Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/951/U). Horren bidez, Sustapen Departamentuari iradokitzen zaio beharrezko neurriak har ditzan, kexagileak aipatu duen etxebizitza babestua esleitzeko prozesuaren esparruan, horri dagokion puntuazioa berriro kalkulatu dezan, prozesutik baztertu gabe, dagozkion ondorioekin.

2014 abendua 11

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Denegación de la autorización de firma para acceder a una vivienda protegida adjudicada.

Etxebizitza

Sustapen kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2014ko azaroaren 7an […] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez Sustapen Departamentuaren aurrean kexa bat egin zuen esleitutako etxebizitza bat eskuratzeko sinadura-baimena ukatu izanagatik.

    Kexaren edukia eta 2014ko azaroaren 10ean Sustapen Departamentuaren aurrean aurkeztu zuen kexa batean jasotakoa bat zetozen (hitzez hitz aipatutakoa).

  2. Jarraian, Sustapen Departamentura jo nuen gaiaren inguruko informazioa eskuratze aldera.

    Egindako txostenean zera adierazi da:

    “2014ko azaroaren 11ko zure idazkiari dagokionez, Q14/951/U espedienteari buruzkoan, etxebizitza kontuan arauak ezarritako gutxieneko zenbateko ekonomikoa ez edukitzeagatik esleitutako etxebizitza babestua eskuratzeko sinadura-baimenaren ukapenaren inguruan […] jaunak aurkeztu duen kexaren ondotik abiarazitakoan, Sustapen Departamentuak honako hau adierazi du:

    […] jaunari Lezkairun (Iruñea) babes ofizialeko etxebizitza bat esleitu zioten –esp. zk.: 31/-0006/14-, erroldaren bidez egindako esleipen prozedura amaitu ostean.

    Esleipendun izateko, kexagileak 16 puntu lortu zituen kenkarirako eskubidea duen eta 6.000 euro baino gehiagoko saldoa duen etxebizitza kontu baten titularra izateagatik (kontu hori 2005eko urtarrilaren 18an ireki zuen). Dena den, salerosketa kontratuaren sinadura-baimena eskatzerakoan agiriak berrikustean, egiaztatu zen etxebizitza kontuan 110,06 euro rituella.

    Nafarroan etxebizitza bat izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 24.3 artikuluak honako kontzeptu puntuagarria ezartzen du jabetza erregimenean etxebizitza babestuak eskuratzeko baremo bakarraren barruan:

    Etxebizitza bat eskuratzeko aurrezki-kontuaren titulartasuna, 6.000 euro edo gehiago kentzeko eskubidearekin. 4 puntu, gehi 2 aipatu kontuan emandako antzinatasun-urte bakoitzeko (gehienez ere 16 puntu). Ondorio horietarako, gehienezko puntuazio bera emango zaie bananduta dauden, dibortziatuta dauden edo bikote-harreman egonkorra amaitu duten eta familia etxebizitzaren hipoteka-kargak ordaintzen dituztela justifikatzen duten eskatzaileei. Hala, 4 puntu emango zaizkie egoera horrengatik, gehi 2 puntu ezkontza-harreman edo bikote-harreman egonkorra amaitu denetik igaro den urte bakoitzeko.

    Sarbide-baremoan puntuazioa lortze aldera gutxieneko aurrezki bat eskatzea diru-kopuru bat aurreztu duten pertsonei lehentasuna emateari lotuta dago, aurreztu ez duten horien aurrean, jabetza erregimenean etxebizitza babestu bat eskuratu behar baita eta esleipendunek egin beharreko ahalegin ekonomikoa oso handia baita. Foru lege horren zioen azalpenetan esandakoari jarraiki, jabetza eskuratzeko baremoan onartutako puntuazioak honela justifikatzen dira: Jabetza eskuratzean, berriz, laneko bizitzan antzinatasuna egiaztatzen duten eskatzaileei ematen zaie lehentasuna. Horrek nolabaiteko oreka eta ahalmen ekonomikoa ematen die etxebizitza ordaindu ahal izateko, kontuan hartuta erosketa egiteko aurreztean ahalegin ekonomikoa egiten dutela eta jabetza eskuratu aurretik alokairuaz baliatu direla.

    Aipatu 24.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 17ko 30/2014 Ebazpenaren bitartez, Antuñano jaunak eskatutako salerosketa kontratuaren sinadura-baimena ukatu zen. 2014ko azaroaren 10ean jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebazpen hori jorratu du, ebazteke dagoena oraindik.

    Horrez gain, etxebizitza babestu bat eskuratu nahi duten pertsonei emandako informazioa nahikoa dela uste da, herritarrei etxebizitzaren web atarian eta aurrez aurre emandako informazio-liburuxketan baremoaren atal espezifiko horri buruzko informazioa zehatz-mehatz adierazi baita. Informazio hori ematen duen liburuxka erantsi da, baita etxebizitzaren web atariaren esteka ere; bertan hauxe deskarga daiteke:

    http://www.navarra.es/home_es/Temas/Vivienda/Ciudadanos/Compraventa/Vivienda+protegida/Baremo/

    Horrez gain, azaldu behar da errolda ezarri zenetik lehen aldia dela eskatzaile batek sarbide-baremoaren alderdi jakin honen inguruan emandako informazioan akats bat alegatzen duela. Horri dagokionez, kontuan izan behar da ezen gutxienez 6.000 euroko aurrezpena duen etxebizitza-kontu baten titulartasunagatik emandako puntuazioa aintzatetsi egiten dela orain dela 10 urtetik gora 8/2004 Foru Legea indarrean sartu zenetik. Hori dela eta, ez dago Administrazioak hain argibide errazak ematerakoan duen errore- edo apreziazio-marjinarik.

    Azkenik, bidezkoa da esatea Antuñano jauna esleipendun gertatu zeneko 31/1-0006/2014 espedientearen barneko promozioan sartu diren etxebizitzak oraindik ez direla etxe huts adierazi, etxebizitza horietan interesa duten pertsonak baitaude eskatzaileen zentsuan. Alabaina, seguru asko azkenean etxebizitza huts adieraziko dira eta, beraz, kexa egin duenak zuzenean eskuratu ahal izango du, etxebizitza eskuratzeko baldintzak betetzen baditu. Bien bitartean, erroldan inskribatzeko eskabidea betetzeko bizkor ibili ziren pertsonak lehenetsi behar dira, eta etxebizitzak eskaini harik eta esleipendunen zerrenda agortzen den arte”.

  3. Jasota utzi denez, Nasuvinsak esleituriko etxebizitza babestua sinatzeko baimenik eman nahi ez zutelako aurkeztu da kexa. Kexa aurkeztu duenak dioenez, kontzeptu puntuagarrietako bat oker zenbatu zelako ukatu zitzaion baimena (etxebizitza-kontuan 6.000 eurotik gorako zenbatekoa edukitzea).

    Interesdunak adierazitakoaren arabera, Nasuvinsak eman zion informazioan ez zitzaion jakinarazi etxebizitza-kontuan gutxieneko zenbatekoa eduki beharra zegoela. Ildo horretan adierazi du etxebizitza-kontuaren titularra zen ala ez baino ez ziotela galdetu, baita kontu hori ireki zeneko data ere.

    Kexan adierazitakoaren eta Sustapen Departamentuak jakinarazitakoaren arabera ondoriozta daitekeenez, izenperako baimena ukatzeak berekin dakar esleipen-prozesutik kanpo gelditzea, betiere, etxebizitzak hutsik badaude eta halakoak direla adierazten bada, interesduna etxebizitza baten esleipenduna izateari kalterik egin gabe.

  4. Erakunde honen ustetan, izenpetzeko baimena ukatzea ekarri duen inguruabarrak (aipaturiko irizpide puntuagarria ez betetzea) eragina izan behar duela ukatu gabe -zenbait herritar lehenesteko irizpidea-, eta kasuko inguruabarrak ikusita, proportzionatuagoa izango litzateke puntuazioa berriz kalkulatzea Antuñano Fernández de Tejada jaunari, esleipen-prozesutik baztertu beharrean, betiere horrek izango dituen ondorioekin.

    Baldin eta, ondorioztatzen denez, irizpidea zenbatzean akatsa gertatu bada (are arrazoi handiagoa izango litzateke zentsuaren kudeatzaileak edo inskripzioa egitean emandako informaziorik ezak eragindako akatsa bada), eta ez interesdunaren iruzurrezko jokabideagatik, bidezkoa izango litzateke puntuazioa berriz kalkulatzea, erakunde honek uste duenez. Hartara, dagokion lehentasun-zerrendan jarriko da kexa aurkeztu duena.

    Hori dela eta, ez litzateke beharrezkoa izango etxebizitza eskuratzeko aukera prozesu osoa amaitzearen edo emandako txostenean etxebizitza hutsei buruzko adierazpenaren menpe egotea.

  5. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraiki, beharrezkotzat jo dut honako hau:

Sustapen Departamenduari proposatzea beharrezko neurriak har ditzala kexa aurkeztu duenari dagokion puntuazioa berriz kalkulatzeko, kexa aurkeztu duenak aipatzen duen etxebizitza babestua esleitzeko prozesuaren baitan, prozesutik baztertu gabe eta horrek dakartzan ondorioekin.

Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Sustapen Departamentuak jakinaraztea proposamena onartzen duen ala ez, aginduzkoa denez, bi hilabeteko epearen barruan, eta hala denean, proposamena betetzeko hartutako neurriak.

Lege manu horretan xedatu denarekin bat, proposamena ez onesteak berekin ekar dezake kasua Nafarroako Parlamentuan azalduko den 2014ko urteko txostenean sartzea, eta espresuki aipatuko da administrazioak ez duela aldeko jokabidea izan posiblea zela iritzi zitzaionean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia