Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Recomendaciones contenidas en el Estudio elaborado conjuntamente por los Defensores del Pueblo de España sobre “Las Urgencias hospitalarias en el Sistema Nacional de Salud: derechos y garantías de los pacientes”.
Osasuna
Osasuneko kontseilaria
Kontseilari agurgarria:
Urtarrilaren 27an, zuretzat interesgarria izango zelakoan, herriaren defendatzaileek elkarrekin egindako azterlana bidali nizun, Ospitaleko larrialdiak osasun sistema nazionalean: pazienteen eskubideak eta bermeak izenekoa. Azterlan hori Herriaren Defendatzailearen egoitzan, Madrilen, aurkeztu zitzaien hedabideei.
Geroago, Espainiako Herriaren Defendatzaileak dokumentu bat bidali zion Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari; horretan, ospitaleko larrialdiei buruzko gomendioak jaso ziren.
Horrez gain, herriaren defendatzailerik ez duten autonomia erkidegoen osasun sailei ere bidali die dokumentu hori. Izan ere, bistan da herriaren defendatzailea dagoen erkidegoetan, Nafarroan bezala, defendatzaileak berak egingo duela lan hori.
Dakizunez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak, 16. eta 18. artikuluetan, parlamentuko goi ordezkari honi ahalmena ematen dio ofizioz ikuskapen espedienteak hasteko; horrela, Nafarroako Administrazio Publikoen jarduketak eta omisioak ikuskatuko dira. Ikuskapen horiekin defendatzeko lana eta herritarren eskubideen babes maila hobetzeko lana egiten dutela egiaztatuko da, eta horien ondorioz, lege betebeharrak, iradokizunak eta gomendioak gogoraraziko dituzte.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34.1 artikuluan ematen dizkidan ahalmenen arabera, beharrezkoa iruditzen zait Osasun Departamentuari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari gomendio hauek ematea:
Ospitaletakoak ez diren larrialdietako zerbitzuen mapa ebaluatzea, egitura materiala eta giza baliabideen egitura indartuz, 24 orduz jarduten duten zentroen kopurua handituz, egingo den azterlanetik beharrezkoa dela ondorioztatzen denean. Ebaluazio horren esparruan, bideratzeko eta patologiari premiazko arreta emateko protokoloak elkarlanean egitea gomendatzen da, arreta maila desberdinetan. Horrez gain, informazio programak sortzea gomendatzen da, hain larriak ez diren kasuetan lehen mailako arretako larrialdietako zerbitzuak erabiltzea bultzatzeko.
Larrialdi zerbitzuetara joateko maiztasun altua ebaluatzea, horietara sarriago joaten diren pazienteen profilak aztertuz, hau da, gaixotasun kronikoak, okerrera egin duten patologiak edo patologia anitzak dituztenak eta beste talde ahul batzuetakoak. Horrela, hartu beharreko neurriak planifikatuko dira, aipatutako horien arreta beste osasun arlo egokiago batzuetara bideratzeko.
Arau esparrua ezartzea, larrialdietako zerbitzuak oro har egiaztatu ahal izateko. Prozedura horretan pazienteen iritzia sartzea gomendatzen da, pazienteak ordezkatzen dituzten erakundeen bidez.
Larrialdietako ospitale zerbitzuetako obrak planifikatu eta egiterakoan adostasun gehiago daukaten estatu mailako eta nazioarteko diseinu arkitektonikoko eta funtzionaleko estandarrak era eraginkorrean erabiltzea. Horrez gain, prozesuan zehar larrialdietako profesionalen eta pazienteen taldeen parte hartzea bermatzea.
Arreta maila guztietan historia kliniko elektronikoa ezartzeko prozesua sustatzea eta amaitzea, Osasun Sistema Nazional osoan barne lan eraginkorrerako irizpideak kontuan hartuz eta kasuan kasuko inbertsioak eginez.
Osasun Ministerioarekin batera, erabilera orokorreko aplikazio informatiko bat diseinatzea. Horrekin, datuen babesa eta konfidentzialtasuna bermatuz, osasun zerbitzu guztietatik sartzea ahalbidetuko da eta pazienteek autonomia gehiago izango dute euren oinarrizko aurrekari klinikoak ezagutzeko. Horrela, arreta jarraitua behar duten paziente ahulen taldeak bereziki hartuko dira kontuan.
Eskuragarri dauden baliabide elektronikoen bidez, larrialdietako profesionalek pazienteek aurretik emandako jarraibideen berri izatea erraztea eta azkar eskuratzea, arreta ematen zaien osasun zerbitzua gorabehera.
Ospitaleko kudeaketa eta informazio sistemak hobetzea, premiazko arretaren berezitasunetara egokitzeko eta tresna eta aplikazio informatikoak egokitzeko. Horrela, erabateko jarraipena egingo da larrialdietako pazienteen arreta bera ezagutzeko eta arreta hori non eta noiz egin den jakiteko.
Osasun Ministerioari eskaera egitea, Erizaintzako eta Medikuntzako urgentzia eta larrialdietako espezialitatea onartzeko.
Larrialdietako mediku nahikoa egongo dela bermatzea, lan txanda eta asteko egun guztietan. Hori horrela izango da barruko mediku egoiliarrek, formakuntza aldian daudenez, egin ahal dituzten arreta lanak gorabehera. Ondorio horietarako, beharrezko erabakiak bultzatzea gomendatzen da, profesionalen lan baldintzak larrialdietako zerbitzuen eskaeretara egokitzeko.
Larrialdietako ospitale zerbitzuetarako eskuragarri dauden gizarte langileen kopurua handitzea pazienteen arreta bermatzeko, lan txanda eta asteko egun guztietan.
Profesionalen prestakuntza jarraitua eta laguntza etikako batzordeetan parte hartzea sustatzea; horrela, pertsonen borondatearen autonomiaren eta pazienteen duintasuna eta intimitatearen oinarri diren alderdi etikoak jorratuko dituzte.
Larrialdietako zerbitzuetan aplikatu behar diren protokoloak edo gida klinikoak aldizka eguneratzea bultzatzea; horrez gain, profesionalak horietara atxikitzea ebaluatzea.
Bereizketa egituratuko metodoak orokortzea sustatzea larrialdietako pazienteak sailkatzeko; metodo horiek ospitaleak kudeatzeko tresnekin integratuko direla bermatuko da.
Arreta bukatu ondoren pazienteak larrialdietako zerbitzuetatik irtetea azkartzea. Horretarako, lehentasunak ezarriko dira, oheen kudeaketa hobetzeko eta ohiko ospitalizaziotik kanpoko neurriak planifikatzeko. Lehentasun horiek ezartzerakoan, larrialdietako zerbitzuen irizpideak eta horien aurreikuspenak kontuan hartzea gomendatzen da, maiz joateari eta laguntza eskatzeari dagokienez.
Larrialdietako pazienteen segurtasunari buruzko estrategia bat prestatzea.
Auditoretzak egitea, sarritan gainezka egiten duten larrialdietako zerbitzuetan dauden pazienteen duintasunean eta intimitatean oinarrituta; horrez gain, azterlan hauetatik ondorioztatutako egokitzapenak edo moldaketa fisikoak eta funtzionalak egitea.
Gune espezifikoak eta egokiak prestatzea pazienteei, senideei eta baimendutako hurbileko pertsonei informazioa pribatutasun egoeran emateko.
Paziente batzuek, batez ere adingabeek, defizit kognitiboa duten adinekoek eta gaixotasun mentala duten pertsonek behar duten laguntza eta tratuari buruzko prestakuntza espezifikoa duten profesionalak egotea larrialdietako zerbitzuetako langileen artean.
Larrialdietako zerbitzuetan ahultasun egoeran dauden pertsonen arreta lehenestea eta horien senideek edo hurbilekoek laguntzea erraztea.
Ospitale zerbitzu orokorretan gune espezifikoak eta bereiziak prestatzea adingabeek itxoiteko eta horiei arreta emateko; horrez gain, tratu txarrak jaso izanaren seinaleak dituzten pazienteek ere arreta bertan jasotzea.
Larrialdietako ospitale zerbitzuek erabilitako materiala, komunikazio sistemak eta instalazioak pertsona ezinduen irisgarritasunera zenbateraino egokitzen diren ikuskatzea.
Legez kanpoko egoeran dauden etorkinei larrialdietako zerbitzuetan emandako arretagatik fakturak edo ordainketa konpromisoen dokumentuak arinegi ematea desagerraraztea.
Legez kanpoko egoeran dauden etorkinei arreta ematen jarraitzea bermatzea larrialdietan alta eman ostean, beharrezkoa bada, premiazko arreta eragin zuen prozesua hobetu edo sendatu arte.
Protokoloak egitea larrialdietako zerbitzuetako profesionalen jarduna argitzeko. Protokolo horietan argibideak emango dira pazientearen intimitateari eta informazio klinikoaren konfidentzialtasunari buruz, segurtasun indar eta kidegoek zaintzen dituzten pertsonei arreta ematen zaien kasuetarako.
Osasun Ministerioarekin koordinatzea larrialdietako ospitale zerbitzuetako pazienteen segurtasunari buruzko esparru protokolo bat egiteko, ondorio kaltegarrien eragina murrizteko eta praktika klinikoa hobetzeko.
Osasun Ministerioarekin koordinatuz, ondorio kaltegarriak jakinarazteko eta erregistratzeko sistema bat sustatzea; sistema horretan bateratuko dira osasun administrazioen eta bertako langileen erantzukizun printzipioa eta sistemaren zigortzeko izaerarik eza.
Erreklamazioen eta iradokizunen kudeaketan eta ebazpenean inplikatuta dauden profesionalen eta pazienteen parte hartzea sustatzea.
Erantzuteko formula estandarizatuak erabiltzea saihestea. Bidenabar, herritar arrunten erreklamazioei eta iradokizunei erantzuteko hiztegi kriptikoa erabiltzea saihestuko da.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, nahitaezkoa da Osasun Departamentuak, gehienez bi hilabeteko epean, gomendio hauek betetzeko ezarritako neurriak onartzen dituen jakinaraztea, hala badagokio.
Era berean, Osasun Departamentuak egokiak deritzon oharrak egin ahalko ditu gomendio hauei buruz edo Nafarroako larrialdietako ospitale zerbitzuei eta pazienteen eskubideei eta bermeei buruz.
Aipatutako azken lege aginduan ezarritakoaren arabera, gomendioa onartzen ez bada, kasua 2015eko urteko txostenean sartu ahal da; txosten hori Nafarroako Parlamentuan erakutsiko da eta beren-beregi aipatuko da Administrazioak ez duela izan aldeko jarrerarik, aldeko jarrera izan zezakeela uste bada.
Zure erantzunaren zain, jaso ezazu agur bero bat.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia