Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/942/E). Horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatzen zaio ikasleak eskolaratzeko egoeretan eragina duten plangintzen gaineko erabakiak har ditzala, nahitaezko kasuetan izan ezik, kasuan kasuko ikasturtean. Nolanahi ere, hasitako ikasturtea amaitzeko aukera eman beharra dago.

2014 abendua 11

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Queja por cierre de colegio público durante el curso escolar.

Hezkuntza eta irakaskuntza

Hezkuntza kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2014ko azaroaren 6an […] andreak, […] jaunak eta […] jaunak aurkezturiko idazkia jaso zuen. Horren bidez, kexa agertu zuten Hezkuntza Departamentuan Murieta herri ikastetxea ikasturtean itxi izanagatik.
  2. Jarraian, Hezkuntza Departamentuari zuzendu nintzaion, kexaren berri emateko eta gaiari buruzko argibideak eman ziezazkidala eskatzeko.

    Hauxe zioen jasotako txostenak:

    1. Nahiz eta martxan den ikastetxe bat mantentzeko beharrezko gutxieneko ikasle kopurua arauz ezartzeko gutxieneko ratiorik ez egon, gelako edota ikastetxeko 5 ikasle gutxienez dituzten ikastetxeak mantendu izan ditu Hezkuntza Departamentuak. Hainbat hamarkada igaro dira ratio hori erabiltzen hasi zirenetik.

    2. Hain zuzen landa-eskolak sustengatzeko eta mantentzeko helburuarekin. Izan ere, gutxieneko kopurua da hori ikasleak behar bezala gizarteratu ahal izateko eta ikaskuntza kooperatiboa izateko, eta gainera, baliabide publikoak zentzuz erabiltzeko irizpideak kontuan izanik.

    3. Ikastetxeko ikuskariak eginiko txostenaren arabera (2014-10-28), izena emateko garaian (2014ko otsaila – martxoa) zazpi ikasle aurreikusten ziren Murietako herri ikastetxerako:
      1. CM, KD
      2. CR, S
      3. MD, D
      4. MD, V
      5. M, C
      6. M, N
      7. RV, M (Haur Hezkuntzan beste urtebete gehiago egoteko proposaturiko ikaslea, familiaren baimenarekin).

    4. Ondoren, jatorriz bulgariarra den MD familiak (4 eta 5) jakinarazi zuen seme-alabak Lizarrako Remontival HIn ikasteko aurreinskripzioa egin zuela, etxez aldatu izanagatik. Hortaz, Murietako HIk berez 5 ikasle zituen 2014ko irailaren 1ean, 2014-15 ikasturtea hasteko gutxieneko kopurua.

    5. Ikasturtearen hasieran, RV ikaslearen M familiak (7) iritzia aldatu ondoren, helbidea Lizarrara aldatu zuen eta ikaslea hitzarturiko ikastetxe batean inskribatu zuen. Beraz, ikastetxean 4 ikasle besterik ez zeuden matrikulatuta.

    6. Geroago, ikastetxeko zuzendariak emandakoan egiaztatu ahal izan denez, errumaniar jatorriko M familia (5 eta 6), seme-alabei baja eman ez arren, Errumaniara joan da bizi izatera. Lehenbiziko harremanen ondoren, ez ikastetxeak ez gizarte zerbitzuak ez dute lortu familiarekin berriz ere harremanetan jartzea.

    7. Horrenbestez, ikastetxeak lehen hezkuntzako 3 eta 1. mailako bi ikasle besterik ez duela jakin ahal izan da eta hala den uste sendoa dago, CM eta CR (1 eta 2) hurrenez hurren, eta arestian aipaturiko ratioaren arabera, jarduerak aldi batez uztea pentsatzen ari da, arlo pedagogikotik eta ekonomikotik bideraezina baita ikastetxe bat bi ikaslerekin mantentzea. Hezkuntza Ikuskaritzaren Zerbitzuaren txostena, 2014-10-31koa. Hau proposatzen du:
      • Murietako H.I. behin-behinean ixtea lehenbailehen.

      • Lizarrako Remontival H.I.ra aldatzea bi ikasleak. Izan ere, ikastetxe horretan tokia dago bi ikasleontzat eta garraio eta jantoki zerbitzua du, zeren Murietari dagokion eskualdeko ikastetxea baita.

      • Murietako H.I.n destinoa duten irakasleen kontratuak, osoak edo partzialak, berrikustea eta beste toki batean finkatzea, hala denean eta ahal den neurrian.

    8. 2014ko azaroaren 7an, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena eman zen. Horren bidez, Murietako HLHIren jarduerak aldi batez uztea proposatzen da, eta 2014ko azaroaren 11tik hasita izango ditu ondorioak.

    9. Ikastetxeak bere jarduerari 2014-2015 ikasturtean uzteko eta zabalik jarraitzeko zioak eman ondoren, hots, inguruabar berriak jakin eta berretsi direnean, hauxe esan beharra dago: IIP (Ingelesa Ikasteko Programa) duen ikastetxeko ikasleak ikastetxez aldatzeak ez dakarrela kalterik ikasleen hezkuntzarako, oso goiz sartzen direlako programan, zeren eta ikasleek orduan 5 ingeles-saio baitzituzten astean eta asteko beste 5 ingeles-saio baitzeuzkaten, Murietan zuten irakaslearekin. Hori ez da kendu, eta Remontival ikastetxeari gehitu zaio.

    10. Horrez gain, esan beharra dago ezen, ikastetxe-aldaketa datorren ikasturtean egingo balitz (badirudi hala eskatu dutela bi familiek), IIPren inguruko balizko arazoa larriagotu egingo litzatekeela, 8 hileko atzerapena izan beharko bailitzateke aintzat.

    11. Kontuan izan behar da Murieta HIren kokapena ere, gutxi gorabehera 10 minutura Lizarratik. Izan ere, kokapen hori dela-eta, Murietan bizi diren Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak dituzten (25) familia guztiek -motu propio aldatu direnak- Lizarran eskolaratzea erabaki dute bertako ereduetan, programetan eta ikastetxe-sareetan.

    12. Honekin batera, ikastetxeko ikuskariaren (egokitzat jotzen du ikasleak lehenbailehen sartzea), Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendariaren eta aipaturiko ebazpenaren kopia doakizu”.
  3. Kexa aurkeztu da. ikasturtea hasi ondoren Murieta herri ikastetxea ixteko erabakiaren aurrean, neurri horrek eraginpeko ikasleengan izan ditzakeen ondorioengatik: beste ikastetxe batera aldatzea, zehazki Lizarrako Remontival HIra, non hizkuntza eredua edota programa ez datorren bat Murietako HIkoarekin.

    Hezkuntza Sailak bere ustez hartutako erabakia zuritzeko zioak azaldu ditu.

  4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturik dagoenez, Administrazioak une oro babestuko ditu herritarrek harengan eta ordura arte izan duen ohiko jokabide normalean jarritako fede ona eta konfiantza legitimoa, baina printzipio hori aplikatzeak ezin eman dezake ordenamendu juridikoaren kontrako emaitzarik (8. artikulua).

    Ildo beretik, Herri Administrazioetako Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan xedaturik dagoenez, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioak nahitaez errespetatu behar ditu beren jardunean.

  5. Eskolaratzearen arloan, oro har onartzen da eskolako plazak esleitzeko plangintzen gaineko erabakiak eta, beraz, familiek aukeratzeko duten askatasuna erabiliz seme-alabak matrikula ditzaketen ikastetxeetan eta hizkuntza-ereduetan matrikulatzeko erabakiak, urterakoak izateko irizpidearekin hartzen direla eta, nolanahi ere, ikasturtea hasi baino lehen.

    Hemen interesatzen zaigun eskolaratzearen ondorioetarako, irizpide horrek adierazten du ikasturtea dela neurketa-unitatea, eta ideia horri erantzuten dio matrikulazioaren administrazio-egintzak, hots, ikasturte bati edo hezkuntza etapa bati dagokiona.

    Jarraibide hori hezkuntza administrazioaren eta gurasoen ohiko jokabidea izanik, legitimoa da kexa-egileek duten konfiantza, hots, ikasturtea hasi ondoren, normaltasunez joango dela. Konfiantza legitimo hori, arestian aipaturiko lege manuak direla eta, babestu egin beharra dago, are gehiago, Hezkuntza Departamentuaren txostenak dakarrenez, ikasleen gutxieneko legezko ratiorik ez dagoenean eta horren ondorioz ikastetxea zabalik jarraitzeko emaitza antijuridikoak gerta daitezkeenean.

  6. Testuinguru horretan, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du honako gomendio hau egitea: eskolako plazak esleitzeko plangintzaren gaineko erabakiak –eta erabaki horietako bat ikastetxea ixtea da-, arrazoibidearen muinaren aldetik onargarriak direla iruditu arren, ikasturtea hasi baino lehen hartzea; izan ere, ikasturtea unitate zatiezintzat hartu behar da ondorio horietarako.

    Bestela esanda, ikasturtea hasita, ikasleen eskubideak eta gurasoek aukeratzeko duten askatasuna ahalik eta gehien babesteko, eskolaratzeari jarraipena eman dakiola, nahitaezko kasuetan izan ezik.
    Azken salbuespen hori ez litzateke onargarria izango kasu honetan, plangintzaren gaineko erabakia baitugu. Erabakia hartzeko arrazoibideak izan arren, erabaki kontingentea da, eta ez dago nahitaez zertan hala egin.

  7. Horren ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut honako hau:

    Hezkuntza Departamentuari gomendatzea ezen, nahitaezko kasuetan izan ezik, kasuan kasuko ikasturtea hasi baino lehen har ditzala ikasleak eskolaratzean eragina duten plangintzaren gaineko erabakiak. Nolanahi ere, hasitako ikasturteak amaitzea ahalbidetu beharra dago.

Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak gomendioa onesten duen ala ez jakinaraz dezala, aginduzkoa denez, bi hilabeteko epearen barruan, baita, hala denean, gomendioa betetzeko hartutako neurriak ere.

Lege manu horretan xedatu denarekin bat, gomendioa ez onesteak berekin ekar dezake kasua Nafarroako Parlamentuan azalduko den 2014ko urteko txostenean sartzea, eta espresuki aipatuko da administrazioak ez duela aldeko jokabidea izan posiblea zela iritzi zitzaionean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia