Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Denegación de becas para estudios universitarios.
Hezkuntza eta irakaskuntza
Hezkuntzako kontseilaria
Kontseilari jauna:
Horren ondotik, Hezkuntza Departamentuarengana jo nuen, kexa aurkeztu izanaren berri emateko, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.
Jasotako txostenean, honakoa aipatzen da:
“Lehenbizi, esan beharra dago Arartekoari kexa aurkeztu diona […] andrea den arren, hain zuzen ere […] beka-eskatzailearen ama, horren ezespenaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuena […] jauna izan zela, beka-eskatzailearen aita, zeina Tuterako lehen auzialdiko eta instrukzioko 2. epaitegiaren epaiaren arabera […] andrearengatik bereizi baitzen 2002ko irailaren bederatzian.
Hitzarmen arautzaileak [...] jaunari esleitzen dizkio bi semeen zaintza eta jagoletza, eta ezartzen du azken horiek, eragin guztietarako, aitaren helbidea izanen dutela; hori dela eta, deialdiaren arabera, aita bera da eskaera egin dezakeena.
Horrenbestez, nabarmendu beharra dago paradoxa bat badagoela, zeren eta ez baita izan aita, ama baizik, kexa egin duena, eta ez baita beka-eskatzailea izan ukatzearen aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu duena. Era berean, gora jotzeko errekurtsoa 2014ko urriaren 13an aurkeztu zen; hori dela eta, kontuan izanda hura ebazteko epea 3 hilabetekoa dela eta epe hori gaur arte ez dela iragan, gerta daiteke kexa-egileak bere alegazioen erantzuna jasotzea beka-eskatzaileak eta errekurtso-egileak baino lehenago.
Aurrekoa gorabehera, eta [...] andreak aurkeztutako kexaren arrazoian zentratuz, zeina baita ez dagoela ados semeari beka ukatu izanarekin, honakoa zehaztu beharra dago:
Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren beka honako arrazoiengatik ukatu zen: Zerga Agentzien identifikazio ekonomikoa falta izatea.
Nafarroako Gobernuaren deialdiak honakoa ezartzen du:
"Beharrezkoa da, horretarako betebeharrak betetzen badira, 2013-2014 ikasturterako beka eskatu izana Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak beka hori ukatzen badute, ezin da arrazoi hauengatik izan:
Deialdi horietan agiriak aurkezteko epeak ez betetzeagatik.
Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzeagatik edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa, eskatu bazaio ere, hura ez aurkezteagatik.
Bestalde, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren ebazpen positiboa izanda ere, kontuan eduki beharra dago Nafarroako Gobernuaren deialdiak honakoa ezartzen duela:
c) Familia unitateak PFEZaren aitorpena egin ez badu, legez horretara beharturik ez dagoelako, honako hauek erantsi beharko dizkio eskabideari:
Besteren konturako langileen edo pentsiodunen kasuan, 2012. urtean izandako diru-sarreren frogagiria. Enpresaburu edo profesional liberalen kasuan, 2012. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.
Eskatzaileak, aurrez ohartarazi den bezala, ez zuen errentaren aitorpena aurkeztu, eta ez zuen aurkeztu, ezta ere, deialdiaren arabera hura ordezteko balio zuen dokumentazioa; horrenbestez, berdin ukatuko zitzaion.
Bestalde, beka-eskatzaileak ez zuen aurkeztu inongo alegaziorik bekaren behin-behineko ukatzearen aurka, nahiz eta gutun bidez jakinarazi zitzaion Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren maiatzaren 29ko 322/2014 Ebazpena NAOn argitaratu eta hilabeteko epean alegazioak aurkez zitzakeela; izan ere, haren bidez ebatzi zen behin-behinekoz unibertsitateko ikasketak eta derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleendako beken eta laguntzen 2013-2014 ikasturterako deialdi orokorra.
Azaldutakoa dela eta, ez da bidezkoa beka ematea”.
Jasota gelditu den bezala, kexa aurkeztu zen [...] jaunari unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko beka bat ukatu zitzaiolako. Kexan azaltzera ematen da interesdunak Nafarroako Gobernuaren beken deialdian jasotako baldintza guztiak betetzen dituela, eta familiaren egoera ekonomikoa zaila dela.
Bere aldetik, Hezkuntza Departamentuak txostenean azaltzen diren arrazoiengatik ukatu du eskatutako beka.
Hezkuntza Departamentuaren ukatzearen arrazoiari dagokionez, aplikatzekoa den deialdiak honakoa dio: Beharrezkoa da, horretarako betebeharrak betetzen badira, 2013-2014 ikasturterako beka eskatu izatea Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari edo Eusko Jaurlaritzari. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak beka hori ukatzen badu, ezin da arrazoi hauengatik izan: 1) Deialdi horietan agiriak aurkezteko epeak ez betetzeagatik. 2) Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzeagatik edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa, eskatu bazaio ere, bera ez aurkezteagatik. 3) Baztertua izateagatik.
Hezkuntza Ministerioak beka ez emateko arrazoiak, Nafarroako Gobernuaren deialdian aipatzen direnak, foru-bekaren izaera osagarriari erantzuten diote eta, horrenbestez, interesdunak Estatuko Administrazio Orokorraren laguntza eskatu ez dituen kasuei dagozkie edo, eskaria aurkeztuta, izapidetzera onartu ez den kasuei nahiz eskaria baztertu den kasuei, baloraziorako exijitzekoak diren baldintzak ez betetzeagatik.
Zehazki, Hezkuntza Departamentuaren iritziz eskatzailea estatuko prozesuan ez onartzea determinatuko zuen arrazoia (2. arrazoia, emandako txostenean aipatzen dena) dagokie interesdunak Ministerioaren beka eskatu bai baina beharrezkoa den dokumentazio guztia aurkezten ez duen kasuei, horri buruz berariaz eginiko errekerimendua bete gabe. Hau da, Ministerioari egindako beka-eskari ez-osatuak ez zuzentzeko kasuei dagokie.
Aztergai dugun kasuan, kexa-espedientean ageri den informaziotik abiatuta, ez da elementurik aurkitzen ondorioztatzeko azaldutako kasua gertatzen denik (behar den informazioa ez aurkeztea, horretarako errekerimendua egin arren). Hezkuntza Departamentuak aipatzen dituen datuekin, ez dirudi Ministerioaren ukatzea zor zaionik Estatuko Administrazio Orokorrari egindako eskaria zuzentzeko berariazko errekerimendu bat bete ez izateari, horixe izaki ez-onartzearen arrazoiaren berezko esparrua. Errekerimendu horren ez-betetzea ez onartzeko arrazoi horren funtsa da.
Hori dela eta, erakunde honen iritziz, ez da bidezkoa interesdunaren beka-eskaria baztertzea aipatutako arrazoia dela medio.
Antolamendu juridikoa konstituzio-eskubideez –oraingoan, hezkuntzarako oinarrizko eskubidea– baliatzeko aldekoena den moduan interpretatzeko betebeharra bateraezina da ukatzearen azpian dagoen presuntzioarekin (aipatzen da Hezkuntza Departamentuaren ustez Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren beka ukatzeko arrazoia dela eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea).
Gehiegizko presuntzio baten aurrean gaude, interesdunaren aurkakoa, zeren eta aipatzen diren tributu agentziek identifikazio ekonomikoa ez egiteak, aipatzen den bezala, ez baikaitu eramaten dokumentazioa aurkezteko errekerimendu bati ez erantzutera, eskaria zuzentzeko zama falta izatera, zeina baita, aipatu den bezala, Hezkuntza Departamentuak aplikatzen duen bazterketaren arrazoia.
Are gehiago, aintzat hartu beharra dago eskatzen ari dena dela ikaslearentzako beka bat ematea, eta, dirudienez, hura ukatzeko funtsezko elementua izan da 2012ko PFEZaren aitorpena, familia-unitateko kideren batek aurkeztu behar zuena, berandu aurkeztu zela (2013ko abenduan, aipatu bezala).
Zergen arloko berandutze hori, zeina, ondorioztatzen den bezala, ezin baitzaio egotzi beka-eskatzaileari, alegia, ikasleari, baizik eta bere familia-unitateko kideren bati, ez da behar adinako arrazoia ikaslearen beka ukatzeko, erakunde honen ustez. Are gehiago, Hezkuntza Departamentuak deialdia behin-behinekoz ebatzi zuen, 2014ko maiatzean, eta ordurako jada beka ez ematearen arrazoi izan den zerga-aitorpen hori eskuragarri egonen zen; horrenbestez, bidezkoa litzateke sakoneko erabaki bat hartzea.
Hori dela eta, erakunde honek gomendatzen du bekarako eskubidea aitor dadila; izan ere, hura ukatzeko ez dira nahikoak txostenean aipatzen diren formazko alderdiak, bereziki kontuan hartzen bada horrelako laguntza publikoak ematea lotuta dagoela hezkuntzarako oinarrizko eskubideaz baliatzearekin eta eskubide hori babestearekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia