Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q14/1015/T). Horren bidez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari gomendatzen zaio ezen, enpresei diru-laguntzak emateko ondoz ondoko deialdietan, berdintasuneko eta lana eta familia uztartzeko planak eta neurriak egin, jarraitu eta ebaluatzeko gazte langabetuak kontrata ditzaten, eska dadila laguntzen onuradun denak egiazta dezan dauzkan langileen berariazko kualifikazio teknikoa.

2015 otsaila 12

Lana

Gaia: Desacuerdo con convocatoria concesión subvenciones planes igualdad.

Lana

Lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria:

Kontseilari andrea:

  1. 2014ko abenduaren 15ean, Nafarroako Aukera Berdintasunerako AL Elkartearen (APAIONA-NABALE) buru [...] andrearen idazki bat jaso nuen. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 10eko 2334/2014 Ebazpenaren aurka; ebazpen horrek, hain zuzen, arautzen ditu 25 urtetik beherako adingabe langabetuak –edo 30 urtetik beherakoak, desgaitasunen bat aitortua badute– kontratatzeko diru-laguntzak, berdintasuneko bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzeko plan eta neurriak egin, jarraitu eta ebalua ditzaten
  2. Horren ondotik, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentura jo nuen, eta eskatu nion gaiari buruz informa ziezadan.

    Jasotako txostenean, honakoa esaten da:
    Abenduaren 23an, zure idazki bat jaso genuen, non Nafarroako Aukera Berdintasunerako AL Elkartearen (APAIONA-NABALE) buru [...] andrearen kexa bidaltzen diguzun; kexa horren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 10eko 2334/2014 Ebazpenaren aurka; ebazpen horrek, hain zuzen, arautzen ditu 25 urtetik edo 30 urtetik beherako adingabe langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak, desgaitasunen bat aitortua badute, berdintasuneko bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzeko plan eta neurriak egin, jarraitu eta ebalua ditzaten. Bada idazki horri erantzuteko, honako hau esan behar dizut:

    1. "Lehenbizi, adierazi behar dizut ezen, egiazki, Nafarroako Aukera Berdintasunerako AL Elkarteak (APAIONA-NABALE) gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuela 2014ko abenduaren 4ko 2334/2014 Ebazpenaren aurka, legez ezarritako epearen barruan.

      Metatuta eduki ditugun gaiak direla eta, gaur arte ezin izan dugu errekurtso hori ebatzi; hala eta guztiz ere, adierazi nahi dizut hiru hilabeteko epean behar den foru agindua eman eta jakinaraziko dela , Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 115.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

    2. Kexaren xede den ebazpenari dagokionez, ebazpen hori Gazteentzako Enplegu Programa Operatiboaren barruko deialdi batean onetsi zen. Programa hori Europako Gazte Enpleguaren eta Gizarte Funtsaren ekimenez kofinantzatuta dago 2014-2020 aldirako; hori dela eta, kontratatu beharreko pertsonek eta, azken batean, diru-laguntzaren azken onuradunek, 25 urtetik beherako gazteak izan behar dute (30 urtetik beherakoak, baldin eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna badute), langabetu gisa izen emandakoak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko enplegu-agentziaren batean, eta, gainera, Gazteen Bermerako Sistema Nazionalean erregistratuak.

      Horrenbestez, deialdiaren xede nagusia da pizgarriak ematea enpresek pertsona langabetuen kolektibo jakin bateko pertsonak kontratatzea, pertsona gazteak, eta bilatzen da kontratazio horrek balio dezala aurrera egiteko enpresen barruan berdintasuneko eta kontziliazioko neurrien ezarpenean, berdintasuneko eta lana eta familia uztartzeko planak eta neurriak egin, jarraitu eta ebaluatzearen bitartez.

      Horrelako neurrien ezarpenean aurrera egiteko modua era askotakoa izan daiteke, eta ez du zertan berarekin ekarri berdintasuneko planak edo kontziliazio neurriak egitea; izan ere, deialdian adierazten den bezala, zenbait jarduera egin daitezke, honakoei lotuak: egoera-diagnosiak egitea, oinarri izan daitezkeenak gero berdintasuneko planak egiteko; berdintasuneko planak egitea; jada ezarrita dauden berdintasuneko planak jarraitu edo ebaluatzea; enpresa-hitzarmenetan jasotako berdintasun-neurrien azterketa; kontziliaziorako edo enpresan bizitza pertsonalaren, lan bizitzaren eta familia bizitzaren kontziliazioa errazteko neurri berritzaileak ezartzeko, ekonomikoki baloratzeko eta kostu-kalkuluak egiteko azterlanak egitea.

      Hau da, jarduera horien artetik, jarduera batzuk badaudela zeinak, egiazki, zuzenean lotuta baitaude berdintasuneko agente gisako prestakuntza duen pertsona batek egiten dituen lanekin, eta beste batzuk, berriz, gehiago zeharkako lotura dutenak, eta ez dituenak egiten horrelako profila duen pertsona batek. Hartara, diruz laguntzekoak dira lan teknikoa laguntzeko lan administratiboak, edo enpresa batek abian jarritako kontziliazio-zerbitzuetako zuzeneko arreta-lanak, edo kostuak kalkulatzeko lan teknikoak, eta abar, zeinak, berez, ez baitira berdintasun-agenteen berezko egitekoak.

      Hori dela eta, ezin gara ados egon kexan planteatutako ondorioarekin, zeren eta esaten baitu aipatutako ebazpenak ez duelako lagunduko genero-berdintasuna enpresan integratzen; izan ere, integrazio horren alde egin beharreko lanak oso askotarikoak izan baitaitezke eta lanbide-profil desberdina duten pertsonek eraman baititzakete aurrera.

    3. Gainera, kontuan hartu beharra dago ezen, deialdia egin zenean, bai eta gaur den egunean ere, Nafarroako enplegu bulegoetako erregistroetan langabetu moduan izen emandako pertsonen zentsua kontsultatuta, bai 2825 epigrafean, Berdintasuneko agentea, bai 3714 epigrafean, Berdintasunaren sustatzaileak, soilik 25 urtetik beherako edo % 33tik gorako desberdintasuna duten 30 urtetik beherako bost pertsona ageri direla, eta horietako bakarra ere ez dagoela erregistratuta Gazteen Bermerako Sistema Nazionaleko Erregistroan, Nafarroan.

      Gauza bera gertatzen da aztergai dugun arloan prestakuntza osagarria izan eta Unibertsitateko diplomadun edo lizentziadun diren pertsonekin ere.

      Aurrekoa gorabehera, eta gure ustez enpresak badira ere lanbide-profila, prestakuntza espezializatua edo deialdian aipatutako lanak egiteko arloko esperientzia hobekien balora dezaketenak, Nafarroako Enplegu Zerbitzua ere kezkatuta dago enpresetan berdintasunaren arloko lanak egiteko profesional ongi prestatuak eta espezializatuak egotea nahi duelako; hori dela eta, 2015eko deialdian, hurrengoan hain zuzen, gai hori kontuan hartuko da.

  3. Jasota geratu den bezala, Nafarroako Aukera Berdintasunerako AL Elkartearen (APAIONA-NABALE) buru [...] andrea kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 10eko 2334/2014 Ebazpenaren aurka; ebazpen horrek, hain zuzen, arautzen ditu 25 urtez azpiko gazte langabeak edo, desgaitasunen bat onartua badute, 30 urtez azpikoak, kontratatzen dituzten enpresentzako diru-laguntzak, berdintasun neurri eta planak eta bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramatekoak gauzatu, jarraitu eta ebaluatzeko.

    Kexa hori honakoan oinarrituta zegoen:

    1. Deialdiaren oinarriek ez dute exijitzen, diru-laguntzak lortzeko balioko luketen balizko pertsona kontratatuei dagokienez, berdintasunaren arloko kualifikazio baldintza batzuk betetzea.

    2. Emandako diru-laguntzen justifikazioan, ez dago aurreikusita inongo kalitate kontrolik egitea egin beharreko plan eta lanen gainean.

  4. Kexa aurkeztu deneko deialdia onetsi zuen ebazpeneko azalpen-zatian, ematen diren diru-laguntzen arrazoi eta xedeei dagokienez, honakoa azaltzen da:

    "Nafarroako Gobernuaren kezkarik handienetakoa da 25 urtez azpikoen langabezia tasa murriztea. Horretarako, Gazte Enplegurako Programa bat prestatu du, Europako Gizarte Funtsaren Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barnean. Programa horren ekimenerako hiru ardatzek laguntzen dute lanbide prestakuntza hobetzen, kontratazioa sustatzen eta kolektibo horren bana-banako orientazioa lortzen, enplegu tasa hobetzeko. Kontratazioa sustatzeko neurrien artean sartzen da langabe gazteak kontratatzeko diru-laguntzak ematea enpresei, deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen xedea alegia. Programa horien barnean kokatzen da, eta Europar Batasuneko Gazteen Enplegurako Ekimenak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen dute.

    Bestetik, gauzatu beharreko enplegu politika aktiboen artean, Nafarroako Gobernuak emakumeen eta gizonen enplegurako aukera berdintasuna bultzatu gogo du, baita bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak ezartzea ere.

    Alde horretatik, esperientzia pilotu gisa planteatzen da deialdi hau, bi asmo horiek elkartu nahian, Nafarroako enpresek egiten dituzten berdintasun eta baterakuntza politikak hobetuko dituzten laneko aukerak bilatuz gazteentzat.

    Zioen azalpen honetatik ondorioztatzen da, laburbilduta, onesten diren laguntza publikoen xedea dela langabezia egoera dauden gazteak lanean has daitezen sustatzea, eta, aldi berean, enpresetan berdintasuneko eta kontziliazioko politiken ezarpena eta garapena sustatzea.

  5. Xede horretatik abiatuta, deialdiak xedatzen du bere xedea dela (lehen oinarria) 25 urtez azpiko gazte langabeak edo, %33ko edo gehiagoko desgaitasuna onartua badute, 30 urtez azpikoak, kontratatzen dituzten enpresei diru-laguntzak emateko baldintza eta beharkizunak arautzea, berdintasun neurri eta planak eta bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramatekoak gauzatu, jarraitu eta ebaluatzeko.

    Laguntzen hartzaileek bete beharreko baldintzei dagokienez (bigarren oinarriko lehen atala), diru-laguntzaren onuradun izateko enpresek Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dituzte lantokiak eta 25 urtez azpiko gazteak kontratatu beharko dituzte edo, %33ko edo gehiagoko desgaitasuna onartua badute, 30 urtez azpikoak; gainera, horiek, kontratazioaren unean, langabezian egon beharko dute, eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpeko enplegu agentzietako batean eta Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean.

    Eta laguntzak emateko baldintza gisa jartzen diren lan kontratuei dagokienez (bigarren oinarriko bigarren atala), aurreikusten da lan-kontratuak, gutxienez ere, 6 hilabetekoa izan beharko duela, eta lanaldiak ohikoaren %33koa bederen; kontratu horrek hurrengo jardueretako bat edo gehiago egiteko izan beharko du: a) Egoeraren diagnostikoak prestatzea, berdintasun planak egiteko oinarri izan daitezen. b) Berdintasun planak prestatzea. c) Enpresan ezarritako berdintasun planei jarraipena egitea. d) Gutxienez ere, deialdi hau argitaratzen den eguna baino urtebete lehenago ezarritako berdintasun planak ebaluatzea. e) Enpresako hitzarmenetan jasotako berdintasun neurriak aztertzea; orobat, baterakuntza neurri berriak proposatu eta abian jartzea. f) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea bultzatzen duten neurri berritzaileak enpresan ezartzea aztertu, ekonomikoki baloratu eta kostuak kalkulatzea.

    Hau da, diruz laguntzen diren kontratazioen xedea aipatutako jarduerak egitearekin lotu beharko da; jarduera horiek berdintasuneko eta kontziliazioko arloei dagozkie, eta elkarrekin lotuta daude.

  6. Jarduera horiek egiteak (diagnostikoak prestatzea, berdintasun planak egitea eta ebaluatzea, kostu-azterlanak egitea) eskatzen du arlo horietan kualifikazio tekniko berariazkoa duten langileak edukitzea.

    Hori suposatuta, erakunde honek ulertzen duenaren arabera, diru-laguntza publikoak ematea arautzen duen eraginkortasun printzipioaren indarrez [Diru-laguntzei buruzko Foru Legeko 5.1 artikuluko b) letra], proportzionatua eta egokia litzateke oinarri arautzaileetan berariazko kualifikazio teknikoaren baldintza hori sartzea, hori egiteko modu zehatza aurrez juzgatu gabe.

    Eraginkortasunaren aipatutako printzipio orokor horrek exijitzen du lotura bat egitea laguntzak emanez lortu nahi diren helburuen eta horretarako ezartzen diren betebehar eta baldintzen artean. Erlazio horretan, baldin eta Nafarroako Gobernuak pizgarri ekonomikoak eman nahi baditu enpresetan berdintasun politiketan eta kontziliazioan aurrera egiteko, horretarako laguntza ekonomikoak emanez, egokia da lan horietarako eduki beharreko kualifikazio edo gaikuntza teknikoa egiaztatzeko baldintza ezartzea, halako laguntzak eskuratzeko zama juridiko gisa. Are gehiago, kasu honetan gertatzen den bezala, laguntza ez denean artikulatzen berdintasunaren edo kontziliazioaren arloan egindako lanengatiko zuzeneko diru-laguntza gisa (kasu horretan, planak eta neurriak baloratuko lirateke –haien kalitatea– eta litekeena da baldintza subjektibo gehiagorik exijitu behar ez izatea), baizik eta jarduera horietara bideratutako kontratazioen arabera.

    Baldintzatze hori, erakunde honen ustez, proportzionatua izanen litzateke bilatzen diren helburuetarako proportzionatua bada, diru-laguntzaren xede egokiaren ex-ante berme moduan, kontuan hartuta –berriz diogu– zein den laguntzaren egungo egituratzea. Enpresaren kontrataziorako askatasuna ez litzateke horrela baldintzatzen ariko; aitzitik, laguntza publikoa eskuratzeko zama egokia ezartzen ariko ginateke.

    Berariazko kualifikazio teknikoaren baldintza hori, aldez aurretiko baldintza moduan, ez litzateke eskatu beharko, nahitaez edo esklusiboki, kontratatzen den pertsona langabetuari dagokionez, eta diru-laguntza eskuratzen duen enpresan sustatzen diren jardueretan arituko diren plantillako gainerako langileengan ere baloratu beharko litzateke.

  7. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, egokitzat jo dut:

    Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari gomendatzea ezen, enpresei diru-laguntzak emateko ondoz ondoko deialdietan, berdintasuneko eta lana eta familia uztartzeko planak eta neurriak egin, jarraitu eta ebaluatzeko gazte langabetuak kontrata ditzaten, eska dadila laguntzen onuradun denak egiazta dezan dauzkan langileen berariazko kualifikazio teknikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

Nafarroako Arartekoa

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia