Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Falta negociación colectiva modificación plantilla orgánica.
Funtzio publikoa
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria
Kontseilari jauna:
Ondoren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura jo nuen eta kexaren berri eman nion. Hala, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatu nion.
Aipatu txostenean honakoa adierazi zen:
“2014ko azaroaren 17ko idazkiaren bidez, Nafarroako Arartekoak txostena eskatu zuen […] jaunak, AFAPNA sindikatuko lehendakariak, egindako kexaren gainean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren organismo autonomoetako plantilla organikoaren aldaketan (azaroaren 5eko 104/2014 Foru Dekretu bidez onartutakoan) negoziazio kolektiboa falta izan zelako. Horren harira, honako txostena igorri zen:
Apirilaren 28ko 41/2008 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren organismo autonomoetako plantilla organikoa onartzen duen uztailaren 20ko 100/2005 Foru Dekretuko 3. artikuluan 3. atal berri bat gehitu zen, honela zioena: “Administrariaren edo administrari ofizialaren (C maila) lekualdaketa lehiaketak egindakoan hutsik geratzen diren lanpostuak automatikoki bihurtuko dira administrari laguntzailearen lanpostu hutsak (D maila)”.
Funtzio publikoko sarrera administrari laguntzailearen plazetan gauzatzen da (D maila).
Administrari kategoria (C maila) barne promozioaren bidez eskuratzen da, berariazko deialdiak argitaratuta.
Ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen bidez, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko hogeita batgarren xedapen gehigarria erantsi da, honakoa dioena: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren organismo autonomoetan egiten diren lekualdaketa lehiaketak administrariaren (C maila) eta administrari laguntzailearen (D maila) lanpostuak estaltzeko, batera eta deialdi bakarraren bidez gauzatuko dira.”
Lege xedapen honen bidez lekualdaketa lehiaketa bateratuak egin daitezke administrazioko langile guztientzat, beren atxikipen maila gorabehera, azken hori lehen adierazitako arrazoien bidez justifikatzen delarik.
Aldaketa hori gauzatu da, hain zuzen ere, antolaketa arrazoi hutsengatik. Ukitutako langileen lan baldintzetan ez da aldaketarik egon, eta, beraz, ez da sartzen indarreko araudiaren arabera langileen ordezkariekin negoziatu behar diren gaien barruan”.
Ikusi ahal izan denez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren organismo autonomoetako plantilla organikoaren aldaketa aurretiazko negoziazio kolektiborik gabe onartu delako aurkeztu da kexa.
Aipatu aldaketa hori azaroaren 5eko 104/2014 Foru Dekretuko xedapen gehigarri bakarreko lehen atalaren bidez sartu da eta honakoa dio:
“1. Uztailaren 27ko 100/2005 Foru Dekretuko 3. artikuluko 3. atala aldatu egin da eta honela geratu da:
"3. Administrariaren edo administrari ofizialaren (C maila) lanpostuei dagozkien plazak hutsik geratzen badira, edozein arrazoi tarteko, automatikoki bihurtuko dira administrari laguntzailearen lanpostuak (D maila)”.
Aldaketa hori indarrean sartu arte, aginduak honakoa zioen:
“3. “Administrariaren edo administraria ofizialaren (C maila) lekualdaketa lehiaketak egindakoan hutsik geratzen diren lanpostuak automatikoki bihurtuko dira administrari laguntzailearen lanpostu hutsak (D maila)”.
Kexa egin duen sindikatuaren ustez, aldaketa kolektiboki negoziatu behar zen, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko 86.3.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren ustez, aldaketa hori antolaketa arrazoi hutsengatik egin da eta ez ditu aldatzen ukitutako langileen lan baldintzak. Ondorioz, ez da zertan langileen ordezkariekin negoziatu.
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko 83. artikuluko seigarren eta zazpigarren atalek honakoa adierazten dute:
6. Negoziatu egingo dira, dagozkien eremuan eta herri administrazio bakoitzaren eskumenei dagokienez, honako gai hauek:
Kasuan kasuko kontsulten bidez, beren ordezkaritza eremuan sartutako langileei buruz soilik hitz egiten duten xedapen orokorren proiektuak egiteko orduan parte hartzea.
Administrazio publikoetako funtzionarioen ordainsari igoera, urteroko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektuan jaso behar dena, bai eta ezarri beharreko gainerako ordainsarien igoera ere, dagokien langileentzat, tokiko araudi proiektuetan.
Funtzionario publikoen ordainsariak zehaztu eta aplikatzea.
Enplegu publikoko eskaintza planak prestatu eta diseinatzea.
Lanpostuak klasifikatzea.
Barne promoziorako eta hobekuntzarako programa eta funtsak zehaztea.
Prestakuntza programak eta funtsak aztertu, horietan parte hartu eta zehaztea.
Lanaldia eta lan ordutegia zehaztea.
Baimen, opor eta lizentzien araubidea.
Klase pasiboen prestazioak eta pentsioak zehaztea, eta, orokorrean, nolabait funtzionario erretiratuen bizi baldintzen hobekuntzan eragiten duten gai guztiak ezartzea.
Funtzionario publikoen sarrera, birsarrera, hornidura eta promozio profesionaleko sistemak.
Sindikatu eta partaidetza eskubideei buruzko proposamenak.
Lan osasunari buruzko neurriak.
Nolabait funtzio publikorako sarreran, karrera administratiboan, ordainsarietan eta Gizarte Segurantzan, edo funtzionario publikoen lan baldintzetan eragina duten gai guztiak, Foru Lege mailako araua behar dutenak.
Ekonomia, sindikatu zerbitzuen prestazioa, laguntza zerbitzua, eta, orokorrean, lan baldintzetan eta funtzionario publikoek eta sindikatu erakundeek administrazioarekin dituzten harremanen eremuan eragiten duten gainerako gaiak.
7. Negoziazio derrigortasunetik baztertuta daude, hala badagokio, administrazio publikoen erabakiak, baldin eta antolaketa ahalmenei, hiritarrek funtzionario publikoen aurrean dituzten eskubideei, eta administrazio egintza eta xedapenen prestakuntza prozedurari eragiten badiete.
Antolaketa ahalmenei eragiten dieten herri administrazioen erabakien ondorioek eragina izan badezakete funtzionario publikoen lan baldintzetan, nahitaezkoa izango da negoziazio mahaian dauden sindikatu erakundeekin kontsulta egitea”.
Kexan ageri den plantilla organikoaren aldaketak, hauen aurreko xedapenak bezala, lanpostuak bihurtzeko arau bat sartzen du (C mailako administraria edo administrari ofiziala izatetik D mailako administrari laguntzaile izatera), edozein arrazoiren ondorioz lanpostu horiek hutsik geratzen badira (aurretik, bihurketa hori lekualdaketa lehiaketetan hutsik geratzen diren plazetan aplikatzen zen).
Erakunde honen ustez, “lanpostuen klasifikazio” arloan ezarritako xedapen orokor baten aurrean gaude. Gai hori Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko 83.6 artikuluan jasotzen da eta negoziazio kolektiboa izan du. Izan ere, aurreikusten dena, orokorrean eta eremu abstraktuan, lanpostu jakin batzuk “automatikoki” C mailatik D mailara pasatzea da, edozein arrazoiren ondorioz hutsik geratzen diren unean.
Hau da, lanpostuak bihurtu edo birsailkatu egiten dira, baldintza baten arabera (edozein arrazoiren ondorioz lanpostu hutsen bat egotea) eta halaxe jasotzen da kexan aipatutako Foru Dekretuko lehen xedapen bakarrean. Langileei buruzko xedapen orokor hori “lanpostuen klasifikazioaren” arloan ezarri da.
Are gehiago, erakunde honek ez du uste antolaketa aldaketa hutsa denik eta lan baldintzei eragiten ez zaienik, igorritako txostenean adierazi den bezala.
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko 20. artikuluaren arabera, plantilla organikoak lanpostuak zerrendatu eta sailkatzen ditu, beren maila, sarbide baldintzak zehatzak, eta, hala badagokio, lanpostuaren ordainsari osagarriak ezarrita.
Plantilla horren bidez ezartzen diren lanpostuen sailkapena eta kokapena, antolaketaz ari diren arren, auto antolaketaren eremu hutsetik harago doaz eta eragina dute edo izan dezakete ad extra, langile publikoen lan baldintzetan ere.
Eragin edo ondorio horri buruz hitz egiten dugu, lanpostuen sailkapen eta kokapenaren araberakoak direlako, neurri handi batean, horiek betetzen dituzten langileen lan baldintzak, zehazki, ordainsariei buruzkoak eta lanpostuen hornidurarekin, promozioarekin edo karrera profesionalarekin lotutakoak, besteak beste.
Eta, seguru asko horregatik, lanpostuen sailkapena eta lan baldintzak bereizi ezineko binomioa dira, eta, beraz, legegileak kolektiboan negoziatu beharrekotzat jotzen ditu lanpostuen sailkapenari buruzko gaiak, kexan azaldutakoa kasu.
Gainera, kexan azaldutakoa bezalako xedapenak enplegatu publikoen ordezkariekin ez negoziatzean, legez nahitaezkoa izan arren, arau edo egintza horiek baliogabetzen dituzten baldintzak sor litezke, eta, hori saihestu egin behar da, ukitutakoentzako eta administrazio publikoentzako segurtasun juridikoagatik.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea enplegatu publikoen ordezkaritzarekin negoziatu dezala azaroaren 5eko 104/2014 Foru Dekretuko lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa, C mailako administrariaren edo administrari ofizialaren lanpostuak automatikoki D mailako administrari laguntzailearen lanpostu bihurtzeari dagokionez.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.
Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.
Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia