Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con la gestión del Plan General de Ordenación Urbana de Estella.
Hirigintza
Lizarrako Udaleko alkatea
Alkate andrea: 2014ko abenduaren 17an, […] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, Lizarrako Udalaren gaineko kexa bat planteatu zuen, Lizarrako HAPOko AR-3 unitateko hirugarren urbanizazio kuota eskatzeko udal erabakiaren gainean.
Ondoren, Lizarrako Udalera jo nuen eta kexaren berri eman nion. Hala, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatu nion.
2015eko urtarrilaren 22an, udal txostena jaso nuen eta kexa espedientean sartuta ageri da.
Ez zaio eman eskatutako informazioa.
Ondo kalkulatu gabeko partidak daude.
Jasotako informazioan kontraesanak ageri dira.
Urbanizazio proiektuak idazteko lanen esleipena, obra zuzendaritza, birpartzelazio proiektuak eta beste partida batzuk.
Eskatutako informazioa entregatu ez izanari dagokionez, interesdunaren esanetan, hirugarren urbanizazio kuota eskatzen duen udal erabakia jaso ondoren, bi eskabide aurkeztu zituen Lizarrako Udalean, 2014ko abenduaren 1eko (sarrera zenbakia: 4979) eta 2014ko abenduaren 9ko (sarrera zenbakia: 5044) datekin. Horietako lehenengoan, kontuan egon diren mugimendu guztiak (ordainketetan nahiz sarreretan egondakoak) eskatu zituen, urbanizazio osoaren hasieratik mintzagai zen datara arte. Bigarren eskarian, arlo horretako kontzeptu guztien hirugarren kuotako banakapen orria emateko eskatu zuen.
Kexan adierazitakoaren arabera, eskari horien xedea zera zen, zehatz-mehatz ulertzea garatzen ari ziren unitatearen kudeaketa, interesduna unitate horren nahitaezko bezeroa baita, aplikatutako kooperazio sistemaren ondorioz, bere partaidetza duten ordainketa kontzeptuetako askoren bidezkotasuna eta zuzentasuna ikuskatzeko asmoz.
Lizarrako Udalaren ustez, kexaren harira igorritako txostenean azaldu duenez, informazioa nahikoa zehaztu eta azaldu da kexa eragin duen erabakian, 2014ko azaroaren 13koan. Horregatik, bertan ageri diren datuak azaldu ditu berriz ere.
Erakundeari egokia iruditzen zaio Lizarrako Udalari gomendatzea berariaz erantzun diezaiela interesdunak aurkeztutako informazio eskariei, halaxe baitiote Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 24. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioko Foru Legeko 318. artikuluak eta lurraldea eta hirigintza antolatzeko abenduaren 20ko 35/2000 Foru Legeko 8. artikuluak.
Eta, interesdunak egindako eskarien xedea eta adierazitako helburua ikusita, zera gomendatu behar da: […] andreari aukera eman dakiola urbanizazio kostuan egozten diren eta erabakian zerrendatuta agertzen diren zenbatekoei jasanarazitako kontabilitate agiriak eskuratzeko.
Kexaren egilea espedientearen gaineko bidezko interesduna da, egozten diren kuoten subjektu pasibo legez, informazio zehatz hori jasotzeko lege eskubidea baitauka, zehazten den eran.
Kexaren egilearen ustez, egin zuen konturako sarrera (aurrerapenez egindako kobrantzak) txarto zenbatuta dago. Horren harira, argudiatu duenez ordainketa Montejurrako Mankomunitateak egin zuen 2001eko maiatzean eta ekainean, duela hiru urte baino gehiago, eta, beraz, zenbatekoa egungo balioan birkalkulatu beharko litzateke. Lizarrako Udalak ez du horren gainean ezer argudiatu igorritako txostenean.
Erakunde honen ustez, Udalak ez duenez informaziorik eman 2001ean aurreratutako zenbateko horien gainean, berau lurraldea eta hirigintza antolatzeko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 167.3 artikulua betez eskatu zen, orduan indarrean baitzegoen eta honakoa adierazten baitzuen:
Administrazio jarduleak konturako zenbatekoak ordaintzeko eskatu ahalko die jabe ukituei. Ordainketa hori adierazten den epean egin beharko da, baina ezingo da hilabete pasa Administrazioak egiten duen esketik. Epe hori igarotakoan, Administrazioak kuotak ordainaraziko ditu, premiamendu bidez. Zenbateko horiek ezingo dira hurrengo sei hilabeteetarako aurreikusitako inbertsioen zenbatekoa baino altuagoak izan.
Erabakian agertzen den urbanizazioari egotz dakizkion gastuen zerrendan ez denez ondorioztatzen 2001ean egindako kobrantzaren hurrengo sei hilabeteetan inbertsioak gauzatuko direnik, erakunde honen ustez aurrerapenaren kausa utzi egin zen, eta, ondorioz, kexan adierazitako erabakiaren datan, konpentsazioa eskatzen den horretan, […] andreak emandako zenbatekoa eguneratu egin behar da, zenbatekoari diruzko lege interesak aplikatuta.
Interesdunak salatu duenez, jaso zuen dokumentazioan kontraesanak daude, bai ordaindu beharreko zenbatekoan (igorri zaion kontu hartzaile txostenak dio kopuru bat ordaindu behar dela eta igorritako ordainagiriak beste bat adierazten du), bai ordaintzeko epean (kontu hartzailearen txostenean hilabeteko epea ageri da eta igorri zaion ordainagirian adierazitakoa ez dator bat txosten horretan azaltzen denarekin).
Erakunde honek, kontraesan horiek ikusita, […] andreak aipatzen dituen agiriak berrikusteko gomendatzeko du, kontraesanak ezabatzeko asmoz.
Urbanizazio proiektua idazteagatiko eta obra zuzentzeagatiko fakturak bi pertsona fisikok eta sozietate mugatu batek igorri dituzte, nahiz eta lanak lehen biei soili esleitu zitzaizkien.
Birpartzelazio proiektuaren aldaketa […](r)i esleitzeko arrazoia eta modua ez dira ageri.
Bere ABEEko fakturak igorri baino lehen sartu zen […] lehiaketa likidazioan. Datu hori nahiko arraroa da eta ez da inolako azalpenik eman.
[…] andreari dagokionez, bidezko interesa dauka prozeduraren gainean eta ordainketa eskariaren hartzailea da. Erakunde honen ustez, beraz, eskubidea dauka eskatzen dituen informazioa eta azalpenak jasotzeko, eta, ondorioz, hala egiteko gomendatzen da.
Kexaren egileak dionez, proiektuak gauzatzeko orduan atzerapenak egon dira eta aurreikusitakoa baino kostu gehiago sortu da, 300.000 eurotik gora, Lizarrako Udalari egotz dakizkion arrazoien ondorioz. Izan ere, proiektua bere horretan ezin zenez egin, birpartzelazio proiektua berriz ere idatzi behar izan zen. Hori dela eta, bere esanetan, ez da egokia Udalak kostuaren % 4 kargatzea jabeei kudeaketa gastu gisa; horren ordez, ondare erantzukizunak eskatu beharko dizkie akats horiek egin zituztenei, jatorrizko birpartzelazio proiektua okerra izan zelako. Lizarrako Udalak ez du ezer esan horren gainean ere ez.
Erakunde honen ustez, Lizarrako Udalak sakon aztertu beharko luke […] andreak alegatutakoa. Adierazi duen bezala, jatorrizko proiektua ezin bazen burutu eta Udalari egotz dakizkion arrazoien ondorioz aldatu behar izan bazen, aldaketa horren kudeaketa kostua ez litzaieke ukitutako jabeei jasanarazi behar –ez baita sartzen juridikoki ordaindu beharreko urbanizazio gastuen barruan-, baizik eta aipatu Udalari, kausagilearen kontra jotzeko aukerari kalterik eragin gabe.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:
Lizarrako Udalari gomendatzea, […] andreak aurkeztutako kexan azaldutako gaiei dagokienez, Lizarrako HAPOko AR-3 unitateko hirugarren urbanizazio kuota eskatzeko udal erabakia hizpide:
Interesdunaren 2014ko abenduaren 1eko eta 9ko eskariak ebatz ditzala eta kontsultatu nahi duen kontabilitate informazio zehatza eman diezaiola, azkenean eskatzen zaion zenbatekoarekin lotuta dagoelako.
Interesdunak 2001. urtean aurreratutako zenbatekoa eguneratu dezala, diruaren lege interesak aplikatuta, dagokion konpentsazioa praktikatze aldera.
Interesdunari argitu diezaiola jaso zuen dokumentazioan ageri den informazio kontraesankorra, ordaindu beharreko zenbatekoari eta ordaintzeko epeari dagokienez.
Interesdunari informazioa eman diezaiola egozten zaizkion partida batzuen harira azaldutako gaiei buruz, urbanizazio proiektua idazteko eta obra zuzendaritzarako eta birpartzelazio proiektua aldatzeko lanei dagokienez, eta udalak enkargatutako altxaera topografikoari buruz eskatutako informazioa eman diezaiola.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Lizarrako Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.
Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.
Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia