Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/980/E); horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatzen zaio kexa-egileak eskatutako egoitza-beka eman dezan, hezkuntza bereziko zentro batean semeak daukan egoitza-araubideari dagokiona.

2015 urtarrila 13

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Desacuerdo con denegación beca transporte a alumno discapacitado.

Hezkuntza eta irakaskuntza

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2014ko azaroaren 19an [...] andreak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; haren bitartez, kexa egiten zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, bere semeari egoitza-beka bat ukatu diotelako (Hezkuntza kontseilariaren urriaren 30eko 110/E/2014 Foru Agindua).

    Idazki horretan, honakoa azaldu zidan:

    1. Seme bat dauka, [...] jauna, hamabost urtekoa, % 73ko adimen-ezgaitasuna duena. Daukan familia-egoera zaila dela eta, ikasketak egoitza-araubidean egiten ari da, Isterria hezkuntza bereziko zentroan.

    2. 2013ko azaroan, semearentzako garraio- eta egoitza-beka bat eskatu zuen, baina ukatu egin zioten, zeren eta eskola autobusean joan baitaiteke egunero zentrora.
    3. Ezezko horrekin ados ez zegoenez, erreklamazio bat aurkeztu zuen, eta garraio-beka eman ziotela jakinarazi zioten. Egoitza-beka, ordea, aurrez azaldutakoarengatik ukatu zioten.

    4. Horren aurrean, gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuen, argudiatuz familia-egoera zela-eta semeak, ezinbestez, astelehenetik ostiralera zentroan geratu behar zutela. Errekurtsoa ezetsi egin zen, zeren eta egoitza-bekaren izaerari berezkoa baitzaio soilik eman dakiokeela bere ohiko bizitokia kokatuta dagoen herritik edo udalerritik abiatuta ezin gaindituzko zailtasunak dituenari egunero bere ikastetxera joateko.
    5. 2013/2014 ikasturterako Hezkuntza Bereziko beka eta laguntzen deialdia onetsi zuen urriaren 581/2013 Ebazpenean, ez zen arrazoi hori jaso; hori dela eta, bere iritziz, deialdiaren oinarriak ez dira zuzen aplikatzen ari. Ikasturte honetako deialdian, egoitza-beketarako irizpidea aldatu da, eta gehitu da 1.800 euro bitarteko bekak emanen direla egoitzarako, ikastetxetik bizitokira dagoen distantzia 20 kilometrotik gorakoa denean.

    6. 2013/2014 ikasturterako deialdian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzte; beraz, beka eman egin behar zaie.
  2. Horren ondotik, Hezkuntza Departamentura jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

    Jasotako txostenean, honakoa esaten da:

    "Nafarroako Arartekoaren 2014ko azaroaren 24ko idazkiari erantzuteko Q14-980-E espedienteari dagokio eta [...] andreak aurkeztutakoa da, zeren eta ez baitago ados bere semeari egoitza-beka ukatu izanarekin, Hezkuntzako kontseilariaren urriaren 30eko 110E/2014 Aginduaren araberaeta dagokion zerbitzuak emandako txostena ikusita,

    JAKITERA EMATEN DUT:

    • Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren azaroaren 5eko 576/2014 Ebazpenaren bidez 2014/2015 ikasturterako Hezkuntza Bereziko beka eta laguntzen deialdia onetsi zen. Laugarren oinarriko 1.c) idatz-zatian laguntza horren gehieneko zenbatekoa ezartzen da, bai eta familiaren etxetik ikastetxera gutxienez 20 kilometro egon beharko dutela.

    • Nahiz eta urriaren 30eko 581/2013 Ebazpenaren bidez 2013/2014 ikasturterako Hezkuntza Bereziko beka eta laguntzen deialdian kilometroak ez diren zehazten, ezin da horregatik ondorioztatu ezen, kexa-egileak bere idazkiaren f) letran ondorioztatzen duenez, horregatik egoitza-bekaren onuradun izan behar duela.

    • Egoitza-bekaren kontzeptuan, urriaren 30eko 110E/2014 Foru Aginduan adierazi bezala, egoitza-bekaren izaerari berezkoa zaio soilik eman dakiokeela bere ohiko bizitokia kokatuta dagoen herritik edo udalerritik abiatuta ezin gaindituzko zailtasunak dituenari egunero bere ikastetxera joateko. Hau da, ez du egoitza-bekarako eskubidea izanen etxea eta ikastetxea hurbil izan eta ibilbide hori bere irismenean dagoen garraiobideren baten bitartez egin dezakeenak; horrenbestez, bi elementu uztartzen dituen beka da: etxearen eta ikastetxearen arteko distantzia eta bi toki horien arteko joan-etorria modu arrazoizkoan eta logikoan egiteko aukera egotea.

    • 2013/2014 ikasturterako Hezkuntza Bereziko beka eta laguntzei buruzko urriaren 30eko 581/2013 Ebazpenaz onetsitako deialdiko Balorazio Batzordeak irizpide hori, objektiboa dena eta egoitza-bekak berezkoa duena, bere egin du eta aplikatu du, hala behar baitzuen.

    • Bereziki, aztergai dugun kasuan, non ikastetxea Iberon dagoen eta familiaren etxea, berriz, Iruñean, Balorazio Batzordeak jo zuen beka ezetsi beharra zegoela, zeren eta ulertu baitzuen ikaslea egunero eskola-autobusean joan daitekeela ikastetxera.
  3. Jaso den bezala, kexa aurkeztu zen [...] jaunari egoitza-beka bat ukatu zitzaiolako; izan ere, astelehenetik ostiralera Isterria hezkuntza bereziko zentroan barnetegi araubidean dago.

    Interesdunaren ama den kexa-egileak argudiatu du deialdian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela, eta semea egoitza-araubidean egotearen erabakia familia-egoera ahulari dagokiola. Horri dagokionez, espediente administratiboan jasota dagoen gora jotzeko errekurtsoan aipatzen du [...] jokabide zaila duen haur bat dela –neuropediatriako txosten bat dator erantsita, hori berresten duena– eta senarra, berriz gaixo dagoela (nefropatia diabetikoa), dialisian hasteko puntuan. Inguruabar horiek, semearen sendotasuna eta amaren gaitasun fisiko ahuldua erabakigarriak izan ziren mutilak ikasketak egoitza-araubidean egin zitzan.

    Bere aldetik, Hezkuntza Departamentuak ukatzen du beka jasotzea dagokionik, transkribatutako txostenean azaltzen diren arrazoiak direla eta.

  4. Erakunde honen ustez, laguntzen deialdian berariaz ezarritako baldintzak betetzen direnez –Hezkuntza Departamentuak inongo eragozpenik ez du horri buruz–, bidezkoa da kasu honetan eskatutako egoitza-beka ematea.

    Nahiz eta, oro har, onar daitekeen laguntzaren xedeak inplizitu edo berezko dituen baldintza batzuk badaudela, baldintza horiek eskubideaz baliatzeari begira aldekoena den moduan interpretatu behar dira. Hartara, onargarri diren interpretazioak bat baino gehiago diren arren, xede horri begira, eskubide horretarako onuragarriena edo babesgarriena dena hautatu beharra dago.

    Aurrekoa esanda, erakunde honek uste du egoitza-laguntzaren funtsak izan behar duela ez hainbeste etxetik ikastetxera dagoen distantzia fisikoa edo eskola-garraioarekin joan-etorri hori egin ahal izatea (nahiz eta aitortzen dugun irizpide horiek oso esanguratsuak eta kontuan hartzekoak direla), baizik eta ikaslearen eta haren familiaren inguruabarrak, zeinek, arrazoi justifikatuak tarteko –dela distantziengatik eta eskola-garraioaren ibilbideengatik, dela garrantzia duten beste arrazoi batzuengatik– beren burua premiatua ikusten baitute ikaslea egoitza-araubidean egon dadin, eskola-eraginetarako.

    Aztergai dugun kasuan, justifikazio hori gertatzen da, zeren eta deskribatutako familia-egoeraren aurrean, ulergarria baita ikaslea ikastetxean egoitza-araubidean egon dadin astelehenetik ostiralera; izan ere, hori egokia izan daiteke ikaslearentzat eta kasuaren inguruabarrek horretara eramaten dute.

  5. Hemen aldezten dugun interpretazioa, egoitza-beka ematearen aldekoa, hobeki uztartzen da, erakunde honen iritziz, ezgaitasuna duten pertsonen babesa orientatzen duten konstituzio- eta lege-printzipioekin (Konstituzioko 49. artikulua), bai eta familien eta haien seme-alaben babes osoarekin (Konstituzioko 39. artikulua) eta botere publikoei dagokien hezkuntzaren eskubideaz guztiz baliatu ahal izateko bermearekin ere (Konstituzioko 27. artikulua).

  6. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:

    Hezkuntza Departamentuari gomendatzea kexa-egileak eskatutako egoitza-beka eman dezan, hezkuntza bereziko zentro batean semeak daukan egoitza-araubideari dagokiona.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia