Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/1040). Haren bidez, Hezkuntza Departamentuari gogorarazten zaio herritarrek aurkezten dizkioten eskariak berariaz eta behar den epean ebazteko legezko betebeharra duela, eta hartutako erabakiak jakinarazi behar dituela. Halaber, iradokitzen zaio ezen, kexa-egileak daukan ordezkaritza publikoko eginkizunaren ariketa errazte aldera, konponbide bat eman dezala ordutegiari eta lanaldiaren banaketari dagokionez, aurreko ikasturteetan jarri diren konponbideen antzera jokatuz.

2015 otsaila 19

Función Pública

Gaia: negativa a la reducción horaria y concentración de horas lectivas solicitadas por la promotora de la queja con motivo del ejercicio de su cargo de presidenta de un Concejo.

Funtzio publikoa

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

 

  1. 2014ko abenduaren 31n, [...] BHIko irakaslea den [...] andreak aurkeztutako idazki bat jaso nuen. Haren bidez, kexa bat aurkezten zion Hezkuntza Departamentuari, zeren azken horrek ezezkoa emana baitzion irakastorduak metatzeari, Artikako Kontzejuko buru karguaren eginkizunetan aritu ahal izateko.
  2. Horren ondotik, Hezkuntza Departamentura jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

    Jasotako txostenean, honakoa esaten da:

    "Interesdunak, 2011/12 ikasturtetik 2013/14 ikasturtera, baldintza berezi batzuez gozatu du lanaldiari dagokionez. Baldintza horiek Geografia eta Historiako irakasle-zerbitzuak ematen dituen ikastetxeko zuzendariak finkatu izan ditu, interesdunak, Artikako Kontzejuko buru bezala, daukan eginkizuna errazte aldera. Zehazki, astean bi orduko murrizketa zeukan ikastetxean bertaratzeari dagokionez, bai eta irakastorduen metaketa bat ere; izan ere, irakastordu guztiak goizeko lehenengo orduetan zeuzkan.

    Adierazi beharra dago uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapeneko Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautu zituen– irakasleentzako ordu-murrizketak aurreikusten dituela soilik kasu jakin batzuetarako; besteak beste, ikastetxearen beraren barruan berariazko jarduera batzuk egiten dituzten irakasleen kasuan edo adin jakin batetik gorako irakasleen kasuan. Halaber, ordu-murrizketa bat egin daiteke sindikatu-eginkizunetan jarduteko, sektoreari buruzko berariazko arauak aurreikusten duen bezala.

    [...] andrearen kasuan, ez da gertatzen aurrez adierazitako inguruabarretatik bakarra ere, zeren eta Kontzeju bateko hautetsi bat baita. Kasu horietarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 40. artikuluak xedatzen du ezen Kontzejuko administrazioaren gainean eta Foru Lege honek entitate lokal horiei aitortzen dizkien eskumenen erabilpenaren gainean, Presidentea, legeak alkateari ematen dizkion eskudantzien jabe izanen da.

    Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuak, 28. artikuluan, baimen soldatadunei buruz ari dela, ezartzen du zilegi izanen dela baimen soldatadunak ematea ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren.

    Horrenbestez, zalantzagabea da Artikako Kontzejuko buruak bere kargu publikoari datxezkion erantzukizun eta betebehar batzuk badituela, baina haietan jarduteko araudiak ez du berariaz jasotzen lanaldian egokitzapenik egin behar zaionik, baizik eta berariazko baimen batzuk ematea; betiere, logikoa denez, interesdunak justifikatu beharko du ezin dituela eginkizun horiek bete lanaldiaz kanpoko orduetan.

    Kontzejuko buruaren karguak berezko dituen eginkizunen artean, beste edozein toki entitateren hautetsiekin gertatzen den bezala, funtsean, honakoak daude: osoko bilkuretara eta informazio-batzordeetara joatea. Horixe ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legetik, zeinaren 75.6 artikuluan honakoa ezartzen baita: Langileen Estatutuko 37.3. d) artikuluan eta 30/1984 Legeko 30.2. artikuluan xedatutako ondorioetarako, edozein toki-korporaziotako hautetsi-kargua betetzeko ezinbesteko denboratzat jotzen da korporazioko osoko bilkuretara edo batzordeetakoetara joateko eta interesduna parte izanik berak eskuordetzan betetzen dituen eginkizunei erantzuteko behar duen guztia. Aurrekoa ezertan ere kendu gabe, kargu publikoari datxezkion betebehar gisa har daitezke kontzejuko buruaren berezko eginkizunei aurre egiteko egiazki ezinbestekoak diren bestelako jarduketak.

    Horrenbestez, baimenak emateko aurrez dokumentazio bat aurkeztu beharra dago, eta dokumentazio hori hautetsiak egin beharreko jardueraren araberakoa izanen da.

    Zehazki, eta [...] andreari 2014ko urriaren 28ko idazki batez –BHIko ikuskariak eta Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendariak sinatu zuten idazki hori– jakinarazi zitzaion bezala, Artikako Kontzejuaren osoko bilkuretara edo batzordeetara joateko baimena lortzeko, interesdunak inguruabar hori justifikatu beharko du, ikastetxean Kontzejuko idazkariaren ziurtagiri bat aurkeztuz, non dokumentazio hau jaso beharko baita:

    • Toki entitatearen erregelamendu organikoa, Kontzejuaren Osoko Bilkurak behar bezala onetsia, non Kontzejuan dauden batzordeen kopurua eta izenak jasoko baitira; aurrekoa aurkezten ez bada, Kontzejuaren Osoko Bilkuraren erabakia aurkeztu beharko da, batzordeen eraketa onesten duena, batzorde horien izena eta batzordekideak zein diren adierazita.

       

    • Kontzejuko Osoko Bilkuraren erabakia, non osoko bilkurak –eta, kasua bada, batzorde-bilerak– egiteko egutegia edo datak jasoko diren; aurrekoa aurkezte ez bada, organo horien bileretara joateko baimenak emateko, bilera lanaldiaz kanpo egiteko ezintasuna ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

      Bestalde, Kontzejuko buru karguari datxezkion kudeaketa ofizialak egin behar diren kasuetan –esate baterako, beste erakunde publiko batzuekiko (Nafarroako Gobernua, Udala...) bilerak–, bilerarako kasuko erakunde publikoaren bilera-deialdia aurkeztu beharko litzateke, bai eta hura lanaldiaz kanpo ezin egiteari buruzko ziurtagiria ere.

      Aurrekoarekin lotuta, interesdunari jada adierazi zitzaion Berriobeitiko Udalaren Osoko Bilkuraren saioetara joatea ezin dela inolaz ere hartu Kontzejuko buruaren kargu publikoari datxekion betebehar gisara, zeren eta halakoetara joatea ez baita derrigorrezkoa, borondatezkoa baizik.

      Ez dirudi azaldu berri dugun hori gehiegizko karga bat denik interesdunarentzat, zeren eta Administrazioak –kasu honetan [...] BHIko zuzendariak– erraztasunak eman behar baititu eta bermatu behar baitu kargu publikoak berezko dituen eginkizunetan aritzeko eskubidea, baina betiere, eskubide horrekiko era korrelatiboan, interesdunak justifikatu edo egiaztatu beharko du haiek betetzeko beharrezko duela baimenak lortzea.

      Nabarmendu beharra dago ezen, udal batean alkatearekin gertatzen den bezala, Kontzeju bateko lehendakariaren kasuan, haren eskumenei arreta egitea baimenaren kontzeptuarekin berarekin lotu beharra dagoela, Valentziako Komunitateko Auzitegi Nagusiren abenduaren 27ko 1337/2000 epaiko hirugarren oinarriak adierazi bezala, eta baimenaren kontzeptu hori, hain zuzen ere, ekitaldi jakin batzuei dagokiela:...baimenei buruz mintzatzen denean, ekitaldi zehatz batzuei egiten zaie aipamena, behin eta berriz errepikatu arren –udal baten osoko bilkurak, kasu–, eta ez aldizkako baimen eta baimen sistematiko bati.Baimena eduki zehatz bat duen betebehar bat betetzeko da –osoko bilkura batera edo batzorde batera edo interesduna parte deneko edo dihardueneko ordezkaritzatik heldutako eduki zehatzeko ekitaldi batera joatea–. Osoko bilkura bat edo batzorde bat deitu daitezke eztabaidatzeko eta, kasua bada, erabakitzeko bilkuraren gai zerrenda osatzen duten gai jakin batzuei buruz, eta ordezkaritza batez baliatzeak berarekin ekar dezake gai zerrenda bat duten beste bilera jakin batzuetara edo agiri jakin batzuk sinatzera joan behar izatea. Hau da, ez da osoko bilkura baterako deirik egiten aztergairik ez badago.

      Arreta orokor eta aldizkako baterako baimen bat ez da halakorik; bai etorriko litzateke bat, egiazki, Udalean arduraldi partzial bat izatearekin; izan ere, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko (TAOL) 75.2 artikuluaren arabera, egoera horrek berarekin ekarri beharko luke Udalak hori ordaintzea eta lan hori Administrazio enplegu-emailearen ordutegiaz kanpo egitea. Praktikan lan hori ordaindutakoa ez izateak ez du baimenik ematen arduraldi partzial hori hautetsiak zerbitzuak ematen ditueneko Administrazioaren baimen soldatadun bihurtzeko. Aipatutako epaiak adierazi bezala, (...) hartara gerta liteke arduraldi esklusiboa duen zinegotzi baten kasuan –horrenbestez, funtzionario zerbitzuak ematen ez dituen baten kasuan, oraingoan Generalidaderako funtzionarioa ez den baten kasuan– udalbatzak inongo soldatarik ez ematea eta Generalidadeak soldata bat ordaintzea egiten ez duen lan batengatik; hori, izan ere, lege iruzurra izanen litzateke, zeren eta, hartara, Udalbatzak, bere akordioarekin eta erabakiarekin, saihestuko bailuke 7/1985 Legeko 74.1 eta 75.1 artikuluen aplikazioa.

      Beste hitz batzuekin, kargu publiko bati datxezkion eginkizunei orokorrean erantzuteko baimen batek, ekintza zehatz bati edo batzuei lotuta ez dagoenak, funtsezko betebehar publikoari buruzko tokiko arauak babestu nahi duen ordezkaritza-aginduaren funtsezko mamia gainditzen du, eta ez dago hark babestua. Hori dela eta, interesdunak ezindu exijitu baimen bat eman dakiola jarduera orokor batzuk egiteko; esate baterako, bizilagunei arreta emateko edo jaiak antolatzeko. Administrazioak, berriz, bai exiji dezake zehatz dadila zein jarduera eginen den eta zein ordutan eginen den.

      Aurrekoa ikusita, eta jada [...] andreari jakinarazi zitzaion bezala, beren lanaldian, Artikako Kontzejuko buru gisa datxekion konpromiso bat artatu behar duen bakoitzean, ikastetxeak baimena eman beharko dio, aurrez konpromiso horren izaera ofizial eta saihestezina eta hura lanaldiaz kanpo ezin arta daitekeela egiaztatuta.

      Horrenbestez, azaldutako araudiari eta jurisprudentziari jarraituta, [...] andreak ez du eskubiderik bere lanaldia aldatzeko edo murrizteko, erreklamatzen duen bezala; aurrekoa ezertan ere kendu gabe, bai du eskubidea izaera publikoko betebehar saihestezinak betetzeko, horretarako ezinbestez behar duen denboraz, betiere aurrez justifikatuta haiek lanaldian egin beharrekoak direla. Eskubide hori, nolanahi ere, Iruñeko [...] BHIak eta Hezkuntza Departamentuak errespetatu beharko ditu".

  3. Aurkeztutako kexa heldu da interesdunak [...] BHIko zuzendaritzari aurkeztutako eskari batetik, bertan ematen baitu zerbitzua. Eskari horretan, labur azalduta, [...] andreak eskatzen zuen irakasle gisa duen ordutegia metatu eta lanaldia murriztu ziezaiotela, Artikako Kontzejuko buru karguan egoki jardun ahal zezan. Laneko baldintza partikular horiek, lanaldiari dagozkionak, 2011/2012, 2012/2013 eta 2013/2014 ikasturteetan aplikatuak zitzaizkion, eta haiek ekarri zituzten inguruabarrek beren horretan diraute.

    Eskariari ez zitzaion berariaz erantzun, eta horrek berarekin ekarri zuen interesdunak beste eskabide bat aurkeztea, oraingoan Ikuskaritza Zerbitzuari zuzendua. Horren erantzuna, 2014ko urriaren 28koa, kexa aurkeztu baino lehenagokoa da.

    Hezkuntza Departamentuak emandako txostenean, arestian transkribitutakoan, Ikuskaritza Zerbitzuak emandako erantzunean adierazitako irizpidea berresten da.

  4. Erakunde honek, interesdunaren 2014ko ekainaren 20ko hasierako eskabideari erantzun ez zitzaiola ikusita, jotzen du adierazi beharra dagoela ezen, edozein izanda ere Hezkuntza Departamentuak sakoneko gaiari buruz zeukan jarrera (oraingoan ikastetxeko zuzendaritzaren bitartez), berariazko ebazpena eman beharra zegoela eta [...] andreari jakinarazi behar zitzaiola ebazpen hori; izan ere, interesdunak dio jakinarazpen falta horrek eragotzi ziola bestelako aukera batzuk baloratzea; esate baterako, lanaldi murrizketa bat edo eszedentzia bat eskatzea.

    Horixe ondorioztatzen da Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulutik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruko Foru Legeko 7. artikulutik. Biek ala biek aurreikusten dute beti berariazko ebazpena eman behar izatea, erantzuna zein den ere.

    Gainera, kontuan hartu beharra dago legezko betebehar hori ez betetzeak egindako eskariaren balizko baiespena eragin zezakeela (administrazio isiltasun positiboa), zeren eta hori baita aplikatzekoa den arau orokorra (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 43. artikulua), eta ez baitago lege mailako araurik, eskariaren edukiari begiratuta (irakaslearen ordutegia finkatzea), kontrakoa xedatzen duenik.

  5. Halaber, adierazi beharra dago ezen, aurrekariak ikusita (interesdunaren antzeko eskariei buruz aurreko urteetan hartutako erabakiak, betetzen duen ordezkaritza-eginkizunean oinarrituak), irizpidea aldatzeak exijitzen duela berariazko motibazioa ematea (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 54. artikuluko c) letra).

    Motibazio horri buruz esan beharra dago Hezkuntza Departamentuak adierazitakoa ez dela nahikoa, erakunde honen ustez, zeren eta azaldutako lege-araubide hori aplikatzekoa baitzitzaion aurreko ikasturteetan ere, eta, araubide horren esparruan emandako konponbideak ez baitziren legez kanpokoak.

    Berariazko motibazio horrek eskatuko luke aldaketa bat gertatu izatea interesdunaren egoeran –halakorik ez dago, ordea– edo, bestela, zerbitzua eman beharreko beharrizan publikoetan; izan ere, erabakia murriztaileagoa da eskatzailearen eskubide edo interes legitimoetarako.

  6. Erakunde honek uste du ezen, kontuan hartuta interesdunak betetako kargua, aurreko ikasturteetako aurrekariak eta inguruabar horiek, itxura batean, beren horretan dirautela, komenigarria litzatekeela funtsean antzekoak liratekeen ordutegi baldintza batzuk ezartzea, eta Ruana andreari erraztasunak ematea, ahal den mailarik altuenean, bere ordezkaritza eginkizuna betetzeko, hura uztartuz zaindu behar duen Administrazioaren interes publikoarekin.

     

  7. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:
    1. Hezkuntza Departamentuari iradokitzea kexa-egileak daukan ordezkaritza publikoko eginkizunaren ariketa errazte aldera, konponbide bat eman dezala ordutegiari eta lanaldiaren banaketari dagokionez, aurreko ikasturteetan jarri diren konponbideen antzera jokatuz.

       

    2. Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea herritarrek aurkezten dizkioten eskariak berariaz eta behar den epean ebazteko legezko betebeharra duela, eta hartutako erabakiak jakinarazi behar dituela.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gogorarazpena eta iradokizuna onartzen dituen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala haiek betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gogorarazpena edo iradokizuna ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia