Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Vulneración principio publicidad en concurso de traslado nivel E.
Funtzio publikoa
Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria
Kontseilari jauna:
2014ko urriaren 17an, […] jaunak aurkezturiko idazkia jaso nuen. AFAPNA sindikatuaren izenean eginiko idazki horretan, kexa agertu zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan, eskualdatze-lehiaketaren bidez E mailako edo taldeko 58 lanpostu huts betetzeko eginiko deialdian publizitate printzipioaren balizko urraketagatik. Nafarroako Foru Komunitateko eta bere erakunde autonomoetako Administrazioaren zerbitzurako lanpostuak dira.
Langileria Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaritzak 2014ko abuztuaren 26an emandako ofizio bat da kexaren ardatza, eskaerak aurkezteko eta izangaien merezimenduak ebaluatzeko epearen ondorengoa. Ofizio horren bidez, berekin zamak erabiltzea dakarten plazen argitalpena iragarri zen, besteak beste.
Kexan adierazi zenez, gehienak ziren halako plazak, eta, beraz, lanpostuak eskura zitzaketen baina hala egin ez zuten izangaiak diskriminatzeko zioa izan zitekeen (eskabidean lauki egokia adieraziz), ez baitzekiten zein plaza izango ziren.
Ondoren, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura jo nuen, aurkezturiko kexari buruzko argibideak eman ziezazkidan.
Hauxe zioen jasotako txostenak:
“Nafarroako Arartekoak, 2014ko urriaren 17ko idazkiaren bidez, AFAPNA sindikatuak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan aurkezturiko kexaren gaineko txostena eskatu zuen, eskualdatze-lehiaketaren bidez E mailako edo taldeko 58 lanpostu huts betetzeko eginiko deialdian publizitate printzipioaren balizko urraketagatik. Nafarroako Foru Komunitateko eta bere erakunde autonomoetako Administrazioaren zerbitzurako lanpostuak dira.
Horri dagokionez, kontuan izan behar da sindikatu horrek, deialdian parte hartu zuten beste batzuek bezala, gora jotzeko bi errekurtso aurkeztu zituela azken egunetan berekin zamak erabiltzea dakarten plazen argitalpenaren kontra.
Une honetan, errekurtso horiek izapidetzen hasi dira, iragarkia jendaurrean erakusteko prozesua barne, zertarako-eta interesdunek espedientea aztertzeko eta alegazioak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 112 eta 59. artikuluan xedatu denarekin bat etorriz.
Horretara legez ezarritako epean aurkezturiko errekurtsoak izapidetu eta organo eskudunak ebazpena eman ondoren, ebazpenaren berri emango zaio erakunde horri, ondorioak izan ditzan”.
Aldez aurretik, honako erakunde honek adierazi behar du ezen, administrazio jarduna eta kexa sustatzen duten herritarren eskubidea urratu den ala ez erabakitzeko beharrezko ikerketa egite aldera, ez dela nahikoa kexaren xedeko gaiaren inguruko gora jotzeko errekurtsoa dagoela jakinaraztea.
Administrazio publikoak eskatzen duen informazioari esker (kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa) kexaren muina ebazteko modua izan behar da, gaia gora jotzeko errekurtsoaren menpe dagoen ala ez aintzat hartu gabe. Nafarroako Arartekoaren esku-hartzea Administrazioaren jarduketa gainbegiratzeko kontrolean datza, Administrazioak beste errekurtsoren bat dela bide egindako administrazio-egintzak berrikusteko ahalmenarekin zerikusirik ez duena. Herritarrek balia ditzaketen bi bide ezberdin dira, ez daude elkarrekin lotuak, eta legeak ez du xedatzen Nafarroako Arartekoaren jarduketa etetea errekurtsoa jarri izanagatik.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1. artikuluan xedatu denez, kexa onartutakoan, sumarioaren eta txostenaren ikerketa sustatuko du Nafarroako Arartekoak, kexaren kasuak argitze aldera. Bestalde, eskaeraren funtsezko edukiaren berri emango dio administrazio egokiari, administrazio horretako buruak idatzizko txostena, adierazpena edo dokumentazioa igor dezan gehienez hamabost egun balioduneko epearen barruan. Manu horrek gehitu duenez, eskaturiko hasierako txostena igortzeari uko egin bazaio edo zabarkeriatzat jotzen bada, bere eginkizunak betetzearen aurkako jarduntzat edo eragozpentzat har dezake Nafarroako Arartekoak. Berehala emango du argitara jarrera hori, eta halakoa dela nabarmenduko du Nafarroako Parlamentuari eginiko urteko txostenean edo txosten berezian, hala denean.
Aztergai dugun kasuan eman den erantzuna ikusita, hots, erakunde gainbegiratzaileak kontrolatzea galarazten duen –edo galaraz dezakeen- gora jotzeko errekurtsoa dagoela tartean, erakunde honekiko begirunerik eza eta Foru Legeak xedaturiko kalifikazioetako bat emateko modukoa izateaz gain, administrazio-agintariek zabarkeriaz jokatu dutela esan liteke.
Azken finean, ez da onargarria erantzun hori ematea hau bezalako kasuetan, hots, gaiari buruzko errekurtsoa jarrita dagoela eta, aurkezturiko errekurtsoak izapidetutakoan eta organo eskudunak ebazpena emandakoan, ebazpenaren berri emango zaiola erakunde honi, ondorioak izan ditzan.
Ohartarazpen hori eginda, erakunde honek gaiaren muinari buruzko irizpena emango du, kexa sustatu duenak emandako edo Nafarroako Aldizkari Ofizialetik ateratako datuak oinarri hartuta. Hartara, erakunde honek egiazkotzat jotzen ditu administrazioak, aurkaratu behar ez direla iritzita, aurkaratu ez dituen gertakariak, horretarako aukera izan badu ere.
AFAPNAk aurkezturiko kexak bat egiten du Nafarroako Foru Komunitateko eta bere organo autonomoetako administrazioaren zerbitzuko E mailako edo taldeko 58 plaza huts eskualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdiko 3.1 e) eta 5.3. ataletan ezarritakoarekin.
3.1 d) atalean, plazak eskuratzeko beharkizunen artean, hauxe ezarri da:
“Gaitasun azterketa medikoa gainditzea, hasieran eskainitako plazak edo hautaketaren ondoz ondoko txandetan gehituriko edo horren ondorioz izandako plazak eskuratu nahi direnean, baldin eta, berekin zamak erabiltzeak dakartela eta, beharkizun hori ezarrita badute. Horretarako, aipaturiko azterketa egin nahi dela aipatu behar da nahitaez lehiaketan parte hartzeko eskaeran.
Aurreko paragrafoan aipaturiko gaitasun azterketa medikoaren ordez, lehiakidea atxikita dagoen unitate buruak emandako agiria aurkez daiteke, non espresuki agerraraziko baita zamak erabiltzen direneko lanpostuan diharduela lanean lehiakideak”.
5.3. atalean, aurreko beharkizunarekin lotuta, hauxe xedatu da parte hartzeko eskabideak arautzean: berekin ama erabiltzea dakarten plazak eskuratu nahi dutenek, lehiaketan parte hartzeko eskaeran, gaitasun azterketa medikoa egin nahi dutela adierazi behar dute horretarako ezarritako laukian hala adieraziz, edo bestela, parte hartzeko eskabidearekin batera, lehiakidea atxikita dagoen unitate buruak emandako agiria aurkez daiteke, non espresuki agerraraziko baita zamak erabili ohi direneko lanpostuan diharduela lanean lehiakideak. Deialdiko fitxak Emaitzak atalean, idazki-eredua emango da.
Horrenbestez, berekin zamak erabiltzea dakarten plazei dagokionez, plaza horietarako berariazko gaitasun fisikoa behar dela ezarri da. Bi era daude gaitasun hori egiaztatu ahal izateko: parte hartzeko eskabidean eskatu beharreko azterketa medikoaren bidez, edo bestela, ordezko txosten baten bidez, baldin eta halako ezaugarriak dituen lanpostuari dagozkion atazak egiten badira, hots, zamak erabiltzea dakarren lana.
Nafarroako Herri Administrazioen Zerbitzuko Enplegatuen Estatutuaren testu bateginaren 19. artikuluan ezarrita dagoenez, administrazio horiek beren lanpostuen zerrendak onetsi beharko dituzte. Bertan ezarriko dira lanpostuak, behar bezala sailkatuak, eta besteak beste hauexek ere adieraziko dira: atxikitako maila eta, hala denean, lanpostuak eskuratu ahal izateko egiaztatu beharreko berariazko beharkizunak.
Lege horren arabera, plantilla organikoa da Nafarroako herri administrazioetako lanpostuak eskuratzeko berariazko beharkizunak ezartzeko tresna juridikoa.
Berariazko beharkizun horien artean, kexa honen xedea dena sartzen dela ulertu behar da (zamak erabiltzeko gaitasuna), zeren eta plazen kategoria bateko edo hainbat kategoriatako (E mailako lanpostuak) lanpostuei buruzkoa baita, lanpostuen ezaugarriak direla eta. Baldin eta zamak erabiltzeko gaitasuna egiaztatzea eskatzen bada plantillako zenbait lanpostu eskuratzeko (zenbait izangai bazter utzita), lanpostuak eskuratzeko berariazko beharkizuna dela ondorioztatu beharra dago.
Plantilla organikorako ezarritako beharkizun hori jasota egoteak, xedapen orokorra izanik lanpostuak eskuratzeko edo betetzeko deialdiak lotzen dituenez gero, bermatu egiten du izangaiek deialdiko lanpostuak eskuratzeko baldintza guztiak ab initio ezagutzea.
Alabaina, aipaturiko berariazko beharkizuna plantilla organikoan agerraraztea beharrezkoa ez dela iritzita ere (ondorio dialektikoetarako behinik behin), aipaturiko bermea eskatu beharra dago nolanahi ere: aldez aurretik finkatu behar direla deituriko lanpostu guztiak eskuratzeko beharkizunak bukatzeko eran, hots, prozedura hasten den une beretik, hau da, deialdia eman eta argitaratzen denetik hasita.
Izan ere, horrelako prozedura motak eraentzen dituzten printzipio orokorren berme objektiboa da deituriko lanpostuak eskuratzeko baldintzak hasiera-hasieran ezartzea, bereziki publizitate, gardentasun eta objektibotasun printzipioena. Baina badago beste zio bat ere: izangaien erabakia bideratu dezaketen baldintzak dira.
Azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Herri Administrazioen lanpostuak betetzeari buruzko erregelamenduaren 27. artikuluan xedatuta dagoenez, deialdietan (eskualdatze-lehiaketei dagozkienetan) honako hauek bildu behar dira nahitaez: d) Lehiakideek bete beharreko baldintzak edo beharkizunak. Hortaz, agerikoa da lehiakideek bete behar dituzten beharkizunak ezinbestean daudela lotuta bete beharreko plazari dagozkion beharkizunekin. Beraz, zamak erabiltzea berariazko beharkizuna da, eta determinantea da, besteak beste, izangaiek ondoren eta beren nahien arabera plazak aukeratzerakoan (erregelamendu horren 40.3. artikulua).
Eta, azkenik, erregelamenduak deialdiak eta horien oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzera behartzen ditu administrazioak. Hartara, merezimenduen lehiaketan eskatzen diren baldintza eta beharkizun guztiak bete behar dituzte izangaiek.
Aztergai dugun kasu honetan egin dena ez zaie lotzen eskakizun horiei. Izan ere, AFAPNA sindikatuak dioenez –eta, arestian esana dugunez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ez du horren kontra ezer adierazi emandako txostenean-, prozeduraren amaieran eman omen da zamak erabiltzeko gaitasunerako beharkizuna duten plazei buruzko erabakia, hain zuzen izangaiek eskaerak aurkeztu ondoren eta haien merezimenduak balioetsitakoan.
Berariazko beharkizuna da (berekin zamak erabiltzea dakarten plazak zehaztea), eta deituriko zenbait lanpostu eskuratzetik aparte uzten ditu zenbait izangai. Hortaz, hautaketa-prozedurako araua da, prozeduraren hasieratik deialdian finkatu beharrekoa.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez nahitaez eman behar duela informazioa, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 24.1. artikuluarekin bat etorriz, foru erakunde honek administrazioaren jarduera gainbegiratzeko bere eginkizuna osotasunez egitea ahalbidetzen dion informazioa hain zuzen. Horretarako, sakon aztertuko ditu kexan adierazitakoak.
Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak gomendioa onesten duen ala ez jakinaraz dezala, aginduzkoa denez, bi hilabeteko epearen barruan, baita, hala denean, gomendioa betetzeko hartutako neurriak ere.
Lege manu horretan xedatu denarekin bat, gomendioa ez onesteak berekin ekar dezake kasua Nafarroako Parlamentuan azalduko den 2014ko urteko txostenean sartzea, eta espresuki aipatuko da administrazioak ez duela aldeko jokabidea izan posiblea zela iritzi zitzaionean.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia