Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de información solicitada sobre actividades de Casa de Cultura.
Eskubideen sustapena
Burlatako alkatea
Alkate jauna:
2014ko azaroaren 6an, […] jaunak […] A. eta […] T. sozietatearen ordezkaritzan aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, Burlatako Udalaren gaineko kexa bat azaldu zen, Kultura Etxeko tabernaren kudeaketari buruzko eskariei erantzunik eman ez zaielako.
[…] jaunak honakoa azaldu zidan:
2013ko otsailean, Burlatako Kultura Etxeko tabernaren alokairua lizitatu zen. […] jaunak, etorkizuneko sozietate baten ordezkaritzan, alokairuaren esleipena eskatu zuen.
Aipatu sozietateko kide ziren adierazitako […] jauna eta […] eta […] jaunak. Gaur egun azken biek osatzen dute sozietatea.
2013ko apirilean, esleipen ebazpena ezarri zen. Kontratua […] jaunaren izenean sinatu zen, Kultura Etxeko gerenteak kontratua sinatzeko presioa sartu baitzuen. Une horretatik aurrera, arazoak sortzen hasi ziren.
Hainbat aldiz, sozietatea ahoz nahiz idatziz zuzendu da Kultura Etxera eta bertan garatzen diren jarduerei buruzko informazioa eskatu du (ordutegiak, iraupena, pertsonen gutxi gorabeherako kupoa, eta abar). Eskariek ez dute erantzunik jaso.
Sozietateak bi aldiz eskatu du, idatziz, tabernako alokairu kontratuaren kopia. Eskari horri ez zaio erantzunik eman.
Egiten diren ordainketen ordainagiriak […] jaunak daukan negozio baten postara bidaltzen dira. Idatziz eskatu zuten ordainagiriak tabernako posta elektronikora bidaltzeko. Eskari horri ez zaio erantzunik eman.
Barra hori hirugarren bati esleitzea lehiakortasun desleiala da.
Amaitzeko, Kultura Etxean garatzen diren jarduerei buruzko informazio osoa eskatu zuen, zerbitzu hobea eman ahal izateko. Halaber, sinatutako kontratuaren kopia bat eskatu zuen. Horrez gain, ordainagiriak tabernako postara soilik bidaltzeko eta Kultura Etxeko auditorian garatzen den ostalaritza jarduera eteteko eskatu zuen.
Ondoren, Burlatako Udalera jo nuen eta kexaren berri eman nion. Hala, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatu nion.
2015eko urtarrilaren 20an, udal informazioa jaso nuen eta kexa espedientean sartuta ageri da.
Igorritako txostenean, Burlatako Udalak Kultura Etxeko tabernako alokairu kontratuari buruzko aurrekariak azaldu zituen eta, ondorioztatzen duenez, gaur egun zerbitzuaren esleipendun bakarra […] jauna da oraindik ere. Ondorioz, administrazio harreman osoa berarekin ([…] jaunarekin) izan behar da. Berak badauka alokairu kontratuaren kopia eta berari bidaltzen zaizkio ordainagiriak eta bere intereseko bestelako agiriak.
Taberna barra bat jartzean ustez larrialdietarako irteera bat oztopatzen dela-eta, hori egia ez dela adierazi da. Foru Poliziak egindako ikuskapenetan egiaztatu da araudia betetzen dela eta ikuskapen akta erantsi egin da.
Erakunde honek, kexan […] A. eta […] T. sozietate zibilak aurkeztutako eskariei erantzunik ez ematearen gainean adierazitakoaren arabera, gogorarazi egin behar du Burlatak eskari horien gainean duen posizioa edozein izanda ere, berariaz ebatzi behar dituela eskariak eta erantzuna jakinarazi.
Halaxe dio Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak, Nafarroako toki erakundeei beren eskumenen gainean bidaltzen zaizkien eskariak ebazteko eta jakinarazteko lege betebeharra ezartzen baitie.
Ondorioz, gai honen gaineko lege betebeharrak gogorarazi behar zaizkie.
Kexan ageri den gaiari dagokionez, egiaztatu ahal izan denez, ez da informaziorik eman, Burlatako Udalaren ustez Kultura Etxeko tabernaren alokairu kontratuaren esleipenduna […] jauna izan zelako eta delako, eta, ondorioz, pertsona horrekin ezartzen dutelako harremana, kontratu hori kudeatzeko ondoreetarako.
Burlatako Udalak igorritako dokumentazioan ondorioztatu ahal izan denez, nahiz eta egia den 2013ko apirilaren 9ko esleipen akordioan (1. dok.) […] jauna aipatzen dela esleipendun gisa, egia da, era berean, esleipen egintza horren aurreko eta ondorengo agirietan ikusten dela pertsona horrek ez zuela bera buruaren izenean lizitatu, baizik eta une horretan sortzen ari zen sozietate baten ordezkaritzan.
Hala, kontratuaren proposamenean edo eskaintzan (erakunde honi beraren laburpen bat bidali zaio, 2. dok. gisa identifikatua), […] jauna ageri da sortzen ari den sozietatearen ordezkaritzan lizitatzaile gisa. Kontratu agiri horretatik honakoa ondorioztatu daiteke: […] jaunak ez zuen bere buruarentzat lizitatu, aipatu sozietatea ordezkatzen baizik.
Eta halaxe baieztatu du idatziz […] jaunak berak, 2013ko ekainaren 11n (4. dok.). Agiri horren bidez, pertsona honek aitortzen du Kultura eta Jai Patronatuari entregatu zitzaion dokumentazioaren arabera, interesdunak ez zuela bere izen eta eskubidean lizitatu, baizik eta zerbitzuaren esleipendun suertatuz gero sortuko zen etorkizuneko sozietatearen izen eta ordezkaritzan.
Hau da, aipatu sozietatea jo behar da kontratuaren esleipenduntzat. Izan ere, esleipen egintzak […] jauna aipatzen duen arren, eta kontratua berarekin sinatu zen arren, espedienteko dokumentazioan ageri da pertsona fisiko horrek udalaren aurrean sozietatearen ordezkari legez jarduten zuela.
Sozietatea esleipendun gisa ulertuta, kexa baieztatu egin daiteke eta dagokion gomendioa egin, negozio kudeaketari buruzko informazio eskariei dagokienez (egiten diren ekintzei buruzko informazioa, kontratuaren kopia eta ordainagirien igorpena). Hala, jarduerak egun sozietate horren ordezkaritza dutenekin egiten direla ulertu behar da.
Are gehiago, antolatzen diren ekintzei buruz eskatutako informazioa eta sinatutako kontratuaren kopia informazio eta dokumentazio publikoa dira, eta, beraz, ez da arrazoirik antzeman horiek ez emateko, esleipenduna hirugarren bat izanda ere,[…] jauna, hain zuzen ere.
Kexaren egileak informazio eta dokumentazio horiek eskuratzeko eskubidea dauka, are gehiago, adierazi bezala, taberna kudeatzen ari bada. Beraz, erakunde honek ez du eragozpenik ikusten informazioa eta dokumentazioa emateko, ez datu pertsonalak babesteko arrazoien ondorioz (ez dira identifikazioaz bestelako daturik ageri), ez eta bestelako arrazoien ondorioz ere.
Burlatako Udalari gogoraraztea hiritarrek zuzentzen dizkioten eskariak ebatzi eta jakinarazteko duen legezko betebeharra, kexan honetan aipatutako kasuan barne.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Burlatako Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.
Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori edo gogorapena onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.
Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia