Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q14/1006/S); horren bidez, Osasun Departamentuari iradoki zaio, pazientearen etxean laguntza medikoa aurreikusten den ospitale alten kasuan, eta are gehiago egoera kritikoak edo larritasun handikoak badira, etxeko arreta zerbitzuaren esleipena eta lehen bisiten planifikazioa alta eman baino lehen kudeatu ditzala, laguntzaren jarraitutasuna ahalik eta neurririk altuenean bermatzeko.

2015 otsaila 09

Osasuna

Gaia: Disconformidad con asistencia médica.

Osasuna

Osasuneko kontseilaria

Kontseilari andrea:

  1. 2014ko abenduaren 11n, […] jaunak eta […] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, Osasun Departamentuaren gaineko kexa bat jakinarazi zidaten, beren aita […](r)i bizitzako azken egunetan laguntza medikoa falta izan zitzaiolako.

    Idazki horretan, kexaren egileek honakoa azaldu zidaten:

    1. Beren aitak 2014ko maiatzetik jaso du tratamendua bere gaixotasunean. Osasun egoera larriagotu egin zen, ordea, eta 2014ko irailaren 9an, larrialdietara joan ondoren, Nafarroako Ospitalean sartu zen (Onkologia Medikoa).
    2. Irailaren 19an, […] doktoreak etxera bidaltzea erabaki zuen, anbulantziarik eta oxigenorik gabe, nahiz eta beren aitak ezin zuen oxigenorik gabe ibili. Familia aurka agertu zen, beren aitan egoera larrian ikusten baitzuen, eta, azkenean, asteburuan zehar ospitaleratuta jarraitzea lortu zuten.

      Asteburu horretan egon zen doktoreak plaka bat egin zion eta, familiari jakinarazi zionez, pazientearen egoera oso larria zen eta ospitaleratuta jarraitu behar zuen.

    3. Hala ere, irailaren 22an, astelehena, […] doktoreak alta ematea erabaki zuen eta etxera eraman zuen, oxigenoarekin eta anbulantzian, kontuan hartu gabe bere aitaren egoera kliniko nabarmen okerra, eta familia kontra agertu arren.

      Doktore horrek zin egin zien beren aitak, etxera iristen zen unetik, etxeko arreta zerbitzua izango zuela, San Juan de Dios Ospitaleko medikuen eskutik, ospitale hori arduratzen baita egoera horiez.

    4. Arratsaldeko bostak inguruan anbulantziak aita bere etxera eraman zuen. Ordutik ez zen inolako zerbitzu medikorik agertu.
    5. Egoera larritzen ari zenez, eta aitak gau oso txarra pasa ondoren, irailaren 23an, asteartean, familiako medikuari deitzea erabaki zuten. Berak adierazi zien egun osoan inor agertzen ez bazen, bera joango zela hurrengo egunean.

      Denbora guzti horretan, beren aita egoera biziki larrian egon arren, ez zuen inolako laguntza medikorik jaso. Beraiek ezin zioten medikamentua ahotik sartu, etengabe botatzen baitzuen, eta zainetatik medikazioa eman behar zioten zerbitzu medikoak ez ziren agertu, kontrakoa zin egin zitzaien arren.

    6. Inpotentzia egoera horretan, 23tik 24rako gau osoan zehar ere pairatu zutelarik, familiak 112telefono zenbakira deitu zuen. Etxera etorri ziren zerbitzu medikoek aita ospitaleratzea komeni zela adierazi zuten eta, azkenean, beren aita egun horretan bertan hil zen, 24an, gaueko 21:00etan.

      Uste dute beren aitak bizitzako azken orduetan ez zuela arreta egokia jaso, alta eman zitzaionetik, irailaren 22ko 17:00etan, irailaren 24an hil zen arte.

  2. Ondoren, Osasun Departamentura jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    Aipatu txostenean honakoa adierazi zen:

    “Agiri hau sinatzen duen Osasuneko kontseilariak, abenduaren 19ko zure idazkiari erantzunez, […] jaunak eta […] andreak aurkeztutako kexari dagokionez (Q14/1006/S), honakoa jakinarazten dizzy:

    […] jaunaren historia kliniko informatizatuan ageri denez, 2014ko maiatzean tumore bat diagnostikatu zioten egoera oso aurreratuan eta kimioterapiako tratamendu aringarria aukeratu zen. Abuztuan eman zioten hasiera tratamenduari. Ospitaleratuta egon zen bitartean, irailaren 09tik 22ra, bere egoeraren araberako arreta egokia jaso zuen eta familiari berariaz jakinarazi zitzaion pazientea itzulerarik gabeko egoera batean zegoela.

    Irailaren 19an, pazientearen egoera egonkorra zela ikusita, bere larritasunaren barruan, pazientearekin eta familiarekin neurri gehiago ez hartzeari eta zaintza sintomatikoekin etxean jarraitzeari buruz hitz egin ondoren, alta prestatzen hasi ziren eta azkenean irailaren 22an tramitatu zen. Kasu hauetan egin ohi denez, familiari jakinarazi zitzaion Osasun Zentrotik etxeko zaintza aringarriak aktibatuko zirela eta San Juan de Dios Ospitaleko taldearekin harremanetan jarri ziren, kasuaren eta egoeraren berri izan zezaten. Familiari berariaz jakinarazi zitzaion pazientearen egoera larriagotu egiten bazen, ospitalez kanpoko larrialdietara dei zezatela. Halaber, irailaren 30rako hitzordua eman zioten […] doktorearen kontsultan. Egoera honetan dagoen paziente baten bilakaera zehatz-mehatz nolakoa izango den ezin da aurreikusi, baina ez zen espero bilakaera hain azkarra izango zuenik.

    Nafarroan pazienteen etxeko arretaz familiako medikua arduratzen da beti eta zaintza aringarrien kasuan San Juan de Dios Ospitaleko taldearekin koordinazioan aritzen da. San Juan de Dios Ospitaleko taldearen bisita Osasun Zentrotik kudeatzen da eta ahalik eta lasterren programatzen da, egoeraren larritasunaren arabera, baina ez berehala. […] doktoreak San Juan de Dios Ospitaleko taldeari deitu zionean, bisita hori ahalik eta lasterren programatzea zen helburua, baina horrek ez du ordezkatzen familiako buruaren eta San Juan de Dios Ospitaleko taldearen artean egon beharreko kontaktua, bisita hori zehazteko. Pazientea arratsaldeko 5etan joan zenez bere etxera eta 34 ordu igaro baino lehen ospitaleratu zenez berriz, ez zuten arreta emateko denborarik izan”.

  3. Ikusi ahal izan den moduan, kexan […] jaunari 2014ko irailaren 22an Nafarroako Ospitalean alta jaso zuenetik (bertan egoera oso aurreratuan zegoen tumore bat tratatzen ari baitziren) 2014ko irailaren 24an hil zen arte osasun laguntza falta izan zitzaiola azaldu da.

    […] jaunaren seme-alabak dira kexaren egileak eta, diotenez, ospitalean alta ematean, etxean arreta medikoa jasoko zutela jakinarazi zitzaien, eta ez zen hala gertatu.

    Osasun Departamentuak azaldu duenez, etxeko arreta hori kasuan kasuko osasun zentroaren bidez kudeatzen da eta, kasu honetan, gaixotasunak izan zuen bilakaera azkarraren ondorioz ezin izan zen zerbitzu hori eman.

  4. Erakunde honi egokia iruditu zaio honakoa iradokitzea: horrelako kasuetan, paziente bat gaixotasun aurreratu baten ondorioz egoera oso larrian ospitaleratuta badago eta ospitale alta jasotzen badu etxean laguntza medikoarekin jarraitzeko (kasu honetan zaintza aringarriak), laguntza hori pazientea ospitalean dagoen bitartean planifikatu, antolatu eta kudeatu dadila, lehen mailako arreta edo arreta espezializatua zein organori dagokion epaitu gabe. Hala, pazientea ospitaletik irten eta bere etxera itzultzen denean, etxeko arreta zerbitzua izango du eta lehen bisitak planifikatuta egongo dira.

    Erakunde honen iritziz, batez ere muturreko larrialdi egoera edo prozesuetan, ospitale alta erabakitakoan, etxeko arreta medikoko zerbitzua esleitzeari eta lehen bisitaldiak ezartzeari buruzko aurretiazko kudeaketa honek hobeto bermatuko luke laguntza medikoarekin jarraitzen dela eta onuragarria izan liteke pazientearentzat eta bere familiarentzat, azken finean zerbitzu hobea lortu nahi baita.

    Laguntza baliabide hau esleitu aurreko kudeaketa horrekin, gainera, kexan azaldutakoa bezalako episodioak saihestu litezke, egoera kritiko batean familiak kontaktuak hasi behar izan baitzituen pazientearen etxeko arreta medikoa lortzen saiatzeko.

  5. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:

    Departamentuari iradokitzea, pazientearen etxean laguntza medikoa aurreikusten den ospitale alten kasuan, eta are gehiago egoera kritikoak edo larritasun handikoak badira, etxeko arreta zerbitzuaren esleipena eta lehen bisiten planifikazioa alta eman baino lehen kudeatu ditzala, laguntzaren jarraitutasuna ahalik eta neurririk altuenean bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Osasun Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du iradokizun hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia