaugarri horiek dituen neurri bat gomendagarri egiteko, berehalako eragin juridiko eta materialekin.

    Herri-administrazioaren araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeak, 54. artikuluan, behin-behineko neurriak motibatzea exijitzen du, haien izaerarako eta xederako berezkoa denez, eta horrek kasuan gertatzen diren inguruabarren balorazio bat dakar berarekin: bateraezina da hori esparru horretan aplikazio tasatu edo arautua egitearekin.

    Horri dagokionez, jurisprudentziak behin eta berrik gogorarazten du proportzionaltasunaren printzipioa behin-behineko neurriak hartzeko muga materiala dela, eta, bide horretan, Konstituzio Auzitegiak deklaratu du behin-behineko neurri desproportzionatu eta arrazoigabe batek, gehiegizkoa izateagatik, zehapen izaera duela (esate baterako, STC 104/1995)".

  5. Aztergai dugun kasuan, ibilgailua bide publikotik erretiratzeko neurria babestuko luketen inguruabar berariazkoak justifikatu ez direnez, eta interesdunari aukerarik eman ez zaionez ibilgailua bere borondatez erretiratzeko, bidezkoa da gomendatzea eraginik gabe utz dadila kexaren xede den jarduera administratiboa.

  6. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:

    Iruñeko Udalari gomendatzea indarrik gabe utz dezala kexaren xedea den ibilgailua erretiratzeko egintza eta, horrenbestez, interesdunari itzul diezaiola kontzeptu hori dela-eta ordaindutakoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Iruñeko Udalak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendioa onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia