Partekatu edukia
Toki-entitateen funtzionamendua
Gaia: Falta de exposición pública aprobación inicial cuenta general.
Toki entitateen jardunbidea
Arlegiko Kontzejuko burua
Buru hori:
Horren ondotik, Arlegiko Kontzejura jo nuen, kexaren berri emateko, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.
Jasotako txostenean, honakoa aipatzen da:
“Igorri zenidan idazkiari erantzun aurretik –2014ko urriaren 29ko irteera-data dauka eta [...] andreak aurkeztutako idazkiari buruzkoa da–, lehenbizi, barkamena eskatu behar dugu, zuregana berandu jotzeagatik. Uste izan nuen epea hilabetekoa zela, eta erantzuna igortzeko garaian egiaztatu dut 15 egunekoa zela.
Aipatutako kexari dagokionez, Kontzejuak honakoa adierazi nahi du.
“Espedientean ageri denez, Kontzejuak, Osoko Bilkurarako eta Kontuen Batzorde Bereziaren deialdiekin batera, 2013ko kontu orokorraren espedientearen kopia osoa igorri zuen; irailaren 23an jaso zuen [...] andreak. Gainera, berak aitortu du jaso egin zuela. Bi bilkurak irailaren 26an eginen ziren, bata 19:30ean eta bestea 20:00etan.
[...] andreak alegatu du ezinezko gertatzen zitzaiola bi saioak prestatzea, eta Nafarroako Gobernuko erregistroan aurkeztutako eskabide batez eskatu zuela Kontuen Batzordea bertan behera uztea. Aipatutako jakinarazpena urriaren 2an jaso zen Kontzejuan. Alde batetik, ez-bertaratzearen justifikazioa ez zen iritsi bilera egin ondorenera arte, eta, bestetik, ez en inolako modurik izan aipatutako eskabideari erantzuteko.
Aipatu den bezala, Kontuen Batzorde Bereziaren saioa egiteko unean [...] andrea bertaratu izan balitz, erabaki zitekeen batzordea etetea osoko bilkura hasi baino lehen, eta beste egun batean berrabiatzea, edo, are gehiago, osoko bilkuraren hasiera atzeratzea batzordearen iraupena luzatu ahal izateko. Alabaina, Batzordea egin zen [...] andrea bertan egon gabe, eta, gainera, ez zuen bere bertaratze ezaren desenkusarik aurkeztu.
Esan beharra dago jendaurreko aldiaren sistema horren aurka [...] andreak errekurtsoa aurkeztua duela Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta direla haren helburuak baietsi izan. Nafarroako Administrazio Auzitegiak aitortzen du sistema hau nahikoa dela, baliabiderik (langilerik) gabeko toki administrazio batentzat, alegia, kontzejuarentzat. Arazoa sortuko litzateke jendaurreko aldian dokumentazioa eskuratzea ukatu izan balitz, baina ez da halakorik gertatu inolaz ere. Uste dugu, horrenbestez, jarduketa honetan administratuaren fede txarra egon dela. Are gehiago dokumentazio jaso ondoren kontzeju honi desadostasunik aurkeztu ez dionean, eta harengana ezertarako ere jo ez duenean. Hori guztia dela eta, Kontzeju honek uste du ez dela bidezkoa tasak itzultzea."
2013ko Kontu Orokorraren jendaurreko aldiari buruzko iragarkiaren kopia ageri da igorritako txostenarekin batera. Iragarki hori kontzejuburuak izenpetuta dago eta honakoa dio:
"2013KO KONTU OROKORRAREN JENDAURREKO ALDIA.
Kontuen Batzorde Bereziak aldeko txostena eman du 2013ko ekitaldiko urteko egoera-orri eta kontuei buruz, eranskin guztiak barne direla, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 273. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz, espediente hori entitate honetako iragarkien oholean egonen da hamabost egun baliodunez.
Halaber, xedatzen da bidezkotzat jotzen diren erreklamazio, ohar eta eragozpen-ohar guztiak aurkeztu ahalko direla aipatutako hamabost eguneko epean.
Hori guztia jakinarazten da ezagut dadin, ARLEGIn, 2014ko IRAILAREN 26an.
Kontzejuaren Etxea irekitzea.Interesdunek espedientea eskura ahal dezaten, Kontzejuaren Etxearen honako egun eta orduetan egonen da irekita:
Irailaren 30ean, 13:00etatik 13:30era.
Urriaren 1ean, 10:00etatik 11:30era.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 88.2 artikuluak aurreikusten du Kontzejuetako batzarren bilkuren araubidea udalen osoko bilkuretarako orokorrean xedatuari egokituko zaio. Bestalde, aipatutako foru legeko 78.1 artikuluak xedatzen du osoko bilkuretarako deia lehendakariak eginen duela, gutxienez ere saioa egiteko ezarritako data baino bi egun lehenagotik.
Aipatutako legezko agindu horiek eta kexa-espedientean ageri direnak ikusita, Osoko Bilkuraren eta Kontuen Batzorde Bereziaren saiorako deialdiak legez exijitutako denborarekin egin dira.
Bestalde, egun berean ordu erdiko denborarekin bi saioren deialdiak metatzeak (Kontuen Batzorde Bereziarena 19:30ean eta Osoko Bilkurarena 20:00etan) ez da legearen aurkakoa, are gehiago, txostenean aipatzen den bezala, lehenengoa Batzordeko lehendakariak erabakita nahi den guztian luza daitekeenean gaiak aztertzeko, bigarren saioa beste hainbeste geroratuta.
Kexan aipatzen den hamabost egun balioduneko jendaurreko aldiari dagokionez, erakunde honek uste du ez dela nahikoa denbora hori formalki gaitu eta ireki dadin; izan ere, toki entitateak neurriak hartu behar ditu herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eskubidea eraginkor egiteko, horixe baita hartutako konpromisoa. Azken hori berezkoa zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 92. artikuluan aurreikusitakoari; izan ere, artikulu horrek xedatzen du Nafarroako toki entitateek ahal den eta informazio zabalena emanen dutela beren jarduerari buruz eta erraztuko dutela herritarrek tokiko bizitzan parte hartzea. Arauaren interpretazioa gidatu behar duen printzipio nagusi bat da, bereziki kasu honetan bezala, arau horrek tasatu gabeko alderdi bat zehaztu behar denean.
Eta aurrekoa suposatuta, erakunde honek jotzen du Kontzejuaren bulegoak hain denbora laburrean irekita edukitzea –bi ordu eta hogeita hamar minutu, guztira, ordu eta erdiko, ordu erdiko eta beste ordu erdiko tarteetan, hiru egunetan zehar– 2013ko Kontu Orokorraren dokumentaziorako sarbidea errazteko, eskubide hori arrazoizkoa denaz harantzago murriztu eta baldintzatzen duela eskubide hori. Ezin da ahaztu jendaurreko aldiak ukitutako espedienteak berebiziko garrantzia eta konplexutasuna dituela (Kontzejuaren kontu orokorra da), eta inguruabar horrek exijitzen du arreta handiagoa jar dadila herritarren parte-hartzea errazteko hartu beharreko neurrien egokitzapena baloratzerakoan. Gauza bat da toki entitatearen dimentsioa eta ezaugarriak direla-eta kontzejuko egoitzak irekitzeko modulazioak ekartzea, egoera arrunt batean izanen litzatekeenaren aldean, baina beste bat da aztergai dugunaren antzeko espediente batean hain denbora laburra ematea espediente hori eskuratzeko eta jotzea hori nahikoa dela parte-hartzerako eskubideaz normaltasunez baliatzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:
Arlegiko Kontzejuari gogoraraztea neurriak hartzeko legezko betebeharra duela, herritarrak balia daitezen jendaurrean jarri beharreko espedienteetan parte hartzeko daukaten eskubideaz.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Arlegiko Kontzejuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia