Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Denegación a Asociación remisión convocatorias Pleno.
Eskubideen sustapena
Mendabiako alkatea
Alkate andrea:
2014ko azaroaren 17an Mendabiako [...] bizilagunen elkarteko [...] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso nuen. Haren bidez kexa bat aurkeztu zuen Mendabiako Udalaren aurka, toki entitateko kide anitzeko organo guztien saio publikoen deialdiak igortzeko eskariari ezezkoa emateagatik.
Kexa-idazki horretan, honakoa azaldu zidan:
Urriaren 27an, Mendabiako Udalean, eskari bat aurkeztu zuten, Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuan oinarritua. Haren helburua zen beren etxeetan publikoak diren kide anitzeko organoen deialdiak jasotzea.
Eskariari ezezkoa eman zaio, zeren eta buru deneko elkartea ez baitago izena emanda Bizilagunen Elkarteen Udal Erregistroan. Eta hala egin da nahiz eta aitortzen den erregistro hori sortu gabe dagoela; horrenbestez, Mendabiako udalak adierazi bezala, aipatutako erregistroa sortzeko ezarritako lege-izapideak hasiko dira.
Horren ondotik, Mendabiako Udalera jo nuen, kexaren berri emateko, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.
Mendabiako Udalak eskatu zaion txostena igorri du. Haren edukia bat dator kexa-egileari emandako erantzunarekin, eta berretsitzat ematen da.
Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 72. artikuluaren arabera, toki-korporazioek lagundu egiten dute auzotarren interes orokorren edo arlokoen alde egiten duten elkarteen garapena, beren jarduerei buruzko informaziorik ahalik eta zabalena ematen diete, eta beren ahalbideen baitan, baita herri-baliabideak erabiltzea eta beren jarduerak aurrera eramateko diru-laguntzetara iristea ere, eta korporazioaren kudeaketan auzotarren parte-hartzea bultzatzen dute (...).
Aipatutako legezko agindu horri dagokionez, Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuko 234. artikuluak xedatzen du ezen, bizilagunei oro har aitortzen zaien udal informazioa eskuratzeko eskubide orokorra ezertan kendu gabe, aurreko artikuluetan aipatzen diren entitateek (udal elkarteei buruz ari da) eskubidea izanen dutela, berariaz eskatzen baldin badute, beren helbide sozialean jasotzeko saio publikoak egiten dituzten kide anitzeko udal organoen deialdiak jasotzeko, eguneko gai zerrendan entitatearen xede sozialarekin lotutako gaiak ageri direnean. Kasu berdinetan, udal organoek onetsitako ebazpen eta erabakiak jasoko dituzte.
Eta, besteak beste, azken arau horri buruz ari dela, Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamenduko 236. artikuluak xedatzen du elkarteei bizilagunen interes orokor edo sektorialen defentsarako aitortutako eskubideak (..) soilik gauzatu ahalko dituztela bizilagunen elkarteen udal erregistroan izena emanda dauden elkarteek.
Aztergai dugun kasuan, [...] bizilagunen elkartearen eskariari emandako ezezkoa –kide anitzeko organoen deialdiak jakinarazteko eskaria egin baitzuen– oinarrituta dago entitatea elkarteetarako kasuko erregistroan izena emanda ez egotean. Alabaina, izen-emate hori ezinezkoa da, zeren eta Mendabiako Udalak ez baitu sortu oraindik ere udal erregistroa; izan ere, bere txostenean dio horretarako izapideak hasi behar dituela. Hartara, ezezkoaren oinarrian udalaren jarduketa eza bera dago, hain zuzen ere elkarteen tokiko erregistro hori ez baitu sortu.
Konstituzio Auzitegiak aitortu du, eskubide batez baliatzeari emandako ezezkoak hura ukatzen duen administrazio publikoaren jarduketa ezarekin lotuta dagoeneko beste kasu batzuen harira, ezin dela arrazoizkotzat jo Administrazioaren jarduketa eza saritzen duen lege-aginduen interpretazio hori, zeinak bera jartzen baitu epean ebazteko betebeharra bete izan balu izanen zuena baino egoera hobean, epean ebatzi izan balitz eskatutako lortuko zuen herritarra egoera okerragoan utzita (guztien adibide gisa, STC 6/1986, urtarrilaren 21ekoa).
Konstituzio Auzitegiak arrazoitutakoa, mutatis mutandi , aplikatzekoa zaio kexan azaldutako gaiari, zeren eta eskatutakoaren bidetik jokatzeari emandako ezezkoa babestuta baitago erregistroko izan-ematea falta izatean, eta hura, berriz, toki entitateari berari egoztekoa zaio, zeren eta ez baitu erregistroa sortu.
Hori ez da bateragarria fede onaren printzipioarekin, ez eta zuzenbidearen printzipio orokor batekin, zeinaren arabera inork ezin baitu probetxurik atera bere ez-betetze batetik; izan ere, printzipio horiek daude Konstituzio Auzitegiaren aipatutako erabakiaren azpian, Auzitegiak azaldu baitu Mendabiako Udalak, udal erregistroa sortu gabe, bertan izena emanda ez egotea jarri duela bizilagunen elkartearen eskariaren aurka [...].
Aztergai dugun eskubidearen arau-egituratzearen arabera, funtsezkoa da bizilagunek gai publikoetan parte hartzeko daukaten eskubidea, eta tresna-izaera duena, berriz, erregistroko izena ematea. Gainera, Mendabiako Udalak jada badaki bizilagunen elkarte interesduna existitu egiten dela, eta haren xede soziala eta kasuko deialdiak jasotzeko asmoa ere ezagutzen ditu.
Horrenbestez, eskubideaz baliatu ahal izatea erregistroko izen-ematearen azpian jartzea, aztergai dugun kasu honetan egin den bezala, edo haren eraginkortasuna erregistro hori eratu arte geroratzea, artifiziosoa ez ezik, arauaren xedearen aurkakoa ere bada, bai eta aurrez aipatutako Zuzenbidearen printzipio orokorren aurkakoa ere.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak esleitzen dizkidan eginkizunez –herritarren eskubideen defentsa eta haien babes-maila hobetzea– baliatuta, beharrezkotzat jo dut honakoa:
Mendabiako Udalari gomendatzea berehala onar dezala Mendabiako [...] Bizilagunen Elkarteak egindako eskaria, beren helbide sozialean saio publikoak egiten dituzten Udalaren kide anitzeko organoen deialdiak jaso ditzaten, eguneko gai zerrendan entitatearen helburu sozialarekin lotutako gaiak daudenean.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, Mendabiako Udalak, gehienez ere, bi hilabeteko epea dauka erakunde honi informatzeko gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, Udala berariaz aipatuta, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duelako.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia