Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/865/F). Horren bidez, Osasun Departamentuari gomendatzen zaio ez dezala aplikatu Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituen Osasuneko kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduaren 2.5 artikulua, artikulu horretan aurreikusten baita salbuespen kasuetan zerrendetara eta zerrenda horien lehentasun hurrenkerara jo gabe kontratazioak egitea, horretarako legezko kausa nahikorik izan gabe. Halaber gomendatzen zaio hala eginez gero ez ditzala denbora aldetik zatikatu kexaren xede diren kontratuak, iraupen luzeko zerrendetara jo behar ez izateko.

2015 martxoa 31

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Supuestas ilegalidades en listas de contratación.

Funtzio publikoa

Osasuneko kontseilaria

Kontseilari andrea:

 

  1. 2014ko urriaren 8an […] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Haren bidez, Osasun Departamentuaren aurkako kexa bat egin zuen, ustez legez kanpoko egoera gertatu zelako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kontratazio zerrenden kudeaketan.
  2. Jarraian, Osasun Departamentura jo nuen, kexaren berri eman nion, eta auzi horri buruzko informazioa emateko eskatu nion.

    Iragan 2015eko martxoaren 24an Departamentu horren txostena jaso nuen. Txosten horrek zera dio:

    “[…] andreak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kontratazio zerrendetan ustezko legez kanpoko egoerarengatik aurkeztutako kexa dela-eta (espedientea: Q14/865/F) bidali zenuen idazkari erantzuteko, hau sinatu duen Osasuneko kontseilariak, honen berri eman nahi du:

    Erreklamaziogileak dioenez, Osasun Departamentuak 2014ko abuztuaren 18an erantzun egin zion berak D mailako Administrari Laguntzaile kategoriako aldi baterako kontratazio zerrenden aurka aurkeztutako kexari (espedientea: Q14/621/F).

    172/2009 Foru Aginduaren 2. D) artikuluaren arabera kontratatzeari buruz, askotan berretsi dudanez, ez da uste salbuespen kasuetan egokien jotzen diren pertsonak kontratatuz –kontuan harturik bete beharreko lanpostura nola egokitzen diren eta hura noraino ezagutzen duten– merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioa hausten denik, baldin eta kontratazio hori egiteko premiazko arrazoiak badaude; arrazoi horiek beti laguntza jarduerarekin dute zerikusia, eta kontuan hartzen ez badira, artatutako gaixoen osasunerako arrisku egoerak sortu ahal dira.
    Artikulu horietan beraietan azaltzen denez, jokabide hori salbuespenetan egiten da, kasu oso zehatz eta jakinetan, eta betiere hautagaiak lehendik lortutako ezagutzak eskatzen dituzten zeregin espezifikoei buruz txosten zehatza eskatzen da.

    Horri dagokionez, ez da pentsatu behar gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa urratu denik. Izan ere, kontratazio horiei buruzko informazioa –kontratazioak edozein iraupen duela ere– beti dute eskura eragile sozialek nahiz kontratazio horren eraginpean dagoen edonork. Gainera, deialdiak lanpostuaren berri dutenen artean egiten dira kategoriako kontratazio zerrenden barruan, zerrenda horretan duten posizioaren hurrenkeran, goranzko ordenan.

    Osasun Mentalaren esparruko kontratazioei dagokienez, Osasun Mentaleko Administrari Laguntzaileen zerrenda laburretako 295 postuan dagoen pertsona 2011ko abenduaren 1etik aurrera kontratatu zen, eguneko 5 orduko iraupen laburreko kontratu batekin, sindikatuko liberatua den […] andrearen lanpostu-erreserba betetzeko.

    Osasun Mentaleko Administrari Laguntzaileen zerrenda laburretako 301 postuan dagoen pertsona 2012ko urtarrilaren 9etik aurrera kontratatu zen, lanaldi murriztuko ordezkapeneko iraupen laburreko kontratu batekin.

    Gaur egun indarrean dauden Administrari Laguntzaileen kontratazio zerrenden hasiera-data 2012ko urtarrilaren 30a da. Bi administrari laguntzaile horien kontratazioa, zerrenden hasiera-data baino lehenago egin zen.

    Bi Administrari Laguntzaile horien aldi baterako kontratuak berritzean bete egin dira Osasun administrazioak eta sindikatuek 2003ko ekainaren 9an sinatutako Akordioan ageri diren irizpideak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentro eta establezimenduetarako aldi baterako langileak hautatzeko arauak onesten dituen Osasuneko kontseilariaren abenduaren 24ko 172/2009 Foru Aginduaren 13. artikuluak azaltzen duenaren arabera. Foru Agindu hori indargabetu du Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituen Osasuneko kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduak.

    Esan behar da erreklamaziogilea ez dela agertzen Osasun Mentaleko Zuzendaritzaren Administrari Laguntzaileen zerrenda laburretan, eta horregatik, ez duela inolako legitimotasunik zerrenda horien kudeaketari buruz erreklamazioak egiteko.

    Erreklamaziogilea 2014ko maiatzaren 30etik ez dago deialdietarako gertu, eta orain arte Departamentu honek ez daki eskabide orokorrik aurkeztu duen ala ez, deialdirako gertu egoteko”.

  3. Agerian geratu denez, kexan hainbat alderdi aipatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aldi baterako kontratazioari buruz, interesduna erakunde autonomo horren kontrataziorako hautagaien zerrendetan dagoela (D mailako Administrari Laguntzaile lanpostua eta E mailako Zerbitzu Orokorretako lanpostua, kexa honetatik eta aurreko 14/621/C espedientetik ondorioztatzen denez).
  4. Interesdunak alde batetik auzitan jartzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zerrendetara jo gabe erabiltzen duen zuzeneko kontratazio-mekanismoa (interesdunak aditzera ematen du ez duela salbuespen kasuetan egiten, baizik eta sarritan).

    Mekanismo hori uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduaren 2. artikuluan aurreikusten da gaur egun. Artikulu horrek zera xedatzen du: “2. artikulua. Izangai zerrendak prestatzea.

    1. Izangaien zerrendak deialdi publikoetatik abiaturik prestatuko dira, lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez, edo zerrenda ireki eta iraunkorretan inskribatuz. Betiere, gardentasun eta publikotasun printzipioak bermatuko dira.

       

    2. Foru agindu honetan aurreikusten diren aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan inskribatu ahal izateko, izangaiek eskatzen diren tituluak eduki beharko dituzte azkeneko deialdirako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo zerrenda ireki eta iraunkorretan inskribatzeko unean.

      Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ofizioz baztertuko ditu zerrendetatik baldintza hori betetzen ez duten izangaiak.

    3. Ondotik zehazten diren kontratazio zerrendak prestatuko dira, eta, izangaiei deia egitean, honako lehentasun-ordena honi berari segituko zaio:
      1. Hautapen prozesua gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

        Zerrenda hau prestatuko da, kategoria bereko lanpostu batean plantillako langile gisa sartzeko oposizioaldia gainditu arren, lanposturik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizioan edo oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

        Ondorio horietarako, egindako azken deialdi publikoa baizik ez da kontuan hartuko.

      2. Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

        Zerrenda honetan proba gehien gainditu dituzten izangaiak sartuko dira.

      3. Oposiziora aurkeztu arren, hautaproba bat bera ere gainditu ez duten izangaiak.

        Aurreko 2. puntuan azaldutako zerrendan sartzeko aukera izan gabe, oposizioaldia gainditzeko eskatutako puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaiak sartuko dira zerrendan honetan.

        Atal hau ez da aplikatuko fakultatiboak kontratatzeko zerrendak prestatzeko.

        2. eta 3. ataletan azaldutako kasuetan, izangaien ordena finkatzeari begira, honako puntuazio hauen batura eginen da: hautaproban lortutako puntuazioa gehi aldi baterako kontratazioaren xedeko lanpostuari dagozkion estamentuan eta espezialitatean egindako zerbitzuen balorazioari dagokion puntuazioa. Azken hori ateratzeko, azkeneko deialdia argitaratzen den egunera arteko zerbitzuak kontatuko dira, honela: urte bakoitzeko puntu bat, edo dagokion zati proportzionala (12 puntu gehienez).

      4. Zerrenda ireki eta iraunkorrak:

        Zerrenda hauetan urte osoan zehar sartzen ahalko dira izangai gehiago, betiere aurreko ataletan ezarritakoaren arabera prestatzen diren zerrendetan ez badaude.

    4. Hautaprobetarako deialdi publiko baten bidez osatutako izangai zerrenda.

      Deialdi publiko baten bitartez aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzen badira berariazko proba batzuk eginez, zerrenda horiek lehenetsiko dira zerrenda ireki eta iraunkorren aurretik.

    5. Salbuespen kasuetan, egokien jotzen diren pertsonak kontratatzen ahalko dira, kontuan harturik bete beharreko lanpostura nola egokitzen diren eta hura noraino ezagutzen duten, betiere frogatzen bada horretarako premiazko arrazoiak daudela. Horrelako kasuetan, kontratazio organoak txosten arrazoitu bat prestatu beharko du, idatziz. Txosten hori kontratazio espedienteari erantsiko zaio, eta, kontratazioaren iraupena 15 egunetik gorakoa bada, Langilearen Batzordeari igorriko zaio, haren berri izan dezan”.
  5. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 89. artikuluak aurreikusten duenez, Administrazio-araubidean kontratatutako langileria deialdi irekiaren bidez hautatuko da eta probak merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarrituko dira.

    Erregela horren bidez gure antolamenduan txertatzen da funtzio publikoan berdintasun baldintzetan sartzeari buruzko printzipio konstituzionala. Bada, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean ez dago erregela hori modulatzen duen aurreikuspenik.

    Beraz, aipatutako 11/1992 Foru Legearen 4. artikuluaren arabera, ondorioztatu behar da aipatutako Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 89. artikulua aplikatu ahal dela.

    Gauzak horrela, eta dagokigun eremuko lege erreserbaren printzipioaren arabera, -Konstituzioaren 23.2 eta 53. artikuluen ondorioz- ezin da, erregelamenduaren arauaren bidez, aipatutako legezko agindutik datorren exijentziarekin bat ez datozen emaitzak jarri edo gaitu: sarrera frogen bidez egitea eta, zentzuzkoa denez, lehentasun hurrenkera emaitzetan oinarritzea.

    Eta hori da kasu honetan gertatzen dena, foru agindu honen manuak, administrazio kontratazioan sartzeko ohiko erregimenak 2. artikuluaren aurreko atalak ezarri ondoren (kontratazio zerrendak eta ondoriozko lehentasun hurrenkerak), legetik kanpo sartzen du funtzio publikoan sartzeko hautapen frogen berezko logika alde batera uzten duen ez ohiko bidea, kontratazio organoari esleitze librekoak ez diren lanpostuak haren irizpide pertsonalaren arabera bete beharreko lana egiteko gai den eta ezagutzen duenari esleitzeko eskumena emanez, kontratazioaren larritasuna eta kontratatuaren egoerak justifikatuz.

    Aginduak legezko bermerik ez duen arren –horretarako ez da nahikoa azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 37. artikuluaren g) letran aurreikusitakoa, araudi izaera kontuan hartuz-, erakunde honen arabera, desproportzionala da, gehienez, eta berme hori kontuan hartuz, sartzen den ez ohiko kontratazio bidea Konstituzioaren 23.2 eta 103.3 artikuluei dagozkien exijentzietan suposatzen dituen hausteak direla eta, konstituzioaren arabera onargarria izan daiteke arauak tasatutako lanpostu zehatz batzuekin lotuta bakarrik, espezializazio edo ezagutza tekniko gradu oso berezia behar dutenekin, eta ez plantilla organikoaren lanpostu guztiekin.Horrenbestez, erreklamazioa alderdi horri buruz egiten da.

  6. Beste alde batetik, interesdunak auzitan jartzen du iraupen laburreko ondoz ondoko kontratazioak egin izana Osasun Mentaleko Zuzendaritzan bi lanpostu betetzeko, luzapen bakoitzak bost hilabete eta hogeita bederatzi eguneko iraupena izanik. Kontuan hartuta iraupen laburreko ala iraupen luzeko zerrendetara joko den zehazteko atalasea sei hilabete dela, interesdunak aditzera ematen du ondoz ondoko luzapenak legezko iruzurra direla (hitz hori ez du erabiltzen, baina idazkiaren edukitik hori ondorioztatzen da).

    Osasun Departamentuaren txostenak honako hauek aipatzen ditu: kontratazioen hasiera-data (2011ko abenduaren 1a eta 2012ko urtarrilaren 9a), arrazoia (ordezkapen kontratuak), berritzeko kontuan hartutako irizpideak (sindikatuetako ordezkariekin itundutakoak, azaldu denez), eta kexaren egileak interes legitimorik ez izatea (bera ez dago Osasun Mentaleko Administrari Laguntzaileen zerrenda laburretan).

    Erakunde honek ez du uste […] andreak legitimotasunik ez duenik. Administrazio bidean ere, kontratazio horiek betetzeko iraupen luzeko zerrendak erabili beharko liratekeela esaten den neurrian, erakunde honen ustez iraupen laburreko zerrenden kudeaketari buruzko erreklamazioa egiteko legitimotasuna dago, alegazioek zein iritzi merezi duten alde batera utzita.

    […] andreak seihilekoa baino egun bat gutxiagoko epealdietan berritzeari buruz dioena abiapuntu hartuta –Osasun Departamentuak horren aurka ez du ezer ere esan-, erakunde honek gomendatu behar du –kautelaz besterik ez bada ere– saihets daitezela aldi baterako kontratuak amarruz zatikatzea eta lanpostuak betetzeko bidezkoak diren mekanismoak (kasu honetan iraupen luzeko zerrendak) alboratzea dakarten jarduera guztiak.

    Gomendio hau egin da kexaren egileak azaldu duena ikusita, Osasun Departamentuak ez baitu horren aurka ezer esan; gainera, kontuan hartu da aipatu diren aldi baterako kontratuen kausa (ordezkapen kontratuak dira, eta horrenbestez, baldintza suntsiarazlearen mendean daude); beraz, hasieran ez du ematen gomendioa bat datorrenik ondoz ondoko iraupen laburreko kontratu-berriztapenekin.

  7. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan eskumenei jarraituz, ondoko hau bidezkotzat jo dut:
    1. Osasun Departamentuari gomendatzea ez dezala aplikatu Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dituen Osasuneko kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduaren 2.5 artikulua, artikulu horretan aurreikusten baita salbuespen kasuetan zerrendetara eta zerrenda horien lehentasun hurrenkerara jo gabe kontratazioak egitea, horretarako legezko kausa nahikorik izan gabe.

       

    2. Osasun Departamentuari gomendatzea hala eginez gero ez ditzala denbora aldetik zatikatu kexaren xede diren kontratuak, iraupen luzeko zerrendetara jo behar ez izateko.

 

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraiki, Osasun Departamentuak gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du gomendio horiek onartzen dituen eta, bidezkoa izanez gero, hori betetzeko neurririk hartu duen.

Lege-agindu horretan ezarrita dagoenaren arabera, gomendioak onartzen ez badira, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko den 2015. urteko txostenean jasoko da kasua, eta beren-beregi aipatuko da zein Administraziok ez duen aldeko jarrera hartu, posiblea zela uste denean.

Zure erantzuna jasoko dugulakoan, jaso agur bero bat.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia