Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q13/657/M); horren bidez, Iruñeko Udalari gomendatzen zaio ezen, kexa eragin duen jarduera dela eta, urratzeak berriz gertatzen badira, balora dadila jarritakoez osagarriak diren neurriak ezartzeko aukera, ukitutako bizilagunen eskubideak eraginkortasunez babeste aldera.

2014 abendua 16

Energia eta ingurumena

Gaia: Molestias por clientes de bar.

Ingurumena

Iruñeko alkatea

Jaun hori:

  1. Aipatutako espedientea ireki zen [...] jaunak egindako kexa baten haritik; kexa hori aurkeztu zuen Tejería kaleko zenbait bizilagunen ordezkari, kale horretan dagoen ostalaritza-establezimendu baten ([...]) jarduerak eragindako eragozpenengatik.

    Espediente horretan, 2014ko urtarrilaren 20ko idazki batez, legezko betebeharren gogorarazpena egin nuen; honakoak dira gomendioak:

    1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez babestu egin behar dituela [...] izeneko ostalaritza establezimenduko bezeroek eragiten dituzten zaratek kaltetutako bizilagunen konstituzio-eskubideak, eta behar diren neurriak ezarri behar dituela horretarako, eta, terrazaren erabiltzaileek eragozpenak sortzen jarraitzen badute edo jan-edatekoak baimendutako eremutik ateratzen badituzte, establezimendu horren terraza ixteko agindu dezala.

    2. Iruñeko Udalari gomendatzea ezen, jan-edatekoak bidegabeki atera daitezen saihesteko, azter dadila establezimenduko titularrari eskatzea kontrolerako neurri gehigarriak (atezaina edo antzekoa jartzea) har ditzan.

    3. Iruñeko Udalari gomendatzea Tejeria kaleko kontrola areago dezala, bermatze aldera herritar guztiek errespetatzen dituztela bizilagunen lasaitasuna eta atsedena eta, berariaz, intimitate pertsonal eta familiarrerako, integritate fisikorako eta etxebizitzen bortxaezintasunerako konstituzio-eskubideak”.

  2. 2014ko abuztuaren 25ean, kexa-egileak berriz ere jo zuen erakunde honengana, eta honakoa azaldu zigun:
    1. Iruñeko Udalak, azaldutakoa gorabehera, ez ditu erakunde honek egindako gomendioak bete.

    2. Egungo inguruabarrak are okerragoak dira (ostegunetan eta asteburuetan), zeren eta kalean edaten eta jaten dagoen jende kopurua dela-eta, eta inork ez duenez biharamunera arte garbitzen, orduan aritzen baita garbiketa-zerbitzua, inguruetan saguak agertzen baitira (goizaldeko hiruretatik lauetara), eta egunsentian usoak pilatzen baitira.

    3. Etxabeko jabeak arduratu beharko lirateke beren bezeroek zikintzen duten guztia garbitzeaz.

    4. Zikinkeriaren ikuskizuna, higienearen eta osasungarritasunaren aurkakoa, danteskoa da, eta ez da egokia hiri zibilizatu eta moderno batean.
  3. Ondoren, Iruñeko Udalera jo nuen, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informa ziezadan, bai eta, hala bada, horri buruz hartutako edo hartu beharreko neurriei buruz ere.

    Informazio-eskari horren erantzun gisa, 2014ko azaroaren 28an, erakunde honetan bi txosten jaso dira, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Alorrak eta Hirigintza eta Etxebizitza Alorrak emanak. Espedientean jaso dira txosten horiek.

  4. Sortutako gaia ikusita, erakunde honek egokitzat jotzen du 2014ko urtarrilaren 20ko idazkian jasotako arrazoiak berrestea, eta haietara jotzen du. Arrazoi horiek Udalaren kontrolpeko jarduerek sortutako gehiegizko zarata eta eragozpenen kasuan herritarrak babesteko daukan betebeharrari buruzkoak dira, eta kasuko neurriak hartzeari buruzkoak, babes hori eraginkorra izan dadin.

    Aztergai dugun kasuan, Iruñeko Udalak bere txostenetan aipatzen dituen zehapen espedienteak, behin eta berriz ireki direnak, neurri egokia direla ukatu gabe, ondoriozta daiteke ez direla behar adinako neurri gertatu arazoari konponbidea emateko, eta, azken batez, ukitutako bizilagunen konstituzio-eskubideak eraginkortasunez babesteko.

    Hori dela eta, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du gomendatzea ezen, arau-hausteak berriz gertatzen badira, azter dadila neurri gehigarriak hartzea, nola izan baitaiteke establezimendua aldi baterako ixtea, kasuko prozedura edo ukitutako bizilagunen eskubideak eraginkortasunez babesteko bidezkoak izan daitezkeen beste batzuk kendu gabe.

  5. Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenei jarraituz, beharrezkotzat jo dut:

    Iruñeko Udalari gomendatzea ezen, kexa eragin duen jarduera dela eta, urratzeak berriz gertatzen badira, balora dadila jarritakoez osagarriak diren neurriak ezartzeko aukera, ukitutako bizilagunen eskubideak eraginkortasunez babeste aldera.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluari jarraituz, bidezkoa da Iruñeko Udalak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Lege-agindu horretan ezarritakoari jarraituz, gomendioa ez onartzeak berarekin ekarriko du kasua Nafarroako Parlamentuan azaltzekoa den 2014ko urteko txostenean sartzea, berariaz aipatuta zein den, konponbidea egon litekeela jo ondoren, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa.

Zure erantzunaren zain, agur bero bat bidaltzen dizut,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia