Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q14/927/F); horren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzen zaio, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuko 2. artikuluan aurreikusitako baldintzarekin lotuta, horren arabera enplegatu finkoak "lanpostua benetan betetzen gutxienez hiru urte eman behar dituelarik”, behin-behinean emandako zerbitzuak benetan emandako zerbitzu gisa uler daitezela.

2015 martxoa 02

Función Pública

Gaia: Desacuerdo con convocatoria de servicios especiales para la formación.

Funtzio publikoa

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria

Kontseilari jauna:

 

  1. 2014ko urriaren 31n […] jaunaren idazkia jaso nuen. AFAPNA sindikatuko lehendakariak kexa bat planteatu zidan Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren gainean, hautaketa frogen bidez prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran prestakuntza eta enpleguko erdi mailako graduaren titulatuaren lanpostuak betetzeko hautagaien zerrenda eratzeko deialdiari buruz (Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 1997/2014 Ebazpena).

    Zehazki, AFAPNA sindikatuak zalantzan jartzen zuen 2.1.b) oinarrian aurreikusitako baldintza, lanpostua betetzen benetan gutxienez hiru urte eman izanari buruzkoa, behin-behinean kontratatutako langileen kasuan eragiten duen diskriminazioagatik. Diskriminazio hori ematen da, hain zuzen ere, behin-behineko kontratazio bidez emandako zerbitzuak, aipatu baldintzaren ondoreetarako, ezingo liratekeelako zenbatu, eta, hori, kexaren egilearen arabera, 1999/70/CE Zuzentarauaren aurka doalako.

  2. Ondoren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura jo nuen eta gaiari buruzko informazioa eskatu.

    Aipatu txostenean honakoa adierazi zen:

    1. “Kexa Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 1997/2014 Ebazpenaren bidez onartutako deialdiko 2.1.b) oinarriaren harira aurkeztu da, hautaketa frogen bidez prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran prestakuntza eta enpleguko erdi mailako graduko teknikariaren lanpostuak betetzeko hautagaien zerrenda eratzeko. Oinarri horretan, izan ere, partaideei eskatzen zaie lanpostua benetan betetzen gutxienez hiru urte eman behar izan dituztela, zerrenda horretara sartzeko orduan.

      Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2011ko irailaren 8ko epaia urratu izana azaltzen da kexan, bitartekoen eta karrerako funtzionarioen arteko diskriminazioa aipatzen baitu. Kexa idatzi duen sindikatuak auzitegi horren doktrinak ezarritako lerroa azpimarratzen du, behin-behinean emandako zerbitzuen ondoreak funtzionario araubidean emandakoekin alderatzen baititu, hiru urte horiek egiaztatzeko orduan, eta, hala, irizpide hori hedatu nahi du behin-behineko zerbitzu horiek lanpostuan benetan emandako gutxieneko hiru urteen barruan zenbatu daitezen, promoziorako baldintzak eskatzen duen bezala.

    2. Hasteko, esan beharra dago deialdiaren edukia indarreko araudia aplikatuta ezarri dela, administrazioaren jardueran bete behar den legezkotasun printzipioari jarraiki, Konstituzioko 9.3 artikuluko aginduen arabera. Horren harira, gogoratu beharra dago aplikatu beharreko arau substantiboak Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publikoaren arloan duen eskumen esklusibotik datozela, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 49.1b) artikuluaren arabera. Azken hori Nafarroako eskubide jatorrizko eta historikoen berariazko baieztapenean oinarritzen da, Espainiako Konstituzioko lehen xedapen gehigarriaren babespean.

      Aipatu artikuluak Nafarroari egozten dio, foru araubide aitortuaren arabera, Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu araubidearen gaineko eskumen esklusiboa, Estatuko oinarrizko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubide eta betebeharrak errespetatuta. Eskumen hori legearen arabera betez, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategina onartu zuen. Berau, eta hura garatzen duen araudia, nahitaez bete behar ditu Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak, bere jarduera guztietan.

      Kasu honi dagokionez, lege testu horretako 24.2 artikuluaren arabera, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzu berezien egoera aitortu ahalko diete beren menpeko funtzionario publikoei, prestakuntza, hobekuntza edo ikerketako jarduerak garatzen dituztenean, arauz ezartzen diren kasu, baldintza eta araubideen arabera. Lege agindu hori hein batean garatuz onartu zen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituena.

      Foru Dekretuko 2 artikuluko 1. atalak behin-behineko kontratazioaren aurretiazko baldintza gisa ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta beren organismo autonomoek beren langile finkoei eskainiko dizkietela estali nahi dituzten lanpostuak, betiere horiek gutxienez hiru urte eman badituzte beren lanpostua benetan betetzen. Muga hori hitzez hitz ezarri da deialdiko 2.1.b) oinarrian.

    3. Adierazikoari kalterik eragin gabe, Foru Komunitateak arlo honetan esleituta duen eskumen esklusiboaren arabera legez onartutako araudiaren edukia bermatzen duten arrazoiak aztertu behar dira. Hala, esan beharra dago, hasteko, zalantzan jarritako agindua ezin dela ulertu Estatuko oinarrizko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien betebehar eta eskubideen funtsezko alderdi gisa, eta foru araudiak, edonola ere, hori errespetatu behar duela.

      Aitzitik, eremu honetan onartutako araudiak administrazioak bere esku dauden baliabideak kudeatu eta antolatzeko duen autoantolaketa eskumena du hizpide, kasu honetan bere zerbitzurako langileen prestakuntzarako eta hobekuntzarako eskubidea gauzatu ahal izateko. Horren harira, indarreko araudian aurreikusten den baldintzak, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran egon nahi duten langile finkoek egoera horretan egon nahi dutenetik lanpostua benetan betetzen gutxienez hiru urte eman dituztela egiaztatzeari dagokionez, ez du arau hausterik sortzen berdintasun printzipioaren aplikazioan, ez baitu kontuan hartzen funtzionario gisa sartu direnek aurretik behin-behinean eman ahal izan duten denbora.

      Horren harira, lehen aipatutako arauetan diseinatutako prestakuntza sistemak, Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publikoen arloan duen eskumenaren barruan eta Administrazioak duen autoantolaketarako ahalmena betez, ez du helburu maila altuagoko lanpostu bat betetzera pasatzeko aukera ematea, berehala, beheragoko mailako lanpostu jakin bat betetzeko administrazioan sarrerako hautaprobak gainditu dituzten pertsonei. Administrazioaren helburua, hainbat plaza betetzea sustatzen duenean, eskainitako plazak beren beharrizanen arabera betetzea da. Hala, plaza batean sartu berri denari prestakuntzako beste plaza bat betetzeko aukera emango balitzaio sartu eta berehala, behin-behinean zerbitzuak eman dituelako sartu aurretik hiru urtez, eraginkortasunik gabe geratuko litzateke Administrazioak egindako jarduera, deialdian deitutako plazak hornitzeko.

    4. Kexaren egileak interes oinarri gisa aipatu duen jurisprudentzia doktrina europarrean ez dela mintzatzen orain eztabaidatzen ari garen kasuari buruz. Izan ere, doktrina horrek langile finkoen eta sartu aurretik administrazioan behin-behineko zerbitzuak eman dituzten horien artean egiten duen alderaketa horiek langile finkoen antzera antzinatasunaren arloan sor ditzaketen eskubide ekonomikoen harira planteatzen da, baina horrek ez du esan nahi ondore guztietarako alderatu daitezkeenik bi taldeen araubide juridikoak.

      Horren harira, langile finkoek eta behin-behinekoek emandako zerbitzuen zerrendak arautzeko araubide desberdinak egoteak ez du inola ere berdintasun printzipioa urratzen edo diskriminaziorik sortzen, funtzionarioek eta langile finkoek harreman bereizi bat baitute zerbitzuak ematen dituzten administrazioarekin. Harreman hori kasuan kasuko estatutu araubidearen arabera ezartzen da eta berau organo eskudunak onartzen du, legez egotzi zaizkion eskumenak betez. Ondorioz, bertan ezarritako baldintzak nahitaez bete beharrekoak dira lanpostu horietan daudenentzat.

      Hori guztia dela eta, gure ustez indarreko foru araudian jasotako baldintza guztiz justifikatuta dago eta ez da egungo jurisprudentzia doktrina europarraren kontrakoa”.

  3. Ikusi ahal izan denez, AFAPNA sindikatuak kexa aurkeztu zuen, hautaketa frogen bidez prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran prestakuntza eta enpleguko erdi mailako graduaren titulatuaren lanpostuak betetzeko hautagaien zerrenda eratzeko deialdiko 2.1 b) oinarriak eragiten duen diskriminazioari buruz (Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 1997/2014 Ebazpena).

    Deialdiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoa dakar mahai gainera eta, langile finkoek zerbitzu bereziak eskuratu ditzaten, beren lanpostua betetzen benetan gutxienez hiru urte eman behar dituztela ezartzen du.

    Diskriminazioaz ariko ginateke, prestakuntzarako zerbitzu berezietara sartu nahi duen funtzionario interesdunak, eskatzen diren hiru urte horien ondoreetarako, ezingo lituzkeelako zenbatu behin-behineko kontratuan eman dituen zerbitzuak, hau da, funtzionario plaza hartu baino lehen egindakoak.

  4. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2011ko irailaren 8ko epaiak, kexan aipatutakoak, zera ondorioztatzen du: Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70 Zuzentaraua, CES, UNICE eta CEEPen iraupen mugatuko lanari buruzko akordio esparruari buruzkoa, eta haren eranskinean agertzen den akordio esparrua interpretatzean (…), karrerako funtzionarioen eta estatu kide bateko bitarteko funtzionario parekideen arteko desberdintasun oro baztertu egin behar da, oinarri bakarra horiek iraupen jakin bateko zerbitzu harremana dutela bada, salbu eta arrazoi objektiboek, akordio esparru horretako 4. klausulako 1. atalaren harira, tratu desberdina justifikatzen badute.

    Era berean, iraupen mugatuko lanari buruzko akordio esparru horretako 4. klausula interpretatzean, kontuan hartu behar da ez dagoela ados herri administrazio bateko bitarteko funtzionario batek karrerako funtzionario lana hartu duen arte egindako zerbitzu aldiak bertan sartzeko orduan kontuan ez hartzearekin, karrerako funtzionarioek soilik parte har dezaketen barne promozio batean, salbu eta bazterketa hori arrazoi objektiboen bidez justifikatu bada, klausula horretako 1. atalean adierazitakoaren ildotik. Bitarteko funtzionarioak kontratu baten edo iraupen mugako zerbitzu harreman baten ildotik aldi horiek bete izana ez da berez arrazoi objektiboa.

  5. Kexan aipatu den deialdia barne promoziorako mekanismo bati buruz ari da, behin-behinekoa izanda ere, langile finkoei ezarria, funtzio publikoko foru legedian aurreikusitakoaren arabera.

    Eta, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak 2.1 b) letrari buruz egiten duen interpretazioak tratamendu desberdina ematen die behin-behinean eman diren zerbitzuei, horiek ez bailukete ahalbidetuko prestakuntzara sartzeko aurreikusten den hiru urteko epea osatzea, zerbitzu berezien egoeran aitortuta. Hala, adibidez, administrari laguntzailearen lanpostua duen funtzionario batek, lanpostu horretan izendatua izan baino lehen emandako zerbitzuekin, prestakuntzara sartu nahi badu, funtzionario izendatu ondoren emandako zerbitzuak soilik zenbatu ahalko ditu eta ez behin-behinean eman dituenak.

    Ondorioz, barne promoziorako mekanismo baten eta lanpostu berean emandako aldien tratamendu desberdinen aurrean gaudenez (finkoek zenbatuko luketelako eta behin-behinekoek ez), tratamendu bereizi hori babesten duten arrazoi objektiborik ote dagoen aztertu behar da.

  6. Langile finko edo behin-behineko gisa emandako aldien tratu bereiziaren justifikazio horren harira, Europar Batasunaren Justizia Auzitegiko epaiak honakoa dio:

    72 Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak errepikatzen duen bezala, «arrazoi objektiboen» kontzeptuak, akordio esparruko 4. Klausulako 1. atalaren arabera, ez du uzten iraupen mugatuko kontratua duten langileen eta langile finkoen artean tratu bereizi bat justifikatzen, azken hori arau nazional orokor eta abstraktu batean aurreikusita dagoelako, lege gisa eta ez hitzarmen kolektibo gisa (lehen aipatutako epaiak, Del Cerro Alonso, 57. atala, eta Gavieiro Gavieiro eta Iglesias Torres, 54. atala, eta Montoya Medina epaia, lehen aipatua, 40. atala).

    73 Kontzeptu horretarako, antzemandako tratu desberdintasuna justifikatuta egon behar da, elementu zehatzak daudelako, kasuan kasuko lan baldintzaren bereizgarri direnak, beren testuinguru zehatzaren barruan eta irizpide objektibo eta gardenen arabera, desberdintasun hori benetako beharrizan baten ondoriozkoa den, lortutako helburua lortzen laguntzen duen edo horretarako ezinbestekoa den egiaztatzeko. Elementu horien jatorri zehatza iraupen mugatuko kontratuak egiteko zereginen izaera berezia izan daiteke, edota horien berezko ezaugarriak, edo, estatu kide batek gizarte politikako bidezko helburu bat lortu nahi izatea (ikus, zehazki, lehen aipatutako epaiak, Del Cerro Alonso, 53 eta 58. atalak, eta Gavieiro Gavieiro eta Iglesias Torres, 55. atala).

    74 Herri administrazioko langileen zerbitzurako harremanaren behin-behineko izaera soilik aipatzea ez da baldintza horietan sartzen eta, beraz, ezin du berez arrazoi objektibo bat eragin, akordio esparruko 4. Klausulako 1. atalean adierazitakoaren harira. Lan harreman baten behin-behineko izaera hutsa desberdintasun hori justifikatzeko aski dela onartzeak urratu egingo lituzke akordio esparruko eta 1990/70 Zuzentarauko helburuak eta iraupen mugatuko kontratua duten langileen kalterako egoera bat betikotu luke (Gavieiro Gavieiro eta Iglesias Torres epaia, lehen aipatua, 56 eta 57. atalak, eta Montoya Medina epaia, lehen aipatua, 42 eta 43. atalak).

    75 Espainiako Gobernuak hainbat desberdintasun aipatzen ditu karrerako funtzionarioen eta bitarteko funtzionarioen artean, bere ustez auzi nagusian eztabaidatutako tratu desberdintasuna justifikatzen dutenak. Horien harira, hasteko, sartzeko orduan eta merezimendua eta gaitasuna egiaztatzeko orduan baldintza gutxiago eskatzen zaizkiela azpimarratu du. Bigarrenik, bitarteko funtzionarioen mugikortasun falta aipatzen du, behin-behinean bete behar duten lanpostura lotuta baitaude eta beren jarduera eta balioa, ondorioz, desberdinak direlako karrerako funtzionarioak duten jarduera eta balioaren aldean. Gainera, gogorarazi duenez, funtzio jakin batzuk karrerako funtzionarioei erreserbatzen zaizkie, eta, beraz, esperientziari eta prestakuntzari dagokienez alde kualitatiboa ageri da. Azkenik, gobernuak agerian utzi du bitarteko funtzionarioen lagapena, izendapena sortu zuen kausa amaitzen denean gauzatzen dela.

    76 Estatu kideek beren herri administrazioetako antolakundearekin duten balorazio eskumena kontuan hartuta, printzipioz herri administrazioen aukera da, 1999/70 Zuzentarauak eta akordio esparrua urratu gabe, antzinatasun baldintzak ezartzea lanpostu jakin batzuetara sartzeko, barne promoziorako sarbidea karrerako funtzionarioei soilik mugatzea, eta hautaketa prozesuan aipatzen denaren azpikoa den taldeko esperientzia profesionala egiaztatzeko eskatzea.

    77 Hala ere, balorazio marjina hori gorabehera, estatu kideek ezartzen dituzten irizpideak gardentasunez aplikatu behar dira eta kontrolatuak izan ahalko dira, iraupen mugatuko kontratua duten langileak baztertzen ez direla ziurtatzeko, kontratuaren iraupena edo beren antzinatasuna edo esperientzia profesionala justifikatzen duten zerbitzu harremana soilik badira oinarriak.

    78 Abokatu orokorrak bere ondorioen 62-65 puntuetan adierazi zuenez, Gobernu Espainiarrak aipatutako alde jakin batzuek, bitarteko funtzionarioak eta karrerakoak izendatzeari, eskatzen diren kualifikazioei eta bete beharreko funtzioei izaerari dagokienez, printzipioz tratu desberdina izan dezakete lan baldintzetan.

    79 Tratu desberdin hori, hautaketa prozesuari dagokionez, prozedura horrek sustatu nahi duen plazaren baldintza objektiboak kontuan hartzeko beharrizanaren ondoriozkoa denean eta bitarteko funtzionarioa enplegu emailearekin lotzen duen zerbitzu harremanaren iraupen jakin batetik kanpo dagoenean, justifikatuta egon daiteke, akordio esparruko 4. Klausulako 1 edo 4. atalen harira.

    80 Bestalde, baldintza orokorra eta abstraktua bada eskatzen den zerbitzu aldia osorik karrerako funtzionario gisa eman behar izan dela eta ez badira kontuan hartzen egin behar diren zereginen izaera zehatza eta haren berezko ezaugarriak, ez dira betetzen akordio esparru horretako 4. klausulako 1. ataleko jurisprudentzia eskakizunak, epai honetako 72/74 ataletan gogorarazi den bezala”.

  7. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak igorritako txostenean ondorioztatu ahal izan denez (zehazki, hirugarren ataleko azken paragrafoan), eskakizun horren helburua da, funtzionarioak plaza lortutakoan, berehala promozionatzea saihestea eta, hala, dagokion hautaketa prozesuko helburua ez zapuztea.

    Erakunde honen ustez, justifikazio hori ez da nahikoa tratamendu juridiko desberdina emateko behin-behinean eta era finkoan eman diren zerbitzuei, funtzionarioen arteko promozio mekanismo batera sartzeko orduan, ez baita lortu nahi den helbururako saihestezina (helburua kasuan kasuko hautaketa prozesuetan deitzen diren plazen bidez emandako zerbitzu publikoen funtzionamendua egokia izatea da).

    Promozio mekanismo batera sartzeko aurretiaz zerbitzu aldi bat eman behar dela ezartzea ez da berez legez kanpokoa, baina, bestalde, funtzio zeregin batzuk dituen lanpostuan, prestazioaren aldia zenbatzean funtzionarioak izaera hori edo aurreko behin-behineko kontratua izan duen kontuan hartzea diskriminatzea litzateke eta ez letorke bat 1999/70/CE Zuzentarauarekin.

    Ez dira zalantzan jarri -berriz ere diogu- promozionatuko den lanpostuan aurretik emandako zerbitzuaren baldintzak, baizik eta berau langile publikoaren eta administrazio publikoaren arteko loturaren behin-behineko edo finkotasun izaeraren arabera egiaztatzearen ondorioa.

    Prestazio aldia zenbatzeko tratu desberdintasun hori, adierazi den bezala, ez da ezinbestekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tramitatzen dituen hautaketa prozesuen helburua zapuzten dela saihesteko (azken finean, zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzeko), kasu honetan promozio mekanismoa martxan jartzea horiek tramitatzen dituen administrazioaren esku egonda ere.

    Administrazioak, autoantolaketako bere eskumenak eta langileen arlokoak betez, aukera ugari dauzka bere zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatzeko, behin-behinean edo finkotasunez eman diren zerbitzuen tratu desberdin hori ezarri behar izanik gabe, kexa honetan adierazi den bezala, hori ez baita lortu nahi den funtzio publikoaren arabera ezinbestekoa.

  8. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:

    Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuko 2. artikuluan aurreikusitako baldintzarekin lotuta, horren arabera enplegatu finkoak "lanpostua benetan betetzen gutxienez hiru urte eman behar dituelarik”, behin-behinean emandako zerbitzuak benetan emandako zerbitzu gisa uler daitezela.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia