Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/896/E); horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoari gomendatzen zaio baimen dezan interesdunak eskatutako arduraldi murriztuko matrikulazioa.

2015 urtarrila 13

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Denegación de solicitud de reconocimiento de estudiante a turno reducido.

Hezkuntza eta irakaskuntza

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea.

Errektore jauna:

  1. 2014ko urriaren 22an, [...] jaunak, [...] jauna ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat jaso nuen. Haren bidez, kexa egiten zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurka, arduraldi murriztuko ikasle gisa jarduteko matrikula-eskaria ezetsi zuelako (Ikasleen Gaietarako eta Enplegurako errektoreordearen irailaren 23ko 1349/2014 Ebazpena).
  2. Horren ondotik, Nafarroako Unibertsitate Publikora jo nuen, kexaren berri emateko, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

    Nafarroako Unibertsitate Publikoak erakunde honi txosten bat eta gai hau dela eta interesdunak aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kopia bat igorri dizkio; ebazpenak errekurtsoa ezesten du.

  3. Kexa aurkeztu da [...] jaunari arduraldi murriztuko ikaslea izatek matrikula-eskaria ezetsi zaiolako, Ingeniaritza Mekanikoko graduan.

    Eskariaren oinarria zen interesdunak, 2014ko abenduaren 31ra arte, [...]rekin lan-kontratu bat zuela, lanaldi osoko araubidean zerbitzua emateko betebeharrarekin.

    Aurrez, ikaslea arduraldi partzialeko ikasle gisa matrikulatuta egona zen Informatika, Adierazpen Grafikoa eta Matematika I ikasgaietan; horrenbestez, matrikulazio-araubidearen aldaketak izanen zuen eragin praktikoa izanen litzateke ikasgai bat kentzea (zehazki Matematika I aipatzen da).

  4. Unibertsitate Publikoko Gradu Ikasketak arautzen dituzten Arauen 30. artikuluak matrikulaziorako bi kategoria orokor bereizten ditu: arduraldi osoko ikaslea (30 eta 42 ETCS kreditu bitarte seihileko bakoitzean) eta arduraldi partzialeko ikaslea (15 eta 29 ETCS kreditu bitarte seihileko bakoitzean).

    Matrikulazio-aukera horiek baldintzarik gabekoak dira ikaslearentzat: bata zein bestea aukera ditzake bere borondate hutsez, inongo inguruabar berezi egiaztatu behar izan gabe.

    Aukera orokor horietaz gainera, arduraldi murriztuko ikaslea jasotzen da (4 eta 14 ETCS kreditu bitarte seihileko bakoitzean), zeina apartekotzat eta baimen administratiboaren pekotzat jotzen baita. Aparteko izaera baimentzeko kasuak ez dira arauan sailkatuta ageri.

  5. Erakunde honen iritziz, arauan gehiago zehaztea falta den arren, apartekotasunaren baldintzei buruzko balizko interpretazioen aurrean, kontzeptu juridiko zehaztugabea baita, onartu beharra dago, matrikulazio-modalitate horren izaera berezia ezertan aldatu gabe, interesdunaren aldekoena dena (pro actione printzipioa), are gehiago bilatzen dena denean lanaldi osoko lan-jarduera bat bateragarri egitea goi mailako jarduera akademiko batekin.

    Eta hori ezarrita, eskaria baiestea justifikatuko luketen arrazoiak aurkitzen ditugu. Alde batetik, aipatu den bezala, arduraldi partzialeko matrikulazioaren aukera baldintzarik gabe agertzen da araudian. Modalitate hori, praktikan, lan-jarduera bat daukaten ikasleentzat pentsatutakoa izan badaiteke ere, lan-inguruabar hori ez dago mugatuta matrikulazio mota horretara. Hori dela eta, ezin da baztertu lan-jarduerak ere arduraldi murriztuko matrikulazio-eskaera bat determinatzea, bereziki, oraingoan bezala, lanaldiaren araubidea osoa denean.

    Bestalde, arduraldi murriztuko matrikulazioaren aukerak daukan apartekotasuna eskaria egin deneko testuinguruan interpretatu beharra dago. Testuinguru horrek, jakina den bezala, bereizgarri du gazteek izugarrizko zailtasuna dutela lan-merkatuan sartzeko, eta horrek justifikatzen du ezen, jarduera bat eta bestea, prestakuntzakoa eta lanekoa, bateragarri egin nahi diren kasuetan, ahal den guztian erraztea ukituari gehien interesatzen zaion bateragarritasun-aukera, berak nahiago duena, arrazoizkoak eta onargarriak direnen artean.

    Azkenik, esan beharra dago arduraldi murriztuko matrikulazioaren modalitatea aldi baterakoak diren kasu oso puntualetara mugatzeak, berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenak dioen bezala, nahiz eta zalantzazko irismena duen (eta, are gehiago, aldi baterako lan kontratu baten kasuan ez gertatzea, matrikulazioaren xedea den seihilekoaren barruan), dirudienez, modalitate hori gehiegi murrizten duela, kontuan hartzen bada modalitate hori egituratuta dagoela seihileko jarduera akademiko baten plangintzaren gainean.

  6. Azken batean, arduraldi murriztuko matrikulazioa justifikazioa eta baimena duen modalitate bakarra denez, arauan alegatzekoak diren aparteko inguruabarrak zein diren ezarri gabe daudenez, eta erakunde honek jotzen duenez lanaldi osoko lan-kontratu batek apartekotasunaren baldintza bete dezakeela, gomendatzen dugu ezen, Acosta jaunari oraindik ere interesatzen bazaio, daukan asmoari bidea eman dakiola, horrek dakarren eraginekin.

  7. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:

    Nafarroako Unibertsitate Publikoari gomendatzea baimen dezan interesdunak eskatutako arduraldi murriztuko matrikulazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia