Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Disminución de cuantía de ayuda a la dependencia.
Gizarte ongizatea
Gizarte Politiketako kontseilaria.
Kontseilari jauna:
2014ko azaroaren 17an, erakunde honek [...] andreak aurkeztutako idazki bat jaso zuen. Haren bitartez, kexa bat aurkezten zuen Gizarte Politiketako Departamentuaren aurka, bere amari aitortutako egoitza-arretaren zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa berriz ere gutxitzeagatik (Azaroaren 5eko 4677/2014 Ebazpena, azaroaren 5ekoa, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearena).
Aurkeztutako idazkiak aurrekari gisa zuen 14/594/B espedientea, zeinaren xedea baitzen kexa aurkeztea Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 9ko 2016/2014 Ebazpena zela-eta; izan ere, ebazpen horrek aldatu egiten zuen egoitza-arretaren zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa, zeina 1.048,57 eurokoa izatetik 627,30 eurokoa izatera pasatzen baitzen. Honakoa zioen idazkiak:
Kexa-egilearen amak ebazpen bat jaso berria zuen; haren bidez, prestazio ekonomikoa gutxitzen zitzaion, eta 558,55 eurokoa izatera pasatzen zen.
Prestazioa berraztertzearen arrazoia mendetasun-graduaren aldaketa zen.
Interesduna mendetasun larria izatetik mendetasun handia izatera pasa da. Hala eta guztiz ere, mendetasun-gradua handituta ere, laguntza jaitsi egin diote.
Hain zuzen ere, gomendatu zitzaion gradua berrazter zezala prestazioaren aipatutako gutxitze hori arintzeko modu gisa.
Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren arabera, horren arrazoia zen egoitza-toki itundu batengatik ordaindu beharreko kopurua bera dela, bai mendetasun handia duen pertsona batentzat, bai mendetasun larria duenarentzat ere, eta, hala eta guztiz ere, erabiltzaileak egin beharreko ekarpena handiagoa dela mendetasun handia dutenen kasuan.
Horren ondotik, Gizarte Politiketako Departamentura jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.
2015eko otsailaren 3an, Gizarte Politiketako Departamentuaren txostena jaso zen, non honakoa azaltzen batiken:
"Zure erakundeak egindako eskariari erantzunez, [...] andreak aurkeztutako Q14/972/B kexa-espedientean, non desadostasuna agertzen baitzuen bere amari, [...] andreari, aitortutako egoitza-arretaren zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jaitsi zitzaiolako, 2015eko urtarrilaren 20an igorritako erantzunean erakundeak egindako gomendioei buruz aipatutakoa berretsi beharrean gaude (Q14/594/B espedientea) –kexa hori, izan ere, interesdunak berak planteatu zuen–; izan ere, bertan, bigarren espediente honen arrazoi erabakigarri moduan, honakoa aipatzen zen:
"Zerbitzuari lotutako prestazioaren kopurua gutxitzeari dagokionez, Arartekoak jotzen du ezen, gutxienez ere, 2014ko aldaketara arte ordaintzen zen prestazioari eutsi beharra zaiola, eta onartezina dela urtarrilaren 31ko 78/2013 Foru Aginduan kalkulurako ezarritako irizpidea, kasu honetan aplikatu dena; izan ere, kaltetu egiten du egoitza-arretarako eskubidearen izaera bermatua.
Emandako prestazioaren zenbatekoaren aldaketa urtarrilaren 31ko 78/2013 Foru Aginduaren onespenetik heldutako araudiaren aldaketak dakar; foru agindu horren bidez, zerbitzuari 2014rako lotutako prestazioen zenbatekoa ezartzen da.
Prestazioaren aitorpenak babes dueneko araudiaren aldaketa titulu nahikoa da zenbatekoaren berrikuspenerako; horri ezin zaio eragozpen gisa jarri segurtasun juridikoaren printzipioa betetzea, eta hura ez aplikatzeak ez luke ekarriko berdintasun-printzipioaren haustura.
Berrikuspen hori gaitzen duen arrazoi juridikoa, zeina Arartekoaren ustez ez baita existitzen, arauaren aldaketa bera da. Aitortutako prestazioa eta haren zenbatekoa ezin dira hartu, hartara, eskubide subjektibo mugiezinaren gisara, hain zuzen ere euskarri duen arau-esparruan modu independentetzat jota izateko. Pentsa dezagun, esate baterako, zer gertatuko litzatekeen baldin eta prestazioaren araudi erregulatzailea indarrik gabe utziko balitz.
Hori guztia dela eta, ikusita prestazioak kalkulatzeko ezarrita dauden arauak aldatu direla, haien kopurua berraztertu beharra dago, eta prestazioaren onuradun guztien berdintasuna bermatze aldera, Departamentu honek ezin du bere egin erakundeak egindako gomendioa.
Horixe da informatu beharrekoa."
Azaldu den bezala, kexa-egileak dio ez dagoela ados bere amak, [...] andreak, egoitza-arretaren zerbitzua dela-eta jasotzen duen prestazio ekonomikoa berriz gutxitzearekin. Gutxitze hori heldu da Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen azaroaren 5eko 4677/2014 Ebazpenetik.
Kexa honen aurretiko espedientean sortutako gaien abstrakzioa eginez (haien xedea zen Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 9ko 2016/2014 Ebazpena) –espediente horretan, erakunde honek bi gomendio egin zituen, Gizarte Politiketako Departamentuak onartu ez zituenak–, oraingo kexa hau dakarrena da ezen interesdunaren mendetasun gradua handitu ondoren, araudi bera aplikatuta (78/2014 Foru Agindua), prestazioa jaitsi egin zaiola.
Gizarte Politiketako Departamentuak emandako txostenak gai horri buruzko iritzia ematen du, eta 78/2014 Foru Aginduaren aplikagarritasuna dela-eta aurreko gomendioei buruz adierazitako irizpidea berrestera dator.
Erakunde honen ustez, kexaren xede den ebazpenak arbitrariotasuna du, zeren eta, araudi bera aplikatuta, eta soilik mendetasun-graduaren aldaketa zio hartuta, gertatzen baita gradu hori handitzearen ondotik prestazioaren gutxitzea datorrela.
Hau da, ezer ere aldatu gabe –ez aplikatzekoa den esparru juridikoa, ez eta prestazioan eragiten duten edo eragin dezaketen gainerako inguruabarrak–, interesdunak laguntza handiagoa behar izateak, mendetasuna handitzeak beraiekin dakarte laguntza gutxitzea, eta horrek, egiazki, mendetasunaren arloko legediaren logika hausten du.
Ebazpenak suposatzen du, materialki, reformatio in peus delakoa dakar, zeina debekatuta baitago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 89.2 artikuluan debekatuta baitago; izan ere, interesdunaren eskariaren karietara –laguntza handitzeko eskaria izan zen, mendetasun gradu handiagoa izateagatik– prestazioaren gutxitzea baitator, hain zuzen ere gradu-aldaketa horretan bertan oinarrituta.
Gizarte Politiketako Departamentuak ondoz ondo hartutako erabakien emaitza gisa –aurrekarietan aipatu ditugu horiek–, [...] andreak, zeinak 2014ko hasieran 1.048,57 euroko prestazioa baitzuen aitortuta, urte beraren amaieran, mendetasun aitortu handiagoa edukita ere eta hari dagozkion gainerako inguruabar subjektiboetan aldaketarik gertatu gabe, 558,55 euroko prestazioa aitortzen zaio orain.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:
Gizarte Politiketako Departamentuari gomendatzea baliogabetu eta indarrik gabe utz dezan kexaren xede den ebazpena, zeinak gutxitu egiten baitu mendetasun larria izatetik mendetasun handia izatera iragan den pertsona baten prestazioa.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Gizarte Politiketako Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendioa onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioak ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Nafarroako Arartekoa
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia