Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q14/929/E); horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatzen zaio kexan ageri den diziplina espedientea berrikus dezala, aipatu ebazpena antolamendu juridikoaren aurka doala ulertzen delako, eta, beraz, berau indargabetu dezala.

2015 otsaila 09

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con medida correctiva.

Hezkuntza eta irakaskuntza

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2014ko azaroaren 3ko eta 10eko idazkien bidez, […] andreak kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan, Hezkuntza Departamentuaren gainean. Izan ere, DBHko institutuan zigorra jarri zioten bere semeari, ikastetxetik bost egunez botata.

    Bere idazkietan, interesdunak honakoa azaldu zuen:

    1. Bere semea […] DBHko institutuko ikaslea da.

    2. 2014ko urriaren 9an, ohiko prozedura bat hasi zitzaion bere semeari, ustez bizikidetzarako kaltegarria zen jarrera bat izan zuelako, urriaren 8an gertatutako egintza batzuen ondorioz.

    3. Prozedurari hasiera ematen dion agiriaren arabera, irakasle bati ustez irain egin zion, genero bereizkeriaren bat dela eta, eta horregatik ireki zen espedientea. Institutu horretako ingeleseko irakasleak ([…] andreak) aurkeztutako gertaera partea da akusazioaren oinarria.

    4. Gertaera partean baieztatu denez, ikasleak, parteak entregatzeko orduan, […] esan zion eta bide batez bularra ukitu zion, parteak eusten ari zen eskugainarekin.

    5. Urriaren 11n, bere semearen izen eta ordezkaritzan, zigor espedientea hasi izanaren gaineko alegazioak aurkeztu zituen, bere semeari egotzi zitzaizkion gertaerak egiazkoak ez zirela adierazita. Halaber, zigor espedientea artxibatzeko eskatu zen.

    6. Azkenean, ikastetxetik bost egunez kaleratzeko zigorra jarri zitzaion bere semeari.

    7. Klaseko kideek espedientean adierazi zutenez, ez zuten ikusi bere semeari akusatu zitzaion jarrerarik, eta, orientatzailearen eta horien artean izandako bileran, orientatzaileak esan zien semea kaleratu egin zutela, ikasleak ez zirelako ados jarri beren aitorpenetan. Ikasleek behin eta berriz errepikatu zuten gertaera horiek ez zirela benetakoak; semeak ez zuela irakaslea ukitu, ezta urrunetik ere.

    8. Ikastetxean zigor espedientearen gainean egin zituen eskari guztiak ezetsi egin zitzaizkion.
  2. Ondoren, Hezkuntza Departamentura jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    Erakunde honek 2014ko abenduaren 11n jasotako txostenean honakoa zioen Hezkuntza Departamentuak:

    1. 2014ko azaroaren 3an eta 10ean, […] andreak kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Arartekoan, […] bere semeari DBHko institutuan bost egunez kaleratzeko zigorra jarri izanarekin ados ez zegoelako.

    2. 2014ko urriaren 6an, ingeleseko eskolan zehar, jarrera oker bat egon zen, eta, ondorioz, urriaren 8an […] irakasleak ikastetxeko Zuzendaritza jakinaren gainean jarri zuen eta gertaera partea igorri zuen, gertatutakoaren berri emateko. Idazki horretan, irakasleak […] ikasleak gauzatutako jarrera bat aipatzen du, bizikidetza larriki kaltetzen duena, irakaslea iraintzen baitu. Gertaera parte horretan adierazitakoaren arabera, […] ikasleak bularra ukitu zion […] irakasleari eskugainarekin, aurreko parte baten kopia sinatuak entregatzeko unean. Parte hori jarri zitzaion ikasleari, hain zuzen ere 2014ko urriaren 3ko eskolan ustez behin eta berriz egin zuen komentario bategatik, ikasleak hiru aldiz esan baitzion irakasleari honakoa: “¿te la enseño?”. Ikaslearen amak dio esaldi horrek ez zuela zentzu bikoitzik, egun horretako etxeko lanez ari zela soilik.

    3. 2014ko urriaren 9an, eta gertaerak ikusita, DBHko institutuko ikasketa buruak, ikastetxeko zuzendaria ez baitzegoen, 2014ko urrian 6an gertatutako gertaerekin lotutako beharrezko informazioa jaso ondoren, bizikidetza larriki kaltetzen duten jarreren ziozko hezkuntza neurriak aplikatzeko ohiko prozedura hasi zion […] ikasleari, uztailaren 2ko 57/2014 Foru Dekretuaren bidez aldatutako Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen eskubideei eta betebeharrei eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako bizikidetzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

    4. 2014ko urriaren 21ean, DBHko institutuko ikasketa buruak, aipatu ikastetxeko zuzendaria ez zegoenez, prozeduraren amaierako ebazpena ezarri zuen eta, bertan, […] ikaslea aitortu zen irakasle bati egindako irainaren erantzule gisa, genero gaien ondoriozko bereizkeria izan daitekeelarik jatorria. Era berean, ebazpenean genero arrazoien ondoriozko bereizketa eragin dezakeen gertaera hori larriagotzen duten egoerak ageri dira, are gehiago kontuan hartzen badugu ikaslearen aurreko partean irakasle horri egindako sexu komentario batekin lotuta dagoela: te la enseño.

    5. Lehen aipatutako ebazpenak hala zerrendatzen ditu froga egitatetzat jotzen dituenak:
      1. Parteen kopia sinatuak entregatzeko unean, […] bere aulkitik altxatu zen eta irakaslearengana hurbildu. Azken hori zutik zegoen gelaren erdian, […](r)en mahaiaren parean, eta gainerako ikasleek beren lekuan jesarrita jarraitzen zuten.

      2. Ikasleak kopia entregatu zion irakasleari, honen espazio pertsonala inbadituta. Horren harira, aipatzekoa da ikasleak aitortu egin duela (bai irakaslearekin eta amarekin egindako bileran, bai, ondoren, instruktorearekin egindako elkarrizketan) parteak entregatzean beharbada irakaslea ukitu zuela, baina baieztatu egiten du ez dakiela non ukitu zuen eta ez zela nahita izan.

        Bestalde, gainerako ikasleen bertsioak askotarikoak dira eta ez datoz bat irakaslearen bertsioarekin eta […] ikaslearen bertsioarekin (batzuek diote ez zirela ohartu, beste batzuek irakaslea ukitu zuela diote, baina folioekin eta ez eskuarekin, eta lepoaren edo kokotsaren parean, ez bularraldean).

        […] irakasleak baieztatu egin du ikasleak bularra ukitu ziola sinatutako parteak entregatu zizkionean eta bazekiela zertan ari zen, bere parean baitzegoen berari begira.

      3. Bertsio guztiek diote irakaslea, gertaeraren ondoren, atzerantz joan zela eta ikasleari esan ziola mesedez distantziak gordetzeko edo zaintzeko. Ondoren, ikaslea berriz ere jesarri zen bere tokian, ezer esan gabe.

    6. Ebazpenaren arabera, era berean, eta jasotako informazioari jarraiki, instruktoreak ezin du zehatz-mehatz argitu zer gertatu zen urriaren 6an ikasgelan, desadostasunak baitaude bertsioetan, gorputzeko zein zati jo zuen, nahita edo nahi gabe izan zen, ikaslea irakasleari begira egon zen ala ez, eta abar zehazteko orduan. Kasu honetan, irakaslearen, ikaslearen eta gainerako ikasleen bertsioak desberdinak direnez, irakaslearen bertsioa gailendu behar da.

      Ebazpeneko testuak dioenez, irizpide horren atzean dagoen arrazoia LOMCEko 124.3 artikulua da, honakoa baitio hitzez hitz: Zuzendaritza taldeko kideak eta irakasleak agintaritza publikoa izango dira. Zuzenketa neurriak hartzeko prozeduretan, ikastetxeetako zuzendaritza taldeko kideek edo irakasleek egiaztatutako gertaerek froga izaera izango duten eta egiazkotasun presuntzioa izango dute iuris tantum edo kontrakoa frogatu ezean. Edonola ere, kasuan kasuko eskubide eta interesen alde, ikasleek frogak aipatu edo aurkeztu ahalko dituzte.

    7. Lehen aipatutako gertaerak kontuan hartuta, ebazpenak ikasleari egozten dio bizikidetza larriki kaltetzen duen jarrera bat egin izana, eta, ondorioz, eskolara joateko eskubidea bost egunez eteteko hezkuntza neurria aplikatzeko eskatzen du.

    8. Diziplina espedientea irakurri eta aztertuta, eta […] andreak Nafarroako Arartekoaren aurrean jarritako kexa idazkian adierazitakoa kontuan hartuta, honakoa ondorioztatu dugu:

      1. Bete egin dira Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen eskubideei eta betebeharrei eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako bizikidetzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan xedatutako prozedura tramiteak: espedientea hastea, instruktorea izendatzea eta interesdunei jakinaraztea, hasierako agiriaren bidez, espedientea izapidetzea, ebazpena egin eta interesdunei jakinaraztea, eta ezarritako erreklamazio epeak betetzea.

      2. […] ikasleari egotzi zaizkion gertaerak nahikoa egiaztatu dira, txosten honetako 5. atalean jasotakoaren arabera.

      3. Txosteneko 6. atalean xedatutakoari jarraiki, prozeduraren instruktoreak, irakaslearen, ikaslearen eta gainerako ikasleen bertsioak bat ez datozenez, irakaslearen bertsioa gailendu behar du, LOMCEko 124.3 artikuluan xedatutakoa betez, horren arabera zuzendaritza taldeko kideak eta irakasleak agintaritza publikoa baitira. Zuzenketa neurriak hartzeko prozeduretan, ikastetxeetako zuzendaritza taldeko kideek edo irakasleek egiaztatutako gertaerek froga izaera izango dute eta egiazkotasun presuntzioa izango dute iuris tantum edo kontrakoa frogatu ezean. Edonola ere, kasuan kasuko eskubide eta interesen alde, ikasleek frogak aipatu edo aurkeztu ahalko dituzte.

        Horren harira, azpimarratzekoa da ikasleari eta bere ikasle kideei hartutako aitorpenetan ez dela ustezko jarrera hori ukatu, baina aldea dagoela batzuek eta besteek diotenaren artean. Hala, ikasleak berak ere adierazi du beharbada irakaslea ukitu zuela, baina ez zekiela non eta nahigabe izan zela. Era berean, gainerako ikasleen bertsioak askotarikoak dira eta ez datoz bat (batzuek diote ez zirela ohartu, beste batzuek irakaslea ukitu zuela diote, baina folioekin eta ez eskuarekin, eta lepoaren edo kokotsaren parean, ez bularraldean). Hori guztia dela eta, irakaslearen aitorpenari froga izaera nahikoa emango zaio, lehen aipatutako LOMCEko 124.3 artikulua betez.

        Halaber, aipatzekoa da ikasleak eta […] andreak ezezkoa eman diotela 47/2010 Foru Dekretuko 23. artikuluan jasotako prozedura betetzeari.

      4. […] andreak Nafarroako Arartekoan egindako kexa idazkian adierazi zuenez, ohiko prozedura hasi zen ustez bizikidetzarako kaltegarria zen jarrera baten ondorioz, baina ohiko prozedura baten hasiera zen, bizikidetzarako larriki kaltegarriak diren jarrera batzuen aurrean hezkuntza neurriak aplikatzeko. Era berean, 47/2010 Foru Dekretuko 17.1 a) artikuluan xedatutakoaren arabera, gertaera bizikidetzarako larriki kaltegarria den jarrera gisa sailkatzea egokia da.

      5. Ikasleak eskolara joateko duen eskubidea bost egunez eteteko hezkuntza neurria 47/2010 Foru Dekretuko 19.1 d) artikuluan jasota dago eta ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena lortu zen, berau nahitaezkoa izanik. Horren harira, esan beharra dago eskolara joateko eskubidea eteteko gehienez 15 egun ezartzen direla eta hartutako hezkuntza neurrian 5 baino ez direla aplikatu.

      6. […] andreak Nafarroako Arartekoan egindako kexa idazkian adierazi duenez, orientatzailearen eta eskolako ikasleen artean egindako bileran, ikasleek behin eta berriz esan zuten gertaerak ez zirela egiazkoak, bere semeak ez zuela irakaslea inola ere ukitu, urrunetik ere. Horren harira, aipatzekoa da prozedura horren amaiera ebatzi eta Eskola Kontseiluan hartutako erabakia berrikusteko legezko erreklamazio epea amaitu ondoren izan zela […] andreak adierazitako bilera. Horrenbestez, 2014ko urriaren 23ko idazkian ([…] andreak ikasleari egotzitako hezkuntza neurria eteteko eskatzen diolarik Eskola Kontseiluari), inola ere ez da alegatu ikasleak gertaerak ukatu dituenik; batzuen eta besteen lekukotzaren arteko desadostasunak soilik ageri dira, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean islatu den bezala. Ikastetxeko ikasketa buruak Hezkuntzako ikuskari honi jakinarazi dionez, orientatzaileak talde honetako ikasleekin egin zuen bilera 2014ko azaroaren 3an izan zen, […] ikasleari eskolara joateko eskubidea eten zitzaion lehen egunean, taldeko ikasleen jarrera irakaslearengan bideratzeko saiakera batean. Bilera horretan, ikastetxeko orientatzaileak, eta prozeduraren instruktoreak, ikasleei ikusarazi zieten beraietako bakoitzak emandako bertsioetan adostasuna falta zela.

      7. […] andreak Nafarroako Arartekoaren aurrean egindako kexa idazkian adierazi zuenez, ikastetxera bere semearen zigor espedientearekin lotuta egin dituen eskari guztiak ezetsi egin zaizkio. Sinatu duen ikuskariak egiaztatu ahal izan duenez, une oro erantzun zaie […] andrearen eskariei, bai abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan xedatutako prozeduretako tramiteak betez, bai prozeduran zehar jaso diren eskari desberdinetan, erantzun puntualak eman baitzaizkie, indarreko araudiaren arabera. Hona hemen:

        • 2014ko urriaren 9an, […] andreak ikastetxeko zuzendaritzan eskatu zuen ingeleseko irakasgaiari buruzko dokumentazioa bidaltzeko; zehazki, izapidetu ahal izan diren gertaera parteei eta frogei dagokienez. 2014ko urriaren 15ean, ikastetxeak eskatzaileari erantzuna igorri zion, honakoa esanez:

        1. Erreklamazioei buruzko araudiak (Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezartzen duen Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Agindua) 4. artikuluan ezartzen du egin diren froga, ariketa eta lanak gutxienez hiru hilabetez gorde behar direla, azken kalifikazioak egin eta erabakiak hartu ondoren. Kontuan hartuta azken kalifikazioak ekainaren 23an erabaki zirela, dagoeneko igaro dira frogak zaintzeko nahitaezko hiru hilabeteak. Iraileko ezohiko ebaluazioan hartutako erabakiei dagokienez, ez zen froga horretara aurkeztu, eta, beraz, ez dago azterketarik gordeta. Ikasturte akademiko honi dagokionez, ikastetxeak bete egingo du lehen aipatutako Foru Aginduko 2. artikuluan xedatutakoa. Ikasleak, eta, hala badagokio, guraso edo lege ordezkariek azalpenak eskatu ahalko dituzte eta egindako frogak, ariketak eta lanak eskuratzeko aukera izango dute, irakasleekin berrikusi ahalko dituztelarik ikastetxean bertan, eta azken horiek ikaskuntza prozesuaren balorazioa arrazoituko dute. Ikasleek, eta, hala badagokio, guraso edo legezko ordezkariek erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte hartutako erabakiei eta lortutako kalifikazioei buruz, bai ebaluazio partzialetan, bai azken ebaluazioetan.

        2. Bizikidetzari buruzko araudiak, Nafarroako Foru Komunitateko Ikasleen eskubideei eta betebeharrei eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako bizikidetzari buruzko 23ko 47/2010 Foru Arauak eta uztailaren 2ko 57/2014 Foru Dekretu aldatzaileak ez dute aipamenik egiten gertaera parteak kontserbatzeko betebeharrari dagokionez.

        • 2014ko urriaren 13an, […] andreak aipatu irakasgaiko irakaslea aldatzeko eskatu zion ikastetxeko zuzendaritzari. 2014ko urriaren 15ean, ikastetxeak eskatzaileari erantzuna igorri zion, honakoa esanez: 2014ko urriaren 13an aurkeztutako eskariari dagokionez (sarrera zenbakia: 32/14), eskari hori ez onartzea erabaki da, ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko araudiak, hots, Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen eskubideei eta betebeharrei eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako bizikidetzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak eta berau aldatzen duen uztailaren 2ko 57/2010 Foru Dekretuak, ez dute aukera hori aurreikusten.

        • 2014ko urriaren 24an, […] andreak eskari bat aurkeztu zuen ikastetxeko zuzendaritzan, irakaslea bere semea zuzendu eta kalifikatzean abstenitu zedin. 2014ko urriaren 15ean, ikastetxeak eskatzaileari erantzuna igorri zion, honakoa esanez: 2014ko urriaren 21ean aurkeztutako eskariari dagokionez (sarrera zenbakia: 33/14), eskari hori ez onartzea erabaki da, ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko araudiak, Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen eskubideei eta betebeharrei eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako bizikidetzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak eta berau aldatzen duen uztailaren 2ko 57/2010 Foru Dekretuak, ez dutelako aukera hori aurreikusten. Hala ere, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezartzen duen maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduko 2. artikuluko 4 eta 5. puntuak ematen dizkion eskubideez baliatu ahalko duela jakinarazi zitzaion. Honakoa diote, hain zuzen ere, aipatu puntuek: ikasleek, eta, hala badagokio, gurasoek edo legezko ordezkariek, azalpenak eskatu ahalko dituzte eta egindako frogak, ariketak eta lanak eskuratzeko aukera izango dute, irakasleekin berrikusi ahalko dituzte ikastetxean bertan eta azken horiek ikaskuntza prozesuaren balorazioa arrazoituko dute; erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte hartutako erabakiei eta lortutako kalifikazioei buruz, bai ebaluazio partzialetan, bai azken ebaluazioetan."
  1. Azaldutako gaia eta Hezkuntza Departamenduak adierazitakoa kontuan hartuta, erakunde honek, 2014ko abenduaren 18ko idazkiaren bidez, kexan ageri zen zigorraren gaineko diziplina espedientearen kopia osoa eskatu zuen.

    Espediente hori 2015eko urtarrilaren 16an jaso zen.

  2. Kexa DBHko institutuko ikasketa buruak (ikastetxeko zuzendaria ez zegoelako) 2014ko urriaren 21ean emandako ebazpenaren aurrean aurkeztu zen, […] ikasleari izapidetutako diziplina espedienteari zegokienez, 2014ko urriaren 6an ingeleseko eskolan gertatu ziren egintzen ondorioz.

    Ebazpen horretan, ikaslearen jarrera irakaslearekiko irain gisa kalifikatzen da, generoaren ondoriozko bereizketa bat izan daitekeelarik jatorria, eta ikastetxera joateko eskubidea bost eskola egunez eteteko neurria ezartzen da. Horrexegatik jarri da, hain zuzen ere, mintzagai dugun kexa.

    Ondorioz, egozpenean bi elementu daude: irakasleari egindako iraina, batetik, eta irain horren jatorri posiblea generoaren ondoriozko bereizketa bat izatea, bestetik.

  3. Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen eskubideei eta betebeharrei eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako bizikidetzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak bizikidetzarako kaltegarriak diren hainbat jarrera tipifikatzen ditu, beren larritasun edo arintasunaren arabera.

    Hala, 14. artikuluan zerrendatzen dira bizikidetzaren kontrakoak diren jarrerak (ohiko jarrerak), eta, 17. artikuluan ageri dira bizikidetza larriki kaltetzen duten jarrerak (jarrera larriak). Azken horien artean daude, hain zuzen ere, irakasleei eta beren agintaritzari egindako irainak, kasu honetan aplikatzen dena kasu [17.1 artikulua, a) letra].

    Bizikidetza larriki kaltetzen duten jarrera horiei dagokienez, 19. artikuluan hainbat hezkuntza neurri aurreikusten dira. Horien artean dago eskolara joateko eskubidea irakasgai batean edo batzuetan etetea, edo, salbuespen kasuetan, ikastetxera joateko eskubidea etetea, gehienez ere hamabost egunez.

    Kexan azaldu den kasuan, beraz, jarrera larrien mota aplikatu zen eta zigorra, ikastetxera joateko eskubidea bost egunez etetea, juridikoki salbuespen kasua da.

    Ondorioz, diziplina ahalmena zuzentzen duten printzipioen arabera, eta, zehazki, eskubide eta askatasunen tipikotasuna, proportzionaltasuna eta muga txikitasuna kontuan hartuta, administrazioak ardura bereziaz jokatu behar du gertaeren kalifikazioa epaitu eta ezarritako hezkuntza zigorra edo neurria egokia den erabakitzeko orduan.

  4. Izapidetutako diziplina espedientean, organo instruktoreak ezin du zehatz-mehatz argitu zer gertatu zen urriaren 6an ikasgelan, desadostasunak baitaude bertsioetan, gorputzeko zein zati jo zuen, nahita edo nahi gabe izan zen, ikaslea irakasleari begira egon zen ala ez, eta abar zehazteko orduan. Kasu honetan, irakaslearen, ikaslearen eta gainerako ikasleen bertsioak desberdinak direnez, irakaslearen bertsioa gailendu behar da.

    Irakaslearen esanetan, espedientean ageri den bezala, ikasleak nahita ukitu zion bularra, bere aurrean baitzegoen, berari begira. Ildo horretatik, diziplina honen atzean dagoen partean irakasleak baieztatu egin du ikaslea hurbildu egin zitzaiola eta bularra ukitu ziola parteak eusten zituen esku gainarekin.

    Irakaslearen bertsio horren gailentasunak, diziplina espedientean azaldu den bezala, hezkuntza kalitatea hobetzeko Lege Organikoko 124.3 artikuluan xedatutakoa du oinarria. Bertan ezarritakoaren arabera, zuzendaritza taldeko kideak eta irakasleak agintaritza publikoa dira eta, zuzenketa neurriak hartzeko prozeduretan, ikastetxeko zuzendaritza taldeko kideek eta irakasleek egiaztatutako gertaerak frogatzat jotzen dira eta egiazkotasun presuntzioa dute iuris tantum edo kontrakoa frogatu ezean. Edonola ere, ikasleek, kasuan kasuko eskubide edo interesak defendatzeko, frogak aipatu edo aurkeztu ahalko dituzte.

  5. Aipatutako egiazkotasunaren presuntzioa, kasu honetan ikasleari jarri zaion zigorraren oinarri esklusiboa dena, bere izaera juridikoaren arabera interpretatu eta aplikatu behar da:
    1. iuris tantum jarduten du, hau da, ez da absolutua, berau hutsaltzen duten kontrako frogak onartzen baititu. Froga horiek organo instruktorearen irizpideari jarraiki gauzatu behar dira, azken horrek baitauka espedientea ofizioz ere sustatzeko zeregina, betiere frogak kasuaren egoeretara egokitzen badira. Edonola ere, instrukzio organo hori da, eta, ondoren, ebazteko eskumena duen organoa, froga elementu guztiak baloratzeko erantzukizuna duena.

    2. Gertaerei edo elementu faktikoei buruz soilik aritu behar da, eta ez horien gainean egiten diren kalifikazioei buruz, funtzio hori, berriz ere, instruktorearena eta ebazteko organo eskudunarena baita. Hau da, frogak gertatutakoa egiaztatzeko edo erakusteko izan behar dira, gertaerak kalifikatu gabe.
  6. Erakunde honen ustez, izapidetutako espedientea ikusita, ez dira nahikoa egiaztatu ikasleari egotzitako irainaren kalifikazioa arrazoitzen duten gertaerak.

    Kasu honetan, zigor edo zuzenketa bat jar dadin, ukitu egin dela eta hala ukitzeko borondatea egon dela frogatu behar da.

    Inplikatutakoen (irakaslea eta ikaslea) bertsioak kontrakoak dira, lehenak bularra nahita ukitu ziola baitio eta bigarrenak hori faltsua dela. Gehienez ere, ikasleak aitortu egin du (instruktorearekin egindako elkarrizketan aipatu denez) beharbada irakaslea ukitu zuela parteak entregatzean, baina ez dakiela non eta, edonola ere, ez zela nahita izan.

    Gainerako ikaskideen bertsioak, ebazpenean adierazi denez, ez datoz bat irakaslearen bertsioarekin eta […] ikaslearen bertsioarekin (batzuek diote ez zirela ohartu, beste batzuek irakaslea ukitu zuela diote, baina folioekin eta ez eskuarekin, eta lepoaren edo kokotsaren parean, ez bularraldean).

    Ikaskideen aitorpen horiek elementu erabakigarria dira kasu honetan, horiek izan baitziren gertaeren testigu presentzialak. Eta aitorpen horietako batek ere ez badu baieztatzen osorik edo funtsezko elementuetan edo zehatzenetan irakaslearen bertsioa (ikasleak bularra ukitu ziola, eta, gainera, nahita egin zuela), ezin da frogatutzat eman egotzi den irain jarrera hori, irakaslearen agintaritzaren egiazkotasunaren iuris tantum presuntzioa iuris et de iure presuntzio bihurtzen ez bada, irakaslearen bertsioa aski izanik gertaera frogatutzat jotzeko, bertan egon ziren testiguek kontrakoa baieztatu arren.

    Antolamendu juridikoak funtzionario publikoen agintaritza ezartzen du eta bere adierazpen publikoei egiazkotasun presuntzioa ematen dio, beharrezko berme guztiak dituenean. Hala ere, egiazkotasun presuntzio hori zaildu edota baliogabetu egiten da, baldin eta gertaerak ikusi dituzten eta jarraitutako ikerketa prozeduran hitz egiten duten hirugarrenen bertsioak badaude eta horiek ez badute irakaslearen bertsioa berresten, edota, gertaerak bere bertsioaren arabera gertatu ez zirela adierazten badute.

    Bertan egon zirenen aitorpenak, batera baloratuta, funtsean ikaslearen bertsioarekin bat datoz, horien arabera irakaslea ukitzekotan ez baitzen irakasleak esandako moduan izan, eta, batez ere, ez zelako irain asmo hori eman, egotzi den bezala.

    Guztiek baieztatu dute irakaslea gertaeraren ondoren atzera joan zela eta ikasleari distantziak zaindu edo gordetzeko esan ziola. Horrek esan nahi du ikaslea gehiegi hurbildu zela, beharbada ukitu egingo ziola parteak entregatzekoan, baina, hori, berez, ez da egotzitako iraina zalantzarik gabe baieztatzen duen elementu bat.

    Ondorioz, inputatuaren errugabetasunaren konstituzio presuntzioa gailendu behar da, ezarritako irainari dagokionez, agintaritzaren egiazkotasun presuntzioaren gainetik, gertatutakoaren lekuko izan ziren ikaskideen aitorpenetako batek ere ez baitu baieztatzen irakaslearen bertsioa, ez osorik, ez usteko iraina zehazten duten elementuetan. Ikaslearen eta ikasleen artean dagoen desberdintasuna edo adostasun osorik eza ez da erabakigarria, frogaren xedea ez baita zer gertatu zen zehaztea, baizik eta espedientea ireki zaionari egotzi zaiona gertatu ote den zehaztea, bere zigorra ezartze aldera.

    Azken finean, kasu honetan ez da nahikoa egiaztatu ikasleari egotzi zaion gertaera.

  7. Era berean, erakunde honek ez du uste behar bezala justifikatu denik zergatik aplikatu den salbuespeneko zigorra, ikastetxera joateko eskubidea kenduta, eta zergatik ez diren salbuespenekoak ez diren zigorrak ezarri.

    Adierazi den bezala, abuztuaren 23ko 477/2010 Foru Dekretuko 19. artikuluak eskoletara joateko eskubidea etetea aurreikusten du, eta soilik salbuespen kasuetan eteten du ikastetxera joateko eskubidea. Kasu honetan, ikastetxera joateko eskubidea eten da, salbuespen gisa, eta, beraz, hezkuntza administrazioak hartutako neurria zehazki motibatu beharko litzateke, berau zergatik aukeratu den azalduta eta ikaslearentzat hain larriak ez diren beste neurri batzuk zergatik hartu ez diren azalduta, lortu nahi den hezkuntza helburuaren arabera. Gure datuen arabera ez da halako azalpenik eman.

  8. Hau da, errepikatu egin behar da diziplina kexa bat egitean aski frogatuta dauden gertaerak izan behar direla abiapuntua, tipikotasuna (jarrera hori arauan aurrez ezarritako mota batean sartuta egotea), proportzionaltasuna (kasuan kasu dagokion zigorra aplikatzea) eta zuzenketa aukeraren arrazoiketa nahikoa bezalako printzipioak betez.
  9. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:

    Hezkuntza Departamenduari gomendatzea, kexan agertzen den diziplina espedientea berrikus dezala, emandako ebazpena antolamendu juridikoaren kontrakoa delako, eta, beraz, berau indargabetu dezala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Hezkuntza Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia