Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Disconformidad con la reducción del grado de discapacidad.
Gizarte ongizatea
Osasun kontseilaria
Kontseilari andrea:
2014ko irailaren 4an, [...] andreak, bere alaba [...] andrea ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat jaso nuen. Horren bidez, kexa bat aurkezten zuen ezgaitasun gradua 2014ko ekainaren aurrerako eraginekin gutxitzeagatik, eta horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizain-lanposturako oposizio-lehiaketan ekar litzakeen ondorioengatik.
Kexan, ezgaitasuna aitortzeak –Gizarte Politiketako Departamentuari dagokio hori– berezko dituen inguruabarrez gainera, honakoa zioen interesdunak:
2012an, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizain lanposturako oposizio-lehiaketara aurkeztu zen, ezgaitasuna duten pertsonentzako txandan, zeren eta % 35eko ezgaitasuna egiaztatzen zuen ziurtagiri bat baitzeukan, 2014ko ekainera arteko eraginekin.
2014ko ekainean, bi urte iraganda oraindik ere izendapenak egin gabe zeudenean, ezgaitasun gradua berraztertu zioten, eta horren ondorioz % 33tik beherako maila aitortu zioten; horrek eragotzi egiten zion ezgaitasuna duten pertsonentzako txandaren bidez sartzea.
Azken batez, interesdunak jotzen du ez izendatzearen ondorioa bi faktoreren araberakoa izan dela: ezgaitasunaren berrazterketa eta hautapen prozesuaren iraupena luzeegia izatea.
Horren ondotik, Osasun Departamentura jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko, dagozkion eskumenen esparruan.
Osasun Departamentuaren txostenean, honakoa azaltzen da:
"Osasun kontseilariak, izenpetzen duenak, azaroaren 6ko idazkiri erantzunez –[...] andrek bere alba [...] andrea ordezkatuz aurkeztutako kexari buruzkoa da, hautapen prozeduraren iraupena gehigizkotzat jotzen duelako eta horrek interesdunari kaltea eragin diolako–, honakoa informatu behar dizut:
Erizaina izateko 172 lanpostu betetzeko oposizio-lehiaketak, oposizio-lehiaketa bidezko hautapen-prozesu guztiek bezala, galderak aurkatzeko eta prozesua bera osatzen duten faseak baloratzeko epe batzuk dauzka, hori guztia legezkotasuna eta parte-hartzaileen segurtasun juridikoa bermatze aldera. Horrek, logikoa denez, geroratze bat dakar haren garapenean.
Kasu honetan, honakoa gertatu zen:
230 izangaik erreklamazioak aurkeztu zituzten azterketa-fasean, eta banan-banan berrikusi behar izan ziren aurkatutako galdera guztiak; aurkapen guztiak ebatzi ziren eta oposizio-fasearen amaierako puntuazioa 2013ko otsailean argitaratu zen.
Gainditutako 387 izangaik erreklamazioa aurkeztu zuten lehiaketa fasean, eta haien espediente osoak berrikusi behar izan ziren, hitzordua eman behar izan zitzaien eta pertsonalki artatu behar izan zitzaien; hartara, 2014ko urtarrilera arte ezin izan zen prozesu hori osatu eta lehiaketa fasearen behin betiko puntuazioa argitaratu.
Behin betiko puntuazio horren aurkako 99 gora jotzeko errekurtso aurkeztu ziren, halako moduz non 2014ko ekainaren 24ra arte ezin izan baitzen oposizio-lehiaketaren amaierako puntuazioa onetsi, aurkeztutako errekurtso guztiak O-NOZeko zuzendari kudeatzaileak ebatzi ondoren.
Horrenbestez, kontuan hartuta oposizio-lehiaketara 6.300 izangai aurkeztu zirela, oposizio-fasea 936 izangaik gainditu zutela eta horiei guztiei merezimenduak barematu behar izan zitzaizkiela, 2012ko azaroaren 25etik, orduan egin baitzen azterketa, 2014ko ekainera arte, ordun argitaratu baitzen behin betiko puntuazioa, jardun da zeregin horretan. Denbora hori arrazoizkoa da, kontuan hartzen badira horretan zein fase dauden eta zein prozedura ezarrita dauden.
Aurrekoaren ondorioz, esan beharra dago ez dela egia 2012ko urrian oposizioko emaitzak argitaratu zirela, idazkian baieztatzen den bezala; egiazki, 2012ko azaroaren 25era arte ez zen prozesuko azterketa egin, 2013ko uztailera arte ez zen lehiaketa-faseko (merezimenduak) behin-behineko balorazioa argitaratu, eta 2014ko uztailaren 24ra arte ez zen bi faseetako amaierako puntuazioa argitaratu.
Zure eskura gelditzen gara, behar duzunerako. Adeitasunez".
Kexan planteatzen den gaia da ea [...] andreak, zeinak erizaintza diplomatuentzako lanpostuetarako oposizio-lehiaketan parte hartu baitzuen ezgaitasuna duten pertsonentzako txandan (2011. urtetik 2014ko ekainaren amaierara arte % 33tik gorako ezgaitasunaren aitorpena eduki zuen), eragin negatiboa pairatu behar izan ote zuen aipatutako hautapen-prozedura geroratzearen ondorioz.
Beste ezer baino lehen, horrenbestez, zehaztu beharra dago ea aipatutako geroratzea geratu zen, Osasun Departamentuak azaldutako datuetatik abiatuta, zeren eta azken horrek geroratzea ukatu egiten baitu.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak azkartasunaren printzipio orokorra ezartzen du, eta zehazten du prozedura guztiak legez edo erregelamenduz ezarritako epeetan ebatzi behar direla.
Ez funtzio publikoari buruzko foru legedian, ez eta kexak ukitutako deialdian, ez dago arau espresik aztergai dugun hautapen-prozeduraren gehienezko iraupenari buruz.
Horrenbestez, aipatutako 30/1992 Legean aurreikusitako arau orokorretara jo beharra dago.
Lege honek hiru hilabeteko epe osagarri bat jasotzen du halakorik berariaz ezarrita ez duten prozeduretarako, eta xedatzen du ezen, lege maila duen arau batek epe luzeagoa ezartzen ez badu edo Europako araudian halakorik aurreikusten ez bada, epeak ezin izanen duela sei hilabeteko muga gainditu (30/1992 Legeko 42.3 artikulua).
Aipatutako legeak, 42.6 artikuluan aurreikusten du epeak luzatu egin ahalko direla, berariazko erabaki baten bitartez, aurkeztutako eskarien kopurua edo ukitutako pertsonen kopurua direla-eta ebazteko gehieneko epea betetzeko arazoak badaude.
Halere, ez dago jasota halako luzapenik erabaki denik aztergai dugun hautapen prozesuan.
Azken batez, lege horretan ezarritako gehieneko epeekin bat, berariazkoagoak falta direnez, jo beharra dago oposizio-lehiaketaren ebazpena lege indardunetan ezarritakoa baino beranduago eman zela.
Defenda liteke ezen, oposizio-lehiaketaren izaera konplexua tarteko (bereiz aurka daitezkeen egintzen segida), ez gaudela prozedura bakarraren aurrean, egintza horiek gehienez ere har dezaketen denborari begira, baizik eta prozedura batzuen arrean.
Tesi hori onartzekotan (horrek, inolaz ere, ezin lezake ekar gehieneko eperik ez izatea), eta aztergai dugun hautapen prozesuaren faseak ikusita (oposizio-proba bat eta ondoren datorren merezimenduen balorazioa), onar litekeen iraupenari buruzko kasurik zabalenean, honako prozedura eta epeak izanen genituzke:
Oposizioaren azterketa egin zenetik haren behin betiko amaierara arte: hiru hilabete (epe gehigarria).
Oposizioko fasearen behin betiko emaitza argitaratu zenetik haren aurka aurkeztutako errekurtsoak ebatzi arte (nahiz eta horiek, legez, ez duten prozedura eteten): lau hilabete (hilabete bat errekurtsoak jartzeko eta hiru haiek ebazteko).
Aurreko atalean aipatutako errekurtsoen ebazpena argitaratzen denetik merezimenduen faseko behin betiko emaitzak, eta, horrenbestez, oposizio-lehiaketako emaitzak argitaratu arte: hiru hilabete.
Aurreko atalean aipatutako gora jotzeko errekurtsoen ebazpena argitaratu zenetik izendapenaren egintzara arte: hiru hilabete.
Horrenbestez, prozesu konplexu baten esparruan, prozeduren jarraipenaren tesia onartuta ere, eta ebazpen egintzen kasuko gehieneko epe guztiak gehituta, berrikuspenak barne, gehieneko iraupen onargarri bat, hamazazpi hilabetekoa, aurkituko genuke, proben hasieratik kontatzen hasita (2012ko azaroa).
Horrek eramanen gintuzke izendapen proposamenera, eta izapide horrexetan egiaztatu beharko litzateke ezgaitasunaren baldintza, betiere 2014ko ekaina baino lehen.
Azaldutakoa dela eta, erakunde honek jotzen du gehiegizko berandutzea egon zela, eta hark ez zuela ukitu behar interesdunaren egoera juridikoa, are gehiago, kasu honetan bezala, kontua denean ezgaitasuna duen pertsona bat funtzio publikoan sartu ahal izatea, behin kasuko hautapen-probak arrakastaz gainditu ondoren.
Azken inguruabar hori ez da hutsaren hurrengoa, eta Konstituzioko 9.2 eta 49. artikuluetan xedatutakoarekin, bai eta haiekin lotuta dauden eta ezgaitasuna duten pertsonentzako babesari buruzko legeekin bat, aztergai dugun kasuan antolamendu juridikoari buruz egiten diren interpretazioak gidatu behar ditu.
Erakunde honen iritziz, aipatu den bezala, ez dator bat aipatutako legediak bilatzen dituen helburuekin ezen ezgaitasuna aitortuta duen pertsona batek kasuko probak gainditu eta prozesuaren egiturarengatik, gorabeherengatik eta, bereziki, gehiegizko luzerarengatik, kalteturik ateratzea funtzio publikora sartzeko daukan eskubideari dagokionez.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:
Osasun Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzala [...] andrearen izendapena sustatzeko; izan ere, oposizio-lehiaketa gainditu zuen ezgaitasuna duten pertsonentzako txandan, eta hautapen prozesuaren gehiegizko iraupenaren eragina nozitu behar izan du.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.
Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia