Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/1025). Haren bidez, Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzen dio, batetik, kexaren egilearen bi seme-alaba adingabeak (bi urtekoak) hartzen dituen familia unitateari gizarteratzeko errenta emateko, bizirik irautea bermatzeko, eta, bestetik, eraginik gabe uzteko hartutako erresalbuzko neurria, emate hori galaraziko lukeena.

2015 martxoa 23

Gizarte ongizatea

Gaia: Retirada de RIS por sanción administrativa.

Gizarte ongizatea

Gizarte Gaietako kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. […] andreak aurkeztutako idatzi bat jaso nuen 2014ko abenduaren 19an, eta hartan kexa adierazten zuen. Izan ere, familia premia ekonomiko bereziko egoeran dago, eta egoera hori larritu egin du gizarteratzeko errenta kendu izanak.

    […] andreak ondokoa azaldu zuen:

    1. Bi seme-alaba dituzte, hogeita bi hilabetekoak, bikiak, eta 2014ko ekaina arte gizarteratzeko errenta jasotzen zuten.

    2. 2014ko ekaina eta abendua artean ez dute laguntza jaso. Jakinarazi zaie ezingo dutela jaso 2015eko abendua arte, administrazio zehapen baten ondorioz.

    3. Ekaina eta abendua arteko azken aldi horretan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren laguntzaren bati esker iraun dute (340 euroko bi ordainketa eta haurrei jaten emateko bonuak).

  2. Ondoren, Gizarte Gaietako Departamentura eta Eguesibarko Udalera jo nuen, aipatu den kontu horri buruzko informazioa emateko eskatzeko.

  3. Gizarte Gaietako Departamentuaren txostenean, hau ageri da:

    “2015eko urtarrilaren 7an idatzia bidali zenuen, […] andreak Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka kexa agertu zuelako, eta informazioa eskatzeko (bere familia premia ekonomiko bereziko egoeran dagoelako agertu zuen kexa eta, administrazio zehapen baten ondorioz, gizarteratzeko errenta kendu izanak larritu egin du egoera hori. Q14/1025 espedientea). Hartara, idatzi horri erantzuteko, ondoko informazioa eman behar dizut.

    1. 0101-013166-2014 zenbakiko Gizarteratze Errentaren espedientean ageri den moduan, […] andrea familia unitate bateko kidea, berarekin batera, ezkontideak, […] jaunak, eta bi seme-alaba bikiek ([…] eta […]) osatutakoa. Gizarteratzeko errenta senarrak eskatu zuen.

      Egindako eskaera ebaluatu eta gero, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendaritza Nagusiko Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuko zuzendariak 1210/2014 Ebazpena, abuztuaren 12koa eman zuen. Hain zuzen, gizarteratzeko errenta onartu zen 2014ko uztailaren 1a eta abenduaren 31 arteko aldirako, hilean 808,16 eurokoa (%90, eskuratzen 12 hilabeteak gainditzeagatik, 1/2012 Foru Legeak, urtarrilaren 23koak, Gizarteratze errenta arautzen duenak, 4.3 artikuluan jasota duenaren arabera). Familia unitate honen bizilekua Sarrigurengo […] kalean dagoela ageri da.

    2. Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak txosten bat bidali zuen departamentu honetara. Txosten horretan adierazten zen, 2014ko abuztuaren 6an, Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadako 1. Taldeak […] jaunari eta […] jaunari deitu ziela. Lehenbizikoa 1964ko ekainaren 4an jaiotakoa zen, Ghanan, […] NANa zuen ([…] AIZ) eta Iruñeko […] kalean zuen bizilekua. Bigarrena 1993ko maiatzaren 15ean jaiotakoa zen, Kumasin (Ghana), […] eta […] jaun-andreen semea eta Iruñeko […] kalean zuen bizilekua.

      Ikerketa talde horrek jakin zuen Ghanako gizon batek, espainiar herritartasuna hartua zuenak, 2014ko ekainaren 5ean eskatu zuela, Iruñeko Atzerritarren Bulego Bakarrean, bizileku baimena berritzeko, Europako Erkidegoko kide baten familiakidea izateagatik, semea zuela adierazi zuenaren, […] jaunaren, alde. Biak ala biak Iruñean, […] erroldatuta zeudela zioen ziurtagiria aurkeztu zuen eta Josephek sinatutako adierazpen bat. Adierazpen horretan azaldu zuen […] bere ardurapean zegoela esklusiboki eta bere mantenuari eutsi ahal ziola modu erregularrean.

      Era berean, txostenean adierazten da Atzerritarren Bulego Bakarrean egindako hitzordura […] andrea joan zela ([…] AIZ), […] jaunaren emaztea, bere bi seme-alaba adingabeekin eta Josephen beste hiru seme-alabarekin (azken hiru horiek aurreko urtean birbatu zituen). Denek adierazi zuten […] jauna ezin izan zela joan Poliziaren deira egun ez delako Sarrigurengo bizilekuan bizi, baizik eta Lleida probintzian.

      Aztertutako dokumentuen bidez, Iruñeko Polizia Nazionaleko Atzerritarren eta Mugen Brigadako 1. Taldeak jakin izan du bai […] jaunak eta bai […] jaunak Iruñeko udalerri horretan elkarrekin bizi ziren itxurak egin zituztela, semearentzako bizileku baimena lortzeko helburuarekin, baina bietako bakar bat ere ez zela Nafarroako Foru Komunitatean bizi. Izan ere, […] jauna egun Lleidan bizi da, eta […] jauna ekaineko egun batzuetan Almerian aritu da lanean eta, aitorpenaren arabera, egun Murtziako Eskualdean bizi da.

    3. 1/2012 Foru Legeak, urtarrilaren 23koak, Gizarteratze errenta arautzen duenak, 3., 6. eta 8. artikuluetan, jasotzen ditu laguntzaren eskatzaileek eta jasotzaileek bete beharreko baldintzak eta hartutako konpromisoak. Hartara, barnean hartzen du bizikidetza eta egoitza egoeraz egia esateko edo informazio zuzena emateko betebeharra, egindako eskaera ebaluatu ahal izateko, 120/1999 Foru Dekretuak, apirilaren 19koak, Oinarrizko errenta arautzen duenak (laguntzak izen hori zuen lehen), 20.2 artikuluan, jasotzen du beharrezkoak diren datuak ezkutatzen edo informazio okerra ematen duten eskatzaileei edo laguntzaren titularrei iraungi egingo zaiela laguntza eta behar ez bezala jasotako kopuruak itzuli egin beharko dituztela.

      Aipatu diren egiaztabideen ondorioz –laguntza onartu eta gero egindakoak– eta espedientea ebazteko beharrezkoak ziren datuak ezkutatu zirela ikusita, eta eskatzaileak datu horien gaineko informazio okerra eman zuela, 2014ko abuztuaren 20an laguntza iraungi egin zen, aipatu den foru lege horren 8.e) artikuluan jasota dagoena aplikatuta.

    4. Halaber, aipatu behar da […] jaunak izandako jokaera arau-hauste larritzat jotzeko modukoa izan daitekeela, 1/2012 Foru Legean, urtarrilaren 23koan, 12.b) artikuluan dagoen sailkapenaren arabera. Hori dela-eta zehatzeko administrazio prozedura abiarazi da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren abenduaren 9ko 1861/2014 Ebazpenaren bidez. Erresalbuzko neurri moduan Gizarte Gaietako Departamentuaren edozein laguntza bertan behera uztea erabaki da, hura ebatzi bitartean interesdunak eska lezakeen eta berari egokitu dakiokeen edozein laguntza”.

  4. Bere aldetik, Eguesibarko Udalak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bidez, informazio hau eman du:

    “Erreferentzia egiten zaion eskaerari erantzunez, […] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa, eta udal honetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren informazioa bildu eta gero, hau azaldu behar dut:

    Udal honetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan dauden datuen arabera, pertsona hori eta haren familia unitatea arreta jasotzen ari dira Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Gizarte Harrera eta Orientaziorako Programan. Bizi duten egoerara zailaren jakitun gara, eta, gainera, egoera hori larritu du gizarteratzeko errenta kobratzeko jarri zaien zigorrak. Alde horretatik, zehapen horren nondik norakoak azaltzeko eskumena duen erakundea Gizarte Gaietako Departamentua da, Gizarteratzeko Atala, hain zuzen.

    Jakingo duzuenez, gizarteratzeko errenta Nafarroako Gobernuaren laguntza bat da, eta hark du ematea, ezezkoa ematea eta, beharrezkoa izanez gero, zehapenak aplikatzea arautzen duen araudia aplikatzeko eskumena.

    Udal honetako Gizarte Zerbitzuak modu subsidiarioan egiten dio arreta Faustinaren oinarrizko premiak erantzuteari eta arreta horretarako baliabide guztiak antolatzen jarraitzen du, interesdunak berak ongi azaldu duen moduan, hauen bidez:

    • Diru laguntzak eta salgaietan emandako laguntza (oinarrizko jakien hileroko saskia eta arropa sortak), udal larrialdietarakoak.

    • Inguruko saltokietan janaria erosteko txartelak.
    • Programako erreferentziazko gizarte-langilearen bidez, laguntza ematea, lagun egitea, aholkularitza ematea eta gainbegiratze teknikoa egitea aldian behin.

      Laguntza horiek guztiak euskarria badira ere, nekez erremedia ditzakete halako denbora tarte luze baten ondorioak, gizarteratzeko errenta eskuratzeko aukerarako, haien egoera ekonomikoa ez bada hobetzen beste inguruabar batzuengatik diru sarrera ekonomiko egonkorrak eskuratzeko modua ez izateagatik”.

  5. Agerian gelditu den moduan, […] andrearen familiak muturreko zailtasun ekonomikoko egoeraren ondorioz aurkeztu da kexa (familia horretan hogeita bi hilabeteko bi haur biki daude). Baliabide eza, azaldu den moduan, larritu egin du gizarteratzeko errenta kendu izanak.

    Izan ere, Gizarte Gaietako Departamentutik eta Eguesibarko Udaletik jasotako txostenetatik ondorioztatzen da muturreko premia egoera badela (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostenak eta hark emandako laguntza motek, iraupen oinarrizkoenera bideratutakoek, agerian uzten dute) eta gizarteratzeko errenta kendu izanak Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak emandako informazioari erantzuten diola (adingabeen aita eta laguntzaren titularraren bizileku egoerari buruz emandako informazioa).

  6. 1/2012 Foru Legeak, urtarrilaren 23koak, gizarteratze errenta arautzen duenak, helburua du aldizkako prestazio ekonomiko baterako eskubidea arautzea, eta bai gizarteratzeko neurriak eta laneratzea errazten duten prozesuak eta programak ezartzea ere, pertsonak eta familia unitateak gizartetik kanpo gelditzeari aurrea hartzeko, bazterketa egoerak aldatzeko, eta gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko helburuarekin (1. artikulua).

    Foru lege honen helburua Nafarroako Gobernuaren Gizarte Bazterketaren aurkako Planaren aurreikuspenekin lotzen da (foru legearen zioen azalpenean aipatua), hark ezartzen baitu beharrezkoa dela oinarrizko errenta egokia, haren premia duten familia nafarren ezaugarriekin bat datorrena, muturreko pobrezia pairatzen duten familientzako gutxieneko diru sarrerak bermatzeko, horiek gabe nekez emango baitira aurrerapausoak familia horietako kideen gizarteratzean. Muturreko pobrezia egoeran dauden pertsonei laguntzeko helburu hori bere-berea du gizarteratze errenta arautzeko foru legeak, alde batera utzirik beste helburu eta arreta egindako egoera batzuk.

    Aipatutako foru legea, arautzen duen helburuarengatik, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean aurreikusitakoarekin ere lotzen da, 27. artikuluan jasotzen baitu haur guztiek dutela beren garapenerako (gorputz, buru, espiritu eta gizarte garapena eta garapen morala) bizi maila egokia izateko eskubidea. Artikulu horrek berak ezartzen du estatuek, euren baldintza nazionalekin bat eta baliabideen arabera, neurri aproposak hartuko dituztela gurasoei eta haurren ardura duten beste pertsona batzuei laguntzeko, eskubide hori gauzatzeko, eta, beharrezkoa izanez gero, laguntza materiala eta laguntza programak emango dizkietela, bereziki, elikadurarekin, jantziekin eta etxebizitzarekin lotuta (azken batean, gizarteratzeko errentak aurreikusten dituen oinarrizko premiak).

  7. Aipatutako kasuak Nafarroan bizilekua duen familia unitate bati egiten dio erreferentzia (gutxienez, ama eta harekin bizi diren bi haur), eta, zehazki, Sarrigurenen, Eguesibarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren jarduketetan ikusten den moduan.

    Nahiz eta onartu behar den aitak egindakoa gizarteratze errenta arautzen duen foru legeak aurreikusitako betebeharrak ez betetzea izan litekeela, laguntza hori kentzea, familia unitatean batera gertatzen diren inguruabarrak ikusita (bereziki, bi urte eskaseko bi haur izatea), erakunde honen iritziz, bateraezina da aipatutako lege horrek eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak helburu dituzten xedeekin.

    Kexaren egileak eta seme-alabek osatzen duten familia unitateari gizarteratzeko errenta jasotzeko aukera kentzeak, oinarrizkoenak diren premiei erantzuteko beste aukerarik eman gabe, ez du balio edo laguntzen familia hau gizarteratzeko prozesuan eta gizartetik baztertuta gelditzeko egoera larritzen du, kalte berezia eraginda adingabeei.

    Hori dela-eta, erakunde honek gomendatzen du berriro azter dadila hartutako erabakia eta aitortu dadila bi haurrak eta ama hartzen dituen familia unitateak gizarteratzeko errenta jasotzeko daukan eskubidea.

  8. Gizarte Gaietako Departamentuaren txostenean aipatzen den behin-behineko neurriarekin lotuta, aipatu behar da zehapen prozeduren esparruan mota horretako neurriak hartzea erresalbuzko erabakiak hartzea arautzen eta oinarritzen duten printzipioek mugatzen dutela –haien helburua da prozeduraren amaiera ona bermatzea, modu intzidentalean babestea legezkotasuna, edo interes orokorra edo beste batzuen eskubideak–, eta, oro har, mugatzeko administrazio jarduera funtsatzen duten printzipioek, besteak beste, proportzionaltasun printzipioa eta eskubideen murrizte txikiagokoa.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, 54. artikuluan, exijitzen du behin-behineko neurriak arrazoitzea, bere izaerari eta helburuari berezkoa zaiona eta berekin dakarrela batera gertatzen diren inguruabarrak ebaluatzea, bateraezina esparru honetan aplikazio balioetsi edo arautu batekin.

    Horri dagokionez, jurisprudentziak behin eta berriz ekartzen du gogora proportzionaltasun printzipioa muga materiala dela behin-behineko neurriak hartzeko eta, ildo horretatik, Konstituzio Auzitegiak aitortu eta onartu du behin-behineko neurri heinetik kanpoko eta ez-arrazoizko batek, gehiegikerian, zigor izaera hartzen duela (adibidez, Auzitegi Konstituzionaleko 104/1995 Epaian).

    Erakunde honen iritziz, aipatutako kasuan, Gizarte Gaietako Departamentuaren edozein laguntza interesdunari bertan behera uzteko erresalbuzko neurria, bide horretatik iristen bada familia unitateak eta bertako adingabeek ezin izatea laguntza horiek eskuratu edo haien onura jasotzea, heinik ezean edo proportziorik ezean erortzen da eta bateraezina da araubide juridikoarekin.

    Azken batean, erakunde honek uste badu familia unitate honen egoerak eragin behar duela gizarteratzeko errenta eskuratu ahal izateko aukera ez kentzea, oraindik eta okerrago iruditzen zaio horrek behin-behineko edo erresalbuzko neurri bat eragitea.

  9. Ondorioz, eta 4/2000 Foru Legeak, uztailaren 3koak, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoak, 34.1 artikuluan, ematen dizkidan ahalmenen arabera, beharrezko jo dut:

    Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea kexaren egilearen bi seme-alaba adingabeak (bi urtekoak) hartzen dituen familia unitateari gizarteratzeko errenta eman diezaiola, bizirik irautea bermatzeko, eta eraginik gabe utz dezala hartutako erresalbuzko neurria, emate hori eragozten duena.

4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluaren arabera, egokia da Gizarte Gaietako Departamentuak jakinaraztea, egokia edo bidezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendio hau onartzen duen edo ez, eta, hala bada, betetzeko hartutako neurriak zein diren.

Legezko agindu horretan jasota dagoenarekin bat eginez, gomendioa ez onartzeak ekarri ahal izango du 2015eko urteko txostenean sartzea kasua. Nafarroako Parlamentuan azalduko da, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrera azaldu ez duen administrazioa, jarrera hori izatea posible zela uste bada.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia