Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ubicación de contenedores en la calle.
Toki erakundeen funtzionamendua
Montejurrako Mankomunitateko lehendakaria
Lehendakari jauna:
2014ko azaroaren 24an, […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, Montejurrako Mankomunitatearen gaineko kexa bat azaldu zidan, edukiontziak La Solana kaleko (Viana udalerriaren sarreran) oinezko pasabideetako baten gainean jartzean oinezko eta gidariei eragiten dien arriskua dela eta.
Idazkian, honakoa azaldu zidan:
Kexan aipatzen diren edukiontziak, kexari erantsitako argazkietan ikus daitekeen bezala, Vianako La Solana kaleko oinezko pasabideetako baten gainean daude eta pasabide horretatik pasatzen diren oinezko eta gidarien ikusgarritasuna eragozten dute.
Ikusgarritasun falta hori are larriagoa da, ibilgailuek eta autobusek sarritan aparkatzen baitute toki horretan. Ondorioz, hainbat harrapaketa egon dira eta udalerriko auzokideen artean ondoez handia zabaltzen ari da. Era berean, hainbat ibilgailuaren gurpilak zulatu dira.
Vianako Udalera jo du arazoari irtenbide bat eman diezaion, baina honek adierazi dionez, Montejurrako Mankomunitatea da gai horren gaineko arduraduna.
Hori dela eta, salatutako arazoari premiazko irtenbide bat emateko eskatu zuen.
Ondoren, Montejurrako Mankomunitatera jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.
2015eko urtarrilaren 26an, Montejurrako Mankomunitatearen txostena jaso nuen eta kexa espedientean sartuta ageri da.
Azaldu denez, Vianako La Solana kalean dagoen oinezko pasabide baten zati bat okupatzen duten edukiontziak instalatu izana da kexa aurkezteko arrazoia. Kokapen horrek, izan ere, kexaren egilearen esanetan, arriskua eragiten die gidari eta oinezkoei.
Montejurrako Mankomunitateak azaldu duenez, Vianako Udalarekin lankidetzan erabaki zen kokapen hori. Txostenak aitortzen du oinezko pasabidea partzialki inbaditzen dela, baina, dioenez, ez dago segurtasunerako arriskurik, edukiontzien ingurua dela eta. Pasabideak zabalera nahikoa dauka ondo pasatzen uzteko, instalazioak Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiaren baimena jaso zuen eta beste aukera batzuk aztertu ziren, baina ez zen irtenbide hoberik aurkitu.
Erakunde honi egokia iruditu zaio, alderdi bakoitzaren posizioak ikusita, kexan aipatzen diren edukiontzien kokalekua aldatzeko gomendatzea.
Oinezko pasabideen helburua eta xedea, trafikoaren gaineko legediaren arabera, oinezkoen joan-etorriak erraztea da. Ondorioz, horietan hiri altzariko elementuak jartzen badira modu iraunkorrean, funtsezko zerbitzu publiko baterako izan arren -zaborrak jasotzea hala baita-, pasabideen helburu hori urratzen dute.
Gainera, edukiontziak oinezko pasabiderako toki batean jartzean, arrisku zehatz bat sortzen da. Eta arrisku maila altua edo baxua eztabaidatzen saiatu arren, Administrazioak berau eragotzi beharko luke.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:
Montejurrako Mankomunitateari gomendatzea, kexan aipatzen diren edukiontzien kokapena alda dezala eta, edonola ere, oinezko pasabidea inbaditzen dela saihets dezala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Montejurrako Mankomunitateak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.
Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.
Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia