Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/926/F); horren bidez, Hezkuntza Departamentuari iradokitzen zaio balora dezala kexa-egilea bere bizitokitik hurbilago dagoen etxezain lanpostu batean birkokatzeko aukera, daukan gaixotasuna eta gidatzeko aitortuta dauzkan mugak direla-eta.

2014 abendua 16

Extranjería

Gaia: Denegación de solicitud para que le oferten vacantes cerca de domicilio.

Funtzio publikoa

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

 

  1. 2014ko urriaren 30ean, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat jaso nuen; haren bitartez, kexa egiten zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, daukan gaixotasuna dela-eta bere bizitokitik hurbil dauden lanpostuak eskain diezazkioten egindako eskariari ezezkoa eman izanarengatik.
  2. Horren ondotik, Hezkuntza Departamentura jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

    Jasotako txostenean, honakoa aipatzen da:

    1. [] jaunak administrazio-araubideko kontratu bat dauka, eta lanpostua Martzillako [...] BHIan dauka.

      2014ko azaroaren 7ko idazkiaren bitartez, Nafarroako Arartekoak [...] jaunaren kexa helarazi digu; horren aurrean, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren irizpidea eskatu zuen, aldi baterako kontratua izan eta ezgaituen izaera daukaten langileei dagokienez, langile horiek beren lanpostura ibilgailuz joan behar diren kasuei dagokienez.

    2. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak adierazi du horri buruz duen irizpidea Nafarroako Arartekoak joan den uztailean, [...] jaunak egindako kexaren harira, egindako gomendioan ezarritakoa dela (14/498 espedientea); horren arabera, honakoa dagokio:
      • Aldi baterako kontratua izan eta ezgaituak diren langileen kasuan, baldin eta beren lanpostura autoz joan behar baldin badute, izenpetutako kontratuari ezezkoa eman ahalko diote kontratazio-zerrendetatik kanpo geratu gabe, baldin eta joan-etorri horrek ezgaitasunaren larriagotzea baldin badakar; betiere larriagotze hori behar bezala egiaztatu beharko da.
      • Aurrekoaren ondorioz, behin kontratuari ezezkoa eman ondoren, ezin izanen zaio izangaiari eskaini lantokira autoz joatea dakarren kontraturik; soilik eskaini ahalko zaizkio bere bizilekutik hurbil dauden lanpostuetako kontratuak, halako moduz non lantokira oinez nahiz garraio publikoa erabiliz joan ahalko den.

        Halaber, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak jotzen du [...] jaunaren kasua ez dagokiola Nafarroako Arartekoak 4/498 espedientean gomendatutakoari, halako moduz non [...] jaunari kontratu berriak eskaintzeko, azken horrek aurrez uko egin beharko baitio gaur egun izenpetuta daukan kontratuari.

    3. Azaldutakoa dela eta, baldin eta kontratuari uko egiten baitio, ez da kontratazio-zerrendatik kanpo geratuko. Kontratuari uko egiten badio, berriz, edo kontratu hori amaitzen bada, bere bizilekutik hurbil dauden lanpostuetako kontratuak eskainiko zaizkio, halako moduz non lantokira oinez nahiz garraio publikoa erabiliz joan ahalko den”.

       

  3. Agertu den bezala, kexa-egilea Hezkuntza Departamentuko lan-kontratudun langilea da, eta etxezain lanpostua Martzillako [...] BHIan dauka 2012tik. Dauzkan osasun-arazoak direla-eta, eskatzen du lanpostu bat eskain dakiola bizitokia duen eskualdean (Iruñeko eskualdea), autoz joan-etorrian ibili behar ez izateko.
  4. Kexa-espedientean jasota ageri da ezen, Hezkuntza Departamentuaren Prebentzio Zerbitzuaren 2014ko apirilaren 23ko txosten baten bitartez, langile hori gai jo zela etxezain lanposturako, ibilgailuz joan-etorrietan ibiltzeko muga batzuekin.

    Muga horiei dagokienez, txostena izenpetu zuen sendagile espezialistak honakoa aipatu zuen: kontuan izanda daukan osasun-asaldura, bai eta astero azken urtebetean izan dituen larriagotzeak, autoz egin behar izaten dituen joan-etorrien ondorioz, gidatzeko arriskua dela-eta sentiberatasun bereziko egoeran dago, bai eta edozein lanpostu betetzeko distantzia ertain eta luzeko joan-etorriak egiteari begira ere. Hori guztia dela eta, autoz joan-etorriak egiten ibil ez dadin eta istripuak in itinere izateko arrisku handiagoa izan ez dezan, beharrezkoa litzateke inguruabar hori kontuan har dadin bere bizitokitik urrun dagoen lanpostu bat eskaintzeko garaian.

    Halaber, gogora ekarri beharra dago Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko Lurralde Zuzendaritzako Ezgaitasunen Baloraziorako Lantaldeak 2010eko martxoaren 25ean egindako txostena, non koadro klinikoa honela kalifikatzen baita: Menière gaixotasuna, hileroko bertigo aldiekin, tratamenduari erantzuten ez diona. Langileak erabateko ezgaitasun iraunkorra duela jotzen du (irizpenean ageri den lanbidea kamioi-gidariarena da).

    Txosten batetik zein bestetik ondorioztatzen da, erakunde honen iritziz, langileak bere bizitokitik lanpostua duen tokira egunero egin behar duen joan-etorria, ibilgailua erabiliz, arrisku kualifikatua dakarrela bere osotasunerako eta osasunerako.

  5. Hori jota, erakunde honek Hezkuntza Departamentuari iradokitzen dio balora dezala interesduna birkokatzea Iruñeko edo inguruetako etxezain lanpostu batean, lanpostu husten bat baldin badago (edo beste inguruabarren bat dela-eta halako lanpostu bat betetzeko beharra badago), eta, kasu horretan, aldeen artean sinatutako kontratua aldatu edo berritu dadila.

    Erakunde honen ustez, neurri egokia eta proportzionatua litzateke hori, kasuaren inguruabarren araberakoa, kontuan izanda langileak osasuna dela-eta pairatzen duen arazoa eta ibilgailuak ohikotasunez gidatzeko daukan ezgaitasuna. Eta gomendagarri gertatzen da hori, bai langilearen intereserako, bai interes orokorrerako.

    Gidatzea etxezain lanpostuak berezko duen zerbait ez bada ere, bereziki aldi baterako kontratazioen kasuan ohikoa da joan-etorria modu horretan egin dadin; horrenbestez, horren eragina haztatu beharra dago.

  6. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, egokitzat jo dut:

    Hezkuntza Departamentuari iradokitzea balora dezala kexa-egilea bere bizitokitik hurbilago dagoen etxezain lanpostu batean birkokatzeko aukera, daukan gaixotasuna eta gidatzeko aitortuta dauzkan mugak direla-eta.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala iradokizun hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia