Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Dificultades encontradas para realizar el seguimiento de un embarazo.
Osasuna
Osasun sailburua:
Sailburu anderea:
Joan den 2014ko abenduaren 18an [...] andereak aurkeztutako idazki bat jaso nuen. Haren bidez, Osasun Sailaren aurkako kexa jarri zuen, bere haurdunaldiaren jarraipena Errenterian (Gipuzkoa) egiteko izan zituen zailtasunengatik.
Idazki horretan honakoa azaldu zidan:
Sei hileko haurdunaldia zeukan, eta osasun jarraipen etengabearen premia eragiten du horrek. Bizilekua Leitzan duenez, horretarako Etxarrira edo Iruñera joan behar du.
Bere lantokia Errenterian dago, Leitzatik berrogeita hamar kilometrora. Bere haurdunaldiaren jarraipena Gipuzkoako herrian egiteak nabarmen murriztuko lituzke joan-etorrien kopurua, errepideko denbora, edo galdutako lan kopurua, beste abantaila batzuen artean.
Errenteriako anbulatorioak esan zionez, aukera zegoen jarraipena egiteko Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak hura Nafarroako Foru Komunitateari fakturatzea bermatuz egindako agiri bat aurkeztu ondoren.
Jarraian, Osasun Sailera jo nuen, sortutako arazoari buruzko argibideak eskatuz.
Jasotako txostenean honakoa adierazi du:
“Sinatzen duen Osasun sailburu honek, [...] andereak bere haurdunaldiaren jarraipena Gipuzkoako Errenteria herrian egiteko dauzkan zailtasunengatik aurkeztutako kexari (Q14/1017/S) dagokion urtarrilaren 7ko zure idazkiari erantzunez, honakoa jakinarazten dizut:
[...] anderea Leitza udalerrian bizi da egun. Bere lan jarduera Errenterian egiten du, berdintasuneko teknikari. Osasun Sistema Nazionalaren Batasun eta Kalitate Legeak xedatu duenez, pertsona bakoitzaren osasun laguntza osasun txartela daukan autonomia-erkidegoak eman behar du, eta txartel hori pertsona bakoitzak bere bizilekua finkatuta daukan erkidegoan ematen da. Legean jasotako alderdi hori funtsezkoa da arreta programatu egokia eman ahal izateko. Euren kokapen geografikoagatik beste erkidego batean arreta abantaila argia duten herriek baino ez dute arreta programatua jasotzen autonomia-erkidegoen artean ezarritako hitzarmenen arabera.
Paziente horrek, bestalde, duela gutxi (azaroaren 5ean), OTI Osakidetzatik Osasunbidera aldatzeko eskatu zuen, egun Leitzan erroldatuta dagoelako.
Egun, honako egoera hauetan jaso dezake arreta pertsona batek beste autonomia-erkidego batean:
Bere bizilekua aldi baterako beste autonomia-erkidego batera aldatzen duenean; kasu horretan, pertsona horri destinoko autonomia-erkidegoko datu-basean ematen zaio alta, Behin-behinekotasun atalean. Kasu horretan, eta behin-behinekotasun horretan, pertsonak eskubidea dauka osasun arreta destinoko autonomia-erkidegoan bizileku finkoa eta osasun-txartela dituzten herritarren baldintza berberetan. Hau ez da kasua, duela gutxi pazienteak Nafarroara aldatu duelako bere erroldatzea.
Bere autonomia-erkidegoak pazienteak behar duen laguntza ematerik ez daukanean, baliabide faltagatik edo patologia horren konplexutasun bereziagatik. Halako kasuetan, jatorrizko autonomia-erkidegoak laguntza agindua bidaltzen dio beste autonomia-erkidegoari. Argitu behar da halako kasuetan autonomia-erkidegoen artean ez dela berariazko fakturaziorik egiten; aitzitik, jarduketak Osasun Ministerioaren bidez ordaintzen dira.
Pazientea ez dago kasu horietako batean.
Autonomia-erkidegoek mugako zonetako herritarren laguntzarako hitzarmenak sinatzen dituztenean. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu dituzte, besteak beste, Irunen eta Donostian Bortzirietako pertsonei eta Donostian Goizueta eta Arano herrietakoei laguntza espezializatua emateko. Hitzarmen horretan ez da Leitza herria sartzen, ezta Errenteriako laguntza.
Arauzko ezintasuna ez ezik, egoera hori aholkatuko ez luketen beste alderdi batzuk daude. Asko dira egunero beste autonomia-erkidego batean lan egitera doazen pertsonak eta haientzat ere erosoagoa izan liteke lan egiten duten hiriko espezialisten arreta jasotzea baina egun egoera hori ezinezkoa da eta osasun sistema desberdinen eta espezialitate desberdinen arteko arreta zatikatua lekarke, eta koordinaziorik eta informazio klinikorik ezeko egoerak gertatuko lirateke.
Pazientearen bizilekutik Errenteriarako eta Iruñerako distantzia berbera da ia. Bere lan tipologia eta lan egiten duen erakundea direla-eta seguruenik ez liokete eragozpenik jarriko azterketa duen egunetan lanera ez joateko.
Laguntzaren ikuspuntutik eta bere bizilekua Leitzan dagoenez gero, haurraren erditze programatua Iruñean gertatuko da eta, beraz, garrantzitsua izan daiteke lehenagoko eta ondorengo jarraipena zerbitzu berak egitea. Arestiko guztiagatik, ez dago aukerarik eskaerari azaldutako baldintzetan kasu egiteko; izan ere, ez dago jasota ez Osasun Sistema Nazionalaren Batasun eta Kalitatearen Legean, ez Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako hitzarmenetan”.
Islatuta geratu denez, kexa [...] andereak bere haurdunaldiagatik behar duen osasun arreta jasotzeko duen zailtasunagatik aurkeztu da, Leitzan (Nafarroa) bizi eta Errenterian (Gipuzkoa) lan egiten duelako. Interesdunak arreta Errenterian jaso ahal izateko eskatu du, joan-etorriak saihesteko, haiek dakartzaten deserosotasun eta arriskuekin.
Osasun Sailak, haren nahia onartu ezinari buruz jakinarazi du, nahi hori ez dagoelako jasota osasun administrazio bien artean sinatutako hitzarmenetan.
Erakunde honen ustez egokia da Osasun Sailari iradokitzea kasu horretako bezalako egoerei erantzuteko aukera azter dezala, beste erkidego batzuekin behar diren hitzarmenen bidez, batez ere mugakideekin, Nafarroan bizi eta lan edo lanbide jarduerak beste lurralde batzuetan egiten dituzten emakumeei, edo alderantziz, behar duten arreta osasun administrazio batean zein bestean berdin jasotzeko aukera emanez.
Lana eta familia bateratzeari buruz, zein berdintasunaren arloan indarrean dauden printzipioak betez, erakunde honen iritziz, neurri egokia eta arrazoizkoa litzateke, eta erabilgarria izan liteke haurdun egonda halako lan edo lanbide jarduerak egiten dituzten emakumeentzat, azken batean, euren eskubideak erabiltzea erraztuz, euren bizilekuari edo laneko tokiari dagokion osasun zentroan arreta jasotzea hautatzea ahalbidetuta.
Halaber, kexa eragin duen kasuan, muineko arrazoi berberengatik, interesdunari, nahi badu, Errenterian Osakidetzaren arreta jasotzea ahalbidetzeko irtenbide bat aztertzea iradokitzen da, bere kexa idazkian aipatu dituen eragozpenak ekiditeko.
Osasun Sailari iradokitzea beste osasun-administrazio batzuekin, mugakideekin batez ere, euren lan edo lanbide jarduera bizi diren lurraldetik kanpo egiten duten emakume haurdunei bereizi gabeko arretarako aukera adostea azter dezala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, Osasun Sailak, derrigorrezkoa denez, gehienez bi hileko epean jakinarazi beharko du iradokizun hau onartzen duen eta, hala balitz, hura betetzeko hartu dituen neurriak.
Legezko manu horretan xedatutakoaren arabera, iradokizuna ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari 2015. urteari buruz azalduko zaion urteko txostenean sartzea ekar dezake, posible zela uste denean aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa berariaz aipatuz.
Erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia